Nerabeak modu probokatzailean janzten al dira? Ez al genuke ezer egin behar hori saihesteko
Lehenik eta behin, hauxe argitu nahi dut: artikulu honetan deskribatzen eta aztertzen dena sexu hezkuntzan daramatzadan urteetan gai horren inguruan ikusi eta aztertu dudanaren emaitza da. Beraz, artikuluan ez da agertuko inolako autorerik, eta ezta nire ideiak baieztatzen edo ezeztatzen dituen ikerketa zientifikorik ere, bi arrazoirengatik: alde batetik, gaur jorratuko den gaia oso zehatza delako eta, horren ondorioz, ez dagoelako oso landuta; eta, bestetik, artikulu honen asmoa soilik arroparen eta probokazioaren gaian ezkutuan dauden hainbat faktore argitara ekartzea delako.
Beraz, aipatu bezala, gai hau aztertzen, hausnartzen edota arautzen denean ahazten diren hainbat faktore argitara ekartzea da artikulu honen helburua; hauek, besteak beste: nerabeek bizi duten bilakaerako unearen garrantzia, eta helduei (irakasleei zein gurasoei) gai horren inguruan sortzen zaizkigun ideien edota beldurren azterketa.1. BILAKAERAKO UNEAIzenburuan argi ikusten denez, nerabeak dira artikulu honen protagonistak. Horregatik, atal honetan gazte horiek pairatzen dituzten aldaketa fisikoak zein psikologikoak deskribatuko ditut, eta aldaketa horiek gaur jorratzen ari naizen gaiarekin duten lotura azalduko dut.1.1. Aldaketa fisikoak: ume gorputzetik heldu gorputzera
Garai horretan, hazkundea izugarri bizkortzen da, eta gorputzaren itxura aldatu egiten da. Ikuspuntu fisiko eta fisiologikotik, aurreko etapetan baino eraldaketa sakonagoak eta azkarragoak gertatzen dira, fetu garaikoen edo jaiotzaren ondorengoen parekoak. Aldaketa fisiko handienak gorputzaren eta ugaltze-organoen neurrietan eta itxuran gertatzen dira.Beraz, eta hazkundearen bizkortze hori dela eta, nerabeak, oso epe motzean, ume gorputza izatetik heldu gorputza izatera iristen dira. Horrek ondorio nabarmena du gaur aztertzen ari garen gaiarekin lotuta.Ondorio hori azaltzeko, ikastetxe baten adibidea jar daiteke. Uda igaro ondoren, irakasle batek bere ikasleen gorputza oso aldatuta ikus dezake; hau da, ekainean titirik gabe agurtutako neskatoak, epe horretan, emakume gorputza hartu du, bularrak hazi egin zaizkio, aldakak formatu, pisuz eta altueraz handitu egin da, eta hilekoa du (beste hainbat aldaketaren artean). Mutilen kasuan ere prozesu hori oso azkarra da, eta, orokorrean prozesu horretan neskak baino geroago murgildu arren, gizon gorputza garatzen dute haiek ere; bere garaian, sorbaldak zabaltzen zaizkie, bizarra hazten zaie, eta beste hainbat aldaketa bizi dituzte.Gorputz berri hori izango du, eta, une horretatik aurrera, pertsona heldu baten gorputza dute kanpo aldetik, nahiz eta oraindik heldu izatera iristeko prozesua luzea izan. Horixe da nerabezaroan gertatzen den gertakari bitxia, desoreka handia dago diruditenaren eta direnaren artean. Itxurak eragin handia du guregan, eta, horregatik, nerabeari eman dezakeena baino gehiago eskatzeko joera izaten dugu askotan, itxurak egiten digun tranpa horregatik. Argi dago heldu izateko prozesu horretan daudela; ez dira umeak jada, baina oraindik ere bide luzea dute helduok dauzkagun gaitasun asko garatzeko.Helduontzat ere ez da erraza. Gure aurrean dauden gaztetxoek heldu gorputza garatzen dute, eta askotariko sentimenduak sor ditzakete guregan. Hau da, nahiz eta irakasleok gure tokia zein den jakin badakigun, gazte horiek hainbat sentimendu sor ditzakete guregan: erakarpena, desira… Azken finean, gure begiek eta zentzumenek ez dute heldutasunaz ulertzen; bai, ordea, gure arrazionaltasunak. Arrazionaltasun horri esker, sentimendu horiek behar bezala bideratzen ditugu, eta ikasleengandik behar beste urruntzea lortzen dugu. Sentimendu horiek izatea ez da ezer txarra, sentitzea ez da kontrola galtzearen