Pentsamenduaren autonomia eta ikuspegi kritikoa lantzeko liburua: IDAZLEA ZEU ZARA, IRAKURTZEN DUZULAKO Joseba Sarrionandiaren ipuin laburrak, mikroipuinak

2010-10-01
 
 

Liburua berria eta berritzailea da. Sarrionandiak izenburuan iradokitzen duen moduan, idazketa irakurketarekin osatu eta biderkatzen da. Haren esanetan, irakurketa bakoitza berridazketa bat da. Beraz, testuak argitaratzen den mementoan hasten du bizitza.

Idazleak kontatzen duenez, ipuin bat asmatzea errealitateari harresian leiho bat zabaltzea da, bestaldean topatuko denaz jabetu gabe oraindik, zalantza, beldur apur batekin. Berak leihoa zabaltzen du, zerbait seinalatzen du beharbada, baina lagunari dagokio begiratu eta nahi duena ikusteko libertatea.
133 ipuinak marrazkiz lagundurik daude. Ipuin beste marrazki dago liburuan, ia guztiak Lierni Altubek egindakoak, eta haiek ere bizitza propioa hartzen dute.

Liburuaren mamia, irakurle guztiei begira

Liburuan aurkituko dituzuen ipuinak mikroipuinak edo ipuin laburrak dira. Joseba Sarrionandia da euskaraz generoa gehien eta sakonen landu duena.
Liburuaren sarrera gisa, irakurlea liburuaren eta haren nondik norakoaren bidean kokatuko dituen testu batzuk daude. Haien ondotik, 40 ipuin pasatxoz osaturiko hiru atal nagusi daude:
1. Leihoak egiten zituen neskatoa: atal horretan irudimenaren indarra da nagusi, eta fantasia eta surrealismo puntu bat lagun ditu.
2. Biba zorrien izurritea: eskola du gai nagusitzat, eta eskola horrek jendarte osoaren alegoria gisa ere jokatzen du.
3. Unibertsoaren historia eta beste istorio batzuk: itxura entziklopediko baten azpian gai soziologikoak ere agertzen ditu.

HIK HASIk eskolaratu nahi izan du

Joseba Sarrionandiak idatzi dituen aurreko liburuek eman diguten gisan, honek irakurtzerakoan gozatu eta pentsatzeko aukera eman digu, batez ere. Gozamen horren ondoren, liburuari etekin pedagogikoa ateratzea otu zitzaigun, pentsatzea, eztabaidatzea, ikuspuntuak eman eta besteenak kontuan hartzea, horiek guztiak hain beharrezkoak izan arren, tamalez hain gutxi lantzen diren garai hauetan. Beraz, liburuak dakarren berrikuntza nagusia haren hedapena da.
Liburua, Joseba Sarrionandiaren aurreko liburuek izan dituzten hartzaileengana ez ezik, eskolako haur eta gazteengana ere hurbildu nahi izan da.
Ipuinen egokitasunaz eta eskaintzen duen paradaz oharturik, hik hasik liburua eskolaratu nahi izan du. Horretarako, bi tresna diseinatu ditugu, liburua erabiltzeko iradokizun pedagogikoen gidaren eta eskolei eskainiko zaien ikuskizunaren bidez.

Liburuaren erabilera didaktikoa

Leku aproposa da leihoa gogoeta egiteko, eta liburuak pentsatzeko leihoak zabaltzen dituela iruditu zaigu. Hauxe duzu gonbita ikasleekin leiho bat marraztu eta handik, patxadaz, ikusten duzuenaren gainean hausnartzeko, galderek ez dutela erantzun bakarra jabetzeko, eta, zergatik ez, amets egiteko.
Guk ere geure burua leihoan irudikatu dugu, hezitzaileekin batera handik begira. Eta liburuaren erabilera pedagogikoa errazteko gida bat prestatu dugu iradokizunekin. Liburuan, beraz, ipuinekin gogoeta egiteko hainbat ideia eta eredu aurkituko ditugu, iradokizun gisa eskolan, aisialdian edo etxean erabiltzeko. Gida horretan ondorengoak jasotzen dira:
1. “Ipuin laburrak” genero literarioaren historia eta
ezaugarriak, liburuaren gaineko azalpenekin batera.
2. Autoreek, testuarena eta marrazkiena, emandako argibide batzuk. Asmo berezi honetarako idazleak eta marrazkilariak emandako informazioa, hain zuzen.
3. Ipuin batzuen inguruan gogoeta egiteko  hik hasik prestaturiko hainbat ideia eta eredu aurki daitezke iradokizun gisa. Adibideak dira, Hik Hasikoen begiradak, erabiltzaileak, nahi badu, osatu ahal izango dituenak.
4. Aurkibideak: pedagogikoa eta gaikakoa. Pedagogikoan, ipuin bakoitzean zer eduki edo balio landu daitezkeen, eta, orientabide moduan, zer adinetakoentzat izan daitezkeen egokiak.

