Euskal Girotze Barnetegiak. 25 urteko ibilbidea

2010-11-02

25 urte bete dira lehenengo Euskal Girotze Barnetegia sortu zenetik. Inguru erdalduna zuten haurrei eta eskolaz kanpo euskaraz aritzeko aukerarik ez zutenei, astebeteko egonaldian euskaraz bizitzeko aukera ematea zuen helburu. Eta hori, modu dibertigarrian eta eskola kutsurik gabeko giroan.

25 urteotan barnetegi gehiago ireki dira eta milaka haur eta irakasle pasa dira berauetatik.
25 urteotako joan-etorriak, erronkak, ilusioak… ezagutzera goaz barnetegietako arduradun motor diren monitoreen ahotik.

 
 

Barnetegien ibilbidea datuetan

Aurtengo irailean 25 urte bete dira lehenengo Euskal Girotze Barnetegia sortu zenetik, Euban. Gaur egun bost dira Hezkuntza Sailak zabalik dituen barnetegiak: hiru, Gipuzkoan: Alkiza, Elgoibar eta Seguran; eta bana, Araba eta Bizkaian: Barria eta Urduñan.

Barnetegiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzutik sortu ziren NOLEGA programaren baitan (Euskararen NOrmalizazio LEgearen GArapena), eskolentzako laguntza zerbitzu modura, helburu garbi batekin: inguru erdalduna duten haurrei, eskolatik kanpo euskaraz aritzeko aukerarik ez dutenei, aste betean euskaraz bizitzeko aukera ematea; eta, era horretan, euskararen erabileran eta euskararen aldeko motibazioan aurrerapauso bat ematea. Helburu nagusi hori lortzeko, beste helburu bat ere bere egiten dute barnetegietako monitoreek, bitarteko moduan: haurrek astea ondo pasatzea, eskola kutsurik gabeko jardunak eginez, dibertituz eta gozatuz. Horrekin batera, aukera eman zaie ikasleekin barnetegira joandako irakasleei ahozkotasunean aurrera egiteko. Eta ikastetxeetara iristeko modua ere egin dute, ikastetxetik kanpoko egonaldietarako, propio, baliabide didaktikoak eskainiz (liburuak, jolasak, motibagarriak...).
Hogei urteotan 70.000 dira barnetegietatik pasatako eskola haurrak, 3.000 txandatan; 5.000tik gora, bertaratutako taldeak eta irakasleak. Horiek dira datuak. Zenbat poz, zenbat barre, zenbat lagun berri, zenbat egoera harrigarri, zenbat pasadizo gogoangarri? Eta zenbat hitz euskaraz, batzuek lehenengo aldiz eskolatik kanpo, eta zenbat ahalegin bide horretan? Horiek denak erantzun zehatzik gabeko galderak dira, eta erantzuna bilatzen hastekotan haur horietako bakoitzaren bihotzera eramango gintuzketenak.
Horiek denak gogoan dituztela egin nahi dute, 25 urteotako urteurrena aitzakiatzat hartuta, geldialditxo bat bidean, elkarren berri izateko, atzera begiratu bat emateko eta, aurrera segitzeko asmo sendoarekin, indar hartzeko.  

Hausnarketa eta erabakiak. Aldaketa garaia

Hogeita bost urte dira barnetegiak lanean ari direla ikasleak motibatzen eta girotzen haien arteko euskararen erabilera handitzeko.

Duela bizpahiru urte aldaketa edo eraldaketa prozesu bati ekin genion barnetegian, lan egiteko moduari dagokionez. Ikuspuntu aldaketa bat egin zen eta horrek dexenteko aldaketa ekarri du.

Urtetan egon gara haurrak, taldeak eta irakasleak hartzen, eta gehienetan emaitza onak lortu izan ditugu. Normalean haurren euskararen erabilera handitu egiten zen egonaldian eta, gainera, haurrak gustura egon ohi dira, ondo pasatzen zuten, eta denbora luzez gu horrekin konforme egon gara.

