Zuloak, ohetxoak eta etxetxoak Eraikitzeko jarraibideak psikomotrizitatean (2-3 urteko haurrak)

2010-11-02

“Haurra nintzenean, Orion, nire jaioterrian, aitonak hondartzara eramaten gintuen paseatzera. Hondartzaren barnealdean zeuden zulo handi batzuek erakartzen ninduten. Horietako batean ezkutatzen nintzen, etzanda, eta nire gainean zabaltzen zen zeru espazio handiari begiratzen nion, inguruan zegoen beste guztia desagertzen baitzen. Oso babestuta sentitzen nintzen. Baina, zertatik babestu nahi nuen?”

(Oteiza, 1963, 75)

 
 

Duela 11 urte, 2 urteko neskato batek, aretoko zentzu-mugimenezko jolaserako eremuan jauzika ibili ondoren, eskutik heldu zidan eta "etxetxo" bat eskatu zidan. Gainerako haurrengandik urrutiratu ginen eta, aretoaren beste muturrean, etxetxo bat egin nion aparrezko prismekin. Alboetako bi horma garaiagoak eraikitzen ari nintzen bitartean, erdiko prismen ilararen gainean etzan zen. Berehala, dozena erdi bat haur edo gehiago inguratu ziren: batzuk sartu egin ziren eta espazioa eta elkarrizketa partekatu zituzten etxejabearekin; bien bitartean, beste batzuk, mutilak gehienak, etxetxoa puskatzen aritu ziren. Kalteak konpondu ondoren, hainbat dorre eraiki nituen etxetxoaren aurrean, bisitarien bulkadak bideratzeko; gero, etengabe lurrera erortzen ziren prismak antolatu egin nituen. Bien bitartean, bi neskato etxejabearen ondoan etzanda zeuden, harekin berriketan.

Eraikitzeko eta suntsitzeko jolasa hasi eta 20 minutura, bertikalean ezarritako aparrezko arrabolean sartzeko eta irteteko jolasean murgildu ginen, eta haurrak etxetxotik irten ziren. Haur bakarra gelditu zen etxetxoan, etxejabea, hain zuzen, eta aurrean zuen jolasari arretaz begiratzen zion arren, aparrezko prisma baten gainean eserita gelditu zen. Kamera haurra zegoen tokirantz zuzentzerakoan, ilea ukitu eta,  lotsatu samar begirada jaitsi ondoren, agur egin, eta esan zuen: “Kaixo, etxetxo bat dut”. Kubo bakar baten gainean eserita zegoen, eta, hasieran, hauxe pentsatu nuen: “Baina, non du neska honek etxetxoa? Kubo kaskar baten gainean eserita dago, ez du beste ezer inguruan.” Haurrak ez zuen jada etxe fisikoaz hitz egiten, “etxetxoa” bere buruan zegoen. Sekuentzia osoak ordubete iraun zuen, saioa amaitu arte. Orduz geroztik neskato horrek jauzi gutxi egin zituen, baina etxe asko eraiki zituen, gero eta sendoagoak, osatuagoak, egonkorragoak, iraunkorragoak, eta gero eta garatuagoak.
Bizitzaren opari hura bere horretan geratu zen, une egokiaren zain, eta orain, jauzia aztertu ondoren, hura lantzeko unea iritsi da. Lanean hasi garenean beste opari bat jaso dugu, gogoeta honen hasieran agertzen den Jorge Oteizaren aipamena, hain zuzen. Espazioaren hutsunea eta okupazioa dira XX. mendeko euskal eskultore bikain horren kezka nagusietako bi. Ez dugu inola ere eskultorearen lana eta kezkak azaltzeko asmorik. Apaltasunez, haren haurtzaroko pasarte bat berreskuratu besterik ez dugu egin nahi izan, lotura handiagoa baitu hizpidera dakarren une ebolutiboarekin beste ezerekin baino.
Bi bideo kamera digital soinean hartuta, psikomotrizitate gelara itzuli gara, 2-3 urteko haurren gelako gune sinbolikoan garatzen den eraikuntza jarduera oro grabatzeko eta sistematikoki aztertzeko, behaketa metodologian oinarrituta betiere, eta oso emaitza interesgarriak lortu ditugu. Emaitzarik interesgarriena eta garrantzitsuena hauxe izan da: ibilbide metodologiko zorrotz baten ondoren, 2 urteko haurren eraikuntza jarduera ebaluatu dugu. Ez dugu deskribatu, ez dugu interpretatu, ez dugu kontatu, justifikatu ere ez dugu egin. Ez dugu aparteko ezer aurkitu. Baina funtsezkoena hauxe da: jarduera horren hainbat ezaugarri azaldu ditugu, lortutako emaitzek horretarako aukera ematen baitigute.

