Egia al da irudiaren gaur egungo indarrak irakurketaren praktika kolektiboa kaltetu duela?

2010-03-03

HIK HASI aldizkariaren arduradunek irakurketari buruzko hausnarketa bat egiteko gonbita egin didate. Gai zehatz honen inguruan: “Egia al da irudiaren gaur egungo nonahikotasunak irakurketaren praktika kolektiboa kaltetu duela?” Edo, beste modu batean galdetuta: benetan murriztu da irakurleen kopurua, bereziki irudian oinarritzen diren teknologia berrien zabalkundearen ondorioz? Jakin badakit oso zaila dela artikulu labur batean horrelako gai konplexu bati heltzea. Baina, dena den, ez diot desafioari ihes egingo, eta ahalik eta modu argienean erantzuten saiatuko naiz.

 
 
Lehenik, galderak berak erreparoa sortzen didala esan nahi nuke, zoritxarrez, oinarri handiegirik gabe, oraino indarrean dagoen aurreiritzi bat berregiten duelako. Gurera lehenik zinema, ondoren telebista eta bideoa, eta, azkenik, ordenagailuak eta Internet ailegatu zirenetik irakurketak nabarmen behera egin duela ziurtatzen dute askok. Hasteko, ustezko porrot hori dela eta, atsekabetuta dauden horiek ez dira irakurleak, aurretik ere ez dira hala izan, eta ez dute uste irakurtzea ezinbestekoa denik. Beraz, horien guztien kexek indarra galtzen dute. Gogoz egingo nizkieke galdera batzuk hain nahigabetuta dauden herritar horiei (irakasle asko daude horien artean): zergatik deitoratzen dute ustezko galera hori? Dagoeneko desagertu den zein ezaugarri ordezkaezin zuen irakurketak, horien ustez? Behin eta berriz salatzen duten gainbehera horren atzean, zein zoritxarreko ondorio antzematen dituzte? Ziurrenik, kasu gehienetan, isiltasun deseroso bat etorriko litzateke galderaren ostean. Izan ere, frogatuta daukat irakurketaren inguruko zorigaiztoko baieztapen askoren atzean oso hausnarketa gutxi dagoela.
Era berean, esan beharra daukat aurreiritzi horren gainean badela beste bat, are handiagoa: haurrak eta gazteak dira hondamendi horren biktima nagusiak. Esplizituki esaten ez den arren, haiengan pentsatzen dugu ikus-entzunezko bitartekoen indarraren aurrean irakurketak atzera egin duela esaten dugunean. Baina zergatik ez dugu sekula gai hori helduen inguruan planteatzen, horiei ere badagokienez? Bada, gutxi axola zaigulako irakurleak izan daitezkeen heldu horiek euren denbora irakurtzen pasatu beharrean telebistaren aurrean pasatzea (horixe da benetan pentsatzen dena irudiaren nagusitasunaz hitz egiten denean). Aitzitik, haur eta gazteek gauza bera egiteak (horien kasuan telebista esan beharrean bideo-jokoak edo Tuenti sare soziala aipa ditzakegu) hamaika aiene eta seinale tamalgarri sortzen ditu. Badirudi helduen kasuan aisialdia dena, haur eta gazteen kasuan, degradaziotzat hartzen dela. Uste dut, gazteen eta liburuen inguruko arrazoirik gabeko alarma sentimendu horiek gehiago daudela kezka moralei lotuta, argudio intelektualei baino. Egia esan, irakurketaren inguruko eztabaidak ez daude gizartearen aurreiritzi, topiko eta kezketatik urrun. Zehaztasuna eta arrazoiketa, sarritan, zehaztasun ezarekin eta iritzi hutsalekin gurutzatzen dira. Eta horrek guztiak zaildu egiten du horren konplexua den kultur praktikaren ulermen zentzuduna.
Lehen baino gutxiago
Irakurketaren gainbehera geldiezina salatzen dugunean, inplizituki aldi goren bat izan zuela baieztatzen ari gara, eta une hartatik aurrera hasi zela irakurle kopurua jaisten. Beherakada hori esaldi honek laburtzen du: “Orain, lehen baino gutxiago irakurtzen da”. Taxi gidari, irakasle, kazetari edo liburu-saltzaile, jende askoren ahotan dabilen esaldia da. Baita sekula liburu bat irakurri ez duenaren ahotan ere. Baina zehatza al da baieztapen hori? Errealitate objektibo bati dagokio, ala iraganaren idealizazio soil bati? Berrikuntzak eta aurretik jakin ezin daitekeenak sortzen dituzten zalantzen ondorioa al da?
