Zer emoziok sustatzen dute, eta nola, pertsonaren garapen egokia?

2010-10-01
 
 

Emozioek gizakiak bizi dituen prozesu guztietan parte hartzen dute, jaiotzen garenetik gurekin ditugu; izan ere, bizi ditugun esperientzia guztietan sentitzen dugu emozioren bat. Sentitzen dugunak eta sentitzeko moduak indar izugarria du gutako bakoitzarengan. Gure emozioetan arreta jartzea lagungarri izango zaigu geure burua hobeto ezagutzeko eta nolakoak garen eta zer gaitasun ditugun jakiteko.

Gure bizitza pertsonalaren eta gure harremanen kalitatea, hein handian, gure emozioak bizitzeko moduaren araberakoa da. Hala ere, gure hezkuntza prozesuan ez dugu halako ikasgairik izan. Zaila gertatzen zaigu gai hauetaz hitz egitea, zer gertatzen zaigun eta zer gaitasun ditugun edo nola aurki ditzakegun ohartzea. Eguneroko gertaerak bizitzeko eta horiei aurre egiteko erabiltzen dugun ikuspegi positiboaren menpe dago zoriona. Hori guztia, zorionez, ikasi egin daiteke.
Hezkuntzan emozio positiboak sustatzea osasunean, buruaren ongizatean eta bizi kalitatean inbertitzea da, pertsonari indar handien ematen dioten alderdiak ezagutzea, garatzea eta alderdi horietan aurrera egitea esan nahi baitu. Kontua ez da emozio negatiboak bazter uztea, baizik eta emozio positiboak ardaztea eta sustatzea, zailtasunen aurrean “airbag” baten moduan jokatzen baitute. Egoera zailak hortxe daude, eta, askotan, ezin ditugu aldatu, baina bizitzako egoera horien aurrean dugun begirada eta jarrera alda daiteke. Hazteko eta aurrera egiteko edo modu osasungarrian bizitzen ikasteko aukera moduan ikusi behar ditugu, zoritxarren aurrean indartuta irteteko.
Baina, zer emozio positibok sustatzen dute pertsonaren garapen egokia? Galdera horri erantzuteko Seligman aipatuko dut, gai horren inguruko ikertzaile onenetako bat; Seligmanek  eskema bat proposatzen du, landu nahi den garaiaren arabera kontuan hartzeko. Beraz, honako hauek garatzea komeniko litzateke: iraganak sortzen dizkigun emozio positiboak, besteak beste, asetasuna, norberaren errealizazioa, harrotasuna, baretasuna, esker ona… Gure iraganari buruz ditugun pentsamenduek zehazten dituzte emozio horiek. Baita orainarekin lotutako emozioak eta alaitasuna, lasaitasuna, grina, atsegina eta jariakortasuna adierazten dutenak ere. Eta, jakina, etorkizunari buruzko emozio positiboak, besteak beste, baikortasuna, itxaropena, fedea eta konfiantza, gure etorkizunari buruz ditugun pentsamenduek zehazten dituztenak.
Pertsona batek norberaren garapen egokia lortzeko ikasi eta garatu behar dituen gakoak zein diren zehaztu beharko banu, honako hauek azpimarratuko nituzke:
- Gizarte harreman esanguratsuak
eta osasuntsuak garatu eta zaindu.
- Gustuko dituen gauzak egin.
- Bizitza antolatu eta planifikatu.
- Helburu esanguratsuak lortzen
saiatu eta jarraikia izan.
- Itxaropenak eta nahiak gutxitu.
- Pentsamendu positiboa izan.
- Zailtasunei modu eraikitzailean
aurre egin.
- Arreta orainean jarri.
- Nork bere burua onartu eta balio-
etsi.

Emozio positiboek bizitzan arrakasta izatea ekartzen dute, esparru eta adin guztietan. Beraz, garrantzitsua da horiek hobetzea. Emozio positiboak ikasi eta garatu egin daitezke. Familiak, eskolak eta elkarteak pertsona gizatiarragoak, gaitasun handiagokoak, askeagoak eta elkartasuna agertzen dutenak nahi dituzte, eta, hori lortzeko, bizitzan zehar horien ikaskuntza eta hobekuntza txertatzeko erronka dute, zorroztasun zientifiko, eta, beraz, ezagutza teorikoaren eta praktikoaren kalitatean oinarrituta.

Gai horretan gehiago sakondu ahal izateko honoko liburu hau gomendatuko nuke: Maganto, C. eta Maganto J. M. (2010), “Cómo potenciar las emociones positivas y afrontar las negativas”, Pirámide argitaletxearena. Liburuak emozio positiboek pertsonei bizitzan eskaintzen dizkieten aukeren ikuspegi bat ematen du. Gaia bi ikuspuntutatik aztertzen dute: alde batetik garapenarekin lotutako ikuspegitik, hots, haurtzarotik zahartzarora arte, eta, bestetik, hezkuntzaren ikuspegitik, hobekuntza pertsonalerako proposamenak egiten baititu. Liburu horren egileek modu argi eta didaktikoan azaltzen dute zer diren emozioak, horien ezaugarri nagusiak eta gure eguneroko bizitzan nola funtzionatzen duten. Gainera, emozio positibo eta negatibo nagusien ikuspegi bat aurkezten dute, gugan duten eragina zehaztuz eta horietako bakoitza sustatzeko edo horiei aurre egiteko orientabide aberatsak eta zehatzak emanez. Honako hauek lortu eta ikasi behar ditugu:
- Emozio positiboak eta negatiboak ezagutzen.
- Emozio horiek zergatik gertatzen diren aztertzen.
- Oinarri biologikoak eta organismorako dituen ondorioak antzematen.
- Gizarte osagaiak eta baldintzak zehazten.
- Adierazteko moduak finkatzen.
- Ezagutzeko, erabiltzeko eta hobetzeko estrategiak sustatzen.
- Emozioak garatzeko esku hartzeko jarraibideak hautematen.
Azkenik, atal bat aurkezten dute emozioak hainbat ikuspuntutatik nola lan daitezkeen zehazteko: adimen emozionala, osasun integrala, hitzen boterea edota pentsamenduaren indarra.
Liburu haren edukia onuragarria da dinamika pertsonala eta harremanak hobetzeko interesa duten pertsona guztientzat, profesionalak izan edo ez. Psikologiaren eta hezkuntza positiboaren ikuspegitik eskaintzen dituen esku hartzeko baliabideak esparru klinikoan, hezkuntzan, gizartean eta familian aplika daitezke. •