Harribiziak

2012-03-01
Esker mila, lehenik eta behin, nire haurtzaro eta eskola garaietan, nirekin batera bidaiatu zuten guraso, anaia, lagun, irakasle eta objetuei (xiba, txapak, kanikak, kromoak, komikiak, Star Warseko panpinak, baloiak, patinak, poteak, buztina, txabolak egiteko lehengaiak, ikatza, klariona, harkatza, pintura eta marrazteko balio zezakeen edozer; eta guztien gainetik, HARRIEI).
Gure ikastolak, Ikas Bide Ikastola, ez zuen berezko eraikinik: Amara Berriko Isabel II.ean genuen Eskolaurrea; lehenengo mailatik bosgarrenera arteko garaiak Txuri Urdin izotz jauregian egin genituen eta sei, zazpigarren eta zortzigarren mailak, Karmelo Balda frontoiaren atzealdean zeuden txabola prefabrikatu batzuetan. 
Lurrik gabeko ikastola ginen. Zirkoko langileen seme alabak bezalakoak ginen. Ez genuen eraikin propiorik. Baina bagenuen mendixka bat eta bertan basotxo bat eta HARRIAK... 
Ez naiz ikasle “ona” izan. Onartzen dut. Nire notak nahiko kaxkarrak izan dira beti. Ikastolako psikologoak eta ­tutoreek “tontoa” ez nintzela esaten ­zuten, baina erraz distraitzen diren horietakoa nintzela. ( KAR, KAR, KAR!!! ­TXALOAK!!!) Eta majoa nintzela. Mutil ona. Ogi puska, alegia. Azkeneko definizio horiek gustura sentiarazten ninduten. Horiek baitziren niretzat notarik hoberenak: nahiz eta irakasleak eta gurasoak nirekin bat ez etorri.
Niri eskulanak gustatzen zitzaizkidan, marraztea, buztina lantzea... eta musika. (Eta HARRIAK). Beste mundu batera eramaten ninduten gaiak. Ho­bbiak? Ez! Niretzat bizitza ulertzeko modua ziren.
− Eta lotsatia!
− Lotsatia?
− Bai, lotsatia!
− Orduan, aktore izatearena?
Duela gutxi, orduko nire irakasle batekin horri buruz hizketan egon nin­tzen: mutiko lotsati-lotsatia izanik, nola bukatu dudan aktore izaten. Berak ez daki. Nik ere ez. Baina beste mundu batera eramaten naute antzerkiak, marrazteak, musikak eta HARRIEK...
Agian horregatik gustatzen zaizkit oraindik HARRIAK. Geldi daudelako. Denborarekin aldatzen joaten direlako. Bizitza den bezala onartzen dutelako, inongo presarik gabe. 
Ez dakit, multiploak, “objeto directo”ak, edo “irregular verbs”-ak jakingo dituzten. Baina koloreez, pazientziaz, formez, soinuez, bizitzaz asko irakatsi didate: HARRIgarria bada ere.
Irakasle maiteak, haur ameslari batekin topo egiten baduzue, HARRIEKIN gogoratu: gogor eginez gero puskatu egiten dira.
HAU, ura eta haizea.