Hezkuntzari erasoaldiaren irakurketa eta erantzuna

2011-02-01
 
 

Azken urtean  EAEko eta Nafarroako Hezkuntza sailek abian jarri nahi zituzten hainbat proiektu ezagutu ditugu: Curriculum dekretu berria, Indarkeriari legitimazioa kentzea eta bizikidetza demokratikorako plana, marko hirueleduna, irakaskuntzari ezarritako murrizketak (RTPak), ikasleen eskubide eta betebeharren dekretua… Asmo hauek guztiak hezkuntza komunitatearekin landu gabe onartu zituzten eta hezkuntzako eragile zein sindikatuen gehiengoaren ezetza jaso zuten.

Hezkuntza komunitatearen iritzia entzuteari eta kontutan hartzeari muzin egiten diote. Dena den, azken egunotan ezagutu dugu berriro ere Nafarroako eta EAEko Hezkuntza sailek ez dutela atzera egiteko asmorik, kontrara, lege edo dekretu hauek guztiak aplikatzen hasteko urrats berriak ematen ari dira.

Sortzen Ikasbatuazen ustez, alarma gorri guztiak piztuta daude. Elkarrekin erantzun bateratu bat pentsatu eta aurrera eraman beharra dago. Kalitatezko eskola publiko euskalduna eraikitzen jarraitu nahi dugulako. Horretaz ohartuta, herrialde ezberdinetan sare publikoa osatzen dugun ikasle, irakasle eta gurasoekin asanblada zabalak burutu ditugu abenduan zehar denon iritziak bildu eta erantzun bateratu bat adosteko. Gaurkoan, herrialde ezberdinetan egindako asanbladetan jasotako iritzi eta adostutako erabakiak aurkeztuko ditugu. Gaurtik hasita erantzun dinamika batean sartuko gara eta Euskal Herriko ikastetxeetara eramango dugu ekimen hauekin bat egin eta denok batera erantzun irmoa emateko helburuarekin:

Indarkeriari legitimazioa kentzea eta bizikidetza demokratikorako plana

IRAKURKETA
- Herriaren errealitatea eskolan islatu behar da. Gu, dauden gatazka ezberdinek hezkuntza eta eskola eremuan ere lekua izan behar dutelako iritzikoak gara.
- Baina, bizi dugun gatazka gordinak alde bakarrean soilik eragiten al ditu biktimak?  Biktimak mota askotarikoak dira: gerran fusilatu, desagerrarazi edo/eta kartzeleratu zituztenak, kartzela-erbestean daudenak, tratu txarrak jasandako eta eraildako emakumeak, baztertuta bizi direnak, hile bukaerara heldu ezinean dabiltzanak, bizitza proiektu bat eraiki ezin duten gazteak...
- Eta errealitate hori sufritu izan dutenen eta gaur egun ere pairatzen ari direnen seme-alabak ditugu gure ikasgeletan. Ezin dakioke inori bere sufrimendua edo biktima sentimendua ukatu.
Giza eskubide indibidual eta kolektiboen gaineko heziketa integralarekiko konpromisoak bultzatu beharrean, diskurtso ofizial bakarra erakutsi eta ezarri nahi du, biktima batzuk soilik errekonozituz, eta besteak ezkutatu eta mespretxatuz. Biktimen errealitate gogorra gatazka konpondu eta haurrak bakean hezteko baino helburu politikoekin egiten ari dira. Honek,  jendartearen kohesioa lortu ordez, zatikatu eta gorrotoa sortzea ekar dezake. Ikastetxeetan, familien artean, hezkuntza komunitatean kohesioa landu beharrean, tentsionamendu iturri izango da.

ERANTZUNA

Honen aurrean, adostutako erabakia honako hau da:
- Ikastetxe publiko batek, dokumentu bat osatu du, ikastetxeko organo ezberdinetan onartu eta Hezkuntza Sailari bidaltzeko. Asanbladetan ondo ikusia izan da eta elkarteak testu horrekin bat egin eta hurrengo egunetan, ikastetxe guztietara zein hezkuntza komunitateari zabaltzea adostu du hauek ere erantzun bera bideratu dezaten.
- “Indarkeriari Legitimazioa Kentzea eta Bizikidetza Demokratikorako (2010-2011) planean” parte ez hartzea proposatzen dugu eta hala jakinarazi Hezkuntza Sailari.
- Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza sailak honelako erabakiak hartu aurretik Hezkuntza komunitatearekin, eragileekin, sindikatuekin eta partidu politikoekin konta dezala eskatzen diogu. Tamaina honetako erabakiek babes sozial handiagoa izan behar dute eta.

