Cos Art metodoa

2010-03-03

Andoaingo Udala eta Musika Eskola, musika instrumentuen irakaskuntzaren ikuspegi guztiz berritzailea duen Cos Art metodo pedagogikoa bultzatzen ari dira. Bi ikastaro antolatu dituzte: 2009ko azaroan lehena eta orain, martxoan, bigarrena. Metodo horren arabera, pertsona da bere gorputzarekin batera musika egiten duena, eta instrumentua, aldiz, hori gauzatzeko bidea. Instrumentuaren teknika, antza, ez da instrumentua hartzen denean hasten. Instrumentuaren teknika aldez aurretik eta jakitun egin behar den gorputzaren entrenamendutik hasten da.

 
 
Eguneroko bizitzan eta baita musika instrumentu baten interpretazioan ere, oso garrantzitsua da jarrera eta postura egokiak edukitzen ikastea. Gorrotxategik azaldu duenez, horretarako metodo pedagogiko artistikoa da Cos Art metodoa. Pedagogikoa zergatik? Irakasle batek, gorputz hezkuntzako eskolen bitartez transmititzen duelako. Eta artistikoa? Azken batean, metodoaren helburua hobeto adieraztea delako. 
Cos Art metodo honen sortzailea Yiya Diaz piano jotzaile eta musika pedagogoa da. Diaz argentinarra da, eta Buenos Airesen egin zituen piano ikasketak, Fedora Aberastury piano jotzaile eta pedagogoarekin. Eta Aberasturyk berak sortutako mugimendurako sistema kontzientea ikasteko aukera ere izan zuen. Urteak pasatuta, Yiya Diaz Kataluniara joan zen eta ordura arte ikasitako guztien sintesia egin zuen. Horrela sortu zen Cos Art metodoa. Gorputza eta artea uztartzen dituena. 
Adierazpena hobetu
Aipatu dugunez, metodo honen helburu nagusia adierazpena hobetzen ikastea da. Zer da, baina, hobeto adieraztea? Andoaingo Musika Eskolako flauta irakaslearen arabera, bai Diazek eta baita Aberasturyk ere, piano jotzaile eta artista gisa, pianoa jotzerakoan askatasun handiagoa lortzea zuten helburu. Hori dela eta, gorputza entrenatzeari ekin zioten, une jakinetan –kontzertu batean, azterketa batean...– ahalik eta modu onenean erantzun ahal izateko. Metodoaren helburuetako bat pentsamenduaren, emozioen eta mugimenduaren arteko batasuna lortzea da. Elementu horiek guztiek batera erantzutea, traba psikofisikorik gabe. Horretarako, beharrezkoa da gorputzarekin harremanetan jartzea, kontziente izanik. Hau da, modu kontzientean. Gure arreta eta kontzientzia hainbat gorputz ataletara bideratzen baditugu, gorputzak berak erantzun bat sorrarazten du. Azken batean, pentsamenduak gorputzarengan duen eraginean oinarritzen  da Cos Art metodoa. 
Esate baterako, gure burua arriskuan ikusten dugunean, berehala, gure gorputza ihes egiteko edo borrokarako prestatzen da. Era berean, azterketa batean musika instrumentu bat jo behar dugunean edo kontzertu bat eman behar dugunean, nahiz eta fisikoki arriskuan ez egon, psikologikoki arriskuan ikusten dugu geure burua, geure egoa. Gorputzak arrisku horren arabera erantzuten du une horretan; uzkurtu egiten gara, tentsioan jarri, ahoa lehortzen zaigu, eta horrek guztiak ez digu behar bezala adierazten uzten, ez digu adierazkorrak izaten laguntzen. Musika egiteko, ikusleak hunkitzeko, gorputz eta arima aritu beharra dago, gure sentimenduak bideratu eta transmititu behar ditugu, eta, horretarako, gure gorputza prestatu, entrenatu egin behar dugu.
Irakaslea bidelagun
Entrenamendu horretarako, ezinbestekoa da arropa erosoa izatea, eta galtzerdi lodiak jartzen dira, oinutsik lan egiten delako. Lastaira bat, manta edo zapi bat eta kitto, ez da gehiago behar. Hasieran, beti, kokapena egiten da. Kokapen horren  helburua gure barrualdearekin harremanetan jartzea da. Barrualde hori izango da jarraian landuko diren eduki berriak barneratu ahal izateko oinarrizko abiapuntua.  
Hasierako kokapena edo ezarpena egiteko, lehenik eta behin, ikasleak buruz gora etzaten dira eta Cos Arteko irakasleak hainbat azalpen ematen dizkie, eskuekin laguntzen dien bitartean. Ikasleen arreta hainbat gorputz ataletara bideratzen du, eta atal horietaz jabetu daitezen, ukimenaren bidez puntu zehatzak azaltzen dizkie. Esaterako, burua lantzen denean, oinarrizko puntuak dira masaileko giltzadurak eta buru atzean dagoen giltzadura atlento-okzipitala. Bi giltzadura horiek itxita egoten dira normalean, tentsioan egoten dira, eta horiek askatzea izaten da kokapenaren xedeetako bat. Irakasleak giltzadura horiek ukituko ditu, ikasleak ezagutu ditzan.
Jendearen erantzuna
Horrelako ikastaroren batean parte hartu duen jendea, normalean, oso gustura egoten da. Egindako lanak gure barne erritmoarekin jartzen gaitu harremanetan, eguneroko erritmo bizkor eta zorrotzetik aldenduz. Ikasleek, azken batean, beren denbora berreskuratzen dute, eta, horregatik, sentipen onak izaten dituzte. Bestalde, eskolara etorritakoan baino lasaiago eta bareago ikusten dute euren burua. Zenbaitetan, lehendik zituzten minak ere joan egiten zaizkie.
Hainbat esparrutan
Hasiera batean musikan soilik erabiltzen bazen ere, geroago beste esparru artistikoetara ere zabaldu da Cos Art metodoa: dantzara edo antzerkira, adibidez. Mallorcako (Herrialde Katalanak) kontserbatorioko Mona Belizan irakasleak dantza klasikoko prestakuntza izan zuen, eta, gerora, Cos Art metodoko irakasle egin zen. 
Era berean, emakumeekin lan egiten duten Cos Art metodoko aditu asko dago. Izan ere, metodo horrek, norberaren gorputza ezagutzen, onartzen eta balioesten irakasten du. Hori musikarientzat oso lagungarria izan daiteke, gure gorputzaren mugak eta indarrak erakusten dizkigulako. Baina, era berean, Gorrotxategik dio onuragarria dela beste edozein pertsonarentzat ere.
Metodoaren sortzailea, Donostian
Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen irakasleen prestakuntzarako Garatu ikastaroen bidez ezagutu zuen Yiyi Diaz argentinarraren metodoa Gorrotxategik. Baita Diaz bera ere. Hain zuzen ere, Hondarribiko (Gipuzkoa) musika eskolak ekarri zuen Diaz Donostiara. Musikarekin lotura duen gorputzaren lanak erakarrita eman zuen izena Gorrotxategik: “Asko gustatu zitzaidan, une horretan bilatzen ari nintzenarekin bat etorri zelako. Ikuspegi humanista iruditu zitzaidan, pertsona goitik behera errespetatzen duelako eta musikalki aplikagarria iruditu zitzaidalako”. Esperientzia garrantzitsua izan zen Gorrotxategirentzat, eta urte batzuk geroago Bartzelonan (Herrialde Katalanak) egin ziren espezialistentzako prestakuntza ikastaroetan eman zuen izena. Prestakuntza ikastaro haietan, musikariak eta abeslariak ez ezik, dantzariak, psikologoak, gizarte-hezitzaileak, komunikazioko profesional bat... bildu ziren. 
 