Hala eta guztiz ere, konturatzen ginen gure lorpen hori oso iraupen laburrekoa zela, erabilerari dagokionez. Egonaldian erabilerak gora egiten zuen, baina bukatutakoan lehengora itzultzen zen. Epe laburreko emaitzekin ari ginen, eta luzeagora joateko beharra sumatu genuen.
Iraupen laburreko aldaketa hura, barnetegian ematen zen aldaketa, behartua zen: “egin euskaraz,” “zertara etorri zarete hona?” eta antzekoak esanez horretaratzen genituen ikasleak. Baina behartutako aldaketa azalekoa zen, eta iraupen laburrekoa, eta gainera batzuetan giroa zapuztu egiten zen.
Zerbaiten bila hasita, konturatu ginen zein garrantzitsuak ziren emozioak eta sentimenduak, balioak, usteak eta sinismenak. Barnetegietan beti landu izan dira, baina era inkontzientean, eta ikusi genuen era kontzienteagoan, sistematikoan eta planifikatuan landu zitezkeela.
Bi esaldi jarri genituen bulegoan: “betikoa egiten baduzu, betikoa lortuko duzu”; eta: “probatzen duenak badaki, probatzen ez duenak ez.” Zalantza mementuetan hormara begiratzen genuen, esaldiak irakurrita indarra eta adorea jasotzeko.
Ordura arte haurren euskararen erabilera neurtzen denbora asko pasatzen genuen, astelehenean honenbeste egiten dute, asteazkenean horrenbeste... Erabaki genuen haurrei aurrerantzean ez geniela etengabe portaera jakin bat eskatuko. Baztertu egin genituen erabilerari lotutako sariak eta zigorrak. Asko kostatu zitzaigun eta oraindik ere kostatzen zaigu. Inpresioa genuen erabileran eragiteko arma bat galtzen genuela, esku hutsik geratzen ginela.
Irakasle askok esaten digute: “Gure ikasleek, behartuta ez bada, ez dute egingo”. Baina, gure ustekaberako, lehengo presiorik gabe ere emaitzak lehen bezain onak dira, eta hori irakasleek ere ikusten dute.

Erabilera ahaztu eta pertsona jarri dugu erdigunean

Lehen epe laburrerako genuen ikuspegia, orain epe luzeagorako bihurtu da. Lan egiteko moduari eta emaitzei buruz hausnartzen hasita, konturatu ginen gure lan egiteko ikuspegiaren erdigunean erabilera genuela, erabilera zela muina eta ardatza gure jardunean eta agian hori aldatu behar genuela, erdigunean erabileraren ordez pertsona jarrita.
Euskara inporta zait-etik zu inporta zatzaizkit-era pasa ginen, hizkuntzatik hiztunera. Haurrek eta taldeak berak ikusi behar dute ez dela bakarrik monitoreari euskararen gainetik ikasleak inporta zaizkiola. Oso garrantzitsua da haurrei mezu hori ondo iristea. Gerta daiteke guk erdigunean haurra izan arren, berak edo taldeak hori horrela ez sentitzea, eta orduan ez du ezertarako balio. Ez da garrantzitsua guk pentsatzen duguna, berak sentitzen duena baizik, berari iristen zaiona. Horregatik jarri genuen bulegoan hirugarren esaldia: “agian ahaztuko dute esan diezuna, baina inoiz ez sentiarazi diezuna.”
Ikuspegi aldaketa horrek, erdigunean erabilera izan beharrean pertsona izateak, gure lan egiteko era aldatzea ekarri du. Haurra eta taldea beste angelu batetik begiratzeak orain arte ikusten ez genituen alderdiak ikustea ekarri du, ate eta aukera berriak zabaltzea, baita lehen guretzat ezkutuan zeuden eta ikusezinak ziren zenbait haur ikusten hastea ere.
Haurrekin pertsonatik pertsonara komunikatzen saiatzen gara eta ez irakasletik ikaslera, botere harreman horizontalak bultzatu nahi ditugu eta haurra pertsona gisa baldintzarik gabe onartzen dugu, juzkatu gabe. Orain ematen ari garen saltoa da pasatzea guk haurrak euskara egin dezan nahi izatetik, haurrak berak euskaraz egin nahi izatera.
Lehen, garai batean pentsatzen genuen: “hau da jendea hau, euskaraz badakite eta hala ere ez dute egiten”. Baina konturatu gara kontua ez dela hain sinplea zoritxarrez, ikasle bakoitzak duelako bere historia, bakarra, errepika ezina; ezin diegu denei berdin eskatu, ezta denekin berdin jokatu ere. Euskaraz egitea edo ez, ez dago egin nahi izatearen edo nahi ez izatearen baitan soilik, ikasle bakoitzak eta talde bakoitzak du bere balio sistema, bere sinismenak eta usteak, eta sistema horren parte bat da euskararekin duen lotura, atxikimendua. Beraz, esku artean darabilgun gaia ez da hizkuntza, baizik eta nola bizi duen pertsona horrek hizkuntza.
Baina ezin da haurrak euskararekin duen harremana aldatu inguruan dituen beste harremanak ukitu gabe. Horregatik da garrantzitsua taldearen ikuspegia eta talde barruko harremanen ikuspegia.
Aldaketaren abiapuntua norberaren aldaketa da, ikuspegi aldaketa, horrek portaera aldatzea dakar. Aldaketak sistema osoan eragiten du, eta behartua baldin bada ez du balio, oso azalekoa eta iraupen laburrekoa izango delako.
Gu orain haurrengandik hurbilago gaude, haurrak bere osotasunean hartzen ditugu kontuan, emozionalki ukitu nahi ditugu, emozioak era kontzientean landuz. Haiengandik jasotzen dugun erantzuna beroagoa da, goxoagoa. Haurra, inporta natzaio  horretaz jabetzen denean, ireki egiten da, eta taldea ere bai.

