Ordizia, hiri hezitzailea

2010-10-01
Euskal Herrian bada hainbat herri eta hiri “Hiri hezitzaile” gisa antolatzen hasia dena. Orain arte egitasmo hori Iruñean, Donostian, Gasteizen, Bilbon, Baionan, Barakaldon eta beste hainbat hiri edo herri handitan garatu bada ere, duela hiru urte Ordizia (Gipuzkoa) herrian abiatu zen esperientzia hori, eta horixe ekarri dugu hona, askorentzat eguneroko bizipenetatik gertuago dagoelakoan eta herri izaerak hezkuntza prozesurako beste aukera batzuk eskaintzen dituelakoan.
Izan ere, aldaketa nabarmenak gertatzen ari diren garaiotan, eskolak beren lana berrantolatu beharrean daude, eta, testuinguru horretan, hiriaren edo herriaren balio hezitzailea indartzen ari da.
 
 

Hiri edo herri hezitzaileak: etorkizuneko apustua

Udalerri guztiak dira eremu hezitzaileak, eta herritar guztiak dira eragile hezitzaileak, elkarren artean erlazionatzen diren heinean; harreman horietan transmititzen dira, hain zuzen ere, balioak eta jarrerak. Beraz, udalerria lan eremu egokia da etengabe aldatzen ari den jendarteaten eskaerei erantzuteko. 

Hori horrela, udalerriaren eta hezkuntzaren arteko harremanetan, hiru maila bereizten dira: 

a. Udalerrian ikasi. “Hezkuntza edukiontzi” zabala eta askotarikoa da udalerria

- Azpiegitura egonkorra dago, hezkuntza arloko erakundeek eratuta. Talde horretan daude eskolak eta hezkuntza talde ez-formalak: aisialdiko taldeak, animazio soziokulturala, helduen etengabeko hezkuntza zentroak, eta abar.

- Eskolatik kanpoko ekipamendu, baliabide eta erakunde publiko iraunkorrak daude; hala nola, liburutegiak, gizarte etxeak edo kultura etxeak, museoak; alegia, berariaz hezkuntza sortzen duten zentroak, haien funtzio nagusia ez izan arren.

- Hezkuntzarekin lotutako ekintzak egiten dira. Atal honetako ekitaldiak askotarikoak dira: azokak, biltzarrak, jardunaldiak, kanpainak, ospakizunak eta abar.

b. Udalerriarengandik ikasi 

- Udalerriak hezkuntza ez-formala eskaintzen du, eta kultura eta gizalegea ikas daitezke, baina, era berean, beste hainbat balio ere barneratzen dira: oldarkortasuna, marjinazioa, sentsibilitaterik eza, kontsumismo neurrigabea, eta abar. 

c. Udalerria ezagutu 

- Udalerria esatean, identitatea, lekuaren jabetza, partaidetza esan nahi da. Bertakoa sentitzeazera da: norberaren auzoaren eta udalerri osoaren eskaerei erantzuteko edo haiek bideratzeko ardura hartzea. 

Errealitate horren aurrean eta horren inguruan sortzen ziren kezkei aurre egiteko, hiri hezitzaileak deituriko mugimendua osatu zen 1990ean, hiriei elkarrekin lan egiteko aukera eskaini nahian, herritarren bizi kalitate hobea lortzeko asmoz.  

Horren gaineko informazio gehoago nahi duenak, helbidean honetan aurki dezake: http://www.edcities.org. 

 

Udal gobernuen egitekoa. Proiektuaren planteamendua eta urratsa

Tokiko gobernuek hezkuntzan  duten zeregina  

Tokiko administrazioa herritarrengandik gertuen dagoena da, eta, horri esker, udal gobernuaren eta herritarren arteko harremana zuzena, eta, askotan egunerokoa izan ohi da. Udalak aldarrikatzen ari dira, haien hurbiltasuna dela-eta, herrietako eguneroko bizimoduan izaten diren arazoei aurre egiteko gune egokiak direla. Tokiko gobernuak bultzatu behar du udalerria hezkuntza eragile intentziozko bihurtzeko prozesua. Haren eragina, beraz, tokiko eragileek kudeatzeko, eragiteko eta gobernuko maila guztietan konplizitate egokiak bilatzeko duten gaitasunaren baitan dago. Ikuspegi horretatik, hauexek dira, besteak beste, udalerri hezitzailearen proiektuaren garapenean kontuan hartu beharrekoak:

- Agintarien eta herritarren arteko harremana. Herritarren ikuspegitik, parte hartzeko eskubidea hainbat mailatan erabil daiteke. 

