Kronikak

2010-06-01
 
 

Konrado Mugertzaren lekukoa hartu du Maria Luisa Garciak

Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluko presidente karguan. Lekuko aldaketa irudikatu zutenean, aurrekoaren bide berdina jarraituko duela hitzeman zuen presidente berriak. Besteak beste, kargu horretan jardutea “izugarrizko ohorea” dela adierazi zuen, eta lehenbailehen hasiko dela “normaltasunez” lanean. Bere lehenengo egitekoa Eskola Kontseilua osatzen duten eragileen ordezkari guztiekin biltzea izango da. “Haien ideien, kezken eta asmoen berri izan nahi dut, eta nik nireak helaraziko dizkiet”. Erakundearen helburua “euskal hezkuntza sistemaren etengabeko hobekuntza” dela azaldu du. “Eskola Kontseilua hezkuntzaren behatokia da, baita ideia berrien sorlekua ere. Horregatik, Kontseiluak lasaitasuna eta denbora behar du lan egiteko, eta akordioak lortzeko” esan du. 

 

Sindikatuen arabera, irakasleen %60k baino gehiagok egin dute greba

 ELA, LAB eta EILAS sindikatuen ustez, «oso arrakastatsua» izan zen joan den maiatzaren 25ean irakaskuntza publikoan egindako greba. Sindikatu hroiek emandako datuen arabera, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen %75ek greba egin zuten; Bigarren Hezkuntzan, berriz, %60 inguruk. «Esanguratsua izan da, gainera, Haur Eskoletako Partzuergoaren barruan dauden irakasleen artean grebak izandako oihartzun handia, %80ek greba egin baitute». 

Datu horiek eskuan zituztela, CCOO eta UGT sindikatuekin akordiorako sinatutako oinarri «atzerakoi eta murriztailea» alde batera uzteko eskatu zioten Hezkuntza Sailari. Azken horrek emandako datuak, aldiz, guztiz bestelakoak dira. Hezkuntza Sailaren arabera grebaren oihartzuna txikiagoa izan zen: %36koa. Lurraldez lurralde, honako datuak eman zituen Celaaren sailak: Bizkaian irakasleen %33k egin zuten greba, Gipuzkoan %37k eta Araban %40k. Hezkuntza Sailaren ustez, «horrek agerian uzten du Euskal Eskola Publikoa hobetzeko irakasleen nahia». 

Etxetik ahalik eta hurbilen

Hiru sindikatuek deituta, hiriburu guztietan egin ziren protestak. Sindikatu deitzaileen arabera, azkenaldian Hezkuntza Sailak bere neurriak «inposatu» nahi izan ditu eta ez dute hezkuntza eragileen iritzia kontuan hartu: Bakerako Hezkuntza Plana, hiru eleko hizkuntz eredua eta curriculumetan egindako aldaketak, besteak beste. 

Lan hitzarmenaren negoziazioarekin antzera gertatu dela salatu dute sindikatuek. Hala, gogorarazi dute datozen urteetan ikasle eta ikasgela gehiago izango direla. «Hezkuntza Sailak, ordea, uko egin dio irakasle gehiago jartzeari. Alderantziz, proposatzen dituen neurriek irakasleen lan karga igotzea baino ez dute ekarriko». 

Ordezkapenetan ere murrizketak izango direla salatu dute  gehiengo sindikala duten sindikatuek «Orain arte baino egun bat beranduago beteko dira ia gaixoaldi gehienak».

 

Donibane Lohizuneko ikastolaren egoera larria salatu du zuzendaritzak

 

Kazeta.info webgunean Donibane Lohizune-Ziburuko ikastolaren egoeraren arriskuaren berri eman zuen maiatza hasieran ikastetxeko zuzendaritzak. Herriko Etxeak 2011ko ikasturte hasierarako eraikin berria izango zutela hitz eman zien duela urte eta erdi; baina oraindik egitasmoaren lehen pausoak ere ez dira eman. 

Gaur egun ikastola hartzen duen eraikinaren egoera txarra izateaz gain «arriskutsua» ere badela salatu du zuzendaritzak. Orain arte Herriko Etxearen hitzari sinestuz ixilik egon badira ere «gezurra» agerian gelditzen ari dela ohartuta ikastolaren egoera kezkagarria plazaratu nahi dutela adierazi dio Jean Laborde ikastolako presidenteak Kazeta.info-ri.

«Duela 30 urte Herriko Etxeak denbora baterako eraikina utzi zuenean ez zen normetan, baina hamarkadak pasatu dira berritu gabe eta egoera arriskutsua bilakatu da. Ez da afera politikoa, ikasle eta irakasleen osasuna arriskuan da», dio ikastolako presidenteak.

Egoera lazgarria

Seaska, Egoitza –ikastolen eraikinen beharrak ezartzen dituen elkartea– eta Herriko Etxearen artean bilkura ugari izan ondoren duela 18 hilabete akordioa lortu zuten. «Ziurra zela erran ziguten. Baina berriro ere, azken 20 urteetan bezala, hitza ez dute atxiki» .

Hitzarmen horrek ezartzen du eraikin berria ikastola orain kokatzen den eremuan egingo dela. Herriko Etxearen jabetza izanik ikastolak bertan izateko alokairua pagatu beharko luke ikasturtean zehar. Oraindik, baina, Herriko Etxeak ez du urratsik eman: “Lurraren ikerketan ez dira hasi, ez dute arkitektoarekin hitz egin eta ez dute ezta bilkurarik egin guri atzerapenaren arrazoiak zeintzuk diren esplikatzeko» .

Sabaitik ura erortzen da eta ur ihesak ere sarritan gertatzen dira ikastolako eraikin zaharkituan. Neguan hotz izugarria eta udan bero itogarria jasaten dutenez ikasle zein irakasleak etengabe eritzen direla ere salatu dute. «Konponketak beti denbora baterako izaten dira, baina horrela ezin da segitu» .

 

Sarrigurengo eskolan (Nafarroa)

lehen ziklora arteko haurrek baino ez dute euskaraz ikasteko aukerarik. Hortik aurrera euskaraz ikasten jarraitu nahi izanez gero, Mendillorrira eraman behar izaten dituzte gurasoek beren seme-alabak. Aurten, gainera, garraioak eta jangelak dakartzan gastuak ordaintzeko diru laguntzarik gabe utzi ditu Nafarroako Gobernuak. Zergak ordaindu bai, baina zerbitzurik jasotzen ez dutela salatzeko protestaldia egin zuten maiatzaren 14an Iruñean, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza sailaren eraikinaren aurrean. Mozketei ez. Non dago gure dirua? lelopean egin zuten protesta ikastetxeko gurasoek. Haiekin batera LAB, ELA, CCOO, STEE-EILAS sindikatuetako eta Sortzen-Ikasbatuazeko ordezkariak ere izan ziren. “Zergak ordaindu arren, oinarrizko zerbitzurik ez dugu jasotzen: eskola garraiorik ez, pedagogorik ez, auzoan bertan nahi den hizkuntza eredua aukeratzerik ez, jangela zerbitzurik ez...”. Gizarte justu baten oinarri diren hezkuntza eta osasun beharrak asetzeko eskatu  zieten agintariei.