Zer behatu dugu

Ez dugu eraikuntzak egiteko jokabide eredurik aurkitu, baina aztertu dugun taldeak jarraibide finko batzuk erakutsi ditu. Aukeratutako lagina  osoaren % 30 izan da, taldea oso handia eta bizia baitzen. 24 haurretatik bik ez dute inolako eraikuntzarik egiten. Neska bat akitu arte jauzika aritzen da, eta beste mutil bat, funtsean, saioetan parte hartzen duen hezitzaile batekin ahal besteko harremana ezartzen saiatzen da. Bi haur horiek hipotonia nabarmena dute, hipotonia horrekin lotutako jarduera kontrakoa den arren: batek jauziak sortutako mugimenduaren plazera barneratzen duen bitartean, besteak heldua behar du bere burua orekatzeko (Wallon, 1985).
Bederatzi haurrek emaitza onak lortzen dituzte behatutako jokabide guztietan edo jardueren hainbat zati berezitan. Zehazki, hiru proposatzen ditugu: prestatzea, gauzatzea eta amaitzea; eta horiez gain, horien arteko nahasketak, eraikuntzan proaktiboak direla adierazten baitu horrek: asko eraikitzen dute eta maila asko erakusten dituzte irizpide bakoitzean (kideek jokabide antzekoa dute: begirada, materiala, eraikuntza mota, proaktibotasuna, etab.). Parte hartzaile batek lau modalitate erakusten ditu irizpide berberean, eta horrek, proaktibotasuna adierazteaz gain, egoeren araberako malgutasuna eta egokitasuna ere adierazten ditu. Zehazki, gehien eraikitzen duen haurra da, eta bereiz aztertu dugu. Haur horren emaitzak beste batean azalduko ditugu.
Oro har, eraikuntzan eta beren espazioa bilatzerakoan oso proaktiboak ez diren haurrek beste etxetxo batzuk bisitatzen dituzte. Ez dira zuzenean joaten, itzulinguruka ibiltzen dira (Wallon, 1980), eta bisitak egoeraren araberakoak edo iraunkorrak izan daitezke, eraikuntzaren erakargarritasunaren, eraikuntza horren jabearen eta bisitariak imitatzeko eta etxeetan sartzeko duen gaitasunaren arabera (Rizzolatti eta Sinigaglia, 2006).
Taldeko kideen heren batek (8) eraikitzen jarraitzen du, egiten dituen eraikuntzak suntsitzen dizkiotenean ere. Datu horrek honako hauek berresten ditu: batetik, bulkada eta erasokortasuna heldutasun faltari eta gauzatzeko gaitasun faltari lotuta daude; eta, bestetik, haurren jarraikitasuna. Hamaika haurrek eraikitzen jarraitzen dute, eta beste lauk beren erabakiz uzten dute bertan behera eraikuntza lana. Beraz, horrek adierazten du errazagoa dela jarraitzea beste norbaitekin lehian ari garenean, norberak bere ekintzarekin autonomiaz aurrera egitea baino.
Bi jokabide ikus daitezke, eta bi jokabide horien arteko lotura bereziki esanguratsua da bertikaltasuna sinbolikoki eskuratzeko garaian: haurrak begirada autozentratua duenean –begirada eta mugimendua txandakatzen ditu ekintzaren arabera egokitzeko, eta geldirik dagoenean egiten duen eraikuntza bertikala izaten da, dorreak egiten ditu. Begirada periferikoa bada begiak gorputzaren aurretik doaz eta ekintza ez-egonkorra da, aldiz, eta mugitzen bada, bide edo segida horizontalak eraikitzen ditu, espazioan egiten duen mugimenduaren hedapen moduan (Wallon, 1979). Gainera, inguruko begirada edo begirada periferikoa, haurra geldi egonda ere, eraikuntza bertan behera uztearekin lotzen da, eta begirada autozentratuak, aldiz, haurra geldi dagoela, beste ondorio hau dakar: haurrak elementuak eransten jarraituko du egindako eraikuntza erori arte, edo, bestela, haurrak berak suntsituko du eraikuntza, proaktiboki, edo alde egingo du, beste suntsitzaileren bat modu mehatxagarrian hurbildu baino lehen.
Hiru dimentsioko eraikin gehienak saioaren bukaeran egiten dira. Horrek, berriro ere, bulkada erasokorraren eta psikomotrizitate saioaren bilakaera berresten du: eraikuntza egonkorrenek eta konplexuenek beharrezkoa dute lasaitasun psikologikoa edo pertzepziozko jarrera (Tran Thong, 1979; Wallon, 1985); eta hori bateraezina da hasierako mugimenduaren asaldurarekin, bai azaleratzeko bai denboran eta espazioan irauteko.
Azken batean, egindako ikerketak, 2 urteko haurrengan, psikomotrizitatea lantzerakoan, eraikuntzan zentzu-mugimenezko ekintza ekintza sinboliko bihurtzeko lehenengo faseak erakusten ditu, eta, horrez gain, joerak, hedatutako ekintza mailak eta eraikuntza gero eta maila sinbolikoagoetara eramateko jarrera ere erakusten du.
Bigarren urteko eraikuntza aztertzen hasiko gara orain, eta haurrak zertatik babestu behar duen aurkitzen badugu, kontatuko dizuegu.•