Gu geu ere aldatu gara

Aldaketa hori ez da erraza izan, eta tentsioa eta ezinegona ekarri dizkigu lantaldera, aldaketen aurrean beti sortzen direlako kezkak, ezinegonak, beldurrak eta seguritate ezak. Askotan galdetu diogu gure buruari: eta orain arte egin dugun guztia gaizki al zegoen? Ba, ez. Horrelakoetan, gure lantaldea mendizale talde batekin konparatu ohi dugu. Mendizale talde bat gara, denbora luzez Txindokira igotzen aritu dena eta gora iritsi garenean, disfrutatu dugu egindakoaz, handik ikusten dugunaz. Baina gure asmoa ez da Txindoki puntan betiko geratzea. Orain handik jaitsi eta beste mendi bat igotzen ari gara. Baina Txindokira igo izan ez bagina ez genuen ikusiko oraingo mendia. Lehengoa egin genuelako egin dezakegu orain oraingoa. Guk ere gure lantaldean sistema bat osatzen dugu eta zati baten aldaketak besteetan eragiten du; gurean ere, aldaketa behartua bada, ez du funtzionatuko. Gure laneko aldaketa, aldaketa pertsonal batetik abiatzen da. Askotan aldatu nahi izaten dugu mundua gu aldatu gabe, eta hori ezinezkoa da.
Gure kasuan ikasleen eta irakasleen erantzunak eta balorazioak izan dira hasierako zalantzak eta beldurrak gainditzeko oxigenoa. Erabileraren emaitzak lehengoak bezain onak dira eta horrek lasaitasuna ekarri digu, erabileraren etengabeko neurketa gainetik kentzea, gainetik karga kentzea izan da. Gusturago ari gara, ilusio eta inplikazio handiagoarekin. Lantalde bezala ere kohesionatu egin gara eta malgutasun handiagorekin jokatzen dugu gure artean, guztion erritmoak errespetatuz. Gure lan egiteko era pazientzia eta malgutasun handiagorekin hartzen dugu, hemen ere behartzeak ez duelako balio.
Abiapuntuan gaude, asko falta zaigu, baina konturatu gara baliabide materialak eta programak oso garrantzitsuak izanda ere, horiek guztiak baino garrantzitsuagoak gu garela, gu geu garela baliabiderik garrantzitsuena, gu eta gure jarrera, uste eta balioak.
Iruditzen zaigu denon arteko sinergiak eraiki eta elikatu behar ditugula. Irakasleek eta monitoreok sistema bat osatzen dugu. Gure sistemak ere baditu bere balio, uste eta sinesmenak, eta sistema horren zati batean aldaketa gertatzen baldin bada, sistemaren beste zati batzuetan eragina izango du.

Kaixo! Ni Agustin naiz, 50 urte ditut eta nire bizitzaren erdia barnetegien “trenean” pasa dut. Trenak hainbat geltoki izan ditu, eta aurrera egiteko erak aldatzen joan dira; baina trena ez da inoiz gelditu. Geltoki bakoitzak markatu du trenbidea eta abiadura. Gaur egun eskolara itzuli behar izango banu ez nuke jakingo nondik hasi ere eta, seguru asko, orain ditudan baliabideekin dena hankaz gora jarriko nuke.

