Idoia Tremor eta Maider Gonzalez. Bilgune feminista.

2012-03-01
Eredu hau zalantzan jartze hutsarekin gauza asko ari dira egiten irakasleak hezkidetzaren alde
 Hamar urteko ibilbidea ospatzen ­ari da Bilgune Feminista. Sorreratik, Bilguneko kideek hezkuntza, jendarte aldaketarako landu beharreko eremu estrategiko eta ezinbestekoa dela ­ulertu izan dute. 2003. urtean ­Minimoen Taula osatu zuten hezkuntza eragile ugarirekin hezkidetza posible izan zedin konpromiso batzuk ­markatuz. Hurrengo urtean, ­Hezkidetza Gida lan-tresna  praktikoa sortu zuten, hezitzaileei zuzenduriko aholku eta proposamen multzoa; eta geroago gida praktikara eramateko tailerrak sortu zituzten. Orain, ­Hezkidetza Lau ­Haizetara egitasmoa prestatu dute, hezkuntza eragileei ­formazio, ­aholkularitza eta elkarlan ­feminista proposatzen dien plan ­integral bat. 
Maider Gonzalez eta Idoia Trenor hezkuntza sistema barrutik ­eraldatzeko lanetan ari dira, errotik kontzeptu aldaketa bat proposatuz: Hezkidetza. Biek pasioz eta arduraz hitz egiten dute heziketaz eta ­feminismoaz, eta bien uztarketatik ­etorriko den jendarte aske, kritiko, ­justu eta solidarioaz. 
Historian zehar, aurrerapauso asko eman direla diote, baina oraindik ­minimo asko ez direla betetzen diote. Edukietan, materialetan, ­metodologian, ebaluazioan, ­ikastetxearen antolamenduan edota espazioaren eta denboraren erabileran eragin behar dela diote, ezkutuko eraso sexistak saihesteko. 
 
 
Hezkidetzaz ari garenean, zertaz ari gara zehazki?
Maider  Gonzalez: Hezkuntza sozializaziorako oinarrizko bitarteko bat izanik, Bilgune Feministak estrategiko ikusten du. Jendartean dauden ereduak birsortzeko baino, jendarte justuago bat eraikitzeko eta eraldaketarako balio behar du hezkuntzak. Zentzu horretan, hor kokatzen dugu hezkide­tza. Gure oinarria da, feminismotik ­ulertzen dugu hezkidetza. Pertsonak hezteaz ari gara, osotasun batean, garapen osoa kontuan izanik. Sistema horrek ezartzen digun sexu-genero sistema eta horrek dakarren zapalkuntza kontuan izanik, parekidetasunean heztea da hezkidetza, pertsona osoak heztea, garapen integral bat bilatzea. Tradizionalki gizonezkoei eta emakumeei egokitu zaizkien rol horiek gaindituz hezi nahi dugu, emakumearen ­egoera zapaldu eta diskriminatua gainditu eta aurrerapausoak ematea litzateke hezkidetza. Guk jendarte justuago ­eta askeago batean sinesten dugu. Hezkidetza kontzientea den prozesu hezi­tzailea da eta neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen da. 
Bilgunea sortu zenetik egon da Hezkidetza atala, hasieratik jo duzue adar estrategikotzat heziketa?
M. G.: Bai, duela hamar urte Leitzan egin ziren emakume abertzaleen topaketetan sektore estrategiko batzuk definitzen genituen, eta hezkuntza zen horietako bat. 
Idoia Trenor: Orduan irakaskuntza deitzen zitzaion, irakaskuntza formalera bideratuago baitzegoen adar hori; gero aldatu genuen ikuspegia, eta zabalago hartu genuen, hezkuntza ez-formalean ere eragitea oso garrantzi­tsua ­izan zitekeelako.
M. G.: Bilguneak betidanik ikusi du hezkuntza sektore estrategiko bezala. Sozializazio prozesuan hainbat eragile daude: familia, komunikabideak, teknologia berriak, lagun harremanak… baina hezkuntza bera –formala eta ez-formala ere- klabea da pertsonaren sozializazio prozesu horretan. Hor hezten gara, hor jasotzen ditugu balioak, hor sortzen gara pertsona moduan. Eskolan eragitea ezinbestekoa ikusten dugu. 
Emakumeen Eskubideen Kartako balioetan oinarritzen gara hezkuntzaren zutabeak finkatzean: parekidetasuna, elkartasuna eta askatasuna. Horretan hezi nahi dugu, pertsona burujabeak izan gaitezen; kritikoak; inguruarekin elkarbizitzan; geure gaitasunetan sinetsiz; geure buruak eta ingurukoak zainduz hezi gaitezen. Elkartasuna eta parekidetasuna diogunean, sexu-genero zapalkuntza gainditu beharra ­azaltzen dugu. Guretzako klabea da hausnartzea zer sistematan bizi garen, patriarkatuaren zapalkuntza identifikatzea, eta hortik heziketa integral bat osatu behar dugu, parekidetasun, ­elkartasun eta askatasun baloreetan heziz.
Bilguneak hamar urte egin ditu, eta zer nolako balorazioa egiten duzue hezkidetzan egindako lanaz?
