Gesaltza-Añana. Urre zuriak aberastutako herria

2009-05-01
Gesaltza-Añanako Gatz Harana monumentu historiko izendatu zuten 1987. urtean. Orain arte egindako azterketek eta bildutako dokumentazioak adierazten dutenez, gutxienez 1.200 urte baino gehiago dira herritarrak gatza ekoizten hasi zirela. Herriaren azpian dagoen diapiroak eman dio aberastasuna Gesaltza-Añanari. Ur geza bertatik pasatzen denean, gazi bihurtzen du, oso gazi, eta hori lurruntzen denean, gatza lortzen da. Urre zuria. Garai batean, aberastasuna ekarri zuen horrek herrira. Gaur egun, gatza ekoizten dute, eta etorkizunean merkaturatzeko asmoa ere badute, baina dagoeneko urrea izateari utzi dio.
 
 
Gatz Harana Araban dago, Añana izeneko eskualdean. 1140. urtean Alfontso VIIak hiribildu izendatu zuen Gesaltza-Añana eta euskal herri batek eskuratzen zuen lehen forua eman zion. Gatzaren garrantziarengatik eman zion forua herriari eta foruari esker, gatzaren ekoizpena handitu egin zen. Elikagaiak kontserbatzeko erabiltzen zen gatza hozkailurik ez zegoen garai haietan, eta aberastasunaren ikurra zen: urre zuria.
Ez dakite zehazki noiz hasi ziren gatza ekoizten. Lehen datu idatziak 822. urtekoak dira baina lehenagoko arrastoak ere topatu dituzte. Erdi Aroan Gesaltza-Añanako bizitzaren oinarria gatza izan zen, 5.500 gatzaga lantzen ziren orduan. XX. mendeko 60. hamarkadan, ordea, ekoizpena gutxitzen hasi zen eta 90. hamarkadaren hasieran gatzaren ekoizpena bertan behera geratu zen. Urtetan zehar dena erortzen joan zen eta 1999an Gatz Harana istea erabaki zuten, segurtasun arrazoiengatik. Hainbat herritarrek Gatzagak izeneko elkarte anonimoa sortu zuten eta ondoren etorri ziren instituzioen esku hartzea eta Plan Zuzendaria deritzona. 10 urteko plana da, eta Gatz Harana bere osotasunean eraberritzeko asmoa dute. Arabako Foru Aldundiaren esku dago gaur egun Gatz Haranaren kudeaketa.
Ur gazia Araban?
Zer dela eta dago ur gazia itsasotik hain urrun? Kondairaren arabera, behi batek gatza usaindu zuen, lurra mugitzen hasi zen eta horrela sortu zen Santa Engraziako iturburua, hau da, Gatz Haranean banatzen den ura ateratzen deneko iturburu nagusia. Baina, egiazki, lur azpian dagoen gatz diapiroa da horren arrazoia. Duela 200.000 urte baino gehiago, garai triasikoan sortutako egitura geologikoa da. Arreoko lakutik lur azpira iragazten den urak diapiroa topatzen du bere ibilbidean eta ura gazitu egiten da. Beraz, ura Gatz Haraneko lau iturburuetara iristen denerako, gazia da. Diapiroak hamar kilometroko luzera, sei kilometroko zabalera eta hiru kilometroko sakonera du, eta % 3 soilik higatu da orain arte, beraz, gatza luzerako dago.
Itsasoko ura baino askoz ere gaziagoa da Gesaltzakoa, eta zaporea ere, bestelakoa du. Burdin asko du eta horrek aldatzen dio zaporea. Gazitasunari dagokionez, Kantauri itsasoko urak litro bakoitzeko 10-15 gramo baditu, Gesaltzan, 250 bat gramo gatz ditu litro batek. Putzuren batean sartuz gero, gora egiten du gorputzak, indar handia egin behar da belauniko jartzeko eta txikitan jende askok ikasi zuen bertan igeri egiten.
Iturburutik herriko biltegietara
Iturburuetatik ateratzen den ura ubideen bidez banatzen da Gatz Haranaren 12 hektareatara. Ur gazia, ubideen bitartez putzuetara banatzen da eta ondoren, putzuetatik gatzagetara botatzen da, lurrunketaren ondorioz gatza egiteko.
Ubideek kreta izeneko buztinez estaliak egoten diren zulotxo batzuk dituzte, eta putzuak ur gaziarekin bete behar dituztenean, buztina kendu eta bete egiten dira. Kreta, Arreoko lakutik ekartzen duten buztin berezia da, ez du urik iragazten.
Ubide guztiak egurrezkoak dira, pinu egurrezkoak, hain zuzen ere. Lehen gatzagak eta putzuak egiteko, berriz, kreta erabiltzen zuten baina gatza gorria ateratzen zen, zikina, eta kostaldeko gatza txuria zenez, hura nahiago zuen jendeak. Orduan harria erabiltzen hasi ziren. XX. mendean zementua erabiltzen hasi ziren eta gatzaga kopurua eta gatz ekoizpena handitzea lortu bazuten ere, gatzaren eraginez pitzadurak sortu ziren, eta, gainera, egituraren azpiko egurra usteltzen hasi zen eta pisuaren ondorioz, gatzagak erortzen hasi ziren.
Gatza egiteko, gatzaga guztiei eguzkiak eman behar die eta eskala sistema baliatu zuten. Hasieran ez, baina gerora, putzuak gatzagen azpian egiten hasi ziren. Bertatik gatzagara ura pasatzeko trabukete izeneko tresna erabiltzen zuten. Emakumeek egiten zuten lan hori eta 80. hamarkadatik aurrera mangerak eta ur bobinak erabiltzen hasi ziren.
Gatzagak bete eta eguzkiari eta haizeari esker lurruntze prozesu naturala hasten da. Gatzak hartzen duen lehen formari gatz lorea deitzen zaio, kristal antzeko geruza sortzen da, ezkata antzekoak. Prozesua bi egunekoa da: goizean bota, eguerdian nahastu, hurrengo goizean nahastu eta arratsaldean jasotzen da. Ondoren gatza gatzagen azpiko aldean dagoen biltegira botatzen da. Han geratuko da urrian biltegietara eraman arte, lehortzen. Horrelako prozesu bakoitzetik 35-40 kilo gatz ateratzen dira.
Udan egiten da gatza eta orduan, zuri-zuria egoten da Gatz Harana. Hori da, agian, Gesaltza-Añana bisitatzeko garairik politena, baina urteko edozein une da ona herrira gerturatzeko eta inguruaz gozatzeko.  
Bisitak:
Ezagutu bizitzaren gatza izeneko bisita gidatuak egin daitezke. 
El Torco interpretazio zentroa:
Garai batean gatz biltegia izandakoa, interpretazio zentro bihurtu dute. Bertan mundu osoko gatz erakusketa txiki bat ikus daiteke. Panel eta ikus-entzunezko euskarriei esker gatzaren ekoizpenari buruzko informazioa eskura daiteke. 
Pedilubioa:
Ur gaziz betetako putzu handia da, hankak sar daitezke eta oso lasaigarria da.