Mirtha Chokler: Haur txikien mugimenduaren genesia

2011-02-01

Agnes Szanto doktoreak hauxe dio: "Guk, profesionalok, guraso helduok, haurrengandik ikas al dezakegu? Haurrek zerbait erakusten al digute guri, eta ez soilik guk haiei?" Galdera interesgarriak dira. Horiexei erantzuten saiatu zen Mirtha Hebe Chokler psimotrizista argentinarra Hik Hasik antolatutako jardunaldietan. “Haur txikien mugimenduaren behaketa” izan zen aztergai eta hizpide. Buenos Airesko Psimotrizitate Eskolako zuzendariak haurren garapen goiztiarrean mugimendu askatasunak duen garrantzia azpimarratu zuen. Han esandakoak bildu ditugu hurrengo orrialdeotan.

 
 

Haurren mugimendua jaiotako unean bertan hasten da

Jaioberritan dugun mugimendu askatasun horren garrantziari buruz, psikismo goiztiarraren eraikuntzari buruz pentsatzeko eta gogoeta egiteko puntu asko daude. Hau da, azken batean, subjektibotasunaz edo norbera izatea deritzogun horri buruz.

Zein dira subjektuaren barne baldintzak eta horrentzat sortzen dugun giroaren kanpo baldintzak (giro materiala, objektuen giroa, egiturarena; haur bat oinez ibiltzeko segurua ez den toki batean egongo balitz, oso zaila izango litzateke zutitzea)? Hau da, baldintza materialak eta emozionalak daude.
Eta haurrek hezte prozesu horretan dituzten gaitasun eta ahalmen horiek errespetatzen ez direnean sortzen diren arriskuak ere aipatuko ditut.
Enuntziatu bat hartuko dugu abiapuntutzat: haurra, jaiotzen denetik, subjektu ekintzailea da, ez soilik erantzuten duen subjektua. Funtsezko elementua da hori guretzat. Subjektu ekintzaile hori munduan dago, mundua mugitzen du, mundua aldatzen eta bultzatzen du, eta ez da soilik beste baten estimuluari erantzuten dion subjektua.
Irudika ezazue egoera hau: haurtxo jaioberri bati, bere kasa uzten zaio amaren gainean. Eta zer egiten du bere bizitzako lehen 15 minutuetan? Amaren gainean mugitzen hasten da bere baliabide guztiak martxan jarrita herrestatzeko, titibururaino iritsi arte gora egiteko; toki horretaraino zehazki, ez du beste toki batean xurgatu. Titibururaino joan da zehazki, ziurrenik genetikoki programatutako eta usaimenak edo ezagutzen ez dugun beste mekanismo neurofisiologiko batek aktibatutako erregistroren batean jasota duelako; 15 minutuko bizia duen haurtxo horrek bere bizitzan funtsezkoa den muturreko esperientzia hori bizi izan du, bera bakarrik, bere kabuz, sentitzeko gai izan da eta bere beharra ase du.
Esperientzia horretan, zer da haurraren ekarpena, eta zer bestearena?
Beharbada, garrantzitsua da pentsatzea, horren txikia izanda ere, haurtxo horrek bere azalean bizi, esperimentatu eta sumatu ahal izan duela sentitzeko gai dela, behar bat barneratzeko gai dela, eta behar hori ase nahi izan duela.
Zuetako askok samurtasuna sentitu du horrelako eszena bat irudikatuta, eta harridura ere bai batzuetan, haurtxo horren gaitasuna eta ahalmena ikusita liluratuta sentitu zaretela. Eta, beraz, samurtasun hori, emozio hori, miresmen hori, amak ere sentituko du, eta, beharbada, aitak ere bai, aurrean baldin badago, eta mediku taldeak, obstetrikalariek, eta jaiotza ikusi duten erizainek, gertaera berezi eta sortzaile hori, haurtxoaren biziaren gertaera egituratzaile hori haurtxoak berak bizi dezan baldintza materialak, espazialak, denborazkoak, emozionalak eta afektiboak sortu dituztenek, hain zuzen.
Haur horrek motrizitatea ez du bizi soilik mugitzeko, tokiz aldatzeko edo objektuak hartzeko; aldiz, aurkitzeko, esperimentatzeko, ezagutzeko, ulertzeko, komunikatzeko eta ikasteko ere bizi du, hau da, den bezalakoa izateko eta pentsatzeko bizi du motrizitatea. Pentsatzeko eta pentsamendua eraikitzeko, hain zuzen ere.
Beraz, mediku talde horrek haurtxo jaioberri bati buruz eta horren gaitasunari eta ahalmenei buruz irudi bat izango du, eta, beharbada, beste mediku talde batek, ospitalean edo beste toki batean haurtxo bati azkar-azkar jaiotzen lagundu dion mediku talde batek, haurtxoa jaio eta berehala bildu, hartu eta jaioberrien gelara eraman duenak, eta handik bi ordura berriro amak bularra eman diezaion ekarri duenak, oso bestelako irudia izango du. Orduan, haurtxoa erdi galduta, erdi lotan dela, zirikatu egingo dute, bularra xurgatzeko erreflexua duen ikusteko, bularrean jarriko dute… Hau da, haurtxoaren beste irudi bat ikusiko dute, ez dakien edo ezin duen haurtxo baten irudia, oraindik baliabide horiek ez dituen haurtxo batena. Haurtxoak ez du esperientzia hori bizitzeko eta trebatzeko aukerarik izan, eta, ziurrenik, gaitasun hori berehala desagertuko da, eta denbora pixka bat igaro beharko du berriro agertzeko, haurraren beste heltze aldi batean.
Horrekin guztiarekin esan nahi dut, guk, helduok, bitarteko gisa, prestatzen dugula haurtxoak iristen diren mundua, guk dugun ordena sinboliko honetan, kultura honetan, jakintza, mito, sinesmen eta zientzia hauetan oinarrituta sortzen dugu haurrek beren gaitasunak garatu ahal izango dituzten mundua edo, alderantziz, haurrei gaitasun horiek garatzeko aukera emango ez dien mundua; azken kasu horretan ez dakien haurra sortuko da, mendekoa, eta helduaren bidez ikasiko du, baina heldu horrek erakusten diona ikasiko du soilik.

