Kronika

2010-03-03
 
 

Prest dago guztia martxoaren 13an EHBE Euskal Herriak Bere Eskolak

deituta Bilbon egingo den manifestaziorako. “Mobilizatzeko arrazoiak ugariak dira. Inposaketaz inposaketa bizi gara gure ikastetxeetan”, salatu du EHBEk. Agintariek euskal hezkuntzari hegoak moztu nahi dizkiotela uste du EHBEk. “Egunez egun eta herriz herri eraikuntzan murgildu eta euskaldunduko duen eskola bat eraiki; euskal curriculuma garatu; Euskal Herrian oinarritutako unibertsitate bat eraiki; pedagogia aurrerakoia garatu...”, lan handia dago  egiteKo, eta horiek guztiak bildu nahi ditu EHBEk Hezkuntza Deialdian. Ekitaldia eta manifestazioa aldi berean egingo dira. Arriagan hasiko da 17:30ean eta bertan bukatuko da, Plaza Biribiletik eta Udaletxetik pasa ondoren. “Inposaketarik ez! Euskal Herriak bere hezkuntza!  lelopean, kultura, aldarrikapena eta koloreak batuko dira Bilbon”.

 

Eskolim  elkartearen lehen biltzar nagusian izan da Seaska,  Alsazian 

Seaska (Euskal Herria), Bressola (Katalunia), Diwan (Bretainia), Calandreta (Okzitania) eta ABCM-Zweisprachigkeit (Alsazia) lurralde hizkuntzetako murgiltze eskolen bost sareek osatzen dute iaztik Eskolim  elkartea. Taldea Ziburun sortu zen joan den urtean, murgiltze pedagogia sustatzeko eta zaintzeko helburuarekin. Horixe baita beraien ustez «lurraldeko hizkuntzen erabilpen soziala eta ikasle elebidunak erdiesten dituen eredu bakarra». 

Seaskak jakinarazi duenez, Eskolim elkarteak bere lehen ohiko biltzar nagusia egin zuen otsailean Ingersheimen (Haut-Rhin, Alsazia). Lehen biltzar nagusian murgiltze ereduko eskolek elkarlanaren indartzeko nahia berretsi dute. Ipar Euskal Herriko ikastolak batzen dituen konfederazioak azaldu duenez, «gure pedagogi ereduak dakartzan emaitza baikorrak eta arrakasta goraipatu dira, bereziki lurralde hizkuntzen mailan. Baina baita frantsesa eta bertze ikasgai guzien lorpen mailan ere». 

Lege baten beharra

Bestalde, Eskolim elkarteak adierazi duenez, lurralde hizkuntzen gaineko lege baten onarpena beharrezkoa da murgiltze sistema garatzen duten eskolentzako. « Hemendik aurrera, lurralde hizkuntzak Frantses ondarearen barne direla kontsideratzen ditu Konstituzioak, baina lege batek baizik ez ditu gure eskubideak finkatuko eta hizkuntza hauen erabilpen soziala bermatuko», gaineratu du.  Era berean, biltzar nagusi horretan elkartearen zuzendaritza berretsi zen. Hartara, Patrig Herve bretainiarra izanen da Eskolim-en lehendakaria, eta Seaskako lehendakaria, Paxkal Indo, berriz, elkarteko idazkaria. Diruzain lanetan Jean-Louis Blener okzitaniarra ariko da. 

 

Lau ikasle berritik hiruk euskara hutsezko eredua aukeratu dute EAEn

 

Bi urteko ikasleen guraso gehien-gehienek euskararen aldeko hautua egin dute aurten ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz baino bi urteko 660 ikasle gehiago eskolatuko dira aurten, 18.240 guztira. Horietatik, 13.589 haurrek D ereduan ikasiko dute. B ereduan 4.135 izango dira eta A ereduan, aldiz 732. Beste modu batera esanda, A ereduan ikasiko duen haur bakoitzeko hemezortzi ariko dira D ereduan. Dena den, iaz baino 144 eskari gehiago izan dira A ereduan eskolatzeko. Eta B ereduak ere zertxobait egin du gora, iaz baino 170 izen emate gehiago izan baitira. 

Aurtengo aurrematrikulazio kanpaina diseinatzerako orduan, Jaurlaritzak arreta berezia jarri nahi izan dio hizkuntz ereduen «eskaera erreala» ezagutzeari, batez ere eskaintzen ez diren hizkuntz ereduen eskaerari. Datuak eskuan, Jaurlaritzak onartu behar izan du datuak ez direla esanguratsuak izan. 

 

Lurraldez lurralde

Herrialde guztietan da nagusi D eredua. Aipagarria da Arabaren kasua, izan ere, D ereduak goruntz jarraitzen du, eta B ereduari gailendu zaio aurten ere. Haur Hezkuntzako ikasleen erdia baino gehiago euskarazko ereduan arituko dira, eta ia beste erdia B ereduan. 

Gipuzkoa da oraindik D ereduak indar gehien duen herrialdea. Lehen aldiz matrikulatu diren bi urteko haurren %88,79k euskara hutsezko ereduan hasiko dute hurrengo ikasturtea. Hamar ikasletik batek B eredua hautatu du, eta erdarazko A eredua oso gutxik aukeratu dute, 153 ikaslek baino ez. 

Bizkaian ere D eredua da nagusi, izan ere, %70ek euskara hutsean ikasteko nahia adierazi dute. B ereduak iazko kopuruei eutsi die, eta A ereduan ikasteko nahia 465 haurrek erakutsi dute.

 

Nafarroako Parlamentuak eremu mistoa beste lau herritara hedatzea onartu du.

Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain herriek izango dute eremu mistoan sartzeko aukera. Orain, Iruñerriko lau herrietako udalbatzek erabaki beharko dute eremuz aldatu edo ez; gehiengo absolutua beharko dute. 

Nafarroako Parlamentuak 1986. urtean onartu zuen Euskararen legea, eta joan den otsailaren 18an aldatu zen lehen aldiz. Hain zuzen ere, IU-NEBek egin zuen eremu mistoa zabaltzeko proposamena. Alderdi horrez gain, NaBaik, PSNk eta CDNk bozkatu zuten proposamenaren alde. UPN alderdia izan zen aurka bozkatu zuen bakarra. 

NaBaik eremu mistoa zabaltzearen alde bozkatu duen arren, Euskararen Legearekin oso kritikoa izan da Maiorga Ramirez bozeramailea. Euskararen Legeak nafarrak bizi diren tokiaren arabera mailakatu eta diskriminatu egiten dituela salatu du. «Ni Tafallakoa naiz, hirugarren mailako nafarra, eremu ez-euskaldunean bizi naizelako». Haren irudiko, 1986ko legeak, euskararen alde egin beharrean, herritarren eskubideak «murrizten» ditu.