Haur Hezkuntzako 0-3 urte bitarteko umeek, batez ere gizarte idustrializatuetan, 4-5 hilabetetik aurrera denbora asko pasatzen dute hezitzaileekin. Ume horiek denbora luzea pasatzen dute haur eskolan. Eta garai horretan, oraindik, menpekotasun handia eta harreman egonkor baten beharra dituzte. Hori dela eta, haurraren psikismoa kaltetua gerta ez dadin oinarrizko zenbait kontzeptu barneratu behar ditugu. Bestalde, prebentzioari dagokionez egin daitezkeen zenbait gauza ere hartu behar dira kontutan. Horren guztiaren inguruan lanean ari garen profesional askoren ardurak eraman gaitu Emmi Piklerren metodoan sakontzera.
Piklerren biografia
Emmi Pikler 1902an Vienan (Austria) jaio zen hungariar familia judu batean. Ama maistra izan zuen eta aita artisaua. Lehen haurtzaroa Budapesten pasatu bazuen ere, Vienara itzuli zen medikuntza ikastera. Budapesteko kirurgia ospitalean lortu zuen 1927an, pediatriako doktoretza. Garai hartako irakasle batek, gerora bizitza osoan erabiliko zuen sendagile ikuspegia irakatsi zion. Hau da, haurraren behar fisiologikoak kontutan hartzeaz gain, prebentzioa lantzeak zuen garrantzia. Piklerrek eta gainerako ikasleek, behin eta berriz entzuten zuten hori irakaslearen ahotik, baina ez hori soilik. Egunean zehar haurrak zaintzeko izaten ziren une guztiek, eta bereziki umearekin zuzenean egotekoak zirenek, ahalik eta egokienak izan behar zutela esaten zuen. Horrela, adibidez, zorrozki debekatuta zegoen ospitale hartan haurra gaixorik egonda ere berak onartzen ez zuen goilarakada bat gehiago ematea.
Ospitale hartan, haurrak ez ziren denbora guztian ohean egoten. Jolas egiteko txokoak zituzten, bereziki horretarako pentsatuak. Sendagileek agintzen zietena ez zen ohean egotea izaten, jolas egitea baizik. Era berean, kontutan izaten zuten haurrentzako ohe edo sehaskak txikiak eta estuak ez izatea. Nahiko zabalak ziren, umearen mugimendua errazten zutenak. Sasoi hartan, haurrak faja batekin biltzeko ohitura zegoen; baina erietxe hartan haurren mugimenduak errazten zituzten arropak jartzen zizkieten. Beste gomendio bat ere bazen: umeari edozein azterketa edo tratamendu egin behar zitzaionean, desatseginena izanik ere, haurra negarrez jarri gabe egin behar zela. Kontutan eduki behar zuten esku artean zuten haurra bizia eta sentikorra dela eta guztiaz jabetzen dela.
Erietxe hartan bazen Emmi Piklerri atentzioa eman zion gauza bat: estatistiken arabera, ospitaleko istripuetan hezur haustura gutxiago izaten zituzten langile klaseko familietako haurrek, gainerakoek baino. Hau da, kalean jolas egiten denbora gehien pasatzen zutenei gutxiago apurtzen zitzaizkien hezurrak, etxeetan babestuta eta diziplina handiaren menpe bizi zirenei baino. Orduan hasi zen Pikler libre mugi daitekeen haurra kontu handiz aritzen dela eta erortzeko modu egokiak aurkitzen dituela benetan sinisten.
1935ean familiako pediatra lanean hasi zen Pikler, Budapesten. Hamar urtez aritu zen horretan lanean eta bere lanaren ardatz nagusia, haurrak artatzeaz gain, behaketa izan zen. Piklerrek berehala aitortu zuen haurrak jaiotzen den unetik garatzeko konpetentzia programa konplexu eta sendo bat dakarrela. Hurrengo urteetan ehun familiarekin elkarlanean ikerketa eta azterketa lan sakon bat egin zuen.
