ana eizagirre sagardia: “Sorkuntzan oinarritzen den ikaskuntza ezin da daitekeenaren bila joan, etorkizunean litekeenaren bila baizik"

2010-11-02

EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea da Ana Eizagirre Sagardia. Azkenaldian, sormena eta berrikuntza arloko ikerketa batean murgildurik dabil. CREANOVA ikerketa europarrak eman dio horretarako bidea. Europako hainbat herrialdetako kideek osatutako talde batek osatzen du CREANOVA, eta Lanbide Heziketan, Helduen Hezkuntzan eta etengabeko irakaskuntzan berrikuntza eta sormena nola sustatu eta aplika daitezkeen ikertzen ari dira. Eta ikerketaren emaitza guztiak www.creanova-project.eu  web orrian ikus daitezke. Hezkuntzan aplikatzen den horrek, gero, gizarte osorako balioko du eta politikariei horren berri ematea izango da taldearen egitekoetako bat.

Beste asmo bat ere badute: Helduen Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta etengabeko prestakuntzan dabiltzan profesionalentzat sorkuntza prozesuak ikertzen aritzeko elkarte bat osatzea.
Garbi daukate sorkuntzak eta berrikuntzak giza garapena errespetatu behar dutela. Hortik abiatuta, hezkuntzan sormena eta berrikuntza bultzatzeko lau gako nagusi lantzea proposatzen dute: premia, askatasuna, elkarrekintza eta ingurunea.

 
 

Sormena eta berrikuntza. Gaur egungo ikas-irakaskuntzaren gako nagusi bihurtu al dira?

Uste dut esan behar dela pedagogian eta hezkuntzan aspaldiko gakoak direla. Sormena eta sormena garatzen duen heziketa, XIX. mendetik, kezka izan da, batez ere eskola berriko hezitzaileentzat eta pedagogo askorentzat. Hemen, Euskal Herrian ere, berrikuntza pedagogikoak historia bat badauka, haurraren askatasunean oinarritutako irakaskuntzak, bere mugekin, ibilbide bat egina dauka. Beraz, horien lana ez dugu ahaztu behar.
Beharbada 100 urte hauetako desberdintasuna, XXI. mendean, horren zabalpena izan da: nolabait berrikuntzan eta sormenean oinarritzen den irakaskuntza ez da eskola edo hezitzaile batzuen kezka soilik, baizik eta politikoena, Europako komunitatearena, enpresa eta ekonomia gizon-emakumeena… Gizartea ohartu da horren garrantziaz. Gakoak bihurtu dira garapen ekonomikorako, gakoak dira gizarte eta kultur garapenerako eta gakoak dira hezkuntzaren garapenerako ere.

Zer da sortzaile eta berritzaile izatea?