Hainbat gaitasun lantzeko baliagarri

Ipuinen lanketak hainbat gaitasun orokor eta espezifiko lantzeko balio badu ere, Elkarrekin bizitzen ikasi, Komunikatzen ikasi, Pentsatzen ikasi  eta, batez ere,  gaitasunak garatzen laguntzeko oso baliagarri izan daiteke.

Zabalik dauden leihoak

Leihotik begira jarri bazarete inoiz, badakizue zenbatezinak direla handik ikus eta antzeman daitezkeen gauzak. Inork ere ezin izango du halako leihotan paratzen den jendearen begirik kaiolatu. Zabaldu leihoa eta hitz egin, hitzek zer esan nahi duten jakinda pitin bat errazagoa izango baita hitz egitea.
Zabalak eta zabalik dauden leihoak nahi ditugu. Mundua, eta bizitza, ahalik eta gehien ikusteko, geure begiz. Ahalik eta koloretsuen!
Adinka sailkatua
Ipuinak adin jakin baterako ez badaude ere, iradokizun gisa, adinka sailkatutako proposamena egiten ausartu gara, inori baliagarri suerta dakiokeelakoan.
Baina, batez ere, narrazio bakoitzak eskaintzen dizkizun une magiko horiek goza ditzazun da gure nahia!

Ipuinak nola landu, iradokizun gisa

Ipuin guztiak adinaren eta gaiaren arabera sailkatu baditugu ere, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan edo helduagoekin nola landu bina adibide jarri ditugu.
Ondoren, horietako bi aukeratu ditugu. Leihoak deritzan ipuinean Haur Hezkuntzan lantzeko ideiak proposatzen ditugu, eta Top secret  ipuinean helduagoekin lantzeko ideiak:

LEIHOAK (16. or.)

Hezitzaileak irakurriko du ipuina.

Irakurri aurretik:

Entzuleen arreta erakartzeko giroa sortzea komeni da. Taldean landu behar bada, ahal dela gozo. Biribilean eserita jar gintezke.
Girotzeko, halakoak esan genitzake:
- Ikusten ditugun gauzetan (atea, etxea, mendia, txakurra…) bakarrik pentsatzen dugu, ala, pentsamendu bitxiak ere izaten ditugu?
- Zer ikusten duzu zure leihotik?
- Egoten al zara leihotik begira?
- Bada, irakurri behar dudan ipuinak, Leihoak izenekoak, leiho bitxiak ditu. Erne! Ea zer gertatzen den. Horretaz gero hitz egingo dugu.

Irakurri ostean:

- Isiltasun unetxo bat utzi, haur guztiak begiradarekin erakartzen saiatu.
Galderak ahalik eta era irekienean egitea komeni da. Interesa duten hartan arreta jarrita, denen parte hartzea eta denek hitz egin dezaten errazteko.
- Gustatu al zaizue? Polita iruditu al zaizue? Zer izan duzue gustuko? Zer gehiago? Eta zuk, (Olaia), beste zerbait esan nahi duzu?
- Zer esaten da ipuinean? (Txikienei galdera hori zuzenean egin beharrean, edukia berreskuratuko dugu, gehien zer gustatu zaien galdetuz.)
- Hainbat interpretazio ager litezke, kontrajarriak, agian. Hori ona litzateke. Horrela, bakoitzaren interpretazioa arrazoitzea eskatuko genuke.
- Amama agertzen da… Ikusten duenaz hitz egiten du… Begien garrantziaz hausnartzen du... Kanpokoaz eta barrukoaz ari da…
- Itxi begiak, ea zer ikusten duzuen. Bakoitzak bere irudimenezko leihotik ikusten duena adieraz dezake.