Piklerren lanaren zutabeetako bat gurasoei euren haurrak behatzen laguntzea izan zen: “Zer daki zuen haurrak egiten? Ez zer falta zaion ikasteko, zer dakien baizik”. Horrela, haurrek berez garatzeko duten gaitasunean konfiantza izateak duen garrantzia deskubritu ahal izango zutela esaten zien. Piklerrek azaltzen zien haurrarekin zaintzako uneetan lasai egotea eta guraso eta umearen arteko harremana plazerean oinarritzea ona zela; haurrari ongizate fisikoa, neurologikoa eta psikikoa handia ematen ziola. Honakoa behin eta berriz errepikatzen zien gurasoei: “Umeari bere iniziatibek eragiten diote ikaskuntzarako gogoa, harremanetan sozializatzeko bidea eta pertsona izateko sentimendua edukitzea”. Piklerren ustez, prebentzioa ez zen gaixotasunei aurre egiteko sendagaiak erabiltzea. Beretzat garrantzitsuena, prebentzioari buruzko ezagutzak edukita, haurrak gaixotu ez zitezen eguneroko lana nola egin behar zen jakitea zen. Era berean, gurasoei azaltzen zien haurrak beti ikasten duela berez, bere unea iristen denean. Bai eserita egoten eta baita ibiltzen ere. Helduak esertzera eraman ez arren, edo oinez ibiltzera eskutik helduta joan ez arren.
Piklerren metodoaren originaltasunaren funtsa ondokoan oinarritzen da: haur txikiak bere iniziatibaz sortutako ekintzan aritzeak, bere garapenari eskaintzen dion funtzio konstruktiboaren eta elaboratzailearen kontzeptu pedagogikoa aitortu izana.
Hori guzti hori, bere kontsultetan egiaztatzen zuen, haurrek nola funtzionatzen zuten behatzen zuelako. Haurrak, bere kabuz uzten zuenean (amaren presentzian), egiten zituen mugimenduak behatu zituen. Ikusi zuen, txikitatik eskutxoekin jolas egiten dutela, eta ekintza horretan zentratzen direla. Hankatxoekin ere egiten dutela jolas, edo eskuartean duten objekturen batekin. Piklerren metodoaren beste oinarrietako bat jaio zen hortik: “Haurrak bere zereginetan bakarrik egoteko gaitasuna du, harreman egonkorreko heldu baten presentzian, giro ezagunean, lasaian eta seguruan sentitzen baldin bada”.
Pikler ohartu zen, berak esku hartzen ez zuenean, haurrak une horretan egin behar zuena egiteko estimulu propioak sortzen zituela. Mugimendu berri bat egin behar baldin bazuen, hori lortzeko jarraitzen zuen prozesua ikusi zuen; zein mugimendu txiki egiten zituen bere burua erregulatzeko. Behaketei esker ikusi ahal izan zuzen haurraren jarduera etengabekoa dela ikasketa berri baten lorpen osoa izan arte.
Ondorengo lanetan, datu gehiago bildu zituen eta bere sendagile ikuspegirarekin batera, bere ikuspegi pedagogikoa sendotzen joan zen. Lan horietan argi utzi zuen umearen berezko garatze gaitasunak kontutan hartzen ez badira, eta pentsatzen bada, helduaren esku-hartze zuzena behar duela garatzeko, haurra sekula ez dela zeharo autonomoa izatera ailegatuko.
Piklerrentzat haurraren autonomia kontzeptua ez da, soilik, haurrak modu mekanikoan zer egiten dakien ikustea. Helduarekin dagoenean berarekin batera izandako iniziatiba, kooperazio eta elkarrekintza esperientzien lorpena baizik. Piklerren hitzetan, haurrarenganako begirada enpatikoak, hots, bizitzako lehenengo momentutik haurra pertsona bezala hartzeak garrantzia izugarria du.
Horrelaxe pasatu zituen hamar urte pediatra lanean, eta ideiak gero eta argiago zituenean honako agindu edo argibideak idatzi zituen:
- “Errespetua izan behar zaio haurraren izate osoari. Bizitzako lehen unetik pertsona aktiboa, bizia, sentikorra eta harbera dela kontutan hartuz”.