Sortzaile izatea sortzea da, ez dagoen tokitik errealitate berri bat sortzea: ideiak, prozedurak, produktuak, egoerak, erlazio motak, eta abar. Galdera zaharrei erantzun berriak ematea eta galdera berriak planteatzea esanahi du sortzaile izateak. Bereiztu beharko genuke, halere, sortzaile handiei dagokien sorkuntza mota eta guztiongan dugun sortzeko gaitasunen artean, sorkuntza arruntaren artean. Sortzaile izatea, neurri handi batean lotuta dago orijinaltasun eta jenialitatearekin, ezagutza, kultur eta gizarte esparru zehatz batean haustura suposatu duten eta bide berriak ireki dituzten gizon-emakumeen sorkuntza ezohikoarekin.  Baina, baita ere, gutako bakoitzarengan dauden sortzeko gaitasunekin, eguneroko bizitzak jartzen dizkigun erronka arruntei erantzuteko gaitasunekin. Hezkuntzaren ikuspegitik azken esanahi hori da gehien interesatzen zaiguna. Sormena guztiok dugun gaitasuna da, eta bizitza osoan zehar izan daiteke garatua. Hori da gure jardunaren ardatza.
Bestalde, kontuan izan behar dugu sorkuntza ez dela norbanakoarengan modu isolatuan sortzen. Sorkuntza gaitasun kognitibo, nortasun ezaugarri, eta faktore sozial, kultural eta historikoen arteko funtzionamenduaren ondorioa da. Norbait sortzaile da, testuinguruak sortzaile izaten uzten badio eta sortzailetzat hartzen badu. Izaera soziala du sorkuntzak, eta norbanakoa eta bere inguruko faktore sozio-kulturalen arteko elkarrekintzaren ondorioz gertatzen da. Hezitzaileak egun duen erronka gaitasun sortzaileak estimulatuko dituen ikaskuntza testuinguru  egokia antolatzea da.
Aintzat hartu behar den beste elementu bat berrikuntzarena da. Gaur egun sormena eta sorkuntza berrikuntza kontzeptuarekin oso lotuta planteatzen dira. Berrikuntzak hasieratik oso lotura estua izan du merkatu ekonomiarekin (Osloko Manuala), eta Europar politikarako giltzarrietako bat izan da, Lisboako Deklararazioaz geroztik, batez ere. Enpresa munduan ideia berriak garatzeko eta aplikatzeko asmoarekin landu izan da. Gaur egun, halere, arlo publiko eta sozialarekin duen lotura gero eta nabarmenago azpimarratu izan da.   
Berrikuntza, eta honi loturiko sorkuntza, garapenarekin dago erabat lotuta. Erantzun beharreko oinarrizko galdera bat planteatzen zaigu: zein sorkuntza eta berrikuntza mota nahi dugu, zein garapen modurako?  Ekonomia gizabanakoaren gainetik jartzen duen garapen mota bat edo gizabanakoa errespetatzen duen eta  gizabanakoarengandik abiatzen den garapen ekonomiko eta sozial bat. Ikuspegi sozio-ekonomiko hori behar-beharrezkoa da sorkuntza eta berrikuntza interpretatzeko eta ulertzeko. Beraz, hor nolabaiteko jarrera bat hartu behar da.

Eta zein da gailentzen den jarrera? Zer garapen mota nahi da egungo gizartean?

Guztion ongizatea eta inklusioa baldin bada hezkuntzaren helburu, sorkuntzan eta berrikuntzan oinarritzen den ikaskuntza prozesu orok ardatz gisa hartu beharko lukeen berrikuntzak zera beharko luke: balio soziala sortzen duena eta behar ekonomikoez gain giza beharrak asetzen dituena. Jarrera horrek gailendu beharko luke, gure ustez.

Ikuspegi hori al dago zabalduta gaur egun? Ala ekonomia gizakiaren gainetik jartzen da?

Nik uste dut Europan gero eta indar gehiago hartzen ari den ikuspegia dela. Eta baita berrikuntzaren eta sormenaren alderdi soziala azpimarratzen duen ikuspegia ere.
Beharbada, gure ardura horretaz ohartaraztea da. Ekonomialari eta politikari askori ihes egiten dio kontzeptu edo ikuspegi horrek, eta pedagogiatik hori da azpimarratu, ezagutarazi eta aldarrikatu behar duguna.
Zein dira sormena eta berrikuntza garatzeko funtsezko gakoak hezkuntzan?
Ikas-irakaskuntza prozesuetan sormena eta berrikuntza sustatzen duten baldintzak lau oinarrizko gakoren inguruan bil ditzakegu: premia, askatasuna, elkarrekintza eta ingurunea. Oso gako sinpleak eta erabilgarriak dira, edozeinek ulertzeko modukoak. Lau gako horietan oinarrituta, ikaskuntza prozesuan gaitasun sortzaileak gara ditzakegula uste dugu, haurtzarotik helduaroraino, bizitzako ikaskuntza prozesu guztietan.

Azal iezazkiguzu lau gako horiek banaka. Lehendabizikoa, premia.