Oso gaztetatik, 17 urte nituelarik, hasi nintzen udalekuetan (Bernedo, Goiatz…), eta monitore gisa nire lehenengo esaldiak euskaraz osatzen. Soldaduska gogor baten itzuleran eskolan lanean hasi nintzen. A ereduko 180 ikasleren Euskara irakasle nintzela pasa nituen lehen urratsak irakaskuntzan. Gogoan ditut hango saiakerak erdal giroko haur haiek euskal mundura zerbait hurbiltzeko (Satorra irratia, Olentzeroren jaialdiak, Takolorekin, kanpaldiak…). Hiru urte pasatuta, Matematikako irakasle izan nintzen urte batez Amezketan. Han sortu zitzaidan barnetegi bat sortzeko gogoa, haurrak eskolatik (klaseak, edukiak, notak…) ateratzea nuen helburu. Proiektu bat osatu nuen (planoak, argazkiak, programa...), oraindik etxean daukat gordeta, eta inongo lotsarik gabe Lakuara joan nintzen. Han elkartu nintzen, lehen aldiz, Iñaki Artola eta Joxe Mari Berasategirekin. Orduan jakinarazi zidaten barnetegi bat sortu nahi zutela. Gehiegi pentsatu gabe, maleta hartu eta Eubara joan nintzen (1985. urtea zen).

Euba! Uaaaaa! Juxtu nahi nuena. Gazte-gaztea! Ilusioz beterik! Lankide zoragarriak! Denak kementsu eta gogotsuak! Hasieran ez nuen autorik eta askotan trenez joan behar izaten nuen. Goizeko 6:00etan pasatzen zen trena Lasarteko geltokitik (etxetik 2 kilometrora zegoen), eta ia 3 orduko bidaia zen. Etxera itzultzeko, Durangoko ordaintokian jartzen nintzen, ea norbaitek eramaten ninduen Donostiara, ertzainak etorri baino lehen. Gehienetan barnetegian bertan lo egiten nuen, kolore askoko sofa hartan. Gauean zenbat aldiz sartu ote nintzen haurren geletan gitarra eskuan haiek lotarazteko asmoz! Beti ez nuen lortzen, baina zein ederki pasatzen genuen! Gauak zaratatsuak ziren aterpetxean, eta txabola antzeko lokal batzuk ere bazirenez (garai batean emakumeek soldaduska bertan egiten zuten-eta), literak eta guzti, hantxe egiten nuen lo.
Aterpetxean baziren ahuntzak eta antxumeak, 30 inguru, baina poliki-poliki galtzen joan ziren. Ez dakit zehazki zergatik. Behin, kristoren elurtea izan genuen, eta nik penaturik antxume batzuk txabolan sartu nituen. A ze gaua! Goizaldean hura zen kiratsa! Baseliza ere bazegoen eta guk dantzaleku eta jolastoki bihurtu genuen. Moketa berde bat erosi nuen ez dakit zer aurrekontutik (Iñaki haserretu zen). Gero urte askoan erabili zen eta ospetsu bihurtu gure artean.
Bizkaia hobeto ezagutzeko aukera izan nuen: Gernika, Mundaka, Lekeitio… Batzuetan Zornotzan Xabier Amuriza bertsolaria topatzen nuen eta ilusio handia egiten zidan. Etxeko arduradunak, sukaldariak eta zaindariak bizkaieraz egiten zuten, eta askotan ez nien piperrik ere ulertzen. Nik beti bai erantzuten nien, eta aurpegi arraroa jartzen bazidaten “a, ez!” erantzuten nien. Egonaldiak luzeak eta gogorrak ziren (batez ere irakasle batzuentzat), baina baita hunkigarriak ere, bizipenez beteak. Askotan, taldeak agurtzerakoan malkoak nabarmenak ziren denen begietan. Lortutako harremanak oso estuak eta afektiboak ziren.
Nire bizitzako une alai eta gozoenetakoak Euban pasa ditut, baina gogorrenetakoak ere bai. Oraindik askotan gogoratzen naiz: taldean azkenetakoa zetorren, bere katiuska urdin alaiekin, eta Gaztelugatxeko aldapan gora eskutik helduta autobuseraino iristen lagundu nion. Ainhoa zuen izena. Aterpetxearen ondoraino heldu zen, baina ez zen sartzera iritsi. Geroztik, astero haur talde bat barnetegira heltzerakoan, bat gehiago kontatzen segitzen dut, Getxoko panpina gogoan. Zure ile hori luzea eta irribarrea ez ditugu inoiz ahaztuko. Gertakizun latza izan zen, bete-betean kolpatu ninduen, baina, zenbait buruhauste pasa eta gero, barnetegi eta haurren mundua utzi ordez, sasoi eta dedikazio gehiagorekin aurrera jarraitzea erabaki nuen.
Geroztik, luzea bezain aberatsa izan da ibilbidea: Gaztelu, Alkiza, Zerain, Segura... baina helburua ez da aldatu eta lanerako grina ere ez. Bejondeigula! 25 urte barru hitz egingo dugu.