sinonimo, ezta sentitzen dugun guztia jokabide bihurtzearen sinonimo ere. Esate baterako, harremanetan, normala denez, haserrea eta beste mota batzuetako sentimenduak azaltzen direnean, gure ikasleak edo seme-alabak iraintzeko edo jotzeko ohitura al dugu? Ez! Gu gure ikasle batek erakartzeak ez du esan nahi harekin oheratuko garenik. Sentitzea, bizirik gauden seinale da soilik, eta guk, helduak garenez, sentimendu horiek bizi, onartu eta behar bezala bidera ditzakegu (gure bikotekidearekin, gure adineko heldu batekin, bakarrik…).Hori hobeto ulertzeko, beste gai bat datorkit burura. Bortxaketetan, nesken itxura edo jarrera epaitzen da askotan, bortxatzaileak egindako delitua epaitu beharrean. Delitua egin duenak, segur aski, pertsona horrenganako desira eta erakarpena sentitu ditu, baina bortxatzea baino askoz aukera gehiago zituen: pertsonarekin ligatzeko prozesua hastea; edo, ezetza jasoz gero, beste norbait bilatzea desira hori aurrera eramateko; edo desira sortu dion pertsonarengan pentsatuz bere buruari plazera ematea; edo sentimendu hori bizitzea, onartzea eta, ezinezkoa dela onartu ondoren, bere burua kontrolatzea. Horrelako hamaika aukera gehiago egongo lirateke. Gaiarekin jarraituz, arropa probokatzailea arautzeko, ikastetxeetan erabiltzen diren neurriak itxura gorde nahian eta “eratasuna”, “begirunea” eta horrelako balioen diskurtsoan oinarritzen dira, baina, nire ustez, araudi horien atzean, sentitzeko beldur hori egon daiteke. Hau da, helduok inkontzienteki (hori azpimarratu nahi nuke) sentimendu horien aurrean daukagun beldurragatik, horrelakoak saihesteko bide azkarra bilatzeko joera dugu. Gure sentimenduei erreparatu beharrean, sentimendu horiek sortu dituenaren aurka jotzeko joera dugu; kasu horretan, arropa “erruduntzat” hartzen dugu, eta hori arautzen dugu.Zalantzan jarriko nituzke horrelako neurrien bidez lortzen diren emaitzak. Gure sentimenduek ez dute borondaterik, horrelakoak piztea edo ez piztea ezin dugu kontrolatu, baina bai, ordea, sentimendu horiek aurrera eramatea. Beraz, minigona batekin edo eskote zabal batekin gure desira piztu daitekeen arren, eragina dute horretan beste hainbat faktorek ere: usainak, begiradak, gorputzaren mugimenduak, hitz egiteko erak... Horiek denak kontrolatzeko araudiak egin behar al genituzke? Ez al da errazago sentimenduzko pertsonak garela onartzea eta sentimendu horiek lasai bizitzen ikastea? Horixe izan daiteke aipatutako faktore ezkutu bat, irakasleak beraiek ez ohartu arren horretaz. Ez dut esan nahi irakasle guztiek edo heldu guztiok gure ikasleengan horrelako sentimenduak izan ditugunik; soilik horrelakoak sor daitezkeela azaldu nahi dut, eta uste dut, horrelakorik sortuz gero, informazio hau baliagarria izan daitekeela, modu osasuntsuan eta lasai bizitzeko.1.2. Aldaketa psikologikoakLehenik eta behin, argitu nahi dut atal honetan ez ditudala nerabeek izaten dituzten aldaketa psikologiko guztiak landuko, soilik gaur jorratzen ari garen gaiarekin lotura izan dezaketenak landuko ditudala. Garrantzitsua iruditzen zait, ordea, aldaketa horietan sakondu baino lehen, nerabeek psikologikoki bizi duten unearen deskribapen laburra egitea.Nerabezaroaren ezaugarri nagusia helduen gizartera iristea eta gizarteratzea da. Psikologiaren ikuspuntutik, hauek dira aztarna funtsezkoenak: haurrak haur izateari uzten dio, hazi egin delako eta helduen ezaugarri fisikoak bereganatu dituelako, eta bere tokia hartu behar du helduen munduan. Hala, helduen antzekoa izan behar du, baina helduei aurre egin beharko die, haien postua hartu ahal izateko. Aldi berean, helduen munduak gaitzetsi egiten du nerabea, oraindik ere heldugabetzat eta esperientzia nahikorik gabekotzat jotzen baitu.Azpimarratu beharra dago gizarteak garai horretan duen