- “Konfiantza izan haurraren berezko gaitasunetan eta bere kabuz egindako ekintzak aitortu, bere bizitzako protagonista dela onartuz”.
- “Gorputza zaintzeko uneetan ere haurra aktiboa dela eta harreman horren bizipenak pertsona izatearen sentimendu, bai fisiko eta baita psikikoa ere, sortzen diola aintzat hartu”.
- “Prozesuak ez aurreratu. Ez eragin jarrera edo mugimendurik ez bada bere kabuz horraino iritsi. Helduak ez esku-hartzea garrantzitsua da”.
- “Haurrak bere kasa dagoenean, helduaren gertuko distantzia behar du, ez estutuko duen inor”.
Pikler une historiko zailean aritu zen lanean, Hungarian. 1917tik 1945era, hau da, 30 urteren buruan Errumaniaren okupazioa, gerra zibila, urteetan gobernu ezegonkorrak, nazien okupazioa eta juduen aurkako jazarpena, Armada Gorriaren okupazioa eta horrekin Errusiak ezarritako erregimen komunista bizi behar izan zituzten, berak eta hungariar guztiek. Hala ere, emakume hark ekimen handia erakutsi zuen.
Piklerri II. Mundu Gerra profesional bezala ezagutzea egokitu zitzaion. Garai hartan, haur asko geratu zen umezurtz eta beste asko familietatik atera behar izan zituzten tuberkulosia zabaldu zelako. Piklerrek haur horiek zein baldintzatan bizi ziren ikusi ahal izan zuen eta kostatu egiten zitzaion onartzea. Bere ikuspegi pediatrikoa ezagutarazi ostean, 1946an Loczy hiriko umezurztegiko ardura eta zuzendaritza hartzea eskaini zioten. Etxearen izena Loczy zen, izen bereko kalean kokatuta zegoelako. Etxe ederra zen, familia bat bizitzeko ezinhobea. Baina umerzuztegiarentzat, instituzio gisa, ez zituen baldintza egokiak betetzen. Dena den, bazuen Pikler liluratu zuen zerbait: kanpoko aldean zeuden lorategi ederra eta zuhaitz ugariak.
Piklerrek benetan sinisten zuen familia ez izatea ez zela oztopo bat haurraren garapen fisiko eta afektiboa bermatzeko. Uste zuen, haurraren garapen orekatua ahalbidetu zitekeela baldintzak eskainiz gero. Era berean, argi zeukan bere proiektuan ez zela inondik inora haurrarekin esperimentatuko, eta praktika hartan ez zela inprobisaziorik egongo. Piklerrek, bere heziketa pedagogikoa nola gauzatuko zen zehazten zuen gidoia ongi irudikatuta zeukan. Batetik, haurraren zaintzen esparruan beti heldu erreferentzial berdina izatea atxikimendu ziurra bermatu ahal izateko. Eta bestetik, heziketa horretan haurrak autonomoak eta jakinmin handikoak izatea. Hori ez zen asmo soil bat, institutuko eguneroko lanean bete egiten zen. Eta egun ere hala izaten jarraitzen du.
Praktika hori aurrera eraman ahal izateko behar beharrezkoa da haurrak eta helduak elkar ezagutzea. Piklerrek, baina, Loczyra iritsi zenean ez zuen lan erraza izan. Baldintza materialak kaskarrak eta desegokiak ziren. Gainera, bertan zeuden giza baliabideek zerikusi gutxi zuten umearen bizitzarekin. Bertako langile, hezitzaile eta zaintzaileek lan ordu gehiago pasatzen zituzten beste zereginetan umearen inguruko lanetan baino. Hori horrela, bere metodologia aurrera eramango bazen, instituzioko esparrua berrantolatu behar zuen. Baldintza materialei zegokienean irtenbidea aurkitu zezaketen, baina beretzat kezkagarriagoa zen hezitzaileek konfiantza gutxirekin eta kontrakotasunez ikusten zutela ezagutzen ez zuten lan bat egitea. Umearekin egotea, hain zuzen.
