Labirintoaren erbestean

2010-03-03

Galtzagorri elkartearen Labirintoaren erbestean areto literarioa Hernanin eta Zumarragan (Gipuzkoa) izan zen urte hasieran. Literatura aitzakiatzat hartuta, eta labirinto batek eskaintzen duen zirrarari esker, bidaia imaginarioa egin ahal izan zuten hurbildu ziren haurrek. Beti ere, Miren Gonzalez dinamizatzailearen laguntzaz.

 
 
Bi sarrera eta bi irteera ditu, eta bidean, makina bat ezusteko. Labirinto bat da. Harrigarria, beldurgarria, polita, lasaia, argia, iluna… Bidaia jostagarri bat egiteko leku aproposa. Horixe da, hain zuzen, Galtzagorri Elkartearen Labirintoaren erbestean jolas literarioak proposatzen duena, irudimena erabiliz bidaia bat egitea. Hernaniko (Gipuzkoa) udaletxeko aretoan egin zuten urtarrilean labirintoaren muntaia, eta, herriko ikastetxeetatik ez ezik, inguruko herrietatik ere hurbildu ziren 8 urtetik 10era bitarteko haurrak. Miren Gonzalez margolariaren laguntza izan zuten munduko txoko batetik bestera jauzi egiteko. Hik Hasik ere izan zuen labirintoan galtzeko aukera, Hernaniko Elizatxo ikastolako haurrekin batera.
Hiri liluragarriak
Udaletxeko aretora ailegatu, eta Miren Gonzalezek ongi etorria egin zien Elizatxo Ikastolako gaztetxoei. Aztoratuta zeuden denak, urduri. Bazekiten labirinto batean sartu behar zutela. Ez zekiten, baina, zer aurkituko zuten labirinto barruan. Ispiluak, uharteak, ura, sua, beroa, ekaitza, argia, iluna… guztiak batzen dira bidezidorrez betetako leku itxi horretan. Labirintoan, lehendabiziko sartu-irtena Gonzalezekin batera egin zuten, eta berehala entzun ziren lehendabiziko harridurazko deiadarrak. Horrela ailegatu ziren bidaiaren erdira; eta han, ametsetako mundu batekin egin zuten topo. Hiri bereziak, etxeorratz luzeak, arrainak hegan, erleak, zubiak, txabola txikiz osatutako herrixka bat…. “Haiti izango da!”, egin zuen oihu gaztetxo batek. Izan ere, aste horretan bertan jazo zen lurrikara. “Ez, ez da Haiti. Brasilgo ‘favela’-k dira. Ezagutzen dituzue?”, erantzun zien Gonzalezek. 
Beste sarrera batetik egin zuten bidearen beste erdia. Hasierako lekura itzuli ziren denak elkarrekin. Berehala, baina, taldeetan banatu, eta euren kasa egin behar izan zuten bidaia. Gonzalezek ohar garrantzitsu bat egin zien abentura hasi aurretik: “Lau altxor daude labirintoaren barruan. Taldeka joango zarete altxor batetik bestera, eta han nola sentitzen zareten pentsatu behar duzue, ados?”. 
Jokoaren gidoia
Gonzalezek mapa bana eman zien ikasleei. Mapa horren laguntzaz ibili ziren labirinto barruan. Bidaia horretan, hainbat mundu ikusi eta sentitu zituzten. Baina, era berean, atsedenleku batzuk ere bazeuden, eta horietan zeuden gordeta altxorrak. Literaturarekin eta musikarekin lotutako altxorrak. Izan ere, atsedengune horietan liburuak ikusteko eta diskoak entzuteko aukera izan zuten Elizatxoko ikasleek. Musikak, liburuek, irudiek, atsedenlekuko egoerak… Horiek guztiek zein sentimendu pizten zizkieten pentsatu behar zuten.  
Asaldagarria, harrigarria, beldurgarria, desberdina
Sarritan zaila izaten da sentimenduak azaleratzea. Labirinto horretan, ordea, jolasera hurbiltzen diren haurrek laguntza izango dute horretarako. Hain zuzen ere, koloretako gometxak aurkituko dituzte atseden leku bakoitzean. Kolore bakoitzak esanahi bat izango du: asaldagarria, harrigarria, beldurgarria edo desberdina. Kolore bat aukeratu, eta hasieran emandako mapa horretan itsatsi beharko dute haientzat egokiena dena. 
Itzuli osoa egin ostean, hau da, talde guztiek lau altxorrak bisitatu eta atseden hartu ostean, ametsetako munduan elkartu ziren Elizatxoko ikasleak eta Gonzalez. Sentimenduei buruz hitz egin zuten lehendabizi. Labirinto barruan garrasi bat edo beste entzun bazen ere, inork ez zuen beldurgarria adjektiboari zegokion gometxa itsatsi mapan. Harrigarriak iruditu zitzaizkien gehienei labirintoko txokoak. 
Ipuin kontalariak
Abentura txiki horren helburuetako bat ikasleek beste mundu batzuk ezagutu eta sentitzea zen. Baina baita, era berean, literaturaz modu ludiko batean gozatu eta zaletasuna –apur bat bada ere– bultzatzea ere. Hori dela eta, Gonzalezek ipuin edo narrazio berezi batekin amaitu zuen bidaia. Berak hasiera baino ez zien eman ikasleei, eta haiek, labirintoan ikusi eta bizitakoarekin edota euren irudimena erabilita osatu zuten istorioa. 
Elizatxoko ikasleek bezala, Euskal Herriko ikastetxe askotako gaztetxoek ere ez dute sormen arazorik, irudimena dute barra-barra. Lantzea da gakoa. Eta Galtzagorri elkartearen Labirintoaren erbestean jolas literarioa izan daiteke horretarako parada.