- Berrikuntza eta demokrazia. Administrazioan parte hartzeko metodologiak errealitate berrietara egokitu behar dira.

- Aldaketetara egokitu beharra. Gure sistema demokratikoko oinarrizko arau eta erakundeak –udalerri homogeneo samarretarako pentsatuta– gero eta eskasagoak dira, kultura aniztasun handiko gaur egungo gizartearen errealitateari aurre egiteko.

- Erantzukizuna banatzea. Hautetsi, teknikari, administrazio, erakunde eta herritarren arteko elkarlana.

Esan bezala, udaletako hezkuntza politikak kontzeptu horien gainean arituko dira: kohesio soziala, erantzukizunaren banaketaeta aldaketa.

 

Hiri Hezitzaile Proiektuaren planteamendua eta urratsak

Oinarri filosofikoak 

Proiektuaren funtsezko filosofia da herri ekimenak eta hezkuntzarenak  hasieratik integratzea, eta bermatzea hezkuntza komunitatea udalerriak sortzen dituen ahalmen eta aukerekin lotuko dela eta haiek onartu egingo direla.

Hezkuntza proiektu bat egiteko, hiru tresna behar dira aldi berean:

- Udalerrian eragina duten dinamiken azterketa teknikoa: arazoak eta aukerak definituz eta udalerriaren hezkuntza maila hobetzeko lan ildoak gomendatuz.

- Azterketa tekniko horretan, parte hartze prozesu koherente eta interaktiboa bultzatzea.

- Komunikazio prozesu integratzailea, zeinak bi helburu izango baititu: batetik, herritarrek proiektua ikusi behar dute dinamizaziorako eta gaur egungo eta geroko erronkei aurre egiteko tresna gisa; bestalde, sentsibilizazio eta kontzientziazio prozesua dakar berekin, eta horrek abiatuko du herritarrek nahi duten udalerria lortzeko prozesua, funtzio hezigarria eta biztanleen prestakuntza, sustapena eta garapena bere gain hartuko dituena.

Antolaketa, parte hartzea eta komunikazioa

Udalak berak iniziatiba hartu eta hiru arloak (antolaketa, parte hartzea eta komunikazioa) ongi garatzea ezinbestekoak dira, egitasmoak aurrera egin dezan.

 

Diagnostikoa

Diagnostikoak praktikoa izan behar du. Helburu horrekin, hau da, herriaren errealitate hezitzailea ezagutzeko, lau atal aztertuko dira:

- Nolakoak gara (gizartea berregituratzeko oinarrizko adierazle batzuk lortze aldera).

- Zer udalerri, herritar, eskola, ikasle… mota ditugu. 

- Zer baliabide, zer harreman… ditugu.

- Zer iritzi dugu.

Azterketa sistematiko hori ez ezik, diagnostikoak proiektua garatzeko erronka nagusiak aztertu eta udalerriko heziketa agendaren gai kritiko nagusiak identifikatu beharko ditu.

 

Ekintza Plana

Ekintza Plana diagnostikoa jendaurrean aurkeztu ondoren abiatuko da. Orduan  hasiko da inplementazio prozesua: gizarte eragileen ekarpenak aztertu eta proiektuak bideratuko dira, adierazitako arazoei irtenbide espezifikoak bilatzen hasteko. 

Ekintza Planaren amaieran ebaluazioa egingo da, ondorengo urteko plana zehaztu eta hobetzeko.

Ordizia, hiri hezitzailea proiektuaren diseinua 

Udalerri Hezitzaile Proiektua, Ordiziako Udalaren Euskara, Kultura eta Hezkuntza departamentuaren ekimenez sortu zen, eta Gobernu Batzordearen eta Udalbatzaren onespenarekin ekin zion bere ibilbideari. Proposamena onartu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako FIHEZI Fakultateko hiru irakasleren esku egon da proiektua suspertzea eta koordinatzea.