Haurraren mugimendua eta pentsamendua

Gure maisu handietako baten esaldi bat ekarri nahi dut gogora, Henri Wallonena (psikomotrizitatearen sortzailea, harengatik ez balitz ez litzateke psikomotrizitatea diziplina edo praktika gisa existituko munduan).

Henri Wallonek esaten zuen, haurrarengan, mugimendua dela haren bizitza psikikoaren froga. Eta hitza agertzen den arte horrela dela. Nik esango nuke areago doala, eta hitza agertu ondoren ere horrela dela. Izan ere, hitza agertzen den unetik hitza nagusitzen den unera arte, arrazoibidea bere burua adierazteko funtsezko elementu bihurtzen den arte, denbora luzea igarotzen da. Urte eta erdirekin, bi urterekin edo hiru urterekin, haur batek gorputzarekin hitzarekin baino gehiago adierazten baitu oraindik.
Beraz, motrizitatea, bestearen begirada ernearen aurrean, mugimenduaren adierazkortasun bihurtzen da. Mugimenduaren adierazkortasuna Bernard Acouturier-en kontzeptu bikaina da, eta nik behin eta berriro erabiltzen dut. Mugimenduaren adierazkortasun hori, haurrak esperientzia bizi duen bitartean pertsona helduren bat begira duelako existitzen da soilik, eta pertsona heldu horrek haurraren bizipenak haurraren adierazpide bihurtzen ditu, mugimendu horrek haurrari buruz zerbait esaten du. Orduan, bestearen begirada erneak haurraren bizipena, esperientzia, aldatu egiten du eta haurraren adierazpide, adierazkortasun, bihurtzen du. Subjektuaren historiara iristeko sarbide pribilegiatua da, haur hori ekintzaren subjektua den edo beste norbaitek bultzatutako subjektua den ikusteko, beste baten menpe dagoen eta haren esana egiten duen edo aurre egiten dion aztertzeko, edo soilik besteari lotuta dagoen, besteari atxikita dagoen.
Beraz, haur baten motrizitateari begiratuta, haur horren historia, mugimenduen askatasunaren historia, aurki dezakegu. Adibidez, toki zail batetara igotzeko gai izan den haurtxoaren kasuan: gorputza luzatzeko gai da, orekari eusteko, gorputzeko sinergia guztiak kontrolatzeko eta doitzeko, oin puntekin birak ematen dituen eta gurpilak dituen objektu batetara iristeko eta objektu hori kontrolatzeko. Hau da, bere gorputzaren oreka kontrolatzeaz gain, luzatu egiten da armairu bat ireki ahal izateko, eta gainera, objektua ere menperatzen du. Hau da, mugimenduaren askatasuna erakusten digu horrek, gorputza erabiltzeko aukera, zuhurtzia, gorputz bat eraikitzeko aukera; eta bere buruan duen segurtasuna adierazten du, beste historia bat duenaren aurrean, traketsa denaren aurrean, desberdina.
Gure planteamendua hauxe da, beraz: haurraren gorputzaren bitartez haur horren historiaren berri emateaz gain, haurraren pentsamendua ere ikus dezakegu. Mugimendua ikusten dugu, mugimenduaren diskurtsoa, eta, mugimendu horrekin hasten, zabaltzen, hedatzen edo adierazten denaren bidez, haurraren irudikapen mentalak ikus ditzakegu. Hau da, haurraren pentsamendua zein den iker dezakegu, haurraren pentsamendu eredua edo pentsatzeko era zein den. Haurraren nahia eta helburua zein diren ikusteaz gain, pentsamendua nola antolatzen duen ere ikus dezakegu: objektua gerturatu behar duen jakiteko, nola igo behar duen, nola hartu behar duen, jaitsi behar badu objektuaren mugimendua nola doitu behar duen, gero hobeto mugitzeko... Mugimenduari lagunduko dioten irudikapenak nola ikusten diren. Haurraren mugimenduaren bitartez horren pentsamendua ikus daiteke, beraz.
Eta haurraren mugimendua eta pentsamendua ikusten ditugunean, beste alderdi bikain bat ere aurki dezakegu: haurraren psikismoaren egitura dialogikoa. Hau da, haurrek beren buruekin hitz egiteko duten gaitasuna.