Kaixo, Rosa Mari naiz eta 25 urte daramatzat barnetegietan monitore, eta gure orduko hasiera nola ikusten dudan kontatu nahi dizuet. 1985eko irailean hasi ginen Euban. Han elkartu ginen Agustin, Luisma eta hirurok proiektu berri bati heltzeko gogoz. Iñaki eta Jose Mari genituen behar genuen guztian laguntzeko prest.

Ilusio handiz ekin genion lanari. Gogoan ditut orduko olinpiadak, indioen eguna (lumak, txabolak, aurpegi margotuak...), egiten genituen etxolak, piraten egunak, txotxongiloak, eta baita, lehenengo txandakoek egin zuten "Loiolan jai jai" abestiaren bideoklipa, irrati saioak, bi orrialdeko eguneroko aldizkariak... Orduan oso modan zegoen Egan taldea eta guk ere asko erabiltzen genituen haien abestiak. Baita ETBren hasierako marrazki bizidunen "Arturo Erregea" eta "Dotakonen" abestiak ere.

Etxea txalet polita zen, inguruan etxolak zituena. Sarreran, orduan, monolitoa zegoen aurreko garaiak gogoratuz; “Sección femenina”ko etxea izan zen aurretik, eta oraindik han ziren uztarria eta geziak harrian zizelkatuta.
Susto batzuk hartu genituen, Gorlizeko Ibon autoak jo zuenekoa edo mutiko bat neguan igerileku ertzera joan eta erori ondoren dena bustita agertu zitzaigunekoa.
Baina une eder asko pasa izan ditugu. San Joan sua egin eta inguruan dantzan eta saltoka esate baterako, edo Olentzerori lana errazteko asmoz etxe aurreko zuhaitzean opariak eskegitzen aritzen ginenekoa.
Euskara bultzatzea genuen helburu nagusia, eta horretan ere gertatzen zitzaizkigun xelebrekeria batzuk. Behin 8 bat urteko mutiko bat beste bat erdaraz ari zela esaten etorri zitzaigun eta guk:
-Zer esan du ba?
-Ay!
-Baina, ai euskaraz ere esaten da.
-Bai, baina "i griegarekin" esan du.
Nik orduan "ya está" esateko ohitura nuen eta "kitto" esanez zuzentzen ninduten.
Beste behin, pentsa zein motibatuta zeuden ikasleak, etxera bueltan gurasoak txaranga batekin zeuden haien zain.
Gogoan ditut Santimamiñera eta Butroira egindako igandeetako irteerak ere. Orduko egonaldiak 12 egunekoak baitziren. Baita Dudagoiti auzora joaten ginenean hango baserri batean zuten Txurtxil izeneko azeria ere…

Kaixo, Ibai dut izena; 1994. urtean, 12 urte nituela, Elgoibarko Aubixa barnetegira joan nintzen, Basauriko Arizko Ikastolako ikasle nintzela, astebete pasa. Nahiko ume satelitea nintzen eta ez dut uste jakingo nuenik zertara nindoan ere, baina esperientzia haren inguruko sentsazio on eta gozoak gordetzen ditut nire baitan. Pozik egon nintzen, gustura.

Hamasei urte geroago, irakasle-nomada naizela (karrera bukatutakoan, GPS-a eta iparorratza oparitu beharko lizkigukete), Alkizako barnetegira bidali naute lanera. “Baina nola barnetegira! Zertara? Han lotan?”- pasatu zitzaidan burutik, nagiaren mehatxu eta irainen artean. Baina hurrengo egunean autoa hartu eta, ordu eta erdi geroago, Casadiosen (barkatu, Alkizan) nintzen, herri txiki-txiki batean.