Premiaz hitz egiten ari garenean sortzeko motorraz ari gara hitz egiten. Ikaskuntza prozesuetan kontuan hartu behar dugu nondik ari garen sortzen. Ikasleengan sorkuntza bultzatu nahi badugu, jakin beharko dugu zein den beraien sortzeko premia, zein motibaziok eramaten dituen sortzera.
Sorkuntzari buruz egin diren ikerketetan pasioa oso garrantzitsua dela ikusi da. Alegia, galdera bati erantzuteko edo zerbait asmatzeko, halako barne griña  izateak sortzera bultzatzen du. Gauza bera gertatzen da artean, literaturan, zientzian edo pentsamenduan. Pasio edo motor hori oso garrantzitsua da, ezinbestekoa. Zenbat eta barrurago sentitu beharra, orduan eta errazago joko du norbanakoak ekitera.
Bigarren gakoa, askatasuna.
Askatasasunaz ari garenean zeraz ari gara: zein neurritan uzten zaion ikasleari bera izaten, bere burua adierazten. Zeren, azkenean, sortzea norberaren adierazpen bat da, adierazpen indibiduala edo komunitarioa izan daitekeelarik. Askatasunak zerikusi zuzena dauka norberak bere burua egiteko dituen aukerekin. Orduan, oso garrantzitsua da egiten uztea. Haurrari, gazteari, ikasleari, hezten ari denari… ikertzeko, probatzeko, hanka sartzeko, arriskatzeko, denbora eta espazioa antolatzeko… askatasuna eman behar zaio, epaiketarik edo baloraziorik egin gabe.

Elkarrekintza aipatu duzu hirugarren gako gisa.

Elkarrekintza diogunean ezagutza eskuratzeko eta komunikatzeko esperientzietaz ari gara hitz egiten. Elkarrekintza besteekin lan egitea da eta ikasleari horretarako aukerak eskaini behar zaizkio. Are eta estimulagarriagoa izango da interes berdin batzuen inguruan elkarrekintzan jarduten direnak ezagutza arlo desberdinetakoak, formazio desberdina dutenak, herrialde desberdinetakoak, eta abar baldin badira.
Gero eta garrantzitsuagoa da besteekin komunikatzeko aukerak ematea eta ezagutza askotarikoak eskuratzeko aukerak eskaintzea.

Eta azkenik, ingurunea.

Ikaskuntza gauzatzen deneko testuinguruaz ari gara kasu honetan. Hiru alderditatik azpimarratzen dugu ingurunearen garrantzia. Alde batetik, gizarte eta kultur mailako testuinguru gisa. Garrantzitsua da ingurunea harkorra izatea, alegia, sortzaile izaten uzten dizun ingurunea edukitzea.
Beste aldetik, ingurune fisikoa dugu. Ingurune fisikoa estimulagarria izatea ere garrantzitsua da: batzuentzat natura izango da, beste batzuentzat leku itxia edo isila, tailerra, mendia, itsasoa… eta baita zibernetikak eskaintzen duen espazio birtuala ere. Hori oso pertsonala izan ohi da, bakoitza leku zehatz batek estimulatzen baitu. Garrantzitsua da ohiko gelatik ateratzea, hormak puskatu eta espazio berriak aurkitzea. Gelak errutina baitakar eta errutinak eta inertziak egokitzera eramaten zaitu, dagoenera, ez litekeenaren bila. Horregatik, errutina horretatik atera beharra dago. Malgutasuna behar du gela ulertzeko eta lan egiteko moduak.
Azkenik, ikaskuntzarako giroa azpimarratu behar da. Giroa ere garrantzitsua da: lan egiteko giro atsegina edukitzea, umorea, epaitzen ez zaituzten lekua izatea, etab. Horrek asko laguntzen du sortzen edo behintzat bidean jartzen.

Nola jar daitezke gako horiek praktikan?

Guk hezkuntza praktika irakurtzeko/interpretatzeko tresna bat eskaintzen dugu. Hezitzaileak bere praktika irakur dezake lau gako horien arabera: zein premiatatik abiatzen den, zein askatasun maila daukaten ikasleek beren burua adierazteko, zer elkarrekintza mota lantzen den eta nolakoa den ingurunea. Hezitzaileak duen errealitatea eta dituen posibilitateak aztertu behar ditu, eta horren arabera bere praktika berrantolatu lau klabe horietan oinarrituz. Horretarako, hainbat teknika sortzaile daude. Behar izanez gero, inguruan ditugun teknika sortzaile ugari txerta ditzake praktika berrian lau gako horiek indartzeko.