Pikler ez zegoen batere gustura aurkitu zuen lan egiteko moduarekin eta hiru hilabeteren buruan ia hezitzaile guztiak kaleratu zituen. Segituan aurkitu zituen ordezkoak, titulazio handirik gabeak baina umeekin eta umearen munduan interesatuta zeudenak.
Piklerrek haurraren heziketa integrala aldarrikatzen zuen. Pediatra naturista gisa, haurrak osasuntsu egoteko gorputz zaintzaren kalitate ona oso garrantzitsua dela zioen. Baina ez hori bakarrik, oso garrantzitsua da, baita ere, kanpoko bizitza egitea eta elikadura zaintzea.
Loczyn, hasieran, 0-3 urte bitarteko haurrak besterik ez ziren hartzen. Denborarekin, egonaldia 6 urtera arte luzatzea erabaki zuten, harreman egonkorrek umearen garapenean zuten garrantziaz ohartu zirelako. Bitarte horretan, adopzioak edo etxera bueltatzeak ematen ez baziren, behintzat.
Loczyko praktika ezaguna egiten hasi zen Hungariatik kanpo ere. Horrela, 1968tik 1970era bitartean OME Osasunerako Mundu Erakundearekin batera ikerketa lan sakon bat abiatu zuten. Lehen haurtzaroa instituzioetan pasatzen duten umeek kalte psikikoak, neurologikoak eta fisikoak izatea nahiko ohikoa zen. Loczyn zeuden umeek, baina, ez zuten horrelako patologiarik ageri. Hori frogatzeko ehun umeren garapena aztertu zuten hamar urtetan.
1970.urtean Loczy Hungariako umezurztegietako institutu metodologiko nazionala izendatu zuten, eta 1984an hil zen Emmi Pikler Budapesten bertan. Ondoren, bere obraren jarraitzaileek, Pikler-Loczy izena jarri zioten institutuari, eta 1989az geroztik fundazio bezala funtzionatzen ari da. Eta formazio zentro bezala zabalik jarraitzen du.
Metodo pedagogikoa
Adituek diote Loczyn haurraren zaintzak zientzia eta artea uztartzen dituela. Loczy metodoak badu zerbait miresgarria ikuspegi pedagogikotik begiratuta: egunerokotasuna hezkuntzaren mamia bilakatu izana, hain zuzen. Pikler Loczy metodoak hiru zutabe nagusi ditu, eta bakoitzak heziketa globalaren balioa du.
1.- Umearen ziurtasun fisiko-afektiboa bermatzea heldu erreferentzial egonkor batekin, eta bakarkako harremanean oinarritua. Adin horretan behar fisiologikoak ez direlako psikikoetatik bereizten.
2.- Umeari mugimendu autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskaintzea. Bere garatzeko gaitasunetan konfiantza izatea, bere ekimenak errespetatuz eta ulertuz, mugimenduak eta jarrerak bereganatzeko prozesuan helduak esku-hartzerik izan gabe.
3.- Umeari bere beharrak asetuta izan ondoren, ekintza autonomoan sortutako berezko jarduera librean aritzeko denbora eskaintzea. Horretarako beharrezkoak izango diren objektu eta jostailu ezberdinak bere eskura jarriz.
Metodo hori gauzatzea ez zen lan erraza, ezta gutxiagorik ere. Metodologia barneratuta izateaz gain, bihotzean ere eduki beharra zegoen. Judith Falk doktoreak, Piklerren ondoren Loczy institutuko zuzendari izan zenak, hausnarketa garrantzitsua egin zuen horren ildotik: “Eman daitekeena baino gehiago ezin da eman, baina ematen den orok maitekorra eta segurua behar du izan”.
Hezitzaileen prestakuntza
Piklerren metodologia aplikatzeko, institutuan lan egiten duten guztiek jakin behar dute zer den esku-artean daukatena eta zein den proiektuaren funtsa. Hori dela eta, bertako hezitzaileak ez dira umearekin egotera pasatzen formazioa amaitu arte. Honakoa ikasten dute hezitzaile guztiek haurra hartu aurretik:
- Haur talde baten zaintza guztien ardura izango duela umearen egonaldi osoan zehar.
