LONGAR proiektua Vianako hirugarren adinekoei emanaldia

2011-02-01

Erentzun ikastolako proiektuari LONGAR izena jarri zioten herriko gain altuenak izen hori duelako. Han, trikuharria dago eta haize-errota jarri berriak ere bai; hau da, bertan, iraganak eta orainak bat egiten dute.

 
 

Konpetentziak lantzen

Konpetentziak landu nahi genituen eta konpetentzia horiek lantzeko teoria garrantzitsua bada ere, praktikari eman genion lehentasuna. Aurreko esperientzietan bizi izan dugunez, askotan, teoriak landu izan dira, curriculumak egokitu, baina ez dute gero behar luketen praktika eta bizipena izan. Hori ekiditeko, oinarri teorikoarekin batera, praktikan gauzatzea nahi izan dugu, eta haren gainean hausnartu eta lan egin. Ikastetxeko proiektu kurrikularrak berritu behar direnez, gelako lanetik abiatuta egin nahi dugu.
Duela hiru urte, konpetentzien gaineko oinarrizko prestakuntza teorikoa egin genuen zer zen ulertzeko. Izan ere, gure irakaskuntza nahiko akademizista da. Esango genuke, azken urteotan hizkuntzaren arloa konpetentzien bidetik jorratu dela, baina gainerako arloak ez. Komunitate zientifikoak ez du onartzen hain erraz konpetentzien ildoa. Esate baterako, DBHn, hizkuntzen irakaskuntzan konpetentzien bidera salto egin badute ere, beste arloetan, matematikan, adibidez, kostatzen ari da. Duela gutxi, matematikarien biltzarra egin da Nafarroan, eta oraindik ere matematika matematikarengatik landu behar dela agertu da, eta ez konpetentziak lantzeko eta bizitzarako balio duen zerbait praktiko gisa.
Matematikako komunitate zientifikoko kide batzuk orain hasi dira onartzen konpetentzien bidez lana egin behar dela, eta ez hain era akademikoan.
Gure hausnarketa bestelakoa da. DBHn ere, eta arlo guztietan, konpetentzien bidez jorratu behar dela ikusten dugu. Egiten ditugun lanek gero aplikatzeko balio behar dute. Ikasketa bakoitzak erabilera izan behar du helburu, une zehatz batean aplikatzeko baliagarria izan behar du. Diziplinartekotasuna eman behar da, hau da, ezin da arlo bakoitza bere aldetik isolatua joan, alderantziz baizik, bizitzan gertatzen den gisan, modu integralean jorratu behar da.
Konpetentzien bidez bateratze lana planteatu genuen; beti ere, aukeratutako proiektu zehatz baten gainean. Horrela, hainbat arlotako irakaslek adostu behar zuten proiektua garatzeko elkarlana nola egin. Esan dezakegu Nafarroako ikastola guztietan baditugula proiektuak bateratze lanaren bidez konpetentziak lantzen ari direnak.

Bateratze lanerako baldintzak

Bateratze Lanek bete behar dituzten baldintzak hauek lirateke:
- Diziplinarteko lana izan behar du. Berdin da HH, LH edo BHko proiektua izan.
- Helburu soziala izan behar du. Ezin da ikasketa akademikora mugatu. Adibidez, errobota egiten bada, horrek, funtzio sozial bat bete beharko du.
- Errepika daitekeen proiektua izan behar du. Hau da, ez da behin soilik egin eta bertan uztekoa. Alderantziz baizik, errotu daitekeen proiektua izatea komeni da, urtero hobetzen joan badaiteke ere.
- Ikastetxearen inplikazioa eta konpromisoa egon behar du. Zuzendaritzak proiektuarekin bat egin behar du, bere jarraipena eta ebaluazioa izan ditzan. Ikasleek eta gurasoek garapenaren eta lorpenen berri izan behar dute.
- Proiektua denbora jakin batean garatu behar da. Astebete, 10 egun… modu intentsiboan, behar den denbora. Denek horren berri izan behar dute eta denen inplikazioa egon behar du, ordutegia, irteerak eta abar antolatzeko.
- Proiektua era intentsiboan garatzen ari den bitartean ez dira eduki berriak irakatsi behar. Ordura arte ikasitakoa aplikatu behar dute. Autonomia da landu nahi den helburu garrantzitsua. Horretarako, lana egiten utzi egin behar zaie ikasleei, dituzten ikasketak eta bitartekoak aplikatzeko aukera eskaini.
- Lantzen hasi aurretik, proiektuarekin zer lortu nahi den, garatu nahi diren konpetentziak eta abar agertu behar dira, norberak autoebaluatzeko irizpideak izan ditzan. Azken finean, proiektu guztiek badute produkzio zehatza, eta lortu nahi den guztia argi egon behar du hasieratik, ebaluazioa edota autoebaluazioa egin dezaten. LHko 5. mailatik aurrera webquestaren bidez modu erraza aurkitu genuen proiektua garatzeko behar duten guztia agertzeko. Txikiagoekin, panelak jartzen ditugu paretetan zer egin ikus dezaten, nondik abiatzen garen, zer bide egin behar den eta non amaitu behar den.
- Landu nahi den konpetentzia bakoitzean zer jarrera jorratu nahi den argi uzten da. Horretarako, erabili beharreko teknologiarik egokiena baliatu behar dute: ahotsa, idatzia, marrazkia, taula, grafikoa, Internet… Teknologia era zabalean ulertuta.