Zailena erabateko ziurtasunez aipatzen den irakurketa oparoko garai hura zehaztea da. Noiz kokatu behar dugu ‘lehen’ hori? Orain dela hamabost urte? Hogeita hamar? Espainiako demokraziaren hasieran? Frankismoan? Gerraostean? Bigarren Errepublikako bost urteetan? XX. mendeko lehendabiziko urteetan? Ez dirudi erraza ‘lehen’ hori kokatzea. Izan ere, une batez oharkabetu, eta berehala eraso egiten digute datuek: pasatu den mendean Espainian izandako analfabetismo tasa gaitzesgarriak, eskolatze kopuru ikaragarri txikiak, liburutegi publikoen gabeziak, liburuen argitaraldi eskasak… Ez dirudi, buru inuzente edo nostalgikoei izan ezik, XX. mendeko espainiar estatuko historiak, oro har, kulturari eta bereziki irakurketari mesede egin dionik. Nik, behintzat, ez dut oroitzen nire haurtzaroan eta gazte garaian (XX. mendearen bigarren erdiaren zati handi bat hartzen du garai horrek) irakurketaren goratze aldirik. Eta, beraz, ezin dut esan ordutik hona etengabeko beherakada izan denik. Memoriak edo sen onak nahikoa izan behar luke irakurketaren iragan distiratsuaren galeraren topikoa behin betiko zokoratzeko.
Baina bada argudio sendoago bat: estatistikak. Gure arreta zenbakietan jartzeak giza esperientzia kontu kuantitatibo eta uniforme bihurtzeko arriskua dakarren arren, irakurtzeko ohiturei buruzko inkestek orientabideak eman diezazkigukete. Irakurketaren esperientzia ezin da epaitu, soilik ezer ere ez, asko edo gutxi irakurtzen den esanez. Hori baino konplexuagoa da. Irakurketaren maiztasunarekin eta kopuruarekin baino gehiago, moduarekin, intentzioarekin edo irakurketaren ondorio kognitibo eta emozionalekin du zerikusia. Sarritan irakurtzen duen norbaitek denboraldi batez alboratu dezake ohitura hori lanagatik, edo gogo-aldartearen arabera, eta, ondoren, berriro irakurtzera itzul daiteke. Edo liburuak noizean behin soilik irakur ditzake, baina horrek eragin bizia izatea lor dezake. Horrelako datuak ez dira inkestetan islatzen. Une jakin bateko kultur praktika zehatz baten errefusatze edo erabilera datuak agertzen dituzte. Hala ere, metodologien arteko ezberdintasunak, analisi motak edo ondoz ondoko inkesten zehazgabetasun terminologikoak gorabehera, faltsua da ematen dizkiguten datuen arabera haizatzen den beherakada hori. Edo hobeto esanda, datuek diote ez dela orokorra; eta ustezko beherakada horrek ez diela eragiten helduen beldur eta madarikazioak jasaten dituzten haur eta gazteei. Ikus dezagun, adibide moduan, liburuen irakurketaren inguruko datuek nolako garapena izan duten azken hamarkadan1. 
OHIKO irakurleak (egunero edo astero irakurtzen dituzte liburuak) % 40,4 dira, 2008ko datuen arabera. 2000n, aldiz, % 36 ziren. 
ALDIZKAKO irakurleak (hilabetean edo hiruhilabetean noizbait irakurtzen dute) % 14,2 ziren 2008an. Aldiz, 2000. urtean, % 22. 
Irakurle EZ DIRENAK (ez dute inoiz edo ia inoiz irakurtzen) % 45,4 dira, 2008ko datuen arabera. Aldiz, 2000. urtean % 42 ziren. 