Zuek hori dena praktikan jarri duzue ikerketa europar batean. Zer-nolako ikerketa da?

CREANOVA –Creative learning and networking for European innovation- ikerketa proiektua Europar Komunitateko Education, Audiovisual & Culture Executive Agency-ren Lifelong Learning Programme delakoaren  barruan finantzatutako proiektua da.  Batez ere bizitza osoko ikaskuntzako, Helduen Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasketa prozesuen ikerkuntzan oinarritzen da, eta arlo horietan jarri dugu martxan orain arte aipatutakoa. Nazioarteko ikerketa da eta aniztasun handiko taldea gara.  UPV-EHUko Gipuzkoako Campuseko gidaritzapean ari gara lanean hainbat Fakultate eta Eskolatako irakasleak (Filosofia eta Hezkutza Zientzien Fakultatea, Bilboko Majisteritza Eskola, Donostiako  Majisteritza Eskola, Informatika Eskola, Psikologia Fakultatea, Arte Ederretako Fakultatea), Euskal Herriko Tknika (Lanbide Heziketarako Berrikuntza Erakundea) eta Creativity  Zentrum, eta  hainbat herrialdetako unibertsitateak eta erakundeak: Haaga-Helia Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea (Finlandia), Educode (Finlandia), Tallin-eko Unibertsitatea (Estonia), Edinburgo-ko Unibertsitatea ( Eskozia), Universal Learning Systems (Irlanda), Tangram SRL (Bolzano), Conseil Regional Aquitaine (Akitania) eta Thuringian Institute of Applied Social Research (Alemania).

Zer egin duzue?

Ikaskuntza prozesuetan sorkuntza eta berrikuntza sustatzen duten faktoreei eta baldintzei buruzko ezagutza teorikoa eta praktikoa eraikitzea da gure ikerketaren helburua. Kide garen herrialdeetan hezkuntza praktika onak atzeman ditugu eta, azterketa teoriko eta praktikoaren ondorioz, aipatutako lau gako horiek zehaztu ditugu. Ondoren esperimentazio fase bat egin dugu lau gako horien inguruan. Italiako, Eskoziako, Finlandiako eta Euskal Herriko ikaskuntza programa berritzaile batzuk hartu, lau gako horien baitan irakurri eta alderdi bakoitza garatzen saiatu gara: askatasun mailan igotzen, elkarrekintza mailan igotzen, premia maila igotzen premia horiek gero eta biziagoak izan daitezen, eta ikasleen gaitasunak azaleratzen diren edo ez begiratu eta ikusten.
Euskal Herrian elkarrekintzan jarri ditugu hainbat eskolatako ikasleak eta irakasleak: Gasteizko Diocesanas eta Mendizabala lanbide eskoletakoak, Bilboko Eskurtzekoak, Durangoko Maristetakoak, Andoaingo bideo eskolakoak eta Donostiako Usandizagako diseinu taldekoak.  Lehenengo fasean elkarrekin lanean jarri ditugu jardunaldi batzuetan Zarautzen eta, bigarrenez, hainbat teknika sortzaile aplikatu ditugu gela barruko egunero jardunen barruan.

Beraz, lan egiteko modua eraldatu diezue, bai ikasleei eta bai hezitzailei?