garrantzia, aurreko adinetan izan ez duen garrantzia hartzen baitu. Gizarteak eragin handia du adin guztietan, baina oso desberdina da nerabezaroan duena, lehen norberarengan norberak eragiten baitzuen (horretaz jabetu gabe), eta gizartearentzat haurrak ez baitzuen kontzientziarik. Orain, berriz, gizarteak egiten duen presioaz jabetzen da, eta aktoretzat ikusten du bere burua: alde batetik, gizarte batean dagoela jabetzen hasten da, eta gainera, nola jokatu behar duen ulertzen du; beste alde batetik, gizarte horretan zergatik dagoen ulertu nahi du, eta berak hautatu ez duen jokamolde bat onartu behar ote duen galdetzen dio bere buruari.Identitatearen bilaketa
Arestian aipatu denez, nerabeak, gizartean bere tokia aurkitzeko, heldu identitate berria bilatu beharra du heldua izateko bide horretan, gorputz berrira egokitzeaz gain; eta identitate hori gurasoengandik edo gertuko ereduengandik desberdina izango da.Horregatik, nolabait helduaren “aurka” jarri beharra izaten du; ez pertsonaren aurka, helduak adierazten duenaren aurka baizik. Horrela, gazteek senitartekoak eta irakasleak baztertzeko joera ere izaten dute, euren heldu ereduak antigoalekotzat eta zahartzat jotzen baitituzte, eta haien jokaerak eta diskurtsoak baztertu egiten dituzte. Haurtzaroan gurasoak idealizatuta edukitzea haurrentzat onuragarria den modu berean, nerabeentzat gurasoen aurka azaltzea edo haiengandik urruntzea ere osasungarria da, haien identitatearen bilaketa prozesuaren parte delako hori. Hori kontuan hartuta, guraso edo irakasleei kritika suminagoa egiten die, beharrezkoa den urruntze hori lortu ahal izateko. Baina nola gertatzen da urruntze eta aurkaritza hori? Nerabeak jokaera bereziak izan ditzake, jokaera “probokatzaileak” dei daitezkeenak. Jokaera bereziak, ez soilik janzteko moduan, baita jokatzeko moduan ere: ozen hitz egitea, musika oso ozen entzutea, etengabe barre egitea, helduekin modu erasokorrean aritzea…Beraz, arropa probokatzaileak edo helduentzat desegokiak direnak janztea identitate bilatze horri erantzuna emateko modu bat izan daiteke, eta helduari identitate bila dabiltzala adierazteko tresna bilaka daiteke.Horrez gain, nerabeek beren jokaerak helduengan erreakzio bereziren bat duela ikusten badute, errepikatzera joko dute. Horregatik, berriro ere zalantzan jarriko nuke arropa probokatzaileak arautzearen eraginkortasuna, zenbat eta debeku handiagoak ezarri, orduan eta gogo handiagoa sortzen baita debekatu dena egiteko.Adiskidetasuna eta taldearen garrantzia nerabezaroan
Helduen munduan egiten den gizarteratze anbiguo hori gauzatu ahal izateko, gazteak aurre egin behar dio mundu horri, senitartekoetatik urrundu egin behar du, eta gurasoekiko loturak aldatu egin behar ditu. Baina oso zaila litzateke hori egitea beste norbaitengan laguntzarik topatu gabe. Horregatik, lagunak funtsezkoak izaten dira, eta taldeak osatzeko joera agertzen dute nerabeek. Adin berekoekin bat egiteak, beraz, bi funtzio betetzen ditu: alde batetik, senitartekoengandik aldentzen laguntzen dio; eta, bestetik, gizartean arazo eta posizio berdintsuak dituzten pertsonekin esperientziak truka ditzake.Adin berekoen talde horren eragina oso handia izan daiteke, eta ez du zertan onuragarria izan. Gurasoekiko distantzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago behar du adiskideen laguntza. Oraindik osatu gabeko identitatea duenez, nerabeak “talde identitatea” sortzen du, besteekin batera partekatzen du, eta pertsonaia publikoengan, musikako edo ikuskizunetako irudietan, “heroiengan”, identifikatzen du bere burua. Horrez gain, nerabeak arreta handia jartzen dio besteek duten iritziari, eta garrantzi handia du berari buruz pentsatzen edo esaten dutenak. Guztien jomugan dagoela iruditzen zaio (izaera sozialeko