- Errespetua eta entzute osoa eskainiko zaizkiola haurrari, bai momentu pribilegiatuetan eta baita gertuko distantzian ere.
- Haurraren erritmoak eta seinaleak kontutan hartzen.
- Haurraren gorputza tratatzerakoan: nola zaindu, nola hartu, nola jaso, nola sostengatu, nola utzi…
- Gorputz zaintzak samurtasunez
eta umearekin aurrez-aurre egiten.
- Haurrari egingo zaion guztia, aurrez, hitzez jakinarazten.
- Zaintza uneetan haurra solaskide aktibo gisa hartzen, bere kolaborazioa eta ekimena itxaroten eta aitortzen.
- Haurraren garatzeko gaitasunetan konfiantza izaten, eta prozesuetan ez aurreratzen. Mugimendu edo jarrera zehatz bat aurkitzera behartu gabe.
- Besoetan edo altzoan duenean mugimenduak egiteko askatasuna eskaintzen.
- Haurraren garapenaren inguruko behaketak egiten eta jasotzen.
- Ez dela haurraren ama.
Zaintzak
Loczyko lan metodo proposamena ez da zorrotza, baina bai oso zehatza. Dena aztertzen da, eta egunero jasotzen da, idatziz, haurrari gertatutako guztia. Zerbaitek indarra badu Loczyn hori haurrarekiko errespetua da. Egunerokotasunean umearen erritmoa zeharo errespetatzen da eta hasieratik adierazten zaio gertatuko dena.
Egiteko modu horri koreografia deitzen diote Loczyn. Umeari iristen zaion guztia zeharo erritualizatuta dagoelako. Haurrak uneoro daki zer datorkion, hasieratik horrela irakatsi zaiolako. Bere bizitzako sekuentzia bakoitzak bestea dakar ondoren. Haur bat besoetan hartzen dutenean beti ordena berdina mantentzen dute. Hau da, haur bat besoetan duela zaintzailea hurrengo umearengana joaten da eta esaten dio: “Mikelen ondoren, zu izango zara” Horrek bere bizitzan zer gertatzen den ulertzen laguntzen dio haurrari. Eta era berean, umearen segurtasun fisikoa eta afektiboa integratzen laguntzen du.
Zaintzetako une erritualizatu horietan behin eta berriz adierazten zaio zer egingo zaion, eta haurrak nola erreakzionatzen duen behatzen da. Hasieran txikiegia izango da, baina, handitzen doan heinean zer etorriko zaion ulertzen joango da. Haurrak gertatu aurretik jakingo du zer espero behar duen helduarengandik. Ez dago ezustekorik, haurrak badaki, hitzez esaten zaiolako.
Txikitatik hezitzaileak bere gorputzean zer gertatzen den ulertzen laguntzen dio haurrari Loczyn. Baina ez hori, soilik. Prozesu horretan biak elkarrekin daudela ere ulertarazten dio. Haurren ekimena, txikia izan arren, errespetatu egiten da eta baita goraipatu ere. “Lortu dugu!” bezalako adierazpenak entzuten dituzte umeek.
Hori guztia gune fisiko berean ematen da. Haurrek hasieratik ezagutzen dute lekua, dena dago ordenatuta eta hori da une bakoitzean haurrari erakusten zaiona. Adibidez, aldatzeko mahaia beti da berdina, bainuontzia leku berean dago, jateko espazioa beti berdina da… Hau da, umeari, espazioa ezagutu arte ez zaio gune berririk erakusten. Hori ondo ezagutu duenean, pixkanaka gune berriak erakutsiko zaiozkio, unean unekoak. Eta gainera aurrez jakinarazi egiten zaio.
Haurrak koreografia horri esker ikasten du bere txanda itxaron behar duela. Hezitzaileak erakutsi egiten dio bere momentua iristi arte zain egoten, bere unea iristen denean ez diolako hutsik egiten. Loczyko metodoak erakusten du zaintza momentuetan, helduarekin harreman pribilegiatua duelako, haurrak proban jartzen duela proban jartzeko duen guztia. Hau da, harreman horretan nola dagoen eta nola aurkitzen den. Egiteko modu horrekin, helduarengan aurrerantzean izango duen konfiantza sortzen da haurrarengan, lehen esan bezala hutsik egiten ez diolako.