Oreka eta desoreka: segurtasun sentipena

Zer da postura segurtasuna?

Orekak ematen duen barne sentipena, pertsonala. Gorputza nahi dugun moduan erabil dezakegula eta eroriko ez garela sentitzen dugunean gertatzen da.
Praktika txiki bat proposatuko dizuet. Zutitu zaitezte eta ez ukitu ezer, ez bermatu gorputza atzean, aurrean edo ondoan duzuen jarlekuaren kontra. Itxi begiak eta aztertu zutik nola zaudeten. Aztertu zer sentitzen duzuen, sentitu oinak zoruaren gainean nola dauden bermatuta, oinen arteko tartea, hankek egiten duten indarra ?askotan ez dugu horretan erreparatzen?, bizkarra, orekari eusteko sorbaldetan, lepoan, besoetan edo eskuetan dituzuen tentsioak edo uzkurtzeak. Sentitu gorputzak egin behar dituen mugimenduak, zorabiatuta sentitzen delako edo ezin duela sentitzen duelako… Erronka dela pentsatuko dugu: ea, aurrera, egin dezakezu. Orain, itxi begiak eta jarri oin puntetan, orekari eusteko inon bermatu gabe. Aizue! Zergatik egiten duzue barre? Ea, ea! Ez da erraza, ezta? Begiak itxita, ez egin tranparik. Ummmm! Gora, gora, oin puntetan, eutsi hor, eutsi… Oin puntetan, zer gertatzen da? Zergatik irekitzen dituzue begiak? Gora, gora, altxa ondo, begiak itxita, oin puntetan, oraindik ez dugu amaitu… Erraz egiten duzuenok, postura horretan eroso zaudetenok, oin puntetan eta hanka bakar baten gainean jar zaitezkete. Aaaaa! Itxi begiak. Ea, eutsi. Aupa! Ezin duzuenok, bi oinen gainean jarri. Ondo. Oin puntetan, begiak itxita, eutsi hor goian.
Orain, problema bat ebatzi behar duzue. 17 kaxa ditut, eta kaxa bakoitzak 23 botila ditu. Zenbat botila ditut guztira? Ea, bada, hortxe, oin puntetan zaudetela, begiak itxita, 17 kaxa, 23 botila. Ez jaitsi oinak, ea, pentsatu, pentsatu apur bat. Zer? Ezin duzue? Zenbat dira? Ezin duzue? Ez.
Zer egin nahi duzue orain? Eseri egin nahi duzue? Ea, bada, eser zaitezte. Aaaaaa!
Zer sentitu duzue oin puntetan zeundetenean eta heldu batek “ea, eutsi, egin dezakezue” esaten dizuenean? Zer sentitu duzue? Zer esperimentatu duzue? Segurtasuna? Segurtasun falta? Segurtasun falta, ezintasuna, larritasuna, mina, zorabioa… eta, ziurrenik, baita amorrazioa ere, norbaitek “ea, bada, eutsi gogor” esaten zizuelako. Asko zarete, eta sentipen eta emozio ugari sentituko zenituzten; zuetako bakoitzak begiak irekiko zituen ahal izan duenean, edo oinak lurrean bermatuko zituen, hau da, segurtasun falta handia sumatu duzuenean oreka bilatuko zenuten segurtasuna lortzeko.
Zuen ustez, zer sentituko du oraindik berez eserita egoteko gai ez den haurtxo batek, eserita ezartzen duzuenean eta erori egiten dela sentitzen duenean? Eta besteek zutik jar dezaketela sentitzen duenean, berak menderatzen ez duela sentitzen duenean? Zuen ustez, zer bizipen izango du une horretan? Zer esperimentatuko du, zer sentituko du? Eta zer sentituko du behartutako egoera horretan ezartzen duen pertsona helduarekiko, egoera horren aurrean zoriona erakusten dion pertsonarekiko, lortzen ez badu pena sentituko duen eta gutxietsita sentiaraziko dion pertsonarekiko? Pentsatu apur bat.
Beraz, orain badakizue zein den orekaren barne sentipena, guk ez baitugu orekaren barne sentipenik, ez dugu kontzienteki erregistratuta, soilik galtzen dugunean sentitzen dugu. Edo, bestela, oreka galtzeko zorian gaudenean. Hau da, oreka kolokan dagoenean edo oreka galtzeko arriskuan gaudenean, orekatzea zaila dela sentitzen dugunean; oinez gabiltzanean, oreka eta desoreka, desoreka eta oreka egoera bizi dugu etengabe. Baina menperatu egiten dugu. Ez gaitu probokatzen, oinez ibiltzen baldin badakigu, ibil gaitezen inguru seguru batean, segurua ez den inguru batean baldin bagaude, hemen gertatzen den bezala (jaitsi egin behar dut eta begiratu egin behar dut jaitsi naitekeen edo ez, oso altu dago, heldu egin behar dut edo ez...), segurtasun faltaren sentipena handiagoa da.
Baina, horrez gain, badakigu barne sentipen hori pertsonala eta besterenezina dela. Kanpoko inork ezin du esan “hori erraza da”. Pertsona bakoitzak ondo baitaki zein diren orekaren barne sentipen hori lortzeko doitu behar dituen indarrak, sentipenak, pertzepzioak, erregulazio tonikoak, gorputzaren pisua eta bermatzeko azalerak. Hau da, oreka sentipena pertsonala eta besterenezina da.
Oreka faltak edo oreka galtzeko arriskuak eman dezakeen beldur sentimendua, segurtasun falta edo izu sentimendua pertsonala, gizabanako bakoitzarena eta besterenezina da.
Guk haurrak orekari eustera behartzen ditugunean edo horrelako desoreka egoera mehatxagarrietan jartzen ditugunean zer gertatzen den pentsatzen lagunduko digu horrek.

