Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa: Elikadura

2010-04-03
Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan, elikadurari trataera pedagogiko osoa ematen diogu. Otordu garaian, haurrak elikatzeaz gain, kontuan hartzen dugu haien heziketa ere.
Haurrarentzat, otordu garaia une atsegina izatea da gure lehen helburua. Horrela, hezitzaileon eta lagunen laguntzarekin, hainbat lorpen izaten ditu, arlo guztietan. Lorpen horiek hiru esperientzia eremuetan nabarmentzen dira: NORTASUN ETA AUTONOMIAN, INGURUNE FISIKO-SOZIALEAN eta KOMUNIKAZIOAN.
 
 
Gure lan programazioetan adierazten ditugun edukiak otordu garaian ere nola lantzen ditugun azalduko dugu.
Alderdi emozionala
- Ziurtasuna eta afektu giroa sortzen ditugu, otorduaz goza dezaten, eta aldaketak onar ditzaten.
- Hasieratik, gure gorputzarekiko kontaktua eta gure begirada dira haurrarentzako lehen babesa.
- Arreta handiz, bakoitzaren erritmoa errespetatuz eta giro lasaian eskaintzen diegu janaria, esperientzia txarrak saihesteko.
Poliki-poliki, autonomia lortzeko jokabideak indartzen ditugu:
- Tutua hartzerakoan, haurraren eskuak libre utziz, haurrak ahoan sartu edo ahotik atera dezan.
- Besoetatik hamakara pasatzerakoan, distantzia handixeagoa hartuz.
- Hamakatik mahaira pasatzerakoan, hasieran talde txikiak osatuz.
Mahaian eserita jaten hasten diren heinean, beraien parte-hartzea eskatzen dugu.
- Hasieran, koilara txiki bat eskaintzen zaie plater banarekin, eta gainerakoa guk ematen diegu.
- Koilararen erabilera indartzen dugu, baina, hasieran, eskuekin jaten ere uzten zaie, tresnak erabiltzeko beharrezko trebetasuna lortu bitartean.
Haurraren beharrei erantzun egokia ematen saiatzen gara, era berean: haurraren emozioei eta sentimenduei erreparatzen diegu; goseak sorrarazten dion ezinegona aintzat hartzen dugu, edo asetzeak dakarkion ongizatea; jateko gogorik ez duenean, errespetatu egiten dugu; janari aldaketen aurrean ematen duten erantzuna errespetatu egiten dugu, animatu egiten ditugu…
Gorputzaren lanketa
Otordu garaian gorputza ere lantzen dugu:
- Gorputza, besoak laztanduz.
- Postura autonomoak bultzatzen ditugu, eta haurraren oreka eta tonua ere lantzen ditugu (besoetatik hamakara eta handik mahaira pasatzerakoan).
- Eskuen, begien eta ahoaren koordinazioa eta kontrola lantzen ditugu, koilararen eta edalontziaren erabilerarekin.
Hasieran, laguntza eskaintzen diegu, eta gero, bakarrik saia daitezen uzten diegu. Ondoren, janari zatiak eskaintzen dizkiegu, modu osoagoan jaten ikas dezaten.
Osasuna eta ongizatea
Janari bakoitzaren aldatze prozesua haur bakoitzaren erritmoa errespetatuz egiten da, gustura eta gozatuz jan dezan. Beti, askotariko elikagai osasuntsuak eskaintzen zaizkio, eta otordu garai erregulatuak egiten dira:
- Tutua.
- Barazki purea (hutsik/haragiarekin/arrainarekin).
- Postretarako jogurta; eta gero, fruta, arrautzesnea, esnea…
- Bigarren platera osorik eskaintzen diegu.
- Lehenengo platera ere osorik eskaintzen diegu. Hiru platereko otordua egiten da.
Garbitasuna zaindu egiten dugu, eta ohitura desegokiak saihestu egiten ditugu.
- Aurretik eta ondoren, eskuak eta aurpegia garbitu.
- Adurzapia jantzi.
- Mahaian gustura egon daitezen, ez dugu jostailuen beharrik ikusten.
- Jaki berriak atera aurretik, mahaia garbitu.
Ingurune fisiko-soziala
- Otordu garaian, taldean haurren arteko harremanak indartzen eta sendotzen saiatzen gara pixkana.
- Egunero ekintzak errepikatu egiten dira, ohitura txikiak eta arau sozialak barneratzeko.
- Egunero, askotariko jakiekin, janariari buruzko ezagutza sustatu egiten dugu; zapore berriak, kolorea, tenperatura, izenak…
Horrez gain, jolasaren eta esperimentazioaren bidez, elikagai batzuk sakonago aztertzen ditugu ikasturtean zehar…
Komunikazioa eta irudikapena
- Haurren eskaerei erantzunez (begiradekin, keinuekin, hitzekin…), komunikazioa sustatu egiten dugu, egunero-egunero.
- Horretarako, beraien komunikaziorako lehen urratsak kontuan hartzen eta errespetatzen ditugu: ekimena, interesa, negarrak…
- Janariarekin loturiko abestiak, ipuinak eta kontutxoak kantatuz eta kontatuz, hitzezko nahiz gorputz bidezko komunikazioa lantzen dugu:
Oilo izterra jango nukela begiak itsu-itsutuk dauzkagu 
bateon batek baduela... Zeinek ote du? Atzera begiratu!
Jan, jan, jan eta jan sagarra sartu dut ahoan /edan, edan, edan egarri garenean…
Honek txotxak  bildu,
honek sua piztu, 
honek arrautza frijitu,
honek gatza bota eta
lodi honek DENA JAN!!!