Adimen emozionala. Beste hizkuntza bat

2010-04-03

Adituek behin eta berriro aipatzen dute gizakiaren garapenean eta egunerokotasunean adimen emozionalak duen eragina; eta eskolan ere garrantzitsua ei da sentimenduetan adimentsua izatea. Emozioak lantzen dihardute Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain Ikastolan, 2004-2005 ikasturtetik hona. Proiektuaren nondik norakoak ez ezik, irakasleen artean, ikasleekin eta gurasoekin izaten ari diren esperientziak azaldu dizkigute. Kepa Goikoetxea Laskoraingo zuzendariarekin eta Beatriz Ezeiza eta Aitziber Aierdi Orientazio Mintegiko kideekin izan gara. 

 
 
Duela sei urte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez izan zuten Laskorain Ikastolan adimen emozionalaren gaineko proiektuaren berri. Ikastetxeetako zuzendaritza taldeei zuzendutako prestakuntza egiteko deialdia jaso ondoren, hiru lagun joan ziren. “Orain ulertu dugu zergatik egin zuten lehenengo zuzendaritza taldeentzako deia. Ikastetxeetako prestakuntza bideratzeko, ezinbestekoa delako lehendabizi zuzendaritza konbentzitzea”, dio Goikoetxeak. Prestakuntza trinkoa eta luzea izan zen, baina oso interesgarria, eta Laskoraingo zuzendaritza, bederen, guztiz harrapatu zuen. “Txundituta geratu ginen jasotako prestakuntzarekin. Batetik, landutakoak zuen erabilgarritasunagatik, eta, bestetik, joan ginen hiruroi ekarri zigun onuragatik. Bizitza pertsonalerako, harremanetarako... Guztiz praktikoa iruditu zitzaigun, eta eskolan erabiltzeko aukera bazegoela ikusi genuen”. Zuzendaritzako hiru kideak horren pozik eta liluratuta ikusita, gainerako irakasleengan ere piztu zen jakin-mina, eta, lehendabiziko irakasleak prestatzen hasteko aukera iritsi zenean, berehala eman zuten izena. Lehendabizi, hogei irakasle, eta, gero, beste guztiak. “Baina ez irakasleek bakarrik, idazkaritzakoek, atezainak, jangelakoek... ere jaso zuten prestakuntza. Azken batean, eskola elkarte osoko langileek hartu genuen parte lehendabiziko fase hartan”.
Gerora, bigarren fasea heldu zen. “Lehendabiziko prestakuntza amaituta, ikasgeletan lanean hasi behar genuela ohartu ginen”, dio Ezeizak. “Orduan, materialak egiten hasi ginen, uztartzen, ezagutzen genuena aztertzen, begiratzen. Baina, aurrera egin ahala, beste premia bat sortu zen: ikastetxe osoan aplikatu behar bagenuen, koordinazio osoaz arduratuko ziren zenbait pertsona behar genituen”. Horrela, ikastolako lau kidek, zuzendaritzako bik eta orientazio mintegiko beste bik, Gipuzkoako Foru Aldunditik iritsitako beste ikastaro bat egin zuten, Expertis deitzen diotena. “Hori egin ondoren gauzatu genuen ikastetxe osorako adimen emozionalaren proiektua”. 
Hain zuzen ere, etapetan antolatu zuten proiektua, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino. Ezeizak azaldu duenez, koordinatzaile bat izendatu zuten etapa bakoitzeko, “norbaitek arduratu behar zuelako proiektua ikastetxe osora hedatzeaz”. Horrela, lau koordintzaileak astean behin elkartzen dira, besteak beste, beharrak aztertzeko eta materialak gainbegiratzeko. Eta, ondoren, astean zehar beste egun batean, etapa bakoitzeko irakasleak bere koordinatzailearekin elkartzen dira. Azken horrek ikasgeletan egin beharreko lana gidatzen du. Orotara, 115 langile koordinatu behar dira. 
 
Ikasleekin lanean
Baina jasotako prestakuntza guztia nola erabili ikasleekin? Bada, Ezeizak azaldu duenez, hasiera batean tutoretzak baliatu zituzten ikasgeletan lanean hasteko”. DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, tutoretzak ez ezik, Etikako orduak ere baliatzen ditugu gai hau lantzeko. Baina, gaur egun, horietatik at, egunerokotasunean ere txertatuta daukagula esan dezakegu”. Dena den, etapa bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta Haur Hezkuntzako lan dinamikak ez du zer ikusirik Lehen Hezkuntzan edo DBHn lan egiteko duten moduarekin. 