Bai, neurri batean bai. Heziketa sortzaileak ikasleen ekintzatik abiatu behar du, ezin du ikasleak pasibo izan. Beraz, egile nagusia ikaslea da. Bestalde, ikasketa prozesuaren egile nagusia ikaslea baldin bada, hezitzaileak bere zeregina berreraiki beharra dauka,  laguntzaile, gidari edo orientatzaile rola hartuz.
Beste alde batetik, kontuan hartu behar dugu sortzea norbanakoaren adierazpena dela, eta hezitzaileak aldatu egin behar du ikasleenganako duen konfiantza. Prest egon behar du ikasleak onartzeko eta, beharbada, gustatzen ez zaizkion gauzak entzuteko. Azken batean, sortzeak hori dakar; askatasun neurria igotzeak bestearen onarpena ekartzen du. Eta beharbada hezitzaileak oso mesfidatiak gara horretarako, alegia, ikaslea onartzeko eta berea den hori bere horretan baloratzeko, epairik egin gabe.
Sortzea ideia berriak botatzea dela esaten dugu askotan. Ados, oso ongi, ideia eta proposamen berriak bota behar dira, baina gero hori errespetatzen jakin behar da, eta hori ahaztu egiten zaigu. Eta hortik abiatu behar da, errespetu horretatik. Horrek mentalitate aldaketa handia eskatzen du. Eta beldurrak kentzea. Hezitzaileok ikasleak onartzeari beldur handia diogu.
Azken batean, sorkuntza eta berrikuntza sustatuko duen ikaskuntza garatzeak ohiko rolak, espazioak eta denborak berraztertzea dakar, orain arte indarrean egon diren hezkuntza ereduen berdefinizioa, eta ikaskuntza espazio eta denbora berrien eraikuntza.

Nola moldatu dira? Zer ondorio atera dituzue?

Gure ikerketa fasea amaitu gabe dago. Baina Euskal Herriko esperientziari dagokionez, oso nabarmena izan da ideia berriak estimulatzeko, proposamen berriak egiteko eta besteengandik ikasteko gai direla ikustea. Esperientzia oso interesgarria eta aberatsa izan da. Ikasleak konturatu dira beraien autoestimua izugarri areagotu dela, motibazioa ere bai eta proposamen berriak sortzeko gai direla.
Hezitzaileak edo irakasleak ere mundialak izan dira eta beraien prestutasuna erabatekoa izan da.  Izugarri baloratu dute besteekin lasai hitz egiteko aukera izatea eta beraien arlotik kanpo dabiltzan beste profesionalekin lan egitea. Zentzu horretan, guretzat ere, unibertsitateko irakasleontzat, oso garrantzitsua izan da Lanbide Heziketako irakasle eta hezitzaileekin lan egitea.

Orduan, modu tradizionalean sortzen dena eta eredu berri honekin sortzen dena desberdina al da?

Modu tradizionalean ere sortzen da. Azken batean, sorkuntza prozesuak daude gutako bakoitzak sortzeko joera daukalako. Joera hori, nahiz eta oztopoak asko izan, beti ateratzen da nonbaitetik. Eta eskolak, nahiz eta eredu tradizionalean funtzionatu izan, ez du erabat suntsitu gutako bakoitzarengan dagoen indar sortzailea.
Gauza da indar sortzaile hori gero eta beharrezkoagoa zaigula denoi gizartean mugitzeko, galdera zaharrei erantzun berriak emateko eta galdera berriak sortzeko norbanakoaren bizitza osoan. Orduan, derrigorrez indar sortzaile hori garatzeko ate gehiago ireki behar dira.

Sorkuntzak desberdintasuna edo aniztasuna dakar. Orain arte denak berdin izatea baloratzen zen. Orain desberdintasuna baloratzen al da?

Bai, gaur egun desberdintasuna onartu beharra daukagu. Eta gainera, konturatu eta baloratu egin behar dugu desberdintasunen arteko elkarrekintza dela baliozkoa. Bestea niregandik desberdina izatea estimulagarria da sortzeko; eta alderantziz, homogeneizatzeak estimulazio falta edo motibazio horretan jaistea dakar. Desberdinen arteko elkarrekintza motor bat dela konturatzea oso garrantzitsua da.
Elkarrekintza horrek errealitatearen interpretazio modu desberdinak jasotzeko aukera ematen digu, eta honek ideiak, prozesu, bide berriak eta ezezagunak sortzeko bidean jartzen gaitu. Sorkuntzarako elikagaia da.
Horrek, noski, tentsioa sortzen du. Denbora behar da elkar ulertzeko, errespetatzeko… baina behin tentsio hori gainditzen denean, espazio hori oso emankorra da denentzat. Lehen desberdina zen baztertu beharrekoa eta gaur egun desberdina da barneratu eta integratu beharrekoa. Eta desberdina esaten dudanean, zentzu guztietan esan nahi dut: ezagutza mailakoa, gaitasun mailako, kultur eta gizarte mailakoa.

