ESKOLA AGENDA: kulturaren eta hizkuntzaren transmisio eta komunikaziorako bitartekoa

2010-10-01
 
 

Abiapuntua

2008/2009 ikasturtean, Bermeoko Euskara Zerbitzuarekin batera, Irune Allika eta Bittor Uriartek  hango toponimiaz egindako ikerketa digitalizatzeaz gain, leku izenen transmisio eta jendarteratzeko komunikazio plana burutu genuen. Bitartekoetako bat Eskola Agenda izan zen. Eskola bakoitzari bere agenda berezitua egin zitzaion, diseinu bereziaz, eduki lokal komunen oinarripean.
2009/2010 ikasturterako sortu genuen Bermeoko Eskola Agendak kimu berri bi izan ditu hasi berria den ikasturtean. Bermeoko hezurdura hartan sakondu egin dugu, eta 2010/2011 ikasturterako Eskola Agenda bana izango dute Arrasaten eta Larrabetzun.
Dijitalidadea s.l.-n, euskarazko ondarea digitalizatzeaz gain, herritar gehienengana helaraztea dugu helburu. Sinergia horretan euskaraz lekuan lekuko, Euskal Herriko zein munduko hezkuntza eta kultura edukien transmisiorako nola ikasle-irakasle eta gurasoen arteko komunikaziorako bitarteko egokia sortu nahi izan dugu.

Heldulekua

Gure hezkuntzan ohiko errealitatea dugu eskoletako irakasleak bizi ez diren herrietara tokialdatu behar izatea, euren jarduna burutzeko. Eta herri horrekin duten kontaktua, gehienbat, eskolako testuinguruan izaten da. Ez dago hango hizkuntza, hango kultura, kirola eta elkarteen jarduna eta izaera, hango bizimoduan indarrean diren ohiturak, erritualak, jai egunen sinbologia, historia... ezagutzeko aukera eta bitarteko formal askorik.
Baina ez da irakasleen egoera bakarrik. Ez dira irakasleak lekualdatzen diren bakarrak. Edozein herritara etorri berri asko gara. Adopzioan jasotako herriaren izana gehiago ala gutxiago ezagutuko dugu. Elkarrekintza sozial edo kulturalaren bitartez garatuagoa izango dugu errealitate horren transmisioa, hango paisaia bihurtu ahala.
Errealitate hori eta, egungo transmisioan, belaunaldien arteko harreman etenaren ondorioz bizi dugun hutsunea, oso kontuan izan dugu agendaren egituraketa eta mamia lantzeko orduan.

Elkarren berri

Eskola Agenda, kulturaren eta hizkuntzaren transmisiorako eguneroko euskarria izateaz gain, komunikazioan sakontzeko aukera ere bada. Eta, modu batean edo bestean, agendaren erabiltzaileak (ikasleak, irakasleak eta gurasoak) kontuan hartu izan ditugu proposamenean. Funtsean, haurren eta gazteen heziketan, osagarri direlako eskola eta familia.
Eskola Agenda bat egiteak, berez, ez dakar berrikuntza handirik eskolako materialgintzaren alorrera. Euskarri horretan, lehendik ere, badira hamaika agenda-eta. Aldea, nabarmena bide batez, abiapuntuari eta helburuei dagokie.