Zertarako balio dezake: leiho mota desberdinez aritzeko, munduarekiko arreta lantzeko, sormena eta irudimena sustatzeko…

Zer gehiago egin daiteke: antzeztu, norberak marrazkiaren bidez ipuina adierazi eta abar. Amamaren leihoa ipuina (21. or.) irakur genezake. Edo, Barruak, 11. orrialdekoa, ipuinen arteko erlazioa aztertzeko.
Berriro irakurri: saioa amaitzean, edo beste egun batean, ipuina berriro irakur liteke, besteei entzundakoarekin interpretazio osatuagoa egiteko aukera eskainiko baitiegu.
Ipuina sor genezake: ni hasiko naiz esaldi bat esanez, gero beste batek beste bat, eta horrela jarraituko dugu denen artean ipuina osatu arte.

TOP SECRET (99. or.)

Bakoitzak bere kabuz irakurriko du ipuina. Nahi izanez gero, ondoren, ikasle batek edo hezitzaileak irakur dezake ozen.
Hausnarketa girotzeko asmoz:
Zuek ba al duzue sekreturik? Zer motatako sekretuak dira horiek? Gaurkoan Top secret  deritzan idatzia aztertuko dugu:
- Bidezkoa al da gezurretan aritzea sekretuak gordetzeko?
- Une honetan, ba al duzue lagunen batekin partekatzen duzuen sekreturik?
- Gorde al diozu inori inoiz sekreturik? Jakin edo zabaldu al zen?
- Halakoetan zer sentitzen da?
- Ikasle batek ozen irakur lezake edo, idatzia denei banatu, eta irakurtzeko denbora eman diezaiekegu.
- Zure ustez, zer esan nahi du esaera zahar honek?: “Bati esaten zaiona hamaikak jakiten du”.

Irakurri edo entzun ondoren:

- Halakoak esanez eragin liteke eztabaida:
* Zer egingo zenukete halako zerbait jakingo bazenute?
• Bada, ni, isildu! Kar-kar-kar…
• Ni ere bai.
• Halako egia handiak jakitea arazo bihurtzen da.
- Beste bide bat ere har liteke, zuzentasunarena edo zentzugabekeriarena:
* Zentzugabea da, mundua biribila baita eta ez laua. Nola gorde, bada, halako gezurra?

Zertarako balio dezake: “egia jakinak”, sekretuak, konplizitatea eta abar aztertzeko.

Adibidez: ezagutzen duten “egia jakin” garrantzitsuena idazteko eska diezaiokegu bakoitzari. Ondoren, denak bildu eta “gelako egia jakinen zerrenda” osa dezakegu.
Gero, alderatu dezakegu zenbatek bat egiten duten “egia jakin” garrantzitsuena adierazterakoan, denak ados ote dauden egia guztiekin, eta abar.
Zer gehiago egin liteke: nork bere iritzi kritikoa idatz dezake. Mundua hobetzeko asmoz, bakoitzak gaur egungo bizitzatik zer aldatuko lukeen, edo zer nahiko lukeen egia bihurtzea, idatz dezake. Nork bere “sekretua” asma lezake, besteei aurkeztu, eta abar. Edo, irudimena lantzeko, “gezurra” asma liteke eta besteei zabalduz, “egia jakina” bihurtu.
Sekretua ipuina (39. or.) ere irakur liteke, bi ipuin horien artean lotura egiteko.

Joseba Sarrionandiaren desira

“Espero dut irakurketa gozagarria izango zaizula. Hainbeste oinaze eta hainbeste umiliazio ikusten diren mundu honetan, batak besteari hainbeste min eragiten diola, atsegin apur bat eman ahal izatea ederra litzateke”.

Liburua non eskuratu

Ohiko liburu dendetan erosi ahal izango da liburua. Kasu horretan, gida nahi duenak www.hikhasi.eus ataritik jaitsi ahal izango du. Hala ere, nahi duenak, www.hikhasi.eus helbidean ere eska dezake, eta Hik Hasik erabilera pedagogikoa egiteko iradokizun didaktikoen gida bidaliko dio posta arruntaz.•

Informazio gehiagorako: hikhasi@hikhasi.eus  edo  943 371 408