Horrek esan nahi du XXI. mendeko lehenengo hamarkadan irakurtzeko ohitura duten pertsonen ehunekoak, hau da, ia egunero edo gutxienez astean behin irakurtzen dutenenak, gora egin duela; eta sekula irakurtzen ez dutenekin ere horixe gertatu da. Erdiko tarteetan, hau da, aldizkako irakurleak dauden lekuan, berriz, ez da aurrerapen esanguratsurik egin. Inkestek behin eta berriz agerian uzten duten datuetako bat honako hau da: irakurketaren ehuneko handienak zuzenean hezkuntza mailarekin lotuta daude. Hortaz, zenbat eta ikasketa maila altuagoa izan, orduan eta handiagoa da irakurleen indizea. Ikus daitekeenez, egoera horrek ez du zerikusirik irudiaren nagusitasun mailarekin.
Baina lehen? Zer gertatzen zen, esaterako, duela hiru hamarkada? 
1978an, sortu berria zen Kultura Ministerioak Demanda cultural en España2 izeneko inkesta erraldoia egin zuen. Demokraziaren hasieran Espainian zegoen egoera kulturalaren isla egokitzat har daiteke gaur egun. Liburuen irakurketari dagokionez, emaitza hauek atera ziren: herritarren % 36,4k egunero edo noizean behin irakurtzen zuela zioen (2008an % 54,6ra igo zen datu hori), eta, aldiz, % 63,6k zioen ez zuela inoiz edo ia inoiz irakurtzen (2008an datu hori % 45,4koa zen). 
Datu horien arabera, ez dirudi herritarrek irakurtzeari utzi diotenik, itsukeriaz behin eta berriz horixe esaten bada ere. Hobeto esanda, guztiz aurkakoa gertatu da. Gainera, kontuan izan behar dugu irakurketaren mantentze edo zabalkunde txiki hori ikus-entzunezko hedabideen eta teknologia berrien loraldian gertatu dela. Zehatzagoa da zabalkunde txiki bat izan dela edo ohiko irakurleen eta aldizkakoen ehunekoei eutsi egin zaiela esatea. Herritarren % 50en inguruko datu hori ez dago Europako beste herrialdeetako datuetatik oso urrun.
Beste gauza bat da, guztiz ezberdina, irakurleen kopurua nabarmen igo dadin nahi izatea. Eta ez soilik eleberriak irakurtzen dituztenen kopurua, baita egunkariak edota saiakera filosofikoak edo zientifikoak irakurtzen dituztenena ere. Paperezko liburuen bidez ez ezik, mota guztietako pantailen bidez. Gogo edo nahi hori guztiz zilegizkoa da, baina, ezin da nahastu irakurketaren gainbeheraren propagandarekin. Azken ideia hori indartzen jarraitzen badugu, eskolatze unibertsala, liburutegi publikoen sorrera edo liburuen edizioetan egindako berrikuntzak alferrikako neurriak direla onartzen ariko gara. Eta hori ez da zentzuzkoa.
Eta gazteak, zer?
Esan dudan bezala, irakurketaren gainbeheraz hitz egiten denean, gazteak jotzen ditugu galera handi horren erantzuletzat. Salaketa bidegabea da hori. Baieztapen biribil bat egin badaiteke, honako hau litzateke: egungo gazteek irakurketarako jarrera ona dute, aurreko belaunaldiekin alderatuta. 
Gaur egun, 24 urte arteko herritarren artean % 71,1ek sarri edo aldizka irakurtzen dute; aldiz, 2000. urtean % 71 ziren. Bestalde, 2008an, 25 eta 34 urte arteko gazteen % 63,10ek irakurtzen zuen; duela hamar urte, ostera, % 61 ziren irakurleak. 2008an, 35 eta 44 urte bitarteko helduen % 67 ziren irakurleak, eta 2000. urtean, berriz, % 62k irakurtzen zuen. 45 eta 54 urte arteko herritarren % 58,2k irakurtzen du orain; eta duela hamar urte, % 52 ziren irakurleak. Azkenik, 2008an, 55 urtetik gorakoen %37,5e irakurtzen zuen, eta hamar urte lehenago, % 42k. 
Gaur egungo datuak 1978. urtekoekin alderatzen baditugu, 30 urteko demokrazian, ukaezina da irakurle gazteek aurrera egin dutela. Inkesta batetik bestera berresten joan den errealitatea da. 
