Aholkurik ez du inork beretzat eta bai besteentzat

2010-10-01
Hezkuntzan inbertitzen denak, 
oro har, onurak omen dakartza beste esparruetara, hala nola, balio hezigarrien garapenera, bizikidetzara, prestakuntzara, ekonomiara eta abarrera.
 
 
Irailaren 13tik 15era Iberoamerikako hezkuntza ministroen biltzarra egin zen Buenos Airesen (Argentina). Helburua 2021. urterako lurralde horietan erdietsi beharreko hezkuntza lorpenak erabakitzea izan zen.
Denak ados jarri ziren lurraldeen garapenean hezkuntza dela inbertsiorik garrantzitsuena adierazterakoan. Eta, ondorioz, lehentasunen artean, 2021ean hezkuntzarako inbertsioa Barne Produktu Gordinaren (BPG)          % 5,5 izan beharreko asmoarekin bat egin zuten. Izan ere, gaur egun, orotara, 34 milioi alfabetatu gabe eta 100 milioi lehen ikasketak amaitu gabe omen daude.
Lurraldearen arabera, hezkuntzak tratu desberdina jasotzen du. Kuban, BPGren % 13,6; Venezuelan, %  9,8; Bolivian, %  6,3; eta Brasilen, % 5,2 bideratzen den bitartean, Peruk eta Uruguayk % 2  gainditzen dute, ozta-ozta. 
Hezkuntzan inbertitzen denak, oro har, onurak omen dakartza beste esparruetara, hala nola, balio hezigarrien garapenera, bizikidetzara, prestakuntzara, ekonomiara eta abarrera.
Guk ere hala dela uste dugu. Jendartearen ongizatean eta garapenean egin daitezkeen inbertsiorik onenak osasunean eta hezkuntzan direla deritzogu. Etorkizunari begira, hezkuntza da inklusioa eta aukera berdintasuna lortzeko, kultura izateko, oinarrizko prestakuntza eta etengabea hobetzeko, eta, ondorioz,  lana erdiesteko biderik  ziurrena.
Deigarria egin zaigu aipatu biltzarrean Alvaro Marchesi, Angel Gabilondo eta Felipe Gonzalez estatu espainiarreko kideak aholkuak ematen ikustea. Ona da, nola ez, esperientziak  partekatzea, egoerak ezagutzea, etorkizunaz hitz egitea, baina, esaten denarekin kontsekuenteak izatea ere oso ona litzateke, ezta? Norberak erabaki dezakeen guneetan, neurriak modu koherentean hartzea oso hezigarria litzateke. Eta horrek, praktikan, izen propioa du: aurrekontua. Zenbat dedikatzen zaion arlo horri, zer erabakitzen den esparrua hobetzeko, etorkizuna prestatzen zenbat inbertitzen den...
Esate baterako, Espainiako estatuak BPGren % 4,3 inbertitzen du hezkuntzan, Italiarekin batera Europako baxuena izanik. Batez bestekoa % 5,3 dela kontuan hartuz, inbertsioa oso eskasa dela deritzogu. Eta horrek guztiak, bere ondorio larriak ditu. 
Alde batetik, eskola porrota handia da, Europako % 15aren aurrean, % 25ekoa da estatuan. 2015. urterako eskola porrota % 10era jaisteko erronka du Europak. Zein neurri hartuko dira helburua lortzeko?
Beste aldetik, 2020an Europako lanpostuen % 85 goi mailako edo maila ertaineko ikasleek beteko omen dituzte. Antolaketa eta inbertsio hoberik gabe nola lor litezke helburu horiek?
Eskerrak Hego Euskal Herrian, jende askoren ahaleginei esker, emaitzak askoz ere hobeak diren, hainbatetan, Europako batez bestekoen parekoak.