egozentrismoa).Bi arrazoi hauek direla medio, nerabeek beste guztiak bezala janzteko eta modak agintzen duenari muturreraino jarraitzeko joera izaten dute. Gure kulturan gorputzaren irudiari eta irudi erakargarria izateari ematen zaion gehiegizko garrantzia kontutan hartua, oraingo gazteek itxurari garrantzi handia ematen diote, taldean onartua sentitzeko. Horrez gain, modak aldatuz doaz, eta, oraingo modan, lehen ez zeuden hainbat ezaugarri daude, eskoletan gatazkatsuak izaten ari direnak: tanga eta galtzontziloak erakustea, gerri baxuko galtzak, takoien erabilera, galtza motzak edo minigonak janztea, makilatzea... Horrelako jantzien erabilera oso arrunta da gazteentzat eta nerabeentzat, helduontzat egunero gure ikasleen tangak edo galtzontziloak ikustea arraroa izan daitekeen arren. Haiek modu naturalean ikusten dute edonor makilatzea edo ikaskideen tangen eta galtzontziloen koloreak jakitea. Hainbat modatan bezala, hasieran arraroa zena, gero, arrunt ikusten da. Adibidez, duela hiru urte ezinezkoa zen galtzak bota barruan sartuta eramatea, eta horrela zihoanak atentzioa ematen zigun; baina jende guztia horrela doa orain.Amodiozko lehen harremanak
Nerabezaroan gertatzen dira amodiozko lehen harremanak. Gazte horien arteko harremanetan, oso nabariak dira aldaketak, desira eta erakarpen sentimenduak agertzen hasten dira, eta oso biziak izaten dira gainera.Ez dirudi horren garrantzitsuak direnik aldaketa horiek, baina lantzen ari garen gaiarekin oso lotuta daude. Arropak arautzearen aldeko diskurtsoetan, eskolara etortzeko arropa eta jaieguneko arropa bereiztea eskatzen da. Eskolara ikastera etortzen direla, alegia, eta ez ligatzera.Pertsonok (ez nerabeek soilik) egunean ordu asko pasatzen ditugu lantokietan. Harreman estuak izaten dira askotan lankideen artean, eta horien artean amodiozko harremanak ere sor daitezke. Gazteentzat, guretzat bezala, eskola gizarteratzeko beste toki bat da, eta denbora luzea pasatzen dute gelakideekin. Eskolan sor daitezke haien lehendabiziko harremanak. Norbait gustuko dugunean, haren aurrean gure itxurarik politena erakusteko joera dugu, hark guri begiratzea baitugu helburu. Beraz, arropa “probokatzaileen” diskurtsoa aztertzerakoan, uste dut merezi duela arestian aztertu diren faktoreak kontuan hartzea. Horrela, nerabeek izan ditzaketen hainbat jokaera uler ditzakegu, eta nerabeen eta helduen arteko elkarbizitzarako aurrerapausoak eman daitezke. Hurrengo atalean landuko da gai hau.2. HELDUOK GURE TOKIA
BILATZENNorbaitek esan dezake artikuluan zehar asko sakondu dela nerabeen prozesuan, baina gai honetan garrantzi handia duen beste eragile bat ahaztu dela. Alegia, badirudi helduok ahalegin berezia egin behar dugula gazteek bizi dutena ulertzeko, baina helduok une horretan eta harreman aldaketa horren aurrean ditugun zalantzak, beldurrak eta kezkak ahaztu egin direla.Argi dago bidea ez dela samurra nerabearen ondoan dauden helduentzat, irakasleentzat, hezitzaileentzat zein gurasoentzat. Bai gurasoek eta baita irakasleek ere diote, askotan, galduta sentitzen direla.Galera horren aurrean, bi bide har ditzakegu: bata, nerabeek bizi duten unea ulertu gabe, haien aurka joatea eta egiten duten guztia kontrolatzea, debekatzea, arautzea...; edota bestea, nire ustez aberasgarriena dena, gure ikasleek, seme-alabek bizi duten uneaz informazioa biltzea, eta gure aldetik egin dezakegun guztia egitea, denek nerabezaro prozesu hori ahalik eta modu osasuntsuenean bizi dezaten.Hona hemen baliagarriak izan daitezkeen hainbat ohar, bigarren aukera hori hartzen duten profesional edo gurasoentzat:1. Lehen esan dudan bezala, nerabeek bizi duten bilakaerako unea ulertzea garrantzitsua da, haiekin dugun jokaera zorrotzegia izan ez dadin eta guztion artean elkarbizitzarako bideak