Erreferentziak

- OTEIZA, J.: Quousque tandem! Ensayo de interpretación estética del alma vasca, Iruñea, Pamiela, 1963.
- RIVIÈRE, A.: Origen y desarrollo de la función simbólica en el niño. In J. Palacios, A. Marchesi, eta C. Coll, (Konp.). Desarrollo psicológico y educación, I. Psicología Evolutiva (113-130. or.). Madril: Alianza, 1990.
- RIVIÈRE, A. & SOTILLO, M.: Comunicación, suspensión y semiosis humana: los orígenes de la práctica y comprensión interpersonales. In M. Belinchón, A. Rosa, M. Sotillo, I. Marichalar (Konp.). Angel Rivière. Obras escogidas Vol. III. Metarepresentación y Semiosis (181-201. or.), Madril: Médica Panamericana S.A,  2003.
- RIZZOLATTI, G. & SINIGAGLIA, C.: Las neuronas espejo. Los mecanismos de la empatía emocional, Bartzelona, Paidós, 2006.
- TRAN-THONG:  La théorie des attitudes de H. Wallon et ses conséquences éducatives. Les sciences de l’éducation. (Spécial), 237-275, 1979.
- WALLON, H.: Los orígenes del carácter en el niño. Los preludios del sentimiento de personalidad. Buenos Aires, Nueva Visión,  1979.
- WALLON, H.: Psicología del niño. Una comprensión dialéctica del desarrollo infantil, Madril, Pablo del Río, 1980.
- WALLON, H.:  La vida mental, Bartzelona, Crítica, 1985.