“Untzi Museoa” Donostiatik mundura, itsasoan barrena

2010-10-01

Ontzi Museoa Donostiako portuan dago, Kontsulatuaren dorretxean. Eraikina XVIII. mendekoa da. Museoaren bi solairu nagusietan iraupen luzeko aldi baterako erakusketak egiten dira, gai monografikoak jorratzeko. Horiek aukeratzeko unean, historian eta kulturan duten garrantzia hartzen da kontuan. Goiko solairuan neurri txikiagoko erakusketak eta lantegi pedagogikoak egiten dira, eta Museoaren funtsak kontsultatu nahi dituzten pertsonentzako liburutegi espezializatua ere badago.

2011ko otsaila arte, “Euskaldunak eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez" erakusketa ikusi ahal izango da lehen bi solairuetan, eta hirugarrenean, “Kontxako Estropaden Historia”ri buruzko tailer didaktikoa.
Museoaren helburua euskaldunek itsasoarekin lotura izan duten historiaren eta itsas ondarearen kontserbazioan, azterketan eta zabalkundean laguntzea da.

 
 

Hezkuntza eskaintza

BISITA GIDATUAK “Euskaldunak eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez” ERAKUSKETARA.   
Erakusketa horren helburua Ozeano Barean eta Asia Ekialdean izandako euskal presentziaren historia aditzera ematea da.
Garapen kronologikoak XVI. mendetik, hots, deskubrimenduen garaitik gaur egun arte hartzen du. Balio historiko zein artistiko handia duten piezek osatzen dute erakusketa.
Erakusketaren esparrua zabala da:  Elkano, Urdaneta, Manilako Galeoia, Filipinetako Errege Konpainia, XIX. mendeko euskal emigrazioa, XX. mendeko pilotariak Ekialdean, XXI. mendeko borondatezko lankideak…

“Kontxako Estropaden Historia”. Tailerra.

Pasioz betetako estropaden mundura modu dibertigarrian eta partehartzailearen bidez gerturatzeko parada eskaintzen du espazio horrek: zergatik sortu ziren estropadak gure kostaldean, zer-nolako bilakaera izan duten estropadek, erabiltzen diren ontzien eboluzioa nolakoa izan den, gure kostaldeko arraunlarien jantziak probatzeko eta arraunlari batek arrauna nola egiten duen simulatzeko txokotxo bat ere prestatu da.  Tailerrera edonor joan daiteke, hala nola, eskola taldeak, aisialdi taldeak, euskaltegiak, familiak, behar bereziak dituzten taldeak..

“Elkano, nora hoa?”.  Mahai jokoa.  

Jarduera horretan Juan Sebastian Elkano eta haren bidaide asko ezagutuko ditugu. Historiari egindako ekarpenaren analisia: mundua biribila zela egiaztatzearen garrantzia, Atlantikoaren eta Ozeano Barearen arteko jarraipena, espezien balioa…
“Euskaldunak eta Pazifikoa” erakusketa oinarritzat hartuta, mahai joko, lamina, bideo eta espeziak (intxaur muskatua, kanela…) ere eskuartean ditugula munduaren ezagutzan hain garrantzitsua izan zen espediziora gerturatuko gara.   

“Arrantza erak”. Tailerra.  

 Arrantza egiteko dauden sistemak ezagutzeko aukera emango digu saioak.
Azalpenen osagarri, bideo bat ikusteaz gain, parte hartzaileek eskulana egiten dute: atunetarako "maluta" bat, hain zuzen. Arrantza arduratsuaz eta itsasoko baliabideen zaintzaz ere arituko da saioa. Gainera, aurrez eskatuz gero, arrantzale bat elkarrizketatzeko aukera dago, eta, hainbat belaunaldiren arteko tailerra burutzeko.    

“Ondarea zer den ikasten”. Mintegia.    

Itsasoarekin lotura duen ondarea gorde eta zaintzea da Ontzi Museoaren zeregina, ikertu eta hedatzearekin batera. Saio horren bidez, Ontzi Museoko funtsetako eta bildumako ondare balioko piezak jaso ohi duen trataera azaldu eta aztertuko dugu, haren jatorria, egoera, zainketa eta kokapenaren zer-nolakoak aztertzeko eta ariketa parte-hartzaileen bidez ulertarazteko.•

 

Kaiko pasealekua 24. 20.003. 

DONOSTIA.
Tel: 943-430051.  Faxa:  943-431115
http://um.gipuzkoakultura.net/heziketa-
programak.php
untzimuseoa3@gipuzkoa.net (Amagoia)

Ordutegia:

- Asteartetik larunbatera: 10:00etatik 13:30etara
                            eta 16:00etatik 19:30etara.
- Igande eta jaiegunetan: 11:00etatik 14:00etara.
- Astelehenetan itxita. 

Prezioa:

Bisita gidatuak eta programa didaktikoak
- Asteartetik ostiralera eta adin guztietarako: euro 1 pertsonako.
Bisita ez gidatuak
-Sarrera orokorra: 1,20 euro.
- Ikasle eta jubilatuak: 0,60 euro.
- 10 urtez beherako haurrek doan.
- Ostegunetan doan.

“Donostia, itsas hiria”.  Ibilbide historiko-literarioa

14 urtetik gorakoentzat. 
Ibilbidea Bretxa inguruan hasi ohi da. Han, harresien aztarnak aztertu, ikusi eta hiriaren sorrerari eta garapenari buruz mintzatu ondoren, hiriko Parte Zaharrean barrena, itsas historiarekin lotura duten hainbat espazio bisitatzen dira. Itsas Kontsulatuaren Dorretxean amaituko da ibilbidea (egun Ontzi Museoaren etxea dena).  

Ibilbide historikoa Santa Klara  uhartean: “uharte ezezaguna”. 

Gaur egun Santa Klara uhartea Donostiako paisaiaren elementu garrantzitsu bat bada ere, gutxik ezagutzen dute sakonki. Altxor natural, paisajistiko eta historikoa bihurtu zaigu uhartea. Santa Klarara egingo den bisitaldiak aukera emango du ondare naturalaz gozatzeko, paisaiaren berezitasunak behatzeko, flora, fauna… Ondare kulturalera ere gerturatuko da eta historia, kondairak, tradizioak eta mantentzen diren arkeologia aztarnak eta itsasargia ezagutzeko aukera izango da. Proposatzen den ibilbide horrek denboran bidaiatzeko aukera eskaintzen du: uhartea desterratu eta koarentenan jartzen zituzten pertsonen bazterra, hiriaren defentsarako kokaleku estrategikoa... Farozain eta ontzi-jabeen istorio interesgarriak ere entzungo dira. Flysch-aren jarraipen bezala uhartearen formakuntza geologikoa ere aztertu ahal izango da eta zorte piska batekin, podarcis hispanica sebastiani sugandila ikusiko da.
*Udako programa. Ibilbidea baldintzatuta egon daiteke irlara eramaten duen ontzi-enpresak hartuko dituen erabakiengatik (eguraldiaren eta jende kopuruaren araberako erabakiak). Galdetu prezioak.