Esate baterako, Haur Hezkuntzan, irakasleak egunero egiten die ongi etorria ikasleei. “Harrera unea deitzen diogu guk. Une horretan, adimen emozionalarekin zerikusia duen sarrera egiten da ikasleak biribilean jarrita. Horretarako, gelako espazioa erabiltzen da. Ume bakoitzak nola sentitzen den adierazten du: zer umorez etorri den ikastolara, zein emozio ekarri duen etxetik eta zergatik izan daitekeen, besteak beste”. Horrez gain, gelan, Adimen Emozionaleko txokoa dago. Han, aurretik aipatutako jardueren euskarri fisikoak, ormirudiak direla, lantzen ari garen konpetentzia eta trebetasunaren irudi, hausnarketak… Horietako bat emozioen trena izenekoa da. Tren horretako bagoi bakoitzak emozio bat dauka, eta ikasle bakoitzak bere izena emozio batekin lotzen du.  
“Erabiltzen ditugun tekniketako bat da hori”, esan du Aierdik. “Ez dugu ikasturte osoan teknika bera erabiltzen, aldatzea ere garrantzitsua da. Helburua beti da bera, baina hainbat teknika erabiltzen ditugu.  Azken batean hainbat tresnaren bidez,  haurrek emozioak identifikatzea da helburua, autoezagutza konpetentzia lantzeko”.
Lehen Hezkuntzan, aldiz, lanketa, bereziki, tutoretza orduetan egin da. Egunean zehar, hainbat unetan zein emozio sentitzen dituzten identifikatzeko, lanean jartzen dituzte ikasleak. “Esaterako, oso jarduera polita izaten da egunean zehar ikasleen emozioak nola aldatzen diren ikustea. Taula batean adieraz dezakete. Edota emozio horien intentsitatea ere landu izan dugu. Beharbada haserre sentitzen gara, baina haserre hori amorru bilakatzen da. Pixkana emozio horiek egunean nola aldatzen diren ikusten joatea lan interesgarria da”, azaldu du Ezeizak.  
Dena den, tutoretza orduetatik kanpo, egunak luzeak izaten dira. “Jo dezagun ume bat matematikako ariketa bat egiten ari dela, eta irakaslea konturatzen dela ez zaiola ateratzen. Ikaslea guztiz blokeatuta dago ariketaren aurrean. Orduan, honelako galderak egin ditzake irakasleak: Zein emozio sorrarazi dizu ariketa horrek? Ez duzu uste, beharbada, emozio horrek ez dizula ariketa hori aurrera eramaten uzten? Azken batean jarrera kontua da, estilo kontua”, dio Ezeizak. Beraz, edozein une balia dezake irakasleak emozioak lantzeko. “Irakaslea bera trebatuta dagoenez, errazagoa da. Irakasleek badakite horrelako egoerak identifikatzen. Egoera horiek sumatzen dituzte, eta edozein une izan daiteke egokia horiek bideratzen saiatzeko”, gaineratu du Aierdik. 
Emozioak ulertzea eta izena jartzea ez omen da horren zaila. Ikasleek, behintzat, nahiko erraz egiten dute hori. Hurrengo urratsa, ordea, zailagoa da. Nola erregulatu emozio horiek guztiak? Nola bideratu? Zer egin horiekin? Horretarako ere, badaude hainbat teknika: dortokaren teknika, semaforoarena, arnasketak, erlaxazioa, bistaratzea.... “Teknika horiek guztiak edozein unetan erabil daitezke, baina, horretarako, aurretik landu behar izan dira”, dio Aierdik. “Tutoretza orduetan lantzen dira horiek guztiak, eta, beraz, ikasleek badakite nola erabil daitezkeen. Ondoren, zein erabilera mota ematen dieten –hobea edo okerragoa–, ikasleen esku egongo da”. Gakoa, Aierdiren hitzetan, helburua zein den jakitea da. Xedea zein den zehaztuta, teknika bat edo beste erabiliko da. 