Astebete inguru pasadut han beharrean eta, egia esan, hezkuntzari buruz daukadan ikuspuntua aberasteko balio izan dit, hezkuntzarekin lotutako beste arlo batekin kontaktuan jartzeko, nire baitan ahal den heinean biak nolabait uztartzeko. Alkizan metodologia berri baten ikasketan eta praktikan murgilduta dabiltza buru-belarri, eta oso prozesu interesgarria iruditu zait.
Dena dela, gehien irakatsi didana ez da izan metodologia edo hezkuntzaren ikuspuntua. Bada hezkuntzari buruzko hausnarketa interesgarri hori guztia baino are garrantzitsu eta aberasgarriagoa izan zaidan zerbait: giza balioa.
Miresgarri eta eredugarri egin zait 25 urtez lan berean diharduten pertsonek ze r-nolako grina eta interesa daukaten euren beharra hobetu guran: betierehaurrei transmititu nahi dizkieten balioak nola hobeto helarazi, nola harremanak hobetu, nola egin, nola eragin, nola...
Bejondeizuela zuen lanagatik eta garragatik, eta bejondeizuela, batez ere, zuen eredu eta umiltasunaz, irakasle hasi berrioi transmititzen dizkiguzuen gogo eta balioengatik.    Montse SORIA

25 urteko ibilbidean, barnetegietako ikasleek eta irakasleek egin ohi duten ebaluazio saioetan esandakoetatik aukeratutako 25 esaldi dira hauek, bat urte bakoitzeko.

IKASLEAK

1. Ez da aspertzeko astirik izan, ez nuen sinisten horren ondo pasako
    nuenik.
2. Euskaraz hitz egiten ondo sentitu gara.
3. Nigan konfiantza gehiago hartu dut. Beldurrik eta lotsarik gabe
    gauzak hobeto egiten direla ikusi dut.
4. Denok berdinak gara, talde bat gara. 
5. Etxean bezala egon gara.
6. Lagun hobeak egiteko balio izan digu.
7. Ezin da hitzez adierazi, bizi egin behar da.
8. Bost egunetan euskaraz bizitzeko gai naizela konturatu naiz.
9. Bi talde ginen, neskak eta mutilak, baina zuei esker orain hurbilago
    gaude. 
10. Taldea hobeto doa orain. Guztiok elkarrekin gehiago dibertitzen
      gara.
11. Euskal kantak asko gustatu zaizkit.
12. Konturatu naiz eskolatik kanpo ere, auzoan eta lagunekin, euskaraz
      egin dezakegula.
13. Talde lanean, gogoa eta itxaropena jarrita, gauza asko lor daitezke.
14. Euskaraz hitz egitea dibertigarria da.
15. Talde lana ona da, beldurra galdu behar dugu.
16. Lotsa kendu dut besteen aurrean hitz egiterakoan.
17. Ikusi dut ezinezkoa zena jende askoren artean lortu egiten dela.
18. Sentimenduak azaldu ditut, emozionatu egin naiz.
19. Ez zaituztet inoiz ahaztuko, eta aste honetan egin duguna ere ez.

IRAKASLEAK

20. Ikasleen arteko harremanak sendotu dira eta euskararen hazia
      barruan sentitu dute.
21. Atetik txiki sartu ginen eta handi ateratzen gara. Egonaldian egon
      egoten gara, gu egon beharrean barrukoa mugitu dugu.
22. Egonaldia aberatsa, erakargarria, alaia, bizia eta positiboa izan da
     denontzat.
23. Eskolan gehiago kostatzen zaigu pertsonak ikustea, ikasleak ikusten
     ditugu.
24. Egonaldia errepikatu nahiko genuke, gauza txar eta onekin.
25. Bizipen politak eta oroitzapen ederrak, luzaroan iraungo dute.

               Erraz esaten da 25 urte!  

25 urte, saiakeran! 25, berrikuntzan! 25, ilusioari eusten eta berritzen!

Administrazioko NOLEGA ataleko teknikari lanpostutik lotura handia sentitzen dut Euskal Girotze Barnetegiekin. Izan ere, hasiera-hasieratik Agustin eta Rosa Marirekin batera, 25 urte hauetako ibilbide osoa daramat egina neuk ere; modu desberdinean, jakina.