Proiektua 2008ko urtarrilaren 16an aurkeztu zen jendaurrean, Ordiziako D´ Elikatuz zentroan. Bilera hartan, proiektuaren helburuen berri eman zitzaien komunikabideei, eta, harekin batera, Ordizia Hiri Hezitzaile Proiektuak lehenengo hiru urteetan emango zituen urratsak zein izango ziren zehaztu zen:

- Hiri hezitzaileen gainean informazioa/dokumentazioa eskaini.

- Ordiziako Udala gaur eguneko erronkei erantzuteko modu berri bat eraikitzen hasi.

- Udalaren eta herritarren elkarlana bultzatu. 

- Esperientziak aukeratzeko irizpideak definitu eta esperientzia zehatzak bideratzen hasi.

- Lortutako emaitzen azterketa eta ebaluazioa egin.

Aurkeztutako hiru urteetarako aurreplangintza honela labur daiteke: 

2008.  urtea

- Hiri Hezitzailearen ildo nagusiak definitzea. 

- Udal Ordezkari eta teknikariekin bat egin eta aurreko esperientziak kontuan harturik, Ordizia Hezi-Gunearen Proiektu Orokorraren zirriborroa gauzatzea.

 

2009. urtea

- Behin betiko Plana diseinatzea, eta 2009ko azken hiruhilabeteko eta 2010. urtearen ekimenak finkatzea. 

- Proiektuan sartuta dauden partaideek landu behar dituzten ekimenetarako aholkularitza eta laguntza prestatzea. 

2010.  urtea

- Diseinatutako ekimenak garatzea. 

- Proiektuaren arduradunek plangintzaren jarraipena egitea.

- Lortutako emaitzen ebaluazioa eta analisia egitea.

- Amaierako Txostena aurkeztea 

Hiria hezitzailea dela diogunean, zera adierazi nahi dugu: hezitzailea izateko intentzioa bere barnean kokatzen duela. Asmo horrek konpromiso politikoa eskatzen du, baina ezinbestean hiritarren konpromisoa ere beharko du. Elkarrekin, hiritarrek eta administrazioak, hiru maila horien lanari, behintzat, ekin beharko liokete.

Ordizian nola abiatu zen eta zer egin duten azaltzeko, esperientzia sustatzen aritu diren bi kide hauekin izan gara: Joxe Garmendia EHUko irakaslea eta Belen Maiza bertako zinegotzia.

 

Nola sortu zen “Ordizia, hiri hezitzailea” esperientzia?

Belen: Ideia hausnarketaren ondorioa izan zen, 2007an, zinegotzi gisa hasi nintzenean. Nik kultura, euskara eta hezkuntza ardura ditut udalean. Gure ustez, oro har, betiko eskemetan ari ginen lanean, eta hura aldatu beharra zegoen. Gaurko jendartea beste era dinamikoagoan bizi da, eta horretara egokitu beharra dago. Horri buelta batzuk emanez, Kataluniako hiri hezitzaileen esperientziak ezagutuz eta abar, herritarrak nola partaide sentitu, subjektu aktiboak nola izan, herrian protagonista nola izan… Eta, agian, hor dago gakoa, nola uztartu eskolako heziketa eta herrian sortzen den heziketa. 

Irakaskuntzan ibili garenok eskola nola “bunkerizatu” den ikusi dugu, eskema teoriko soil bati erantzun beharko balio bezala. Gero, ikaslea bizitzarako prestatu behar dugula ohartzen gara. Dibortzio horretan nola jokatu behar den asmatu behar da, nola egiten da hori guztia herriak bitartekoak jartzen ez baditu? Horretan datza, asmatzean zer bitarteko jarri eta nola kudeatu etekina ateratzeko. 18 urte betetzen dituzu, bat-batean eskubide osoko herritarra bihurtzen zara, eta herritar gisa ongi erantzuteko zer egiten da?

 

Eta, zer egin behar da?

Belen: Hori guztia, inguruko teknikariei, zinegotziei eta abarri mahai gainean jartzen nien. Udalak, behar duenean, herritarrengana jotzen du, parte har dezaten eskatzeko, taldeak direla, foroak direla… baina herritarrak nola hautematen du hori? Bera garrantzitsua delako jotzen dute berarengana ala udalari une zehatz horretan interesatzen zaiolako? Bi interes horien uztarketa nola egiten da? Nola sentiarazi herritarrari, modu naturalean, udala berea ere badela? 