Adimen emozionalak bost gaitasun esparru lantzen ditu: kontzientzia emozionala, erregulazio emozionala, autonomia emozionala, gaitasun sozio-emozionalak eta bizitzarako trebetasunak. Beraz, Ezeizak azaldu duenez, gaitasun bakoitzak trebetasun asko ditu lantzeko, eta horiek guztiak sailkatuta daude. Ondoren, trebetasun horiek jarduera edo teknika zehatzen bidez lantzen dira.
 
Nola egiten da hori nerabezaroan?
Nerabeen kasuan, bidearen beste ertzetik hasi beharra dagoela dio Goikoetxeak. Hau da, lehendabizi, laugarren eta bosgarren gaitasun esparruak landu behar dira gazteekin: gaitasun sozio-emozionalak eta bizitzarako trebetasunak. “Ahal izanez gero, gazteari urruti duena azaldu behar zaio lehenik. Haitin lurrikara bat izan da, ikusi al duzu telebistan zer gertatu den? Teorian, berea ez den gai batetik abiatu behar duzu”, azaldu du Laskoraingo zuzendariak. “Hitz egiten ari dena nerabea bera da, eta ematen ari den balorazioa berea da, baina uste du kanpoko zerbaiti buruz ari dela. Ondoren, pixkanaka gerturatzen joatea litzateke gakoa: Zuk nola egingo zenuke? Zuk zer proposatuko zenuke egoera horretan? Eta, azkenik, Zu nola sentitzen zara? galdetu behar zaie”, dio Goikoetxeak. “Lantzen dena gauza bera da, baina, nerabezaroan, berehala topa dezakezu atea guztiz itxita, norberaren hausnarketatik abiatzen baldin bazara. Nerabezaroa ez da horretarako adin egokiena, ikaslea ez baldin badago lehenagotik ere oso trebatua”, gaineratu du. 
Ikasleek aipatutako trebetasun horiek lor ditzaten lanean ari dira buru-belarri Laskorainen. “Hiru ikasturte daramatzagu proiektua ikasleekin lantzen. Beraz, orain Batxilergoan ditugun ikasleak DBHn hasi ziren adimen emozionala lantzen. Zertxobait antzeman daiteke, baina goiz da oraindik”, azaldu du Goikoetxeak. “Dena den, beharbada zuzendari lanean ari naizelako, adimen emozionala lantzen dutenetik hausnarketarako erraztasun handiagoa dutela nabaritzen dut. Zerbait gertatu da, eta ikasleari gertatutakoa argitzeko kontuak eskatzen ari zara... Lan hori duela bost urte baina errazagoa da. Baina askoz ere errazagoa! Horrek ez du esan nahi liskarrak gertatzen ez direnik, baina gertatutakoaren gaineko analisia egiteko gaitasun handiagoa dute: Nik hau egin dut, hark honela erantzun du, ni honela sentitu naiz...”. Hori guztia berria da, eta asko errazten ditu gauzak”, gaineratu du.
“Beste hizkuntza batean trebatua izatea bezala da”, gaineratu du Aierdik. “Horretan ari gara lanean, eta, pixkanaka, gure ikasleak beste maila batean aritzeko gai dira”. Hizkuntzaren aldetik nabaritu dute, batez ere, giroa aldatzen ari dela.  Aierdiren hitzetan, haur eta gaztetxoen hitz egiteko modua aldatu egin da. “Batez ere, norberaren ezagutzari dagokionez ikusi dugu aldaketa. Baita emozioen gainean hitz egiterakoan ere”. 
“Bai, horixe da”, gaineratu du Ezeizak. “Haurrak prestatuago daude. Atsedenalditik igotzen direnean –maiz izaten dituzte liskarrak atsedenaldian–, egunero galdetzen zaie zer gertatu den. Zergatik egin duzu? Nola sentitu zara? Zein mezu eman diozu zeure buruari? Horrelako galderei erantzuterakoan, nabaritu dugu haurrek askoz ere askeago hitz egiten dutela. Eta hori da, gure ustez, lehen urratsa”. Dena den, ez dira beti irakasleak izaten zer gertatu den galdetzen dutenak. Ikasleek eurek ere hitz egiten dute emozioei buruz. Ezeizak beti gogoratzen du pasadizo bat:  
“Bigarren mailan oso-oso mugitua zen mutikotxo bat zebilen. Egun batean, idazkaritzara jaitsi zen enkargu bat ematera. Idazkaria han zebilen ezinean, telefonoa jo eta jo ari zen, fotokopiagailua hemendik, atea handik... Erotzeko modukoa. Orduan, mutikotxoak begiratu eta esan zion:
–Idoia, zer gertatzen zaizu gaur? Haserre zaude?