Oreka fisikoa eta psikikoa

Orekaren barne sentipen hori gure baitak behar duen sostengua da, subjektiboa, norbanakoari ekintzarako prest dagoela sentiarazten diona. Segurtasunik gabeko oreka egoera horretan, desoreka edo zailtasun egoera horretan pentsatzea ezinezkoa dela jabetuko zineten, nik eskatutako kontuak egitea ezinezkoa zela. Horrek esan nahi du ez dela oreka psikikorik existitzen oreka fisikoaren barne sentimendurik gabe. Ezinezkoa da oreka psikikoa eraikitzea, inor ez da psikikoki orekatua sentitzen eta ezin da psikikoki orekatua sentitu ez bada fisikoki orekatua sentitzen, ez badu sostengu bat duela sentitzen, ez bada seguru sentitzen, postura segurtasun hori sentitzen ez badu.
Eta, horretarako, beharrezkoa da norberak sinergia guztiak, mugimendu guztiak, gihar guztiak doitzea. Gihar bakoitzak, giltzadura bakoitzak sentipenaren eta mugimenduaren erregistroa biziko du eta igorriko du, eta garunak prozesatzaile bakarra balitz bezala prozesatuko du: zenbat indar egin behar duen gihar honetan, zenbat indar egin behar duen bermatzeko, zenbat erlaxatu dezakeen beste hau, zenbat erabili behar duen beste gihar hura, edo gihar multzo hura.
Egunerokoan gure garunean segurtasun eta arrisku esperientzia horren pertzepzioak, sentipenak, erregistroak eta aztarna mnemikoak eraikitzeko bizi dugun abenturak edo desbenturak, hau da, egunez egun, astez aste, hilabetez hilabete, esperientzia horiek eraikitzeko bizi dugun abenturak edo desbenturak, segurtasun sentimenduaren oinarria sortuko du gure baitan. Adibidez, haurrak arriskuaren aurrean makurtu egin daitezke, hau da, arriskua sentitzen dutenean gorputzaren forma alda dezakete, grabitate zentroaren bermeak alda ditzakete, aurrera joateko, menperatzeko, barne segurtasuna kontrolatzen jarraitzeko.
Horregatik esan dizuet lehen ezinezkoa dela oreka psikikoa izatea oreka fisikoak ematen duen segurtasun sentipenik gabe.
Horrekin guztiarekin esan nahi dut guk, gure jokabideek edo haur bat jaiotzen denean prestatzen dugun giroak eragina dutela haur jaioberri horrek jasotzen duen munduan, eta haurrak giro horretan elementu ugari biziko dituela; giro horrek harmoniarantz, prestutasunerantz edo gorputz harmoniarantz eraman dezake haurra, edo, aitzitik, trakestasunerantz eraman dezake, kasu horretan agertzen diren ñabardura guztiekin. Izan ere, guk kanpoko hainbat eraikuntza proposatzen dizkiogu haurrari. Eraikuntza horiek nire adiskide Agnès Szantok ikertu ditu.
Eraikuntza horietako bat grabitatearen indarra da. Grabitatearen indarra xurgagailu handi bat da, eta gorputza azalerarantz erakartzen du, horizontalerantz. Eta haur batek egingo duen prozesua horixe izango da, hain zuzen.

