Hezkuntza munduko pertsona guztien eskubidea dela onartua dago. Zer egiten ari da hori lortzeko
1945ean, Unesco fundatu zuten herrialdeek konstituzio bat sinatu zuten, eta “berdintasunean oinarrituta, hezkuntza pertsona guztien eskura jarri beharraz” jabetzen zirela adierazi zuten konstituzio horretan. Harrezkeroztik, Unescoren zereginetako bat aukera horiek egia bihurtzeko benetako ahalegina egitea izan da. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak ere halaxe dio: “Pertsona orok du hezkuntza eskubidea” (26. atala). Urte asko pasatu dira ordutik, eta asmo horri berorri heldu zaio urte horietan guztietan: pertsona bakoitzari ikasteko eta oinarrizko irakaskuntzaren onurez gozatzeko aukera ematea eta ez ausaz gertatutako gorabeherek horretarako bidea eman dutelako edo pribilegioa delako, eskubide delako baizik.
Guztiontzako Hezkuntza Eskubidea guztion kontua da
Unescoren eta Nazio Batuen Erakundearen barneko beste lau erakunderen ekimenez (Unicef, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsa; NBIP, Nazio Batuen Ingurumen Programa; UNFPA, Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsa; eta MB, Munduko Bankua), 1990. urtean, mundu osoko hainbat herrialde Jomtien-en (Thailandia) bildu ziren, oinarrizko hezkuntzarako estrategia bateratu berri bat onesteko. 2000. urtean, 164 gobernu eta erakunde ordezkari Dakarren (Senegal) elkartu ziren, hamarkada horretan oso gutxi aurreratu zela ohartuta, orduan hartutako konpromisoa berresteko eta Guztiontzako Hezkuntzaren sei helburuak onartzeko. Hezkuntzari buruzko ikuspegi global bat islatzen dute helburu horiek; besteak beste, haur txikiak zaintzea eta haur horien garapena lantzea nahiz gazte eta helduak alfabetatzeko eta bizitza aktiborako behar dituzten gaitasunak barneratzeko aukera ematea.Guztiontzako Hezkuntza ezinbestekoa da garatzekoHezkuntzak pertsona eta komunitate guztiei zabaltzen dizkie ateak. Guztiontzako Hezkuntzaren helburuak ez ezik, 2000. urtean adostutako Milurteko Helburuak lortzeko ere oinarri-oinarrizkoa da hori, horixe delako bidea haur, gazte eta helduei ondo funtsatutako erabakiak hartzeko aukera emango dieten ezagutzak eta eskumenak helarazteko, horien osasuna eta bizi maila hobetzeko eta ingurumen seguru eta iraunkorragoa lortzeko. 1996an Delors txostenak azaldu zuenaren ildotik, hezkuntzak izaten, ezagutzen, egiten eta elkarrekin bizitzen ikasteko aukera ematen digu. Hau da, kalitatezko hezkuntzak gizaki garen aldetik ditugun ahalmenak ahalik eta gehien garatzeko bidea ematen digu. Bakea, duintasuna, justizia eta berdintasuna ardatz izango dituen mundu bat eraikitzea hainbat faktoreren mende dago, eta, zalantza izpirik gabe, kalitatezko hezkuntza da garrantzitsuenetako bat.Guztiontzako Hezkuntzaren helburuak
1. helburua. Haur txikien zainketa eta hezkuntza zabaltzeaElikadura okerra edo malnutrizioa sufritzen dute munduan 5 urtetik beherako hiru haurretik batek, eta horrek, luzerora, kalte handia eragiten dio, bai hezkuntzaren ikuspegitik eta bai Lehen Hezkuntza unibertsal bihurtzeko munduan egiten diren ahaleginen ikuspegitik ere. Haur txikiei eskaintzen zaizkien arreta eta zainketetan aldeek jarraitu egiten dute, batez ere, familien diru sarreren eta gurasoen heziketa mailaren ondoriozkoek. Eskolaurreko irakaskuntzan, matrikulazio tasak oso txikiak dira oraindik garapen bidean diren herrialdeetan (eskolaurrean, haurren % 36 doa eskolara batez beste).2. helburua. Nahitaezko eta doako lehen hezkuntza eskaintzea guztiei