Txikiak, zaintzetako uneetan duen jarrera aktiboak eragin zuzena izango du bere bizitzan. Eta era berean, harreman horretan benetako solaskide izan baldin bada, helduarengandik datorkion maitasunak eskaintzen dion ongizatea ere nabarituko du.
Haurrak gorputz zaintzetako intimitate uneetan (pixoihala aldatzean esaterako), erregulazio sentimendua bi espaziotan kokatzen duela esan daiteke: batetik, helduarekin, eta, bestetik, bere gorputzarekin. Besteak beste, helduak dena hitzetan azaltzen diolako gertatzen da hori, hau da, berea den errealitatea hitzetan erakusten diolako.
Zaintzako une horiek ez dira edozein modutan amaitzen, Loczyn. Haurra eta heldua ez dira edozein modutan bata bestearengandik bereizten. Zaintza uneetan izandako bizipenetan haurrak bizitza osorako baliagarria izango zaion tresna garrantzitsu bat bereganatzen du: autoerregulaziorako estrategiak aurkitzeko gaitasuna, hain zuzen.
Loczyn loa eta atsedenerako denbora nola erabiltzen dituzten ere aipatzekoa da. Oheak edo sehaskak bi funtzio izan ditzake Loczyn. Batetik, lotarako erabiltzen da, noski. Eta bestetik, beraientzat oso garrantzitsua da eguneko zenbait momentutan haurrak lotarako beharrik izan ez arren, gune intimo horretan lasai egoteko denbora izatea. Bakoitzak bere sehaskatxoan segurtasuna ematen dion objektutxo bat izaten du; instituzioan bertan aurkitu duen zerbait eta haurrarentzat esanahi berezia duena. Hezitzaileek txikitatik erakusten diete une intimo hori dutela sehaskan egoteko, eta zenbaitetan ona dela beraientzat. Haurra oinez ibiltzen hasten denean, hots, autonomiaz funtzionatzen duenean, bere kabuz erabakitzen du noiz joan daitekeen gune horretara eta noiz irten nahi duen bertatik. Horretarako, baina, ohe edo sehaska bereziak dituzte, hots, albo batean bera bakarrik igotzeko eta jaisteko moduko atetxo bat dutenak.
Mugimendu autonomo librea
Loczyko altxorra mugimendu autonomo librea da. Munduan ezaguna da Emmi Piklerren Moverse en libertad liburua eta lan horretan zehatz eta mehatz azaltzen du zein den egiteko modu horren funtsa. Piklerren hitzetan, mugimendu autonomo librean hazten den haurrak bere gorputzaren eta gaitasunen ezagutza osoa lortzen du, bere mugak ondo ezagutuz eta bere buruarengan konfiantza edukiaz.
Baina haurrak bere buruarengan konfiantza izan dezan, aurretik, berarekin dagoen hamarreman egonkorreko pertsonak bere gaitasunetan konfidantza duela erakutsi behar izan dio. Psikologikoki derrigorrez sentitu behar izan du hori.
Era berean, ulertu beharra dugu edozein ekintza motriz, ekintza mentalaren ekoizpena dela. Batak bestea dakarrela. Haurrak, mugimendu bat egiten ari denean, dituen sentimendu eta pertzepzioak ondorengo jarrera edo mugimendu bat indartzen dutelako gertatzen dira, beti. Hau da, burua prestatzen dute; behin eta berriz errepikatzen dute mugimendua, pixkanaka konfiantza hartzen dute… Horri esker indar berezi bat sortzen da ondorengo jarrerak eta mugimenduak garatzen joateko.