–Bai, gaur haserre nabil. Eginkizun asko ditut eta ezinean nabil–, erantzun zion idazkariak.
–Eta zergatik ez duzu lasaitasunaren txokoa eskatzen? Gure gelan badaukagu. Erakutsiko dizut nola egiten dugun?
Mutikoak, nola egiten zuten erakutsi zion idazkariari, eta, gainera, berari mesede izugarria egiten ziola azaldu zion. Izan ere, mutiko horrek behar handia izaten zuen, eta askotan joaten zen lasaitasunaren txoko horretara. Ideia, behintzat, guztiz barneratuta zuen ordurako”.
 
Zer da ikasle ona izatea?
Horrelako pasadizo ugari dituzte. Sarritan, gelan bertan, ikasle batek bestea jotzen du ukondoarekin, eta esaten dio: Urduri zaude, har ezazu arnasa!  Ezeizaren hitzetan, teknika horiek eskura dituztelako gertatzen da hori. “Gauza txikiak dira, baina sumatzen ditugu”.  Dena den, Aierdik dio haur guztiak ez direla berdinak: “Batzuk gehiago aurreratzen ari dira, beste batzuk gutxiago, baina badoaz, pixkanaka”.
Hala ere, aldaketa Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan nabaritzen dute gehienbat. Goikoetxearen hitzetan, Bigarren Hezkuntzan ezin da esan asko nabaritzen denik. “Kanpotik aldaketa txikia ikusten da. Hau da, autokontzientziarako gaitasun handiagoa dutela esango genuke, analisirako ere bai, eta portaeretan ere kontrol handiagoa dute, baina badute zer landua oraindik. Dena den, pentsatzen dugu, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako horiek gora iristen direnean, gehiago nabarituko dela aldaketa”. 
Prozesu horretan, oso garrantzitsua da irakaslearen erreferentzia. Ezeizaren hitzetan, irakasleak berak izan behar du emozionalki adimentsua, haur horientzako eredu garrantzitsuena hura delako. “Beraz, irakasleekin ere sakon ari gara arlo hau latzen. Indarguneak bizkortu behar ditugu. Ikuspegi baikorra atera. Askotan entzuten dugu hau oso kaxkar dabil, beste hau ez dakit nola eta horrekoak... Oso gauza naturalak izaten dira irakasleen artean, baina, gure hizkuntza ere poliki-poliki aldatzen joan behar dugu. Gure hizkuntza aldatzen goazen neurrian, ziur ikasleari izugarri lagunduko diogula”. Bestalde, Aierdiren ustez, ikasleari beste modu batean begiratzen ere ikasi behar da.  “Ezin dugu, soilik, hau edo bestea egin du esan. . Zergatik egin duen pentsatu behar dugu, bere lekuan jarri behar dugu eta izan duen erreakzio horretarako zergatiak hausnartu. Horrela jokatuz, gure erreakzioa ikaslearekiko ezberdina izan daiteke. Horregatik, ikasleekin enpatia landu baino lehen, gure artean jarri behar dugu praktikan.
Zer da ikasle ona izatea?
Ildo horretatik, ikasleari dagokionez, beste hausnarketa bat darabilte buruan Laskorainen. Zer da ikasle ona izatea? Zer da benetan adimentsua izatea? Eta arrakasta izatea eguneroko bizitzan? “Howard Gardner-en Adimen anizkoitzen teoriak dioenari helduta, hausnarketa hori egiten dugu irakasleok gure ikasleekin. Beraien indarguneak ikusten saiatzen gara. Denok ez dugu adimen matematikoa edo hizkuntza adimena izan behar! Baditugu hainbat ikasle, beste arlo batzuetan askoz ere emankorragoak direnak”, dio Ezeizak. “Batzuk musikan dira trebeak, beste batzuk harremanetan, eta artista ugari ere badugu, baina horiek oso gutxi balioesten ditugu. Horixe da gure ikasleekin dugun erronka handiena, eta, bai zuzendaritzatik eta baita orientazio mintegitik ere, lan izugarria dugu egiteko alor horretan”. Azken batean, Aierdik gaineratu duenez, “ikaslea bere osotasunean hartu behar da. Egiteko gai ez denari begiratzeko ohitura baino ez dugu, eta, orokorrean, abilezia zertan duen begiratu beharko genuke. Eta horiek baliatuz, akaso beste bide bat erabilita, aurrera nola egin dezakeen aztertu. Zergatik ez dugu, bada, bide hori jorratuko?”.
