Jakin-min

2011-02-01
 
 

Eskola garaia nola bizitu nuen gogorarazten didaten bi anekdota dauzkat.

Bata, txiki-txikitakoa. Leitzan baziren mojak eta nire jaiotetxetik mojetara 20 metro zeuden. Gure amak baserriko lanetan aritu behar izaten zuen eta, orduan, mojetara eramaten ninduen haur txiki-txikia nintzela, urte eta pikurekin. Mojak, madre Elbira deitzen genionak, hartzen ninduen. Gero, etxera eramaten ninduen, amak utzitako kafea hartzen zuen eta joan egiten zen.
Niretzat moja haiek gaur egungo haurtzaindegietako hezitzaileak bezala ziren. Orduan ez zen haur eskolarik. Eta amak lanak egin behar zituenez eta non utzirik ez zeukanez, zerbitzu gisa mojek hartzen ninduten. Haiek esnea, agian, gure etxetik eramaten zuten eta gertutasuna zegoen bi etxeen artean.
Bigarren anekdota edo oroitzapena 12 urte inguru nituenekoa da. Herrian guraso batzuk bildu egin ziren seme-alabek Batxilergoa libretik ikas zezaten nahi zutelako. Horrela, eskolatik aparte, mutil gazte batzuk kontratatu zituzten Batxilergoko eskolak emateko. Hala, Batxilergoa herrian egin eta, gero, Iruñeko institutuan egiten genituen azterketak.
Ni ikasle txarra nintzen, ez nuen gogoko ikastea. Gainera, 12-13 urterekin, sasoiko nengoen, eta ama gaixoa baserriko lanak egiten ikusten nuenez, zera pentsatzen nuen: “ene, nik horretan lagun diezaioket eta zer ari naiz hemen ikasketak egiten?”. Ez nuen gehiegi ulertzen ematen zizkidaten gai haiek ikasi beharra.
Ikasturtean zehar gehienak suspenditzen nituen eta. Behin, literaturako gaia ekainean suspenditu eta irailean azterketa egitera joan nintzenean, zera pentsatu nuen: “joño, literaturako azterketan hiru orri betetzen baldin baditut, beharbada, bolumenagatik, irakurri gabe, aprobatu egingo zidak”. Eta idazlan bat egin nuen Leitzako mendi guztiei buruz. Nonbait irakasleak irakurri egin zuen eta suspenditu egin zidan.
Batxilergoko eskola haiek ematen zizkigun beste irakasleetako bat bertsoa gogoko zuena zen. Ni, ikasteko garaian,  bertsoak idazten aritzen nintzen batzuetan. “Zer ari haiz, Inaxio?” galdetzen zidan. “Bertso bat egiten”. Eta errieta egin beharrean, “ea, ea, zer moduzko bertsoa egin duan” erantzuten zidan. Giro goxoa bizitu nuen, baina ez nuen gehiegi ulertzen ikasketa haiek zertarako ziren. Zertarako ikasi behar nuen latina? Amorrua hartzen nuen eta ez nuen ulertzen haiek ikasi behar zirenik. Ez nintzen ikasi zalea.
Orain, urteetan aurrera joan naizenean, gai bat gogoko baldin badut, saiatzen naiz gai horri buruz irakurtzen, informatzen eta ikasten. Beste modu batera ikasten dut, jakin-minak bultzata. Eta lehen hori falta nuen. Edozer gauza ikasteko garaian, jakin-mina edukitzea da gakoa.