Edozein lanetan, baina nire ustez administrazioan bereziki, maiz galdetzen diozu zeure buruari egiten ari zaren lan horren zergatiaz, zentzuaz, garrantziaz... Sarritan aurkitzen duzu zeure burua funtsean alferrikakoa dela uste duzun zerbait egiten, burokraziaren lan astunetan murgilduta batzuetan, sinesten ez dituzun zereginak egin beharrean. Eta  susmoa dut administrazioan, zenbait lankidek administrazioko lana ikusteko beste aukerarik ez dutela. Nik, aldiz, zorte handia izan dut. Aukera izan dut lan hauetako askoren beste aldea ere ikusteko, bizitzeko, gozatzeko. Barnetegien kasuan, aukera izan dut, hiru hilabetean behin bederen, barnetegietara joan eta bertatik bertara hango lana ezagutzeko, hango irakasle-lagunekin harremanak izateko, haien ilusioak eta kezkak partekatzeko, haiekin batera ikasteko eta hazteko, ahal izan dudan neurrian ekarpenak egiteko, azken batean, talde honetan kide sentitzeko, proiektu zoragarri honen parte sentitzeko. Horregatik, idatzian taldearen barnean kokatuta arituko naiz.
Ezagupen eta bizipen hauek izateak nire administrazioko lanari ikuspegi aberatsa ere ekarri dio dudarik gabe. Uste dut uztardura hau oso komenigarria dela administrazioan ari garenontzat. Erabateko zentzua aurkitzen zaio, horrela, bulegoko lan hotz eta isolatuari.
Itziar Idiazabalek argi berdea eman zionean Joxe Mari Berasategik eta biok, artean bi gaztetxo, aurkeztutako Eubako proiektu pilotuari, nork pentsatuko zuen hain ibilbide luze eta aberatsari ematen zitzaionik hasiera. Jakingo balute Itziarrek eta Joxe Marik 1985eko udaberri hartan ereindako haziak zenbat fruitu eman duen dagoeneko eta zein fresko eta indartsu dagoen. Proiektu pilotu gisa sortutakoa benetako ikerketa gune bilakatu da denborarekin, berrikuntza gune, aholkularitza gune, irakaskuntza gune, zerbitzu gune. Asmatu egin dute, nire ustez, Hezkuntza Administrazio desberdinek barnetegi hauei autonomia handia eskainiz: saiakerarako aukerak, ikertzeko tresnak, baliabide nahikoak... Erantzun ere soberan egin dute barnetegiek eta horrela jarraitzen dute gaur egun ere. Lan talde honek 1987rako jolas bilduma bat argitaratu zuen, 5.000 aleko tirada izan zuena. Gerora beste bitan argitaratu zen, beste horrenbeste alekoak. Guztiak daude agortuak gaur egun, baina materiala eskuragarri dago Internet-en bidez. Ehunka dira barnetegietan asmatu eta saiatu diren jolasak, tramankuluak, panelak... Milaka, horien bidez ukitutako bihotzak. Milaka, irakasleek jasotako ideiak edota materialak. Hasiera-hasieratik, teknologia berrien erakarmena baliatzen ere asmatu da barnetegietan: bideoak, grabazioak, ordenagailuak... Horrekin batera baina, pottoketan ibiltzea eta naturaz gozatzea ere helburu izan da gune hauetan, betiere, euskara eta euskal kultura ikasleen bizipen esparruetan era atseginean txertatzen ahaleginduz. 