Haurraren mugimenduaren prozesua

Postura bakoitza bere garaian

Zer egingo du haur batek bizitzako lehenengo bi urteetan?
Oreka sistema konplexuak eraikiko ditu, eta, poliki-poliki, eusteko oinarri handiena erabiltzetik, horizontalean berme handiena izatetik eta grabitate zentroa eusteko oinarritik hurbil izatetik, oinarri hori murrizten joango da eta grabitate zentroa altxatzen. Bi urte inguru dituenean (urte eta erdi, bi urte, bi urte eta erdi…), bi oinen gainean edo oin puntetan askatasunez mugitu ahal izateko nahikoa segurtasun emango dioten sistemak eraikiko ditu. Gutako askok ez dugu lortu eraikuntza hori guztiz egitea, lehen egin dugun ariketan ikusitakoaren arabera.
Askatasunez mugitzen ikasi duen haur bat baldin badugu, haur horrek oreka sentimendua eraikiko du, eta baita desoreka sentimendua edo jasan dezakeen arriskuarena ere, eta hori kontrolatu ahal izango du, eta badaki zer ezin duen egin, zer ezin dion bere gorputzari eskatu. Baina guk haur bat hartu eta tripode baten gainean ezartzen badugu, ondoren zutik jartzen badugu, eta ez badiogu askatasunez mugitzen ikasteko aukerarik ematen, ez badiogu birak emateko, gorantz igotzeko edo lau hankan ibiltzeko aukerarik ematen, haur horrek ez ditu biziko postura etzanean bizi beharko lituzkeen postura guztiak. Beraz, baldintza historikoen ondorioz, haur hori askoz ere baldarragoa izango da, errazago eroriko da, eta ahalegin handiagoa egin beharko du bere postura aztertzeko, sentitzeko, kudeatzeko, kontrolatzeko eta doitzeko.
Beraz, posturaren eta mugimenduaren garapen autonomoaren programa genetiko eta fisiologiko hau erakutsi nahi dizuet, heldutasun biologikoan, orekaren legeetan eta mugimenduaren esperientzien kalitatean oinarritzen dena eta Emmi Pikler sendagileak aurkitu zuena; pediatra hungariar ospetsu horrek sortu zuen Budapesteko Loczy institutua, eta lehenengo bere seme-alabekin eta gero pediatra lanean ezagutu zituen haurtxoen hazkuntza prozesuan esperimentatu ahal izan zuen printzipio hau: haurrak ez dira inoiz ezarri behar berez hartu ez duten postura batean. Budapesteko Loczy institututik igaro ziren 5.000 haurrekin eta joera piklertar deritzogunari atxikitako gainerakoekin esperimentatu ahal izan zuen hori.
Hau da, oraindik bere kabuz inoiz eseri ez den haur bat ez da inoiz eserita ezarri behar. Bere kabuz zutitu ez den haur bat ez da inoiz zutik ezarri behar.
Horregatik aurkitu zuen hori, gure kulturan oso goiz ezartzen ditugulako bertikalean haurrak; ikusi duzuenez, buruari eutsi ezin diotenean ere bertikalean ezartzen ditugu, gorputz enborrak oraindik nahikoa indar ez duenean eserita ezartzen ditugu, gorputz ardatzak bere buruari postura horretan eusteko nahikoa indarrik ez duenean; eta beren kabuz zutitzeko gai izan baino askoz ere lehenago ezartzen ditugu zutik.
Erakutsi nahi dizuedana ?azkar samar beharbada? historia horixe da, etzanda, sostengatzeko izan dezakeen oinarri handienaren gainean dagoen haur batekin hasten dena; naturaren programa genetikoak, naturak gure DNAn jarri duenak, nolabait esateko, munduko haur guztiei, inortxok erakutsi gabe, zutitzeko, esertzeko, berriro zutitzeko, oinez hasteko eta korrika ibiltzeko aukera ematen die. Inork ez ditu egoera horretan jarri, baina lortzen dute, funtzio hori eragozten duen elbarritasunen bat edo anputazioren bat ez duten haurrek, behintzat.