Marko hirueleduna eta TIL

IRAKURKETA
Ereduak gainditu eta euskara irakats hizkuntza nagusia bilakatu beharrean, hizkuntza gutxitua eta gaztelera parekatzen ditu, ingelesari ere ordu kopuru bera eskaintzen zaiolarik( % 20, % 20 eta % 20). Horrela ezin da euskara berreskuratu. Guk eta hezkuntzako eragile zein sindikatuen gehiengoak dekretu horren aurka egiten du. Hezkuntzako gehiengoaren arabera, D ereduan oinarritutako hizkuntza eredu bakar, euskaldun eta eleanitza beharrezkoa da, ikasle euskaldun eleanitzak hezteko.

ERANTZUNA

Hau ikusita, ekimen hauek eramango ditugu aurrera:
     -   Sortzen Ikasbatuazen ikastetxeek ez dute Trilinguismo eta TIL proiektuetan parte hartuko. Gure erabakia, Hego Euskal Herriko ikastetxe publiko guztietara hedatzen saiatuko gara, euskararen aurkako proiektu hauetan ez dezaten parte hartu. Eta Nafarroako eta EAEko hezkuntza sailei euskararen kalterako diren hizkuntz eredu hauek bertan behera utz ditzaten exijitzeko. Horretarako, eskola kontseiluetan onartzeko testu bat prestatu dugu.
- Informazioa hedatuko dugu. Hitzaldi bira egingo dugu Hego Euskal Herriko herri eta ikastetxeetatik.

Ordezkapenak eta murrizketak

IRAKURKETA
- EAEko Hezkuntza sailak soilik gutxiengo sindikalaren babesarekin sinatutako akordioa martxan da. Hala, irakasle postuen murrizketak eta ikastetxeetara ordezko irakasleak ez bidaltzeak arazo larriak sortu ditu: sarri, Euskal Herriko eskola publikoetako haurrak irakaslerik gabe aurkitu dira; ordezkorik ezean, gainontzeko irakasleek edo zuzendaritza taldeek ordezkatzen dituzte irakasleak, lan baldintzak okertuz eta eskolaren kalitatea asko murriztuz.

ERANTZUNA

Euskal Herriko gehiengo sindikalak adostutako neurriekin bat egiten dugu eta ekimen horiek bultzatuko ditugu era aktiboan. Hala, gaurtik aurrera Sortzen Ikasbatuazen ikastetxeek: batetik, ordezkorik agertzen ez denean gurasoak informatuko dituzte; bestetik, Hezkuntza Sailera kexa gutunak bideratuko dira. Egoerak bere horretan jarraituz gero plantoak egingo ditugu.

Curriculum dekretua

IRAKURKETA
- Euskal Herria ez dela existitzen dioen curriculuma onartu zuten EAEko parlamentuan. Behin dekretua onartuta, berau praktikara eramateko urratsak ematen ari dira. Arazoa ez dago terminoan, subjektuan edo eremuan baizik. Hau da, geografian ofizialki ezingo dira Euskal Herriko 7 herrialdeak ikasi, 3 baizik; historian, soilik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako historia ikasi ahal izango da. Horrela irakasgai guztietan.

ERANTZUNA

- Sortzen Ikasbatuazen ikastetxeetan Euskal Herria irakasten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Euskal Curriculuma. Hezkuntza sistemaren ardatza curriculuma da. Zentzu honetan, Euskal Curriculumaren eraikuntza bururaino eramateko konpromisoa hartzen dugu.

Ikasleen eskubide eta betebeharren dekretua

Nafarroan ikasleen eskubide eta betebeharren dekretua onartu berri dute. Irakaslegoari autoritatea lege bidez emateak, antzinako irakasle autoritarioetara bueltatzearen arriskua dakar. Honek ez du ikastetxeetako giroa hobetzeko aferan inolako laguntzarik ekarriko. Autoritatea ez da lortzen dekretuen bidez, bai ordea eskola komunitate osoaren arteko eguneroko elkarlanarekin. Sortzen Ikasbatuaz Nafarroako hezkuntza komunitateko ordezkariekin bildu da eta dagoeneko lehen kexa zein mobilizazioak burutu ditugu. Afera honen erantzuna antolatzen jarraitzeko asmoa dugu eta dekretu honek egunerokotasunean ekarriko dituen istiluen aurrean erantzuteko borondatea dugu.