UNEko txokotik

2010-03-03
 
 
Berrogeita hamarreko hamarkadan Oiartzungo Izostegi baserrian jaiotakoa naiz. Baina, Oiartzunen jaio arren, 12 urte arteko ikasketak, Lezoko Une eskola nazionaletan egin nituen. Eta horren zergatia nahiko sinplea da: eskola hori gu bizi ginen baserritik gertuen zegoen ikastetxea zen. Oinez joanda, gutxi gorabehera, 20 bat minutura.   
Garai hartako beste ume gehienak bezala, ni ere bost edo sei urte nituela hasi nintzen eskolara joaten. Hiru anaiak elkarrekin joaten ginen eskolara, eta zelai batzuk zeharkatuz egiten genuen ibilbidea. Gure “maestra”, horrela deitzen genion irakasleari, Donostian bizi zen, eta Maria Belen Ezkurdia zuen izena. Ez dakit zergatik, baina uste dut asko maite ninduela, hori esaten zidan behintzat. Agian txintxoa nintzelako izango zen, edo agian, zeinek daki, Gabonetan, ohitura zaharrei jarraituz, gure amak emanda, opari gisa, baserrian hazitako oilasko edo untxiren bat eramaten niolako. Eta oparitxo horregatik edo, besteak baino masaileko gutxiago jasotakoa naiz. Garai haietan, maisu edo maistragandik masailekoa jasotzea oso ohikoa izaten baitzen.
Eskolan, neskak gela batean egoten ziren, eta gu, berriz, alboko beste batean. Gure etxeko hizkuntza euskara izan arren, eskolak erdara hutsean ematen genituen. Horrek zailtasunak sortzen zituen, gehienok, baserriko umeak izanik, gaztelaniaz tutik ere ez genuelako ulertzen. Baina ez zegoen beste aukerarik. Beste garai batzuk ziren haiek!! 
Erlijioak egun baino garrantzi handiagoa zuen ikasketetan, eta agian horregatik edo, urtean pare bat aldiz herriko apaiza, Don Ramon, eskolara etortzen zen, guri apaiz izateko aukera eskaintzera. Baina ez dut uste gure eskolatik horretarako inor apuntatu zenik. Erlijio horren eraginez edo, nesken eta mutilen arteko harremanak ez ziren egungoak bezalakoak izaten, batak bestea ukitzea ere bekatu zela esaten zigutelako. Hala ere, gustukoen genuen jokoa, neska eta mutilen arteko “txurrutena, media manga eta mangueton” izenarekin ezagutzen zen hura zen, hain zuzen, joko horrek mutilen eta nesken arteko gorputz ukitze zuzena ahalbidetzen zuelako. Eta, jakina, horretarako guk aitzakia gutxi behar!! 
Kirola egitea ere maite nuen, eskolako azpiegiturak horretarako aukera handirik ematen ez bazuen ere. Orduak eta orduak pasatzen nituen jolasten, eta, horregatik, gero etxera buelta egiterakoan, lasterka etortzen nintzen, berandu iritsiz gero aita eta ama haserre jartzen zirelako. Gaztetxoa nintzen arren, baserrian gurasoei lagundu beharra zegoen-eta.
Nik adin horretan ez nuen asko pentsatzen etorkizunean. Baina gurasoek bai, batik bat amatxok. Beti esaten zidan “ofizinista” izan behar nuela, “listua” omen nintzelako eta, gainera, letra polita nuelako. 
Batxiler ikasketak bukatu ondoren, Errenteriako akademia batean kontabilitatea eta mekanografia ikasten ibili nintzen. Gero, hemezortzi urterekin, enpresa handi bateko bulegoetan bulegari aritu nintzen eta lehen soldata jaso nuen. Bulegoan hogeita hamar urte eman ondoren, egun, beti gustuko izan dudan kirol arloko saltsetan murgilduta nabil. Eta oso gustura nago.