Nora irits gaitezke eredu berri honekin? Lehen, helmuga jakina zen. Orain?

Bai, beharbada gure ezjakintasuna hori da eta, askotan, beldurra ematen digu horrek. Segurtasuna nahi dugu. Baina helmuga aurrez zehazten edo ixten baduzu, kontziente izan behar duzu sortzeko gaitasun hori ere itxi egiten duzula. CREANOVAko gure ikerketako txostenari jarri diogun izena “Litekeenaren bila” izan da. Sorkuntzan oinarritzen den ikaskuntza ezin da gelditu daitekeenaren bila, baizik eta etorkizunean litekeen horren bila joan behar du. Eta hori apustu bat da. Azken batean, sortzeak beti dakar arriskua, denontzat. Eta ikaskuntza prozesuetan arriskua irakaslearentzat, ikaslearentzat… hezten ari denarentzat.

Zergatik merezi du aldaketa horrek guztiak?

Batez ere bi arrazoigatik.
Hasteko, sorkuntzan eta sortzeko gaitasunetan eragiteak merezi du, azken batean, horrek gizakiak eta taldeak boterez hornitzen dituelako. Ez da garapen ekonomiko puntualetarako tresna bat. Garapen sozial orokor baterako tresna oso garrantzitsua baizik. Orduan, herritar guztiok sortzaile edo berritzaile izateko daukagun gaitasuna indartzeak ahalmen hori dakar: komunitatea indartzea, pertsona indartzea, haurra, gaztea… eta hori ezinbesteko tresna da edozein aldaketa sozialerako.
Garapen posibilitate handiak eskaintzen ditu, batez ere botere guneetatik kanpo dauden komunitateetarako, baztertuak dauden pertsonentzako eta bazterketa hori bizi duten pertsona eta kolektiboentzako. Horiek boteretsu eta indartsu egiteko  tresna oso garrantzitsua da. Edonor joan daiteke litekeenaren bila.
Horregatik, gure asmoa da hezkuntza politikaz arduratzen denari hori ikusaraztea. Alegia, ahalmen hori ez dela onuragarria norbanakoarentzat edo enpresarentzat soilik, baizik eta gizarte osoarentzat dela balio bat. Azken batean, etorkizuneko erronkei denen artean erantzun behar diegu, ez bakarka.

Zein da bigarren arrazoia, merezi duela esateko?

Nik uste dut ikaskuntza prozesuetan eta sorkuntzaren garapenean saiakera eta apustu berriak egitea oso emankorra izan daitekeela, batez ere eskolarekin bat ez datorren populazioarekin lan egiteko. Eskolak bota dituenak berreskuratzeko oso metodologia interesgarria da, emankorra eta posibilitate handiak eskaintzen dituena. Hau da, eredu tradizionalarekin gustura sentitzen denarentzat, azken batean, metodo pasiboagoek balio dute. Baina aukera metodologiko interesgarria izan daiteke eskolan gustura ez dagoen ikasleekin edo eskolak baztertu edo botatzen dituen ikasleekin aritzeko. Eredu tradizionalarekin jarraitzea baino apustu interesgarriagoa eta emankorragoa da.

 

Garrantzi handia eman diogu espazio berriak bilatzeari gure esperimentazioan. Martxoan hiru eguneko jardunaldiak egin genituen ikasleekin eta irakasleekin Zarautzen. Eta errutinatik ateratzeko, bada, hondartzara eraman genituen goizeko 9:00etan. Eta a zer hotza!! Izoztuta gelditu ziren denak. Oso gustura, baina… antolaketaren akatsa. Gela barruan jarduten ohituta gaudenez… ez genuen aurreikusi martxoan, goizeko 9:00etan, zer tenperatura egin zezakeen hondartzan.