Beste kezka bat “publikoaz” egiten den interpretazioa da. Herritarrak oso urruti ikusten du udala. Publikoa den hori badirudi ez dela inorena…  Hiriko altzariak, loretokiak eta abar txiki-txiki eginda geratzen ziren asteburuetan. Halako egoeran zerbait falta dela, urruntze hori zergatik gertatzen den… kezka iturri dira, eta modu hezitzailean bideratzea ona litzatekeela uste genuen: elkarrekin lanean aritzea, elkarri irakatsi eta elkarrekin ikasi, elkarrekin eraikitzeko.

Hori dena aurrera ateratzeko, alkatearekin, gobernu batzordekoekin eta udaleko teknikariekin hitz egin ondoren, EHUko Felix Etxeberriarengana jo genuen. Eskaera harriduraz hartu bazuen ere hasieran, taldea osatu egin zen.

 

Nola osatu zenuten taldea?

Joxe: Taldea  Felix Etxeberriak, Elisabet Arrietak eta nik neuk osatu genuen. Planteamendu interesgarria iruditu zitzaigun, herritarren beharrei erantzutea unibertsitatearen eginkizuna ere bada-eta, gure ustez.

Ingurunea, gaur egun, askoz ere konplexuagoa da lehen baino, eta halako ekimenetarako eskola bakarrik sentitzen da memento askotan. Testuinguru horretan hiriaren (herriaren) balio hezitzailea indartu egin behar dela deritzogu, eta bi norabideko ibilbidea bultzatu behar dela, eskolakoa eta komunitatekoa, inongo zalantzarik gabe. 

Hiriak eskaintza handia egiten du, baina ez da zerbitzuak eskaintzera soilik mugatu behar. Halako proiektu batek, gure ustez, herritarrak beren herritartasunean hezi egin behar ditu. Eta hori zer da? Hitz egin, entzun, eztabaidatu, elkarrekin adostu… Halako proiektu batek zentzua hartzen du interesgarria delako herritarrentzat, unibertsitatearentzat, eta udalarentzat. Hezitzaile izatea herritarren identitatea, idiosinkrasia, nortasuna, auzolana indartzea da. Hau da, bertakoa, bertakoekin bertakoentzat egitea da.

 

Ordizian, nola ari zarete planteatzen hori guztia? 

Belen: Proiektuak, serioa izan nahi badu, jarraipena izan behar du eta soseguz egin behar da. Kronograma bat egin genuen, eta herrian interesa duten zein talde izan zitezkeen aztertu genuen. Lehenengo lana asmoaren berri ematea izan zen, proiektuaren nondik norakoak ahalik eta era garbienean aurkeztea, eta lehenengo ariketa praktikoa udaleko politikari eta teknikariekin egin zen. Oso ariketa berria izan zen, oso interesgarria, politikariek eta teknikariek batera hausnartu baitzuten zer eratako herria nahi duten: zer amets dituzten, zer aukera dauden, zer zailtasun, politikariek teknikariak nola ikusten dituzten eta teknikariek politikariak nola… Pixka bat biluztea izan zen, errespetu handiz, eta gauza asko atera ziren handik.

Joxe: 2008ko urtarrilean abiatu zen guztia. Nola ikusten dugun, zer helburu dugun eta zer egin dezakegun. Gero, herriko elkarte guztiei deitu genien eta gauza bera egin genuen. Barakaldoko esperientzia aurkeztu zen eta testuingurua aztertu ondoren, diagnostikoa egin zen, eta amestu genuena aurrera ateratzeko hiru urteko plana finkatzeari ekin genion.

 

Eskolek zer zeregin betetzen dute?  

Joxe: Herriko talde gisa hartu dute parte. Eskola, kultura, immigrazioa, komunikazioa, euskara eta aisialdia lan ildoak jarri genituen, eta horien artean lehentasunak jartzeari ekin genion, denekin batera aritzea ezinezkoa zelako. Aisialdiari eman genion lehentasuna, eskolak ere horrekin harreman handia duelako. Baina aisialdian ez daude eskolak bakarrik, herriko taldeak, udalekuak, bertsolariak, erretiratuak eta abar ere sartu ziren. Horrela, lau ildo nagusi sortu ziren: belaunaldien arteko harremana, emakumea eta kirola, aisialdia oporretan eta osasuna eta prebentzioa.