Horren ildotik, Laskoraingo zuzendariak hasi berria zeneko pasadizo bat gogoratzen du. “Bazegoen DBHn ikasle kaskar horietako bat, beti korridorean, beti ikasgelatik kanporatua, ez zuen ezer gainditzen. Beti gurasoei deika, klase partikularrera baterako eta besterako... Ez genuen ezer lortzen! Behin, sofa kaskar batean, buruz gora jarrita, hankak zintzilik, tronboia jotzen ari zen. Baina ederki, primeran jotzen zuen! Pentsatu nuen: baina gaztetxo horrek nola egiten du hori, partiturei begiratu ere egin gabe eta buruz gora!!! Beraz, ez zen horren kaskarra, ikuspegi kontua zen... Gauza batzuk oso-oso ondo egiten zituen. Gaztelaniarekin, matematikarekin eta ingelesarekin ezin zuela? Ados, baina trebetasunak bazituen, badago zerbait bere baitan...”.
Gurasoekin ere bai
Ikasleek, irakasleek, idazkaritzakoek... guztiek baliatzen dute adimen emozionala Laskorainen. Baina baita ikastetxean egunero egoten ez den beste eragile garrantzitsu batek ere. Gurasoek, hain justu. Horiekin ere lan handia egiten ari dira Tolosan. Ezeizak azaldu duenez, gurasoekin ere adimen emozionala lantzea beharrezko bilakatu zen. “Haurrak sentimenduez hitz eginez joaten ziren etxera. Ailegatu, eta horrelakoak botatzen zituzten: Ama, gaur triste sentitzen naiz! Aita, gaur haserre nago... Eta etxeetan zer lantzen ari ginen bazekiten arren, ez zuten horrelakorik espero. Imajinatu gurasoen egonezina!”.
Ikastetxeak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ikusi zuen, adimen emozionalaren proiektua eskola elkarte osora hedatu behar bazen, oso garrantzitsua zela gurasoen parte-hartzea. Horrela, gurasoentzako beste prestakuntza mota eskaintzen hasi zen. 
Laskoraingo gurasoek primeran erantzun zioten eskaintzari. “Berehala ikusi genuen gaiak interes handia sortu zuela, eta lehenengo prestakuntza jasotzeko, 150 gurasok eman zuten izena bat-batean”. Eta primeran ari da funtzionatzen. Izan ere, 150 horien atzetik beste guraso pila batek jaso nahi du prestakuntza. Horretarako, prestatzaile asko behar zituzten. Ezeizak azaldu duenez, Aldundia konturatu zen ez zeukala behar adina jende. Horrela, beste estrategia bat pentsatu behar izan zuten, eta, Ezeizaren ustez, oso estrategia ona izan da.
“Hain zuzen ere, Expertis maila eginda zutenei gurasoak prestatzeko ikastaroa eskaini zieten. Ikastolako lau kide joan ginen prestakuntza hori jasotzera, eta ondoren, ikastolako bertako langileak hasi ginen gurasoak prestatzen”, azaldu du. “Hori, ordea, ez zen nahikoa izan, gurasoen aldetik eskaria izugarria izan zelako. Horrela, gurasoei gainerako gurasoak prestatzeko aukera eskaini zitzaien”.
