AGERRIA, Zuberoatik zubia eraiki nahian

2012-02-01
Agerria dagoen muinoaren gainetik, Maule-Lextarreko herri osoa ikus daiteke. Agerria monasterio izandakoa da; izan ere, 125 urtez salletarren egoitza izan zen, duela bi urte fraideek alde egin eta etxe dotorea hutsik geratu zen arte.
 
 
Udalaren betiko asmoa zen Agerriako egoitza eta haren lur- eta baso-­eremuak udal ondasun bihurtzea. Horrela, Agerriako jabetza salgai jarri zenean, udalak bereganatu egin zuen. ­Udala ez zen bakarrik aritu, ordea, Agerria berreskuratzeko: herriko hainbat ­eragileren eta 200 inguru zuberotarren laguntza izan zuen. Horien guztien diruarekin lortu zuten Agerria Zuberoako herri-ondasun bihurtzea.
Agerria dagoen eremuak 100 hektarea inguru ditu. Egoitza, berriz, oso handia da. Jendea egoteko prestatuta dagoen esparruaren eta alboko eraikinen artean 8.000 metro koadroko hedadura du zoladuraz. Gainera, Agerriako lurretan 97 hektareako baso mardula zabaltzen da.
Maule–Lextarreko jarduera ekonomikoa, Zuberoa osoan gertatzen den antzera, ingurumena babestea ardatz duten ekonomia garatzeko eta jendartea antolatzeko ereduetan oinarritzen da. Eredu horiekin batera, gainera, ­energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute, eta tokiko nekazaritzako produktuak bertan eraldatzeko baliabideak garatzen ari dira. Ildo horri jarraiki, Agerriako guneak eredu horiei ­erantzun beharko liekeela iritzi zioten hasieratik. Horretarako, fraideena ­izandako egoitza harreragune edo aterpe modura antolatu dute. Hala, Zuberoan bertan ekoitzitako produktuen kontsumoa (haragia, barazkiak, gazta eta abar) sustatzeko, beste aukera bat eskainiko luke aterpeak.
Bestalde, Zuberoa euskal lurralde ezezagunenetako bat delakoan dira mauletarrak. Hizkuntza eta kultura bera eduki arren, haurrek eta helduek ­elkar ezagutzen ez dutela ikusi dute haurren zein helduen artean. Elkarren arteko ezagutza sustatu eta bultzatzeko, elkarrekin topo egiteko espazio bihurtu nahi dute Agerria, talde-ezagutza bultzatu eta hizkuntza eta kultura indartzeko. Haur eta gazteekin lan egin nahi zuten, batez ere, euskal curriculuma oinarri, hezkuntzak ematen dituen aukerak baliatuta.
Elkar-ezagutza bultzatzeko susta­tzaile gisa arituko da Izan Ontsa elkartea. Horretarako, udalak, Agerria aterpea alokatu egin dio elkarteari. Izan Ontsaren egitekoa, beraz, Euskal Herri osoko haur eta gazteei espazio komun bat eskaintzea litzateke. Bere lanean, Zuberoak eskaintzen duen ingurune naturalean eta errealitate sozialean, kulturaren ezagutza ahalbidetuko du.
Inguruko baliabide naturalak ezagutuz, ikasleentzat (eta baita familien­tzat, mendi taldeentzat eta abarrentzat) erreferentzia-puntu izan nahi du Agerriak, ingurumen-heziketako programa pedagogikoak burutuz, kirol-ekin­tzak, abenturak, txangoak, bisita gidatuak, eta abar eginez.
Izan Ontsa elkarteak, bere aldetik, aspalditik ikusia zuen hutsunea bete nahiko luke eskaintza horrekin. Oso ohikoa da ikastetxeek irteerak egitea. Hala ere, irteera horiek ia inoiz ez dituzte Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa helmugatzat izaten. Haien ustez, hori horrela izatearen arrazoietako bat talde handiak hartzeko lekurik ez egotea izan daiteke. 
Izan Ontsa elkartearen beste asmoetako bat, bisitarien eta mauletarren eta inguruko biztanleen arteko benetako harremana bultzatzea da.
Izan Ontsak harremanak egin ditu Zuberoako elkarte eta eragileekin, elkarrekin egitasmoak sortzeko. Kultura-arloaz gain, nekazaritza-arloa, ingurumenekoa eta naturakoa lantzeko.  
Dagoeneko hainbat talde izan dira Agerrian. Inguruko herrietako ikastoletako haurrekin egun-pasak egin dituzte, eta izan dute elkarren berri. Esperientzia interesgarriak garatzeko aukera bikaina eskaintzen du komentu izandako etxe eder horrek, dudarik gabe.
 
PROGRAMAK 
Izan Ontsak aurkeztuko dituen programek, batik bat, Zuberoa ezagutzea dute helburu. Inguru aberatsak, eta askorentzat ezezagunak, ditu Zuberoak, haien artean: Kakueta, Madalena mendia, Iratiko oihana, Holtzarteko zubi eskegia, eta abar.
Kultura aldetik ere beste hainbat eskaintza ditu. Baditu antzinatik gorde dituen ohiturak, bertakoak direnak; Maskarada eta Pastorala, esaterako. Xiberoko Botza irratia ere kultura-ekipamendu garrantzitsua da.
Industriari dagokionez, oso herri txikia izan arren, lehen sektoreak, nekazari­tzak, garrantzi handia du herrialde horretako ekonomian. Gehien ekoizten den produktua ardi-gazta da. Baserritarrak elkartu egin dira eta kooperatibak osatu dituzte: haiek ikusteko aukera ere izango da.
Eskola bakoitzaren beharrak eta interesak, eta garaia kontuan izanik, programa pertsonalizatuak prestatuko dituzte, hala nola: neguan, ipar eskia Iratin, Issarberan, eta eski alpetarra San Martingo Harrian; eta, udan, ur-ekintzak ibaietan.
AGERRIAKO INSTALAZIOAK
Izan Ontsak antolatutako ekintza guztiak aurrera eraman ahal izateko, tokiko begirale euskaldunak dituzte. Sukaldeko martxa eramateko, berriz, sukaldari profesionalak.
Logelak: 135 lagunentzako lekua. 40-50 haurrentzako 4 gela handi. Gela bakoitzak komunak ditu.
Taldeko dutxak. 
Jangelak: gela balioaniztun handi bat eta beste bi txiki. Bi sukalde profesional.
Gelak: lantegiak egiteko erabilera anitzeko 4-5 gela eta ikasgelak.
Beste hainbat baliabide.
Lau txokotan banatutako ganbara.
Barneko jolas-txokoa, mahai-futbola, ping-pongeko mahaiak, eta abar.
Mahai-jokoen txokoa: xakea, damak, partxisak, eta abar.
Dantza- eta musika-txokoa.
Irakurtzeko eta solasaldirako txokoa.
Eliza.
100 hektareako landa-lurra, horietatik 70 hektarea basoa dira.
Kirola egiteko zelaiak eta frontoia.
Bilera gelak.