Extremadura IKTekin abian. Hezkuntza komunitatea software askean

2009-05-01
2002an jarri zuen abian Extremadurako Juntako Hezkuntza Sailak ITER izeneko programa. IKTak dinamizatzeko eta sustatzeko programa da eta helburua, IKTen erabileraren bidez hezkuntza kalitatea hobetzea da. Gaur egungo gizartearen beharrei erantzuten dien hezkuntza sistema nahi dute, IKTak eskolako egunerokoan txertatuz. 
 
 
ITER proiektuak lau ardatz ditu: hardwarea, softwarea, prestakuntza eta sustapena. Lau ardatz horietan oinarritu zuten proiektua. Lehenik, hardwarea eskuratu zuten. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bakoitzean bi ikasleko ordenagailu bat jarri zuten, Lehen Hezkuntzan sei ikasleko ordenagailu bat, eta, horrez gain, ikastetxe guztietan arbela digitalak ipini zituzten, 428 guztira. Intranet indartsua ere jarri zuten, banda zabalekoa, ikastetxe guztietara zabaltzen dena eta ikastetxe guztietako ordenagailuak elkarren artean konektatuta egotea ahalbidetzen duena. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bakoitzean gutxienez, informatika administrari bat jarri zuten, eta Hezkuntzako Sare Teknologikoaren eguneratze, mantentze eta konpontze lanak zuzentzen dituen Arreta eta Laguntza Teknikorako Zentroa sortu zuten. Ikastetxe bakoitzean IKTen koordinatzailea den irakasle bat dute, gainera.
Bigarren ardatza softwarea izan zen, software askea erabiltzen dute Hezkuntza Sistema guztia kudeatzeko eta lan egiteko. Programaren hirugarren zutabea, trebakuntza izan da. Irakasleei trebakuntza saioak eskaini zizkieten ikus zezaten baliagarria dela eta gelarako oso erabilgarria. Ikastaroak boluntarioak izan dira, eta eskaintza zabala egiten dute. Eta, azkenik, laugarren zutabea IKTen sustapena izan da, irakasleak materialak sortzera eta erabiltzera bultzatuz.
2002an hasi ziren lanean eta 2004. urterako migrazio osoa egina zuten.
Software askearekin lanean
Extremadura osoan gutxi gorabehera 30.000 ordenagailu ditu Hezkuntza Sailak eta horiei guztiei Windows jartzea oso garestia da. Beraz, software askea aukeratu zuten, arlo ekonomikoari begiratuta, alde batetik, eta, bestetik, horren atzean ezkutatzen den filosofiagatik: partekatzea, elkarlana… Debian hartu zuten oinarri gisa, baina aplikazioa erraztu egin zuten eta hezkuntzarako tresnak gehitu zizkioten. Horrela sortu zuten sistema eragile berria, Linex izenekoa. Baina plataforma anitzeko aplikazioak egin dituzte, eta, horrela, ikasle gehienek etxean Windows sistema eragilea duten arren, edozein aplikaziotara sar daitezke.
Hezkuntza Sailak 12 irakasle liberatu ditu IKTen promoziorako, eta Adolfo Romero eta German Galeano horietako bi dira.
Adolfok esan digunez, gero eta software gehiago dute. Hasi zirenean, ikasgai batzuetarako ez zegoen materialik, baina irakasleek beraiek materialak sortzeko aukera dute: “Irakasleek proiektuak aurkeztu eta materiala egiteko aukera dute eta balio duela ikusten badute, Hezkuntza Sailetik dirulaguntza jasotzen dute. Helburua, irakasleek softwarearen sorkuntzan esku hartzea da, eta ez dezatela IKTen erabilera inposatutako zerbaiten modura ikusi”. Atenea eta Agora IKTen erabilera sustatzeko programak dira, ikastetxeek izena ematen dute, irakasleek aurkezpenak egiten dituzte eta horiek egokiak badira, dirulaguntzak jasotzen dituzte. Bestalde, irakasleek hezkuntza softwarea sor dezakete Constructor programa erabiliz: hainbat material, testak, animazioak… Euskaraz ere bada eta doakoa eta librea da. Aukera handiak eskaintzen ditu tresna horrek, baita unitate didaktiko interaktiboak sortzeko aukera ere.
Baina, horrez gain, irakasleei laguntzeko hainbat tresna sortu dituzte, Controlaula eta Aulalinex, horien artean. “Ikasgela kudeatzeko tresnak dira. Hasieran izan genuen arazoa izan zen haurrek irakasleek baino gehiago zekitela informatikaz eta batzuk interneten jolasean aritzen zirela… Irakasleek ikasgelaren kontrola behar zuten. Bi tresna horien bidez irakasleak, bere lekutik, ikasleen postuak kontrolatzen ditu: zer egin dezaketen eta zer ez erabakitzen du, nork duen interneterako sarbidea… Ikaslearen postua blokeatuta geratzen da eta irakasleak agintzen diona egin dezake soilik”, azaldu digu Adolfok.
Educarex izeneko hezkuntza ataria sortu zuten baita ere eta hor hezkuntzako informazio eta eduki guztiak jasotzen dituzte, irakasleak, era zentralizatuan, abian dagoen guztia ikus dezan. Baina beste proiektu batzuk ere badituzte: Rayuela eta Profex, esaterako. Rayuelak ikastetxeen kudeaketa on-line egiten du: matrikulazioak, notak, bertaratzeak… Gurasoek etxetik ikus dezakete euren seme-alabak ikasgelan izan diren edo ez, ordenagailura edo telefono mugikorrera iristen zaien mezuaren bidez. Ikasleek, jakina, ez dute gustuko Rayuela delakoa, baina Adolfok esan duenez, hezkuntza komunitatearentzat oso erabilgarria da: “Kudeaketa askoz ere errazagoa da, adibidez, haur batek eskola aldatzen badu dena bertan zentralizatuta dagoelako. Administrazioarentzat ere errazagoa da. Esate baterako, zenbat haur immigrante dauden edo behar bereziak zenbatek dituzten jakin nahi badugu, lehen ikastetxe guztietan galdetu behar genuen, eta orain datu basean guztia dago. Plataforma horrek hezkuntza estatistiketako arazo guztiak konpondu ditu”, azpimarratu du Adolfok. Profex, berriz, irakasleen ataria da.
Ikastetxe bakoitzari web orria jarri diote, bere plataforma sor dezan: albisteak, argazkiak… Guztiak berdintsuak dira eta bakoitzak pertsonalizatu egiten du. Txoko didaktikoak izeneko web orriak ere badituzte, ikasgai bakoitzarentzat prestatutakoak.
Germanek esan digunez, IKTak asko erabiltzen dira ikasgelan, baina asmoa ez da egunero erabiltzea: “Laguntza tresna izatea nahi dugu, ez irakaslearen lana ordezkatzea. Denboraren % 30 edo % 40 erabiltzen dute”. Denbora tarte hori nahikoa da ikasleak trebatzeko, eta IKTen sustapena bide onetik doa Extremaduran; software askearen bidetik.