Azken batean, Goikoetxearen hitzetan, “gurasoak bilakatu dira beste gurasoen prestatzaile”. Hasiera batean, proposamen horrek ez zuen oso harrera ona izan. Aldundiak baldintza bat jarri zuen: bigarren maila gainditzen zuten gurasoek besteen prestatzaile izan beharko zuten ondoren. Asko ez ziren horretarako gai ikusten, baina guraso batzuk prest agertu ziren. “Bigarren deialdia etorri zenean, guraso batzuk ohartu ziren, bat-batean, beren irakaslea lehenengo mailan gelakide izan zuten gurasoetako bat zela. Ez genekien nola hartuko zuten hori, baina, orain, oso-oso balioespen baikorra egiten dugu. Oro har, gurasoek lasaiago sentitzen zirela esaten zuten, gertuago sentitzen zutela beraiekin batera hasitako guraso bat... Lasaiago, gusturago eta hurbilago sentitzen dira”. Goikoetxeak azaldu duenez,  irakasle lanean jarri ziren gurasoentzat ere erronka handia izan zen, baina oso-oso ongi funtzionatu du. 
“Lehenengo guraso taldeak, adibidez, dagoeneko egin ditu hiru moduluak, baina, orain, ez dute proiektua askatu nahi”, azaldu du Ezeizak. “Horregatik, hilean behin horiekin elkartzen jarraitzen dugu. Jendea harrapatuta dago. Ikusten dute oso positiboa dela bai etxerako, bai beraien bizitza pertsonalerako... Egia esan, oso esperientzia polita izaten ari da”. 
 
Zeintzuk dira prestakuntzaren gakoak? 
Lehenengo maila sarrera moduko bat da. Adimen emozionala zer den, zertarako balio duen, pertsonari zer onura dakarzkion, gurasoentzat zer balio dituen, ingurukoekin eta abarrekin dituzten harremanetarako zer eskaintzen duen... Eta, Ezeizaren esanetan, oso garrantzitsua den beste kontu bat ere lantzen da. “Gurasoei beren seme-alabek zein indargune eta ahulezia dituzten identifikatzen irakasten zaie. Izan ere, gaur egun askotan ikusten dugu gurasoek itxaropen izugarriak izaten dituztela euren seme-alabengan. Hori guztia ulertzen ere laguntzen diegu”.
“Bigarren maila oso pertsonala da”, azaldu du Ezeizak. “Gurasoek euren baitara sartu behar dute, eta galdera ugariren erantzuna bilatu: Zer sentitzen dut egunerokotasunean? Nola identifikatzen dut emozio bat edo beste? Emozio jakin bat sentitzen dudanean, zer egin nahi dut? Noiz sentitzen dut askotan emozio hori? Galdera asko dira, beti etxeko egoerei lotutakoak, seme-alabekin, etxeko bikotearekin...”. Azken batean, beren buruari kalte egingo dioten emozioak nola kudeatu ikasten laguntzen zaie batez ere, Ezeizaren arabera. “Autoestimua eta automotibazioa zein garrantzitsuak diren eguneroko bizitzan, zein estrategia jarraitzen duen bakoitzak, nola bilatu, nola motibatu, egunerokotasun horretan, arazoei aurre nola egin...”.
Goikoetxearentzat, lan handiena horrek eskatzen du. “Zure benetako emozioa zein den konturatzeko denbora asko behar da. Autokontzientziarenak lan handia ematen du. Nik, behintzat, nire taldearekin hor sumatzen nuen lanik handiena. Dagoeneko 4. moduluan ginen, familia eta bikotea lantzen, baina atzera begira jarri behar izaten genuen, nork bere abiapuntura, bakoitzak berea ezagutzeko”. 
Aierdiri, adibidez, hiztegiarekin gertatzen zaio hori: “Bilerara etorri eta bati edo besteri entzuten diozu gaizki dagoela esanez. Baina zer da gaizki egotea? Haserre zaude, akaso? Triste? Oso zaila da hiztegi hori barneratzea”.
Ezeizak eta Aierdik oso gustuko dute laugarren modulua: familia eta bikotea. Goikoetxeak ez du horren atsegin. Ezeizak dio hori dela gurasoei ere gehien gustatzen zaiena: “Oso polita da. Haurra jaiotzen deneko atxikimendua nola sortu den lantzen dugu, zein bide jarraitzen duen, zein garrantzitsua den hori amarentzat eta aitarentzat... Argibideak ematen dizkigu harreman hori berreskuratzeko, nahiz eta orain seme-alabek beste adin bat eduki. Asko lantzen da, era berean, arauen gaia. Askotan arazoak izaten dira etxean arauak ezartzeko. Nola jarri? Txikiak direnetik nola hasi errutina edo arau horiekin, nerabeekin nola jokatu... Nerabeena oso gai labainkorra da. Finean, guraso gisa ziur sentitzen laguntzen diegu.