Lehenengo, horizontaltasuna, etzanda

Haurtxoak oso txikiak direnean, prestakuntza garai bat izaten da, oreka doitzeko garai bat, toniko posturalak dira, ahoz gorako etzanera dute, eta postura horretan oraindik heldugabeak dira, mugimendu toniko posturalak nagusitzen dira, haurtxoak oraindik ez daki postura horri nola eutsi.
Eta, orduan, poliki-poliki esperimentatzen hasiko dira, kontrolatzen, gorputz adarren gero eta kontrol toniko eta dinamiko handiagoa izango dute postura horretan. Hau da, besoa mugitzen zaionean zer gertatzen den jabetuko da, zer berme puntu dituen gorputz enborrean. Enborra biratu nahi duenean, biratzeko indarra hartzeko non bermatu behar duen jabetuko da.
Gero, euste oinarri txikiagoa erabiliko dute pixkana, eta, heltzen doazen neurrian, saiheska jarriko dira, alboko etzaneran: alde batera, bestera... Heltzen doazelako, esperientziaren kalitateagatik eta zoruak, hau da, beren euskarri den oinarriak edo lastairak, duen kalitateagatik. Izan ere, haurra lastaira bigun baten gainean badago, egiten duen indarra lastairak edo kuxinak xurgatuko du, eta, orduan, oso zaila gertatuko zaio mugitzea. Haurra kuxin baten gainean badago, ez da aldamenetara mugituko, ezin da mugitu aldamenetara. Aldiz, gainazal sendo eta lau baten gainean badago, mugi daiteke alboetara.
Postura horretan, segurtasun osoz, oreka duela sentituz bere barrenean, eskuak zabal ditzake, posturak antolatu, ikusmena, begi eta eskuen arteko koordinazioa haur jolasetan. Gero, behin eta berriro egingo dituzten biraketak antolatuko dituzte, ahoz gora dagoenean ahoz behera jarriko da, eta alderantziz; eta postura horietan guztietan, gero eta trebeago azalduko da. Hirugarren postura izango da ahoz beherakoa, hirugarren maila adieraziko du, eta heltze prozesu baten bidez iritsiko da postura horretara. Esan nahi du haur txiki bat, jaioberri bat, ahoz behera jartzen badut, haur bat aurrez lehenengo maila egin gabe zuzenean oinarrizko eskolako hirugarren mailan kokatuko banu bezala izango dela. Ezintasun egoera batean jarriko dut, heltzeko aukerarik gabeko egoera batean, zailtasun egoera batean, eta ez dakiela sentituko du barrenean, ezin duela, posizio horretan zergatik dagoen ere ez du jakingo, helduak utzi zuelako posizio horretan.
Ahoz behera jarrita, pixkana-pixkana eraikiko dute ahoz beherako posizio horretatik iragaten den gorputz enborraren bertikalizazio progresibo hori, eta zuek euskarri edo bermeak antolatuta ikusiko dituzue, eta hedagarritasuna; burua oso astuna da oraindik, baina, ahuspez bere kabuz jartzera iristen denean, hau da, horretarako benetan gauza dela sentitzen duenean, lauzpabost hilabete dituenean, edo, zenbait kasutan, sei hilabete dituenean, heldua da. Eta sentsazioen etorri horrek guztiak, mugimenduen arintasunak, tonizitateak, aukera ematen die orduan beren buruaren segurtasuna kontrolatzeko.
Haur txikiak eseri egin behar ditugula esaten da askotan, eskuak mugitu eta jolas egin dezaten, neuk ikusi izan dut estimulazio goiztiarreko liburuetan ere. Ahoz gora etzanda eta bermatuta dauden haur guztiak jolas egiten, zerbait hartzen ikusten ditugu guk, ekimen osoz; beren gorputz eskema, beren buruaren unitatea den hori, eraikiz doaz, sentipenenen bidez, ikusmen-pertzepzioaren bidez, oinekin, begira ari zaion objektuarekin, eskuekin; hau da, sentipen horrek, inpresio horrek, bere buruaren unitatearen arrasto mnemiko horrek emandako zikurlaritatearen bidez. Down-en sindromea duen haurtxo batek ere, haur trisomiko batek, gauza berbera egingo du hipotonia izan arren; zailtasunak zailtasun, erabat normala den haur batek erraz egiten duen gauza bera egingo du. Eta Down-en sindromea duen haur berak bira egingo du, ahoz behera jarriko da, jada ahoz behera jartzeko heldutasuna lortzen duenean. Eta begirada azkar horrekin jolastuko da, begirada ireki horrekin, oreka menderatzen duelako eta ez daukalako pentsatzen egon beharrik zer egin behar duen halako lortzeko...