Mugitzea, azken batean, mundurantz bidea egitea da. Eta oso garrantzitsua da bide hori norberak egitea. Haurra, bide hori egiten ari denean, bere burua aurkitzen ari da. Nolako funtzionamendu autonomoa izan duen ezagutzen du pixkanaka, zer nolako estrategiak erabiliko dituen independentea izateko, sozializatzeko... Eta zalantzarik gabe bere buruarengan konfiantza lortzen joango da: “Ni hori egiteko gai naiz”, pentsatuko du. Baina nola ulertzen da mugimendu libre espontaneoa? Haurrari berez egindako mugimenduan garatu dadin uzten.
Haurrak, bere kabuz, jarrera bat edo beste aurkitzeko mugimenduak egiten baditu, uneren batean bertikaltasuna ere bere kabuz lortuko du. Helburua bere kabuz lortzeak sendotasuna eskaintzen dio. Eta bere gorputzarekin kofiantza duelako gustura, ondo eta batez ere seguru sentitzen denean, gai izango da kanpotik edo mundutik datorkion bizitza fisiko guztia integratzen joateko.
Oso ohikoa da gurasoak parkeetako jostailuetan ikustea haurrak ‘behartzen’, eta nola egin behar duten azaltzen: “Orain hanka bat, orain apur bat goraxeago, ondo ondo segi horrela!” Haurrak, baina, arraro begiratzen dio, ez duelako ulertzen. Ez duelako bere gorputzean ez eta bere buruan integratu. Prozesuak aurreratzen saiatzen garenean horrelakoak gertatzen dira. Baina modu naturalean egiten direnean, haurrek konpetentzia maila garrantzitsua erakusten dute.
Ekintza autonomoa
Haurrari, bere beharrak asetuta dituenean (logura, gosea…), gune berezi bat eskaintzen diote Loczyn, bere adinaren eta garapen mailaren araberako materialez hornitua. Baina helburua ez da haurra gune horretan utzi eta hezitzailea itzuli arte hor egotea. Ez! Inguruan dagoen helduak, uneoro helarazi behar dio haurrari, bere aldamenean egon ez arren bere buruan dagoela. Helduak beti erakusten dio –urrun baina hurbil– ez duela, soilik, besoetan duenean aintzat hartzen. Baizik eta bere buruan daramala besoetan ez duenean ere. Horregatik, haurra, lasai egoten da. Badaki bere harreman egonkorreko pertsona hor dabilela; entzun egiten du, somatu. Ekintza autonomoko une horietan oso era naturalean egiten dute haurrek elkarrekin egoteko bidea. Batez ere lasai daudenean eta ezagutzen duten leku baten babes osoa sentitzen dutenean.
Amaitzeko, hainbat aipamen
Loczyn garrantzia handia ematen zaio eraikinetik kanpora irteerak egiteari. Astean bi edo hirutan kalera ateratzen dira taldetxotan. Kanpoko aldean bizitza handia egiten dute haurrek. Bai udan eta baita neguan ere, behar bezala jantzita.
Bestalde, gaur egun Loczyn eskaintzen duten Haur Eskolan txokoak eta material bereziak dituzte. Baina bada eraiki berria duten beste gune bat ere, guk, hemen, familia eta haurren gunea deitzen dioguna. Ludoteketakik kanpo dagoen gune bat da. Hau da, haur eskolara ez doazen haurrak, bere gurasoek hala nahi baldin badute, astean saio bat egitera joan daitezke. Hara joaten diren gurasoei gauza bakarra eskatzen diete, ez dezatela inolako esku-hartzerik izan. Haurrak zer egiten dakien, zein jarrera dituen, zein mugimendu egiteko gai den, nola erregulatzen duen bere burua… horiek guztiak behatzera gonbidatzen dituzte. Gelako jarduna, Loczyko pedagogo batek zuzentzen du.
Oinarrian metodologia horretatik jaso nahi den ideia nagusia honakoa da: haur txikiak familietatik atera eta instituzioetan sartzen direnean, beraien garapenerako ezinbestekoak diren zenbait gauza kontutan izatea. Hau da, haurraren autonomia errespetatzea, bere segurtasun fisikoa eta emozionala bermatuko dituen harreman egonkorra eskaintzea eta egunerokotasuneko errealitateak heziketan duen balioa aintzat hartzea.