LONGAR proiektua

Momentu honetan Vianako (Nafarroa) Erentzun ikastolan Haur eta Lehen Hezkuntzak maila bakoitzeko bateratze lan bat ari dira diseinatzen. Irakasle guztiak inplikatuta daude zeregin honetan. Lan hauen adibidea, aurreko urtean, esperimentazio fase batean, LHko 5. eta 6. mailako ikasleekin egindakoa izan daiteke: lehen adinetik hirugarren adinera.
Gure ikasleek badute ohitura bideo eta dramatizazioak egiteko, eta primeran aritzen dira bi arlo hauetan. Baina, gure erronka emanaldiaren prestaketa prozesua arduraz egitea zen. Askotan, gauzak egin egiten dituzte, irakaslea atzetik dabilelako bultzaka. Hasieratik arduratsuak izatea eskatu zitzaien, baita hori lortzeko tresnak ere.Haiek izango ziren egindako lanaren erantzule, onerako ala txarrerako.  Azken finean, ikasleen autonomia eta iniziatiba sustatzea dira prozesuaren funtsezko helburuak.

Proiektuaren garapena

Abiatzeko, Zahar Etxeko arduradunei gutun bat idatzi behar izan zitzaien gure emanaldiaren asmoa agertzeko. Gutuna nolakoa izan behar zuen aztertu zen.
Gero, hirugarren adina aztertu genuen. Horrekin, ezusteko dezente hartu genituen. Adibidez, galdetegi bat pasatu zitzaien ea zein ziren beraien arazoak galdetzen, eta ez zutela arazorik erantzutean harrituta geratu ginen. Hala, beraien errealitatea gertuago ezagutu eta hainbat aurreiritzi baztertu dira, gertutasuna eta errespetuzko beste egoera sortuz.
Emanaldia prestatu behar zutenez, gidoia antolatu behar zuten. Interneta erabiliz beraien arteko elkarlanean osatu behar izan zuten. Horrela, 15-20 ikaslek dokumentu beraren gainean aritu behar zuten lanean, bakoitzak bere atalaren ardura bazuen ere, denen artean osatu zuten guztia.
Prestatzeko prozesuan, kalkulu batzuk egin behar izan zirenez, matematikako hainbat ariketa txertatu genituen. Horrez gain, plastika, testuak, antzerkia, musika, kantak eta abar.
Hizkuntzak landu genituen. Gure lana euskaraz egiten bagenuen ere, emanaldia Vianako Zahar Etxean zenez, gaztelaniaz egin behar genuen. Horrela, bi hizkuntzak landu genituen.
Lehen esan bezala, lanak gauzatzeko, makuluak edo laguntzak eskaini zitzaizkien. Adibidez, gutuna idazteko, gutun formal batek bete behar dituen arauak edo irizpideak idatzita dituzte, beraiek, edozein unean kontsultatu nahi badituzte. Horrekin batera, gutuna egin ondoren, autoebaluazioa egiteko galdeketa dute. Behin hori eginda, dena gordetzen dute.
Gero, egindako gutunen artean bat aukeratu genuen zozketa eginez. Eta gutun hura, denon artean ikusi genuen ea egokia zen ala zerbait egokitu behar genuen.
Galdetegia prestatu zen Zahar Etxekoei pasatzeko. Datu haiekin, taulak prestatu genituen.
Emanaldirako hainbat saio prestatu behar izan zituzten. Bakoitzerako gidoia prestatu, zituzten beharrak aztertu: azpiegitura, materiala, musika, dekoratuak, aurkezpenak, entseguak eta abar; eta hura guztia antolatu behar zuten.
Edozein ikasleren azken ebaluazioa egiteko, ikasle bakoitzak egin dituen lanak eta autoebaluazioak bakoitzak digitalizatuta gorde zituenez, erraza egiten zaio irakasleari jarraipena edo edozein kontsulta egitea.
Emanaldi osoaren balorazioa egiteko, egokia ikusi zen iaz, kanpoko batek egitea, gurasoren batek edo. Horren beharra ikusi genuenez, aurten, horrela egitea pentsatu dugu.

Balorazio orokorra

Hirugarren eta lehen adinekoen artean oso giro ona eta errespetuzko harreman aberatsak sortu direla esan beharra dago. Esperientziaren balorazioa positiboa izan denez eta konpetentziak lantzeko proiektu iraunkorrak, hau da, “gurekin geratuko direnak” behar ditugunez, urtero errepikatuko da goiko zikloko ikasleekin.
Irakasleen ikuspegia da azaleratu nahiko nukeena. Lehen unean halako proiektu integratuak izugarri pisuzkoak egiten ahal zaizkigu, izan ere, bai curriculuma, bai jarduerak, kokapena, protokoloak, gidak eta abar: dena sortu behar dugulako. Baina pixkanaka-pixkanaka erakartzen zaitu, izan ere trebetasun profesional handiak jarri behar ditugu martxan eta errutinaren kontrako antidotoa ere izan daiteke.  Bestalde, aitortu beharra dago gure kasuan aldamenean konpetentzi arloan aditu bat edukitzea hagitz babes ona dela eta izugarrizko ziurtasuna eta lasaitasuna ematen dizula.
Informazio zehatzagoa nahi duenak proiektu zehatz honen inguruan:
https://sites.google.com/site/erentzun1adinetik3adinera2/
Webquest moduko horren bitartez, bai ikasle bai irakaslentzako beharrezkoa den material guztia daukazue interesa duzuenak. Bertan jardueraz jarduera ikasleek jarraitu beharreko pausuak eta prozedurak, erabilitako protokoloak, kalitatea neurtzeko gidak zein pausuak ebaluatzeko galdesortak aurki daitezke. Bestalde, irakasleek proiektu horren inguruko konpetentziak, denbora, tresnak eta ebaluatzeko irizpideak aurkituko dituzte.