Lekuan lekuko edukiak

Eskola Agendaren egituraketan berebiziko garrantzia dute lekuan lekuko edukiek. Larrabetzun ti-teu edo txakada baten esaten den legez, Bermeon Dxakada baten esango da. Arrasateko herriak Udalaizpean bere dragoiari diosala egiten dion bitartean, Larrabetzuko akerrak eta ahuntzak Bizkargitik gora ibiliko dira.
Hilabete bakoitzari hasiera ezberdina emango diogu, eta diseinuan ere urtaroen joan-etorriak isla izango du. Kolore hotz edo epelak konbinatuz.
Beste hizkuntzetan bezala, euskaraz, baditugu gure hilabeteen joan-etorriak deskribatzeko esamoldeak: “Urtarril hotza, neguaren bihotza”, “Azaroa hotz, negua motz”...
Hilabete bakoitzari dagokion esamoldearekin batera, herri horretako auzo, jolas edo historia garatuko dira, eskolaren beharrizanen arabera. Bermeon, esaterako, herria osatzen duten auzoen deskribapenari egin zaio erreferentzia, auzo horietako alkate edo alkatesaren irudia bertoko erraldoien irudiz jantziz. Arrasaten, ostera, berreskuraturiko antzinako jolasekin hasiko dituzte hilabeteak. Eta Larrabetzun, hango historiaren pasarteak ezkutatuz, asmakizunak proposatu dira, desitxuraturiko argazkiekin puzzleak osa ditzaten.
Agenda astea argi egituratu da, eta orrialdeetako goiburuek eta orri-oinek eduki asko batzen dituzte. Eduki lokaletako esaerak (Edan bako mozkorra, Berba egin baju eta urrin ailegeu...), berbak (sustrukue, ogi-gaztaia, tatalea...), zirtoak (Zer moduz klasean? Ondo, amaitzen danean...) eta esaldi eginak (Heu haz egoteko artxoa!). Horiek guztiak, aste bitik behin, Koldo Izagirrek batutako eta sortutako munduko errefrau eta asmakizunekin txandakatzen dira.

Eduki orokorrak

Izan ere, ez dugu ahaztu nahi izan munduko parte ere bagarela, eta, horretarako, munduko herrialde askotako errefrauak batu eta gureekin uztartu ditugu. Mingotsak dira isuritako malkoak, mingotsagoak isuri bakoak (irlandarren jakinduria), Berbak ipotx, eginak erraldoi (suitzarren jakinduria) edota Haurra buztinezkoa da (armeniarren jakinduria), adibidez.
Horrez gain, munduko esaera zaharrei txanda hartuko die proposatutako hainbat asmakizunek. Asmakizun horiek irakasleek baino ez dituzte izango, eta material didaktiko legez erabili ahal izango dituzte.
Bestalde, astero, guraso, irakasle eta ikasleentzat interesgarria izan litekeen eta euskarazko kulturari, hezkuntzari zein informatikari buruzko gaien webgune bat proposatuko da: http://egbjolasak.ulibarri.info/, http://www.armiarma.com, http://guraso.com/...
Hilabetearen amaieran, bestalde, biografia bat jartzen da. Koldo Izagirrek munduko 10 haurren biografia jaso eta garatu ditu. Familia txiro batean jaiotako Pakistango Iqbal Masih-ren alfonbragilearena, Kanputxeako minek zigortutako Song Kosal-ena, Afrikako umeek urez hornitzeko sutsuki borrokatu den Ryan Hreljac kanadarraren istorioa...
Alegia, Disney Channel-ez gain, badagoela beste mundu bat erakutsi nahi da.

Asmo informatiboa eta oinarri funtzionala

Aipatu ditugun edukiez gain, herri bakoitzeko kulturaren, kirolaren eta bestelako elkarteen gaineko informazioa uztartzen da agendan bertan. Udal zerbitzuak, garraiobideen informazioa, eskola egutegi eta ordutegia, ordutegi osagarria... Erabiltzaile guztientzako baliagarria den informazioa papereratu dugu.
Guraso eta irakasleen arteko informazio trukerako aukera ere zabalik utzi dugu.

Lehen Hezkuntzan, hasteko

Eskola Agenda, batez ere, LHrako bideratuta dagoen egitasmoa da.
LHko ikasleak idazketa eta irakurketa prozesuan murgiltzen dira. Horren gaineko ohiturak sortzea lagungarria da haurren prozesua dinamizatzeko. Horrez gain, hainbat kasutan, euren lehenengo etxeko lanekin hasten dira. Ardura handiagoa eskatuko zaie, eta autonomiaren garapenean beste antolaketa egituratuagoa behar dute. Eskola Agenda lagungarri izan daitekeelakoan gaude.•

Informazio gehiagorako: a.deabajo@ dijitalidadea.com / 675 006 627