Goikoetxearen hitzetan, emozioa oinarri hartuta, beste guztia eraikitzea da gakoa. “Azken batean, jokabide gehienak emozioetan oinarritzen direlako. Zergatik dugu gauzekiko ikuspegi bat edo bestea? Horren oinarrian ere emozioak daude. Horregatik ematen du lan handia autokontzientziaren gaiak. Horrekin etorriko delako beste guztia”.
 
Gurasoen parte-hartzea
Elena San Martin, Patxi Amantegi eta Amaia Oiarbide gurasoekin hitz egin dugu eta hauxe kontatu digute. 
Laskorain Ikastolak Adimen Emozionaleko prestakuntza eskaini zuenean, eta lanketa horretan murgildu ginenean, geure beldurrak barne, noski, ilusioz beterik egin genuen. Lehenengo prestakuntza hartan ikasi genuen ataletako bat, eta guztiz beharrezkoa izan zena, gure seme-alaben heziketa prozesuan, beraiek ondo ulertu eta ezagutu ahal izateko, geure barnera begiratu eta  geure pertsonaren ezagutza zabala eskuratzea beharrezkoa dela izan zen. Lanketa hartan, beste guraso batzuekin geure etxeko esperientziak alderatzea, partekatzea eta elkar ezagutzea oso lagungarri izan zen gure arteko lotura eta kohesioa lortu ahal izateko; bertan, gauza oso pertsonalak agertzen baitziren. 
Prestakuntza harekin hainbat gauzataz ohartu ginen, norberarentzat positiboa dena besteengan proiektatu daitekeela, eta noski, geure etxeetan batez ere. Guraso gisa, hainbat estrategia eta tresna ikasirik ziurrago ere senti gintezkeela.
Hurrengo modulua iritsi zenean, eta aurkezpena egin zigutenean, benetako erronka iritsi zitzaigun. Hainbat gurasok prestakuntza jaso nahi zutela eta giza baliabide eskasian zeudela ikusita, 2. modulua gauzatu ahal izateko, guraso formatzaile izateko prestakuntza jasotzeko konpromisoa hartu behar genuen. 
Abentura hartan ere  murgildu ginen. Zortzi gurasok jaso genuen prestakuntza. Bidea luzea izan zen. Bertan, emozioak erregulatzeko tresnak jaso genituen, enpatia, asertibitatea, sozial trebetasunak, entzute aktiboa, gatazken konponketa, hezitzeko estilo ezberdinak, arauak, gure seme-alabekiko erlazioak, komunikazioa eta abar jorratu genituen…
Gure prestatzaileek gaian “adituak  edo…” baginela kontsideratu zuten eta hurrengo ikasturtean prestakuntza hori eman ahal izateko trebatu gintuzten.
Jadanik 2. urtea dugu beste guraso batzuei prestakuntza eskaintzen. Guk tailerra deitzen diogu, eta, berez, ez gara adituak, talde lanetan beraiekin batera trebatzen ari baikara. Pentsa! Geure taldeetan, 1. mailan geure ikaskideak izan zirenak ditugu.
Dena den, tailer horiek  gai guztiak berrikusten laguntzen digute, egunerokotasunean arazoei beste modu batean aurre egiten, emozioei, zailtasunei buruz beste lasaitasun batekin aritzen. Ikastolako hainbat irakaslekin eta profesionalekin erlazio estuagoa daukagu, ikastola gertuago sentitzen dugu; finean, geure pertsonarengan ere hasi gara aldaketa txikiak somatzen, benetan, lana apasionantea da!
Hurrengo ikasturteetarako helburua gure dinamikara jende berria erakartzea da, prestakuntza eskaini, taldean gustura sentiarazi… giro horretan murgiltzen joateko. 
Etxean eta ikastolan emozioak agertzeak eta modu beretsuan jokatzeak asko lagun dezakeela ziur gaude, eta denboraz, erregulazioak, enpatiak, asertibitateak, talde lanak, besteekiko harremanak... giroan eragiten joan behar dutela iruditzen zaigu. Horrek, tximeleta efektua egin dezake. Guraso, irakasle, ikasle... guztiok gaude bertan eta horrela sentitzen dugu, momentuz indartsu sentitzen gara denok itsasontzi berean eta izar berera begira.