Gorputzarekin harremanetan jartzea
Gorrotxategiren ustez, metodo honek egin dion ekarpenik garrantzitsuena gorputzarekin harremanetan jartzea izan da. Gorputzak berak bere espazio eta indar propioa ditu, pentsamendutik at. Gorputza bizitzen ikastea, bakoitzaren egoitza bilakatzea eta sentimenduak bideratzeko modua ezagutzea da. Horrek guztiak plazer eta ziurtasun handia ematen diola azaldu du flauta irakasleak. Bestalde, bere osasunaren gaineko ardura hartzen ere lagundu diola nabarmendu du. Lehen, ikasketa orduak zirela eta, masajistarenera joan behar izaten zuen mina eta ondoeza kentzeko. Orain, ordea, Cos Art metodoarekin bere burua osasuntsu mantentzea lortzen du. 
Proiektu berriak 
Orain arte, Andoainen egindako ikastaroen helburua metodoa ezagutaraztea izan da, eta orain, datorren ikasturterako Cos Art metodoko talde iraunkor bat sortzeko asmoa dute. Bestalde, Maria Vega piano jotzaile bilbotarrarekin hainbat proiektu prestatzen ari dira. Vegak, Zaragozako (Aragoi) goi mailako kontserbatorioan lan egiten du, eta Bartzelonan egin zuen, Gorrotxategirekin batera, Cos Art metodoko prestakuntza. Besteak beste, dituzten proiektuen artean, erdi eta goi mailako kontserbatorioetako ikasleekin ikastaro trinkoak egitea dago. Era berean, abesbatza eta orkestrekin lan egitea ere gustatuko litzaieke.