138: Hezkuntzaren eginahalen gainetik

2009-05-01
UNESCOren Arriskuan diren munduko hizkuntzen atlasaren arabera, munduan diren 6.000 hizkuntzetatik 2.500 galtzeko arriskuan dira, tartean euskara.
 
 
Amaitu dira heldu den ikasturterako aurrematrikulazioak Euskal Herriko lurralde guztietan.
Datuak eskuan, eta zenbakiak onartzen dituzten dantza guztiak kontuan, guztien artean nabarmentzen den ondorioa garbia eta sinplea da: geroz eta guraso gehiago dira beren seme-alabak euskara ikastea nahi dutenak.
Jakina da lurralde bakoitzean oso erantzun desberdina ematen zaiola eskari horri. Hala ere, oztopoak oztopo, eta ez dira ez gutxi eta ez erraz saihestekoak, geroz eta gehiago dira euskal ereduetan ikasi nahi dutenak.
EAEn, urtetan erakusten ari da jendartea zein den egiten duen hizkuntza ereduen gaineko hautua. Emaitzek eta azterketek ere argitan utzi dute hizkuntza eredu horien eraginkortasuna.
Nafarroa Garaian, HTI (Hizkuntzen Tratamendu Integrala) izan da eskaini den azken asmakizuna, euskararen irakaskuntzaren gaia amaitutzat emateko ingelesarekin aurrez aurre ipiniz.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan berriki emandako datuen arabera, gora egiten ari da irakaskuntza elebiduna eskaintzen duten ikastetxe kopurua, bai sare publikoan eta baita eskola giristinoetan ere.
Administrazioak aplikatzen ari diren politikak, aldiz, ez datoz bat, inola ere, joera horiekin.
Ia tenore berean ezagutu dugu UNESCOk argitaratutako Arriskuan diren munduko hizkuntzen atlasa. Han azaltzen denez, egun munduan dauden 6.000 hizkuntzetatik 2.500 galtzeko arriskuan daude, horien artean euskara.
“Hizkuntza bat galtzen denean, ez da soinu multzo bat galtzen soilik, ez ahoskera eta doinutegi berezi bat ere. Mundua ikusteko eta ulertzeko era berezi bat galtzen da, mendeetako tradizioa”, adierazi du, gainera, UNESCOko zuzendariak.
Zer pentsatua ematen du: Euskal Herrian geroz eta jende gehiagok egiten du euskarazko ereduen alde; geroz eta eskola gehiago dira euskara eskaintzen dutenak; aurrerapen handia egin da materialgintzan, kalitatean eta kantitatean… Eta, aldagai horiek guztiak aldekoak izan arren, euskarak galtzeko arriskuan jarraitzen du.
Administrazioek izan beharko lukete egoera horren azken erantzuleak. Jendarteak behin eta berriro adierazi duen nahiari bizkar emanez, eta kasu gehienetan haren gainetik, diseinatu eta aplikatzen dira euskararekiko politikak. Irizpide pedagogikoak kontuan izan gabe, edo hutsaren hurrengoak izanik.
Ez Euskal Herriaren aurrean soilik, munduaren aurrean erantzun beharko lukete administrazioek. UNESCOk esan duen bezala, “Hizkuntza indigenak galtzeak bioaniztasuna galtzea dakar, zeren hizkuntzak naturaren eta munduaren ezagutzak transmititzeko tresnak baitira”. Ataka horretan, eskura dugun altxorra galtzen utzi behar al dugu?