Belen: Aterki zabalaren beharra dago, heziketarako plan osoari babesa emango diona. Heziketa horretan, gazteak helduekin jarri dira harremanetan, ikasleak jubilatuen etxera joan dira, eta eskulanak, ikuskizunak, eta abar partekatu dituzte. Aldi berean, nagusiak eskoletara joan dira liburuetan ez dagoen hainbat informazio eskaintzera edo egiten ari direna partekatzera… Belaunaldien arteko harremana nola garatu den ikusita oso pozik gaude.  

Joxe: Emakumea Ordizian gaiarekin ari gara. Bertso eskolakoek ere parte hartzen dute, eta auzoetako jaietan herriko bertsolariek hartzen dute parte. 

Belen: Azken finean, kontrabalio batzuk ere indartzen ari direla esango genuke. Bertsolariak auzoetara joatea, bertako elkarteek nola funtzionatzen duten ezagutzea, beraiekin jatordua egitea eta bertsotan aritzea, beste ezeren truke, kontrabalioak lantzea da, gaur egun ia dena diruaren truke egiten baita. Eta, aldi berean, herritartasuna sustatzen ari dela deritzogu. Edo, nagusiak eskolara joan eta zer teknologiarekin ari diren lanean ikusita, hau esatea: “Gazteok, duzuena aprobetxatu!”. Testigantza horiek balio handia dute.

Joxe: Beste norabidean ikusita, ikasleak ateratzen direnean eta beste herritarren aurrean aurkezpenak egiten dituztenean edota haiena ezagutzen dutenean, hainbat konpetentzia lantzen ari dira. Eskolan eskatzen ari diren konpetentziak dira eta gizarte horretan bizitzeko prestatzen ari dira. Ez da aktibismo hutsa, harremanak egiten dira, elkarlana sortzen da, ezagutza berriak agertzen dira...

 

Aurrera begira,  zer ikusten duzue?

Joxe: Orain arte, talde eragile bat aritu da. Ekimen batzuk egin dira eta horiek web orrian sozializatu dira. Lan horrek jarraitu egin beharko luke. Talde eragilearen jarraipena ziurtatu egin behar da, eta baita abiatu diren egitasmoak ere: belaunaldien artekoena, erretiratuena,  beste elkarteetara iristearena, emakumeen gaiarena, euskararena, aisialdiarena… 

Belen: Proiektuak ez luke epe mugatu baterako izan behar. Aurrera begira, adostasuna egon beharko luke alderdi guztien artean, ideia eta esperientziarekin bat egiteko. Hurrengo hauteskundeen emaitza edozein dela ere, herri hezitzaile egitasmoaren jarraipena ziurtatu beharko litzateke. Parte hartzearen transmisioa modu natural batez egiten ez bada, zaila izango da gerora herritarrei parte har dezatela eskatzea. Emaitza egokiak nahi baditugu, transmisio eta praktika hezitzaile hori egin beharra dago, ezinbestean.

 

Amaitzeko, zein da zuen inpresioa?

Belen: Niretzat, gustukoena ikastetxeek egin duten balioespena izan da. Beraiek, hori guztia heziketarako baliagarria dela diote, erreminta ona dela beraien curriculumetan dituzten helburuak betetzen laguntzeko. Eskola batek hori ikusteak izugarrizko potentzialitatea ematen dio egitasmoari. Eskolak herrian txertatuta egon behar du, eskola baita herriko gunerik garrantzitsuena, eta ezin du jokatu aparteko zerbait balitz bezala.

Joxe: Beno, balioespen orokor bat egin da eta talde guztiei pasatu zaie hori. Esan liteke, gorabeherak gorabehera, egindakoa oso ongi balioetsi dela. Bidea ireki da eta aukera handiak daude, lan lerro dezente aurreikusten dira-eta. Intentzio hezitzailea egon behar du beti, eta hori jendeak ongi ulertu du, hortxe dago gakoa.