Pixkana-pixkana posturak eraikitzen doaz, eserita, besaurrea bermatuta; hau da, euskarri duten oinarria txikiagotuz, erdi eserita, ukondoaren gainean, besaurrearen gainean edo eskuen gainean eutsiz gorputzari. Down-en sindromea duen haurrak ere gauza bera egingo du, beste haurraren posturaren harmonia berari eutsiz. Gainera, nahi duenean sar daiteke postura horretan, eta, postura horretan sartzen ikasi duenez, badaki nekatzen denean irteten ere; ahoz gora jarri baita, eta bira egin baitu, bestaldera joan baita... Hau da, ez dago helduak zer egingo.
Pixkana-pixkana, gorputz enborra gero eta bertikalago jartzen du, eskuen gainean bermatuz gorputza, ikus dezakezuen bezala, askatasun osoz, baina grabitate zentroa beti euskarri duen oinarri horretatik gertu duela; eta, ohartuko zaretenez, sekuentzia honetan, pixkana-pixkana eseri egingo da: garaia baino lehen eserarazi ez dituzten munduko haur guztiek horrela dute bizkarra, horrela esertzen dira, eta ez dute inoiz hartzen bizkar zifosi deritzon postura hori; bizkar zifosi hori, bizkarraren kurbatura hori helduak eragina delako, esertzeko heldutasunik ez duenean helduak eserita utzi duelako sortzen da.
Postura horretan, sorbalda-gerrikoa aske du, ukitzeko, heltzeko, postura horren egonkortasuna arriskuan jarri gabe makurtzeko. Eta esertzeko modu asko eta asko saiatuko ditu.
Gero, zangoak aurrerantz jarriko ditu berehala. Eta zangoak aurrerantz jartzen dituen bakoitzean, bat zuzenduta izango du, eta bestea tolestuta. Baina iskionen gainean egongo da eserita, bizkarra zuzen duela. Zuek haur bat zangoak aurrera begira dituela esertzen baduzue, eta haur horrek oraindik eseritako postura hori, edota iskionen gainekoa, bere egin ez badu, kokzixaren gainean eseri beharko du. Egin proba zeuok. Orduan, bizkarra kurbatu egingo du, eta ez da ongi eserita egongo.
Beraz, haurrak esertzeko milaka modu desberdin esploratuko ditu, eta pentsatu esertzeko modu bakoitzak artikulazioak eta pentsamendu sekuentziak adierazten dituela, “egin dezaket”, “ez dezaket egin”, “horrela bai, egin dezaket”, “horrela probatuko dut” eta horrelakoekin osatutako elkarrizketa egituran. Haur horri bere buruaz zuen mundu kognitiboa zabaldu egingo zaio, konturatu zarete horretaz; eta baita espazioaz, azaleraz, gogorra eta biguna denaz, hedaduraz, pertzepzioez, koordinazioaz eta abarrez zuen mundua ere, helduak irakatsi bezala esertzen ikasten duen haurrari baino askoz gehiago.
Eta arriskatu egingo du bere mailan, gozatuz, jolasteko segurtasuna sentitzen duen unean; hau da, desorekarekin jolas egingo du, bere barruan badakielako desoreka hori kontrolatzeko gai dela.
Hau da, geuk aukeratzen dugu. Zer dugu nahiago, horrela eseritako haurtxo bat, amore eman duela sentitzen duen haur bat, handiagoa denean behin baino gehiagotan gimnastika espezializatuarekin zuzendu beharko ditudan posturak hartzen dituena, hemen eseria, inguruan hutsune hori guztia duena, bermatu beharra duena, sendotu beharra duela sentitzen duen haurra, hatz bat ahoan duena…, ondoan heldu bat duena, horrela jarri duen heldua? Edo nahiago dugu garatzen ari den eta segurtasun postura bat eraikitzen ari den haurra, erabat aske denez jolas egiteko aukera duena, esertzeko heldutasuna barneratu duenean eseri dena?
Izan ere, bada oinarri-oinarrizkoa den printzipio bat: ikaskuntzaren aurretik dago heldutasuna. Eta ezin du inork ikasi, ez badu nahikoa heldutasun, ikasarazi nahi diogun horretarako. Nahikoa heldutasun lortu gabe norbaitek zerbait ikasteko proposatzen badio, prest egon gabe, prestatuta ez dagoen ekipamendu bat abiarazi beharko du. Horrek, segurtasuna falta, ez dela gai sentiaraziko dio, eta autoestimu zehar pobretuak ez dela ezer adieraziko dio, ezin duela egin..., gorputza ez daukala erabiltzeko prest.
Horregatik, ikaskuntzak aurreratzea, gure iritziz, porrotak aurreratzea da. Eta hori funtsezko lege bat da, Henri Wallonengandik ikasi duguna.

