Jarraipen handia izan du eskola jantokietako grebak

2009-05-01
 
 
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jantokietan azpikontratatuta ari diren langileen gehiengoak greba egin zuen joan den apirilaren 21ean eta 23an. Euren lan baldintzak eta soldatak Eusko Jaurlaritzaren kontratupean dauden langileen baldintzekin parekatzea eskatu dute.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin zuten grebarako deiadia eta ELAk eta LABek emandako datuen arabera, apirilaren 21ean langileen % 90ek egin zuen greba. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zabaldu duenez, hamar jantokitatik sei itxi zituzten egun hartan. Zehazki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako 473 jantokietatik 273 itxi zituzten eta, guztira, 56.688 ikaslek ezin izan zuten eskolan otordurik egin. Apirilaren 23an berriz, langileen % 95ek egin zuen greba sindikatuek emandako datuen arabera, eta Hezkuntza Sailak esan zuenez, % 65ak egin zuen lanuztea. Eskola publikoen % 80ri eragin die grebak, eta ia 3.600 langile dira jangela horietan Hezkuntza Sailak azpikontratatu lan egiten dutenak.
Azpikontratatutako langileek euren lan baldintzak eta soldatak Hezkuntza Sailak berak kontratatutako langileenekin parekatzea eskatzen dute. Gotzone Etxebarria LAB sindikatuko kideak esan duenez, eskaintzen duten zerbitzua hobea izan dadin, lanaldi luzeagoa behar dute eta heziketa berezia jaso behar dute: “Begirale baten lanaldia bi ordukoa da, eta haurrekin dago beti. Ez du denborarik eskolarekin koordinazioan aritzeko”.
Gurasoek, bestalde, haserrea adierazi dute. EHIGE, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak salatu duenez, ez baitzaie familien beharrei behar bezala erantzun. Hezkuntza Sailari, ikastetxeei arau eskasak jarri izana leporatu diote gurasoek.
Bien bitartean, sindikatuek adierazi dutenez, greba egun gehiago ere deituko dituzte, patronalak jarrera aldatzen ez badu.