Zein ondorio ateratzen dugu horretatik guztitik? Gazteak direla, alde handiz, gehien irakurtzen dutenak. Eta, aldiz, helduek elikatzen dutela irakurtzen ez dutenen kopurua (zenbat eta zaharrago, nabarmenago). Era berean, esan dezakegu ehunekoek ia bere horretan jarraitzen dutela, ez dagoela aldaketa esanguratsurik. Orduan, zergatik jarraitzen dugu helduen gabeziak eta porrotak haur eta gazteei leporatzen? Ez daukat erantzun argirik. Ez bada belaunaldi guztiek, heldutasunera iristen direnean, iraganeko oroitzapenen malenkoniara jo, eta nork bere gaztaroa imitatu beharreko eredu gisa goraipatzeko ohitura izaten dutela pentsatzea. Bide batez esanda, milaka urte dituen ohitura da. Izan ere, Sokratesen garaian ere gazteen ohitura onak galtzen ari zirelako kexatzen ziren. 
Ez dirudi, behintzat, arazoa gazteen irakurtzeko ohituren beherakada denik. Errua beraiei botatzea okerra izateaz gain, bidegabea ere bada. Horrek, era berean, gazteen irakurtzeko zaletasun faltaren ardura eskolari botatzea dakar. Eta onartezina da. Izan ere, nagusiki eskolari esker mantentzen baitira irakurleen datuak. Okerrena, baina, zera da: irakasle askok iruzur horiek beren egin, eta zabaldu egiten dituztela. Jarrera horrekin euren lanari sona kendu baino ez diote egiten. Irakasleak eurak ari baitira, eta ez beti baldintza onenetan, gazteak irakurle bilakatzen.
Gaur egun, sarean hitz egiten eta jolasten pasatzen dute aisialdia gazteek. Hori kontuan izanda, inozokeria litzateke Internet eta bideo jokoak existituko ez balira, gazte horiek irakurtzen ariko liratekeela pentsatzea. Benetan, pentsatzen al du inork horrelakorik?  Nire ustez, ez lirateke buru belarri irakurtzen ariko, beste jolas batzuetan ibiliko lirateke. Ongi pasatzeko beste modu batzuk bilatuko lituzkete, mendez mende gertatu izan den bezala.
Pentsatzen jarraitu
“Lehen orain baino gehiago irakurtzen zen” dioen topikoa hausteko balio behar lukete datu objektiboek. Eta gure arreta analisi zorrotzagoak eta ekimen ausartagoak behar dituzten gai garrantzitsuagoetan jarri beharko genuke. Honako hau litzateke, esaterako, galdera on bat: zergatik ez da lortzen gutxi gorabeherako irakurzaletasun egonkor bat, ikasgeletatik pasatu ostean? Erantzunaren izaeraren araberakoa izango da, neurri handi batean, irakurzaletasunaren etorkizuna. Eskolatze unibertsalaren eta oraindik murritza den irakurketa praktikaren elkarrekikotasun faltak hausnarketa sakona behar du, zalantzarik gabe. 
Bestalde, ondoko gai honi ere begiratu behar litzaioke: irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen publiko eta pribatuak biderkatu diren hamarkada honetan, zergatik ez da proportzionalki igo ohiko irakurleen kopurua? Erantzun ahal izateko, sakon aztertu beharko litzateke, eskolatik eta publizitatetik haratago,irakurtzeko zaletasuna zehazten duten zein beste elementu egon daitezkeen.
Bada beste gai bat ere: irakurritakoaren ulermena lehen mailako hezkuntza arazoa da oraindik, zergatik? Bada, PISA eta PIRLS  txostenek behin eta berriz zehazten dutenez, hainbat faktore daude, ulermenean eta irakurketarako zaletasunean eragin zuzena dutenak. Besteak beste, gurasoen ikasketa maila, estatus sozio-ekonomiko eta kulturala, liburuak edukitzea, etxean irakurtzen den ala ez… Ez dirudi zeregin horretan eskolak duen ardura gutxietsi behar denik. 
Nire iritziz, gai horiek guztiak dira (beste batzuen artean), premiaz, gure ardura behar dutenak, ustez irakurleak galtzen ari garelako aieneka aritu edo oraina gutxietsiz iragana goraipatzen aritu beharrean. Gaur egungo egoera konplexua izan arren, ez genuke hezkuntzako profesional gisa dagokigun arduran amore eman behar. Erabat sinetsita nago gure mundua duela mende erdikoa baino interesgarriagoa dela, eta mundu honetan jardun behar dugu irakurtzearen alde, gogoz eta konfiantzaz.