Eta gero, ibiltzen hasten dira

Orain, beste aldea ikusiko dugu, mugimenduaren garapenaren beste adarra, eta horrek aukera emango digu ikusteko, haur txikiak, aurrez hizketagai izan dugun prestaketa garai horretatik abiatuta, hasierako posturen sekuentzia horietatik aurrera eginez nola hasten diren ibiltzen. Lehenengo lekualdaketetatik abiatuko gara, lehenengo lekualdaketa horien bizipenetik, esperientziatik eta mugimendu horiek menderatzera iristen diren unetik, biratzen eta ahoz gorako etzaneran irristatzen hasten diren une horietatik. Alboka jartzen dira gero, ahuspez hurrena, eta ahuspez jartzen hasten direnean, biratzen hasten dira, hau da, alde batera eta bestera mugitzen; horrek mugimendu saioak egiteko, doitzeko, mugimenduen esperientzia izateko aukera ematen die, nahita orekarekin eta desorekarekin jokatzeko; hau da, desoreka egoeran jartzen dira, edo hasierako oreka egoeran, nahikoa segurtasun badutela sentitzen duten bakoitzean. Eta biraka hasiko dira gero, postura batetik bestera aldatzen, alegia. Eta biraka ibiltzea garrantzi handiko lekualdaketa da, bai gorputza antolatzeko eta bai espazioa antolatzeko. Jada ez baitu buruaren noranzkoak bultzatzen, begiradaren antolatzeak baizik: harantz joan nahi duenean, alboka jarri behar du, ez buru puntaren noranzkoan. Horrek itzulgarritasun handia ematen dio espazioan, itzulgarritasun bizipen bat du, espazioa antolatu edo berregituratzeko modu bat, zuzenean herrestatuz ibiltzen hasiko balira lortuko luketena baino askoz aukera zabalagoa du. Horregatik da lehenagokoa. Eta, gero, ahoz behera lau hankan herrestan ibiltzen hasiko dira, hemen ikus daitekeen moduan; eskuen eta belaunen gainean eutsiko diote beren buruari, eta katuka mugitzen hasiko dira. Eta erreparatu bizipen honetan askatasunari eta zuhurtasunari, gai baitira jada neurtzeko eta gorputzaren pisu osoa noiz jartzen duten jakiteko; eta eskuarekin esperimentatzen dute. Erreparatu postura horren harmoniari. Ez da soilik zer postura hartzen duen, postura hori zer kalitaterekin hartzen duen baizik. Horregatik, historiak eta historiak daude.
Gero, eskuen eta oinazpien gainean lau hankan ibiltzea dator; gero, pixkana-pixkana, belauniko jartzea eta belauniko ibiltzea, berebiziko esperientzia, haur guztiek sentitzen dutelako aparteko sentipen hori, lehenengo aldiz gorputz enborra zutik jartzea lortzen dutenean, grabitate zentroa euskarri duten oinarritik gertu dutela; beraz, erortzeko arrisku txikiagoa dute, eta horixe da gorputza zutik dutela egiten duten lehen lekualdatze mota. Aurreko lekualdatze guztiak gorputza horizontalean dutela egiten dituzte, burua soilik izango dute zutik. Baina, horretarako, ezinbestekoa da mugitzeko askatasuna izatea.
Eta gero, zerbaiti eutsiz, zutik jarriko dira. Grabitate ardatza zehazki oinen artera doa, eta belaunak tolestuta daude, pelbis-gerrikotik egonkortasuna finkatzeko borroka arteetan egin ohi duten bezala, hain zuzen, horrek egonkortasuna, mugimendua eta sorbalda-gerrikoa trebatzeko eta antolatzeko aukera ematen baitu, belaunak tolestuta daudelako, hain zuzen.
Aldiz, zutik guk jartzen ditugun haurrek edota eusteko zerbaiti helduta zutik jartzen ikasten duten baina artean heldutasun nahikoa lortu ez dutenek beren belaunak blokeatu egin beharko dituzte zutik jartzeko, eta, beraz, grabitate ardatza oinen aurrealdera zuzenduko dute. Eta, horregatik, grabitate indarrak herrestan eramango ditu.
Hortik aurrera, zerbaiti eutsiz kokoriko jartzen hasiko dira, hau da, grabitate zentroa igo eta jaitsi egingo dute, eta ikusi zeinen desberdin finkatzen duten postura batak eta besteak. Zerbaiti helduta, zutik jarri eta pauso txikiak emango dituzte alboka; eta poliki-poliki ibiltzea izango da haurrari antolatuta dabilela sentitzeko bidea emango dion ibilera, eta ez helduta batetik bestera eramaten direnean eta aurretik dena hutsa denean.
Ezeri heldu gabe zutik jarriko dira gero. Gero, bermatu gabe aurrerantz pausoak ematea eta ibiltzea datoz. Eta jada oinez hasten direnean, oreka dinamiko osoa menderatzen dutela esan nahi du, oreka, desoreka, oina altxatzea, oin baten gainean ezartzea beste oina aurrera eraman ahal izateako eta abar.