Erronkak berrituz

Benetan sinesten dut ondo egin dela lana bi hamarkadetan barnetegietan. Ikusi besterik ez dago ikasle, irakasle eta gurasoen balorazioak. Bikaintasunaren  maila altua lortzen ari ginen 2000. urtearen inguruan: programa egokia, jolas erakargarriak, erabilera areagotzeko estrategia finak, lorpen neurgarriak... Eseri eta patxadaz aritzeko moduan ginen, nahi izanez gero. Baina orduan ohartu ginen, benetan, gainerako irakasleentzat eta hezkuntza sistemarentzat baliagarriak izan zitezkeela esperientzia honetan metatutako ekarpenak. Ez ginen lokartu eta erronka berrietan murgildu ginen. Hainbat material berritzailek ikusi zuten argia orduan: Txango, Joan Zaku eta EGE maleta. Bide horretan asko ikasi  genuen guztiok, ikasi ez ezik hazi ere egin ginen.
Ustez ondo egiten genuen hura bera ere zalantzan jartzeko gai izan ginen. Helburuak birformulatu eta estrategiak aldatu; pertsona-haurra, pertsona-irakaslea, pertsona-lankidea erdigunean kokatuz, erabateko aldaketa egiteko gai izaten ari gara. Orain bide honetan bikaintasuna lortu nahian gabiltza. Hau da gure heldu aro honetako erronka. Izan ere, urteak eta egoerak ere ez dira alferrik pasatzen. Orain 25 urteko ikaslea eta oraingoa ez dira berdinak. Orduko gizarteak euskararen inguruan zuen pertzepzio makroa ere aldatzen joan da. Irakasle-ikasle harremana bera ere nabarmen aldatu da urteotan. Gazte-haur horien interesgune eta motibazio gaiak ere aldatu dira. Gu geu eta gure balioak ere aldatzen joan dira. Finean, ikasle-pertsonaren barneraino iritsi nahiak ekarri ditu aldaketak.
Hizkuntzaren erabileraren auziari heldu nahi izan zitzaion 1985erako. Ordurako nabarmena zen gerora begi-bistakoa gertatu dena: eskolak, berak bakarrik, ezin du ezagutza eta erabilera bermatu. Ezin zuen B ereduan, ezta A ereduan ere, jakina, baina D ereduan ere ez. Erabilera gertatuko bada, gaitasunaz gain, bestelakoak ere behar dira: aukera askotarikoak, bizipen gogoangarriak, taldea, gustuko emozioak, lotura afektiboak... Osagai horiek eskaintzen saiatu dira 5 barnetegiak 25 urteotan. Gaur egun, hori guztia ikasleari modu kontzientean eskaintzeaz gain, irakasleari gelarako baliagarri izango zaizkion estrategiak, ikuspuntuak eta metodologia eskaintzen saiatzen ari gara. Are gehiago, uste dut gaur gure eskolak hain beharrezkoa duen haize freskoaren apur bat behintzat baduela barnetegietan. Orain 25 urte saiakera zirenak gaur errealitate eta benetako laguntza-tresna dira gure hezkuntza sisteman.

Lan talde iraunkorra eta sendoa giltzarri izan da

Berariaz azpimarratzekoa da hizkuntzaren erabileraren arlo honetan maila profesionalizatuan dagoen lan talde kualifikatu iraunkorrena eta sendoena dela Euskal Girotze Barnetegietakoirakasle/monitore/teknikari/aholkulariek osatzen dutena. Nik dakidala, gainera, ez da hemendik kanpora, ezta nazio artean ere, maila honetako esperientziarik, ezta horrelako lan-talderik ere. Honek bihurtzen du lan talde hau erreferentzia gune eta ematen dio berariazko garrantzia barnetegietan eta pertsona hauengan metatutako esperientziari.
Hausnarketa hau amaitzeko, proiektu honetan izan diren eta diren guztiak aipatu nahi ditut: hasteko, barnetegietatik pasa diren milaka ikasleak eta haien gurasoak, agintariak, zerbitzuaren burua, NOLEGAn izan ditudan eta ditudan lankideak, barnetegietan luze edo labur monitore (izan) direnak, barnetegietara etorrita ahalegin berezia egin duten milaka irakasleak, aholkulari, koordinatzaile edota prestatzaile gisa ari zaretenak eta baita aterpetxe bakoitzean (izan) ditugun bestelako lankideak. Zalantzarik ez dut Maritxuk edo Elenik maitasunez egindako patata-tortillek ere izan dutela eragina. Bakoitzak berea jarri du proiektuan, bere mementuan, eta guztionak hortxe dirau gaurko errealitatean. Eskerrik asko eta zorionak guztioi 25. urteurren honetan!
Uste dut barnetegiotan milaka hazi on jarri direla eta jartzen ari garela. Lan isila eta askotan aitormenik gabekoa izan da urte hauetakoa, baina gaur egun ondo egindako lanak eta norabideak ematen duen segurtasuna, poza eta lasaitasuna dugu indar iturri. Mementuz, gurea horixe da: ikasleei, gurasoei eta irakasleei gure onena eskaintzea eta, hori bai, talde honetako kide izateak sentiarazten digun harrotasuna jasotzea ordainetan.