Garapen bidean diren eskualdeetan, matrikulazioak gora egiten jarraitzen du Lehen Hezkuntzan, eta, arlo horretan, aurrerapen handiak egin dira Saharaz hegoaldeko herrialdeetan eta Hegoaldeko eta Mendebaldeko Asian. Eskolatze zergak kentzeak izugarrizko eragina izan du hainbat herrialdetan, Etiopian, Kenyan eta Tanzaniako Errepublika Batuan, esate baterako. Hala ere, doako Lehen Hezkuntza unibertsala ez da oraindik egia bihurtu, ez horixe. Munduan, oraindik, 75 milioi haur eskolatu gabe daude: horietatik % 55 neskak dira, eta ia % 50 Afrikan bizi dira, Saharaz hegoaldeko herrialdeetan. Familia pobreetako haurrek, nekazaritza inguruetakoek eta hirietako auzo txiroetakoek dituzte zailtasun handienak, bai eta talde pobreenetako kideek ere.3. helburua. Gazteei eta helduei begira, ikasteko eta eguneroko bizitzarako behar dituzten gaitasunak eskuratzeko programak sustatzea
Gobernuek ez diete behar besteko lehentasuna ematen gazteek eta helduek ikasteko dituzten oinarrizko gaitasunei eta beharrei. Bigarren Hezkuntzaren hedadura eta kalitatea ez dira egokiak. Maila horretan gradua eskuratzen duten gehienak zuzenean lan mundura doazela kontuan hartuta, gobernuek, enplegatzaileek eta sindikatuek kalitatezko irakaskuntza programa teknikoak eta lanbide ikasketakoak landu behar dituzte, eskolaren eta lan munduaren arteko desorekak saihesteko.4. helburua. Helduen alfabetatze maila
% 50 handitzeaGuztiontzako Hezkuntzaren helburuen barnean, helduen alfabetatzean jartzen da arreta gutxien. Munduan, pertsona helduen artean, 776 milioi analfabeto daudela kalkulatzen da. Gaur egun nabarmentzen ari diren joerek jarraitzen badute, 2015. urtean munduan idazten eta irakurtzen ez dakiten 700 milioi heldu egongo dira. Analfabetoen % 80 hogeiren bat herrialdetan bizi da, eta horietatik erdia baino gehiago, lau herrialdetan (Bangladesh, Txina, India eta Pakistan). Munduan alfabetatu gabe dauden pertsonen artean, bi heren emakumeak dira oraindik.5. helburua. 2005ean, hezkuntzan sexuen arteko parekotasuna lortzea, eta, 2015ean, berdintasuna
Garapen bidean diren herrialdeetako neska askok oraindik ere ez du hezkuntzak eskaintzen dituen aukerez gozatzeko modurik. Nesken artean, eskolara inoiz ez joateko arriskua askoz ere handiagoa da mutilen artean baino, eta eskolatu gabeko nesken kopurua egoera horretan dauden mutilena baino dezente handiagoa da. Gutxi gorabehera, herrialdeen bi herenek lortu dute Lehen Hezkuntzan nesken eta mutilen arteko parekotasuna, baina, Bigarren Hezkuntzan, soilik herrialdeen % 37k lortu du helburu hori bera. Dirulaguntza programei, komunitateetako sentiberatze kanpainei, zerbitzu higienikoetan egin diren hobekuntzei, ikasleengandik gertu dauden eskola eraikinei eta beste neurri batzuei esker, sexuen arteko desberdintasuna murriztu egin da. Hala ere, Saharaz hegoaldeko zenbait herrialdetan eta Pakistanen, Lehen Hezkuntzan matrikulatutako 100 mutileko 80 neska edo gutxiago daude.6. helburua. Hezkuntzaren kalitatea hobetzea
Lehen Hezkuntzan dabiltzan haurren kopurua izugarri hazi bada ere, haurrek ez dute jasotzen merezi duten kalitatezko hezkuntza. Gaur egun, kalitatezko hezkuntza da herrialdeen lehentasun nagusia, nazioartean, eskualdeetan eta herrialdeetan eskolari ateratzen zaion etekinari buruz egin diren ebaluazioek argi erakusten baitute Lehen Hezkuntzako haur askok, lehen mailetan, ez dutela lortzen irakurketaren prozesuaz jabetzea; eta ezinbestekoa dute hori ikasten jarraitzeko. Hezkuntzaren kalitateari begira, alde nabarmenak daude, bai herrialde aberatsen eta pobreen artean, bai herrialde bakoitzaren barnean. Asian eta Afrikan garapen bidean diren zenbait herrialdetan, ez dituzte nahikoa maisu-maistra, ez eta oinarrizko baliabideak ere: argindarra, ura, ikasmahaiak, aulkiak eta eskola liburuak, adibidez. Mundu guztian, Lehen Hezkuntzako maisu-maistrak 27 milioi baino gehiago dira. Horietatik % 80k garatutako herrialdeetan lan egiten du. 10,3 milioi maisu eta maistra gehiago beharko dira, 2015. urterako kalitatezko Lehen Hezkuntza Unibertsala lortu nahi bada.•