uztar ditzagun. Arropa probokatzailea janztea adin horretan izaten dituzten beste hainbat jokaeraren antzera har daiteke; adibidez, helduen jokaerak kritikatzea, edo eskolan proposatzen zaizkien gauzak zalantzan jartzea... Horren guztiaren aurrean, irakasleak heldu modura trata ditzake ikasleak, eta gaiari hel diezaioke, debatea pizteko eta helduen eta gazteen iritziak mahaian jartzeko. Zergatik ez da arroparen gaiarekin ere gauza bera egiten? Adibidez, irakasleen, gurasoen eta ikasleen arteko debatea sor daiteke, eta, ondoren, beharrezkoa balitz, denen artean araudi bat lor daiteke. 2. Bestalde, nire ustez, nerabeekin lan egiten duen profesionalak, haren bilakaerako unea ulertzeko gai izateaz gain, argi izan behar ditu bi gauza hauek: nerabeak hurbil sentitu behar du, baina, aldi berean, harengandik urruntzen jakin behar du. Azter dezagun kontu hau.Nerabearekin harremana edukitzeko, derrigorrezkoa da lotura afektiboa lortzea. Helduak uneoro jakin beharko du, harreman horretan, heldua dela gazteari lagundu behar diona, emozionalki hark lagundu behar diola, eta ez alderantziz. Helduok, orokorrean zaintzaile edo hezitzaile garen profesionalok, besteak ongi zaintzeko eta hezteko gure espazioak bilatu behar ditugu, eta guk ere zainduta gaudela eta behar emozionalak aseta ditugula sentitu behar dugu. Espazioak asko izan daitezke: bikotea, lagunak, familia, laguntza psikologikoa edo gu bezalako profesionalen arteko elkarrizketa eta topaketak…Era berean, ezinbestekoa da nerabeekin behar besteko distantziarekin jokatzea; helduak oso argi izan behar du harremanean bere tokia zein den. Hauxe adierazi nahi dut: gu ez gara nerabeen lagunak, gu haien irakasleak, hezitzaileak edota gurasoak gara.Beraz, behar-beharrezkoa da distantzia hori. Alde batetik, probokazio horiei kasurik ez egiteko, norberak bere autoestimua ongi kokatua izan beharko du. Gazte batek helduaren kontrako diskurtsoa duenean, edo hark proposatzen duena baztertzen duenean, haren aurka ez doala ulertu behar du, soilik proposatu duena baztertu egiten duela, heldu batengandik datorrelako. Horrek ez du esan nahi nerabeak errespetua galdu behar duenik. Bestetik, beharrezkoa dute distantzia hori, gure kontra jartzea haien prozesuaren parte delako. Dena den, itxurazko aurkaritza eta independentzia horren atzean, nerabeek senitartekoen eta irakasleen laguntza eta ulermena behar dute ezinbestean.3. Aldaketa fisikoak aztertzerakoan aipatu diren sentimenduak onartzea eta lasai bizitzea proposatzen dut. Gazteenganako sentimendu bat, edozein motatakoa, izaten badugu (gorrotoa, desira, erakarpena, pena…), normala dela onartu behar genuke, eta behar bezala eta behar den tokian bideratzen jakin behar genuke. Horretarako, garrantzitsua da lehen aipatu diren espazioak sustatzea, irakasleek sentitzen dutenaz lasai hitz egin dezaten.4. Askotan, helduok nerabeekin dugun jarreran eragina izan dezake hainbat faktore inkontzientek. Horietako bat, ari garen gairekin lotura zuzena duena, gure nerabezaroan izan ditugun bizipenak dira. Hau da, ni gaztetan konplexudun neska izan banintzen eta mutilengana hurbiltzeko gai ez banintzen izan; orain, lirainak direnekin eta mutilekin, arrakasta duten ikasleekin, jarrera berezia izan dezaket, nolabait nire adinean gainditu ez nuen gauza bat nire heldu bizitzan eta gazteekin lanean ari naizela ager baitaiteke. Berriro ere, hori jokaera inkontzientea dela azpimarratu nahiko nuke, eta, askotan, pertsonekin ditugun harremanetan eragina duela, eta soilik barrurantz begiratuta aurki daitekeela.Helduontzat haien bidez gauza horiek hautematea oso opari polita dela iruditzen zait, eta hori dena modu kontzientean bizitzeak aukera ezin hobea eskaintzen digu gure burua ezagutzeko eta pertsona gisa hazteko eta aberasteko.•