M. G.: Irakurketa orokorra eginda, aldaketa batzuk eman dira, aurrerapausoak egin dira eta horiekin oso pozik gaude. Duela 10 urte hezkuntzaren egoeraz hausnartu eta minimoen taula osatu zuten. Orain begirada bat bota­tzen badiogu taula horri, gauza asko antzeko daudela ikusten duzu. 
I. T.: Aurrerapausoak egin dira, materiala dago, eta jendearengan inten­tzioa dago, baina minimoak ere ez dira bete­tzen. Duela 10 urteko behar antzekoak ditugu oraindik ere.
M. G.: 10 urteko ibilbidearen balan­tzea egin genuenean kezkatu egin ginen, zelan gauden ikusi eta minimo horiek ez direla betetzen ikusteak asko kezkatu gintuen. Hala ere, badago materiala eta pausoak eman dira. Eragileekin egon gara, Hezkidetza Gida bezalako materiala sortu dugu, formazioa eskaintzen zaie hezitzaileei, guraso-elkarteei, begirale-taldeei; tailerrak eskaini ditugu, formatu gara, kanporako eskaintza ere osatu dugu… Ditugun baliabide, zailtasun eta mugekin, Bilgunetik aurrerapauso politak eman ­ditugu, eta kontzientzia sortzen joan gara.
I. T.: Hezkidetza gidak ikaragarrizko harrera eduki zuen; hortik tailerrak etorri ziren; tailerretatik Hezkidetza Lau Haizetara egitasmo integral hau… eta auskalo hurrengo urtean zer egingo dugun. 
Eta atzerago joanda, historiari begiratzeko eskatuz, aurreratu al dugu hezkidetzan?
M. G.: Hezkuntza sistema formalari begirada bat ematen badiogu historian zehar, gogoratu behar dugu duela ez hainbeste urte egoera nahiko latza zela emakumeentzako, eta gu historiaren ondorengoak gara. Ezin dugu ahaztu duela ez hainbeste urte emakumeek hezkuntzako eskubidea ukatua zutela; eta ondoren, hezkuntzan parte hartu ­ahal izan zuten arren, oso modu ezberdinean parte hartu zutela, oso curriculum desberdinarekin, eta norabide ­zehatz batekin. Etxerako eta zaintzarako hezten zen emakumea, eremu pribatuari begira. Gizonezkoak aldiz ez.
Orain eredu mistoa daukagu, eta elkartu ginen neskak eta mutilak geletan, eta bi curriculum ez eta bat bakarra jorratzen dugu, baina zer curriculum? Zer eredu? Zer edukirekin? Gizonez­koek jarraitzen zuten eredua jarraitu du curriculumak.
I. T.: Edukiak aldatu dira, baliabideak aldatu dira… gauzak aurreratuz doaz pixkanaka, baina oraindik sistemak aldaketa bat behar du, eta aldaketa horrek ezin du azalekoa izan; guk erroko aldaketa ikusten dugu beharrezkoa.
M. G.: Jendartea bera botere harreman batean oinarritzen da, sexu-genero dikotomia, versus edo antitesi horretan oinarritzen da jendartea, horrek dakartzan indarkeria egoerekin, eta eskolak eredu hori erreproduzituko du. Hori identifikatu egin behar dugu lehenik, gero ikusiko dugu indarkeria mailak nolakoak diren; zer esparrutan ematen diren; sotilagoak ala bortitzagoak diren… Eta horretan denok dugu inplikazioa eskolak bai, baina baita komunikabideek, familiak… 
Gaur egungo hezkuntza sistema ez da hezkidetzailea eta ez da parekidea, batere ez. Horretan aldaketa globala ­eta errotikoa behar dugu, badakigu oso zaila dela, baina pausoak ematen goaz eraldaketa hori eman dadin. 
Hezkidetza Lau Haizetara proposamenaren abiapuntu bezala ikastetxea  proposatzen duzue. Zergatik?
I. T.: Ordenatzeko modu bat da. Per­tsona baten hezkuntza prozesuan ­agente pila batek parte hartzen dute, komunikabideetatik hasita, familiak, lagunek… gauza asko dira hezkuntza prozesuan eragiten dutenak. Ikastetxean bertan parte hartzen dute agente horietako askok, eta hori guztia ordena­tzeko modu bat da, guraso elkarteak, extraeskolarrak, elkarteak… gauza asko barnebiltzen ditu eskolak. Modu kon­tzientean heziketa jasotzen dugun lekua da eskola, baina horrek ez du ­esan nahi hezkuntza guztia ikastetxean bolkatu behar denik, herriratu egin nahi dugu. Horregatik, gure ustez, ­beharrezkoa da ikastetxeak berak, ­herri ­eragileekin eta erakunde nahiz administrazioekin elkarlanean hezkidetza lantzeko erabaki irmoa hartzea ­eta ­urratsez ­urrats hezkidetzaren lanketarako plan integrala martxan jartzea, aurre diagnostiko eta ondorengo ebaluazio sistema egokiarekin batera. 
M. G.: Lotura desberdina izan liteke herri txiki batean edo hiri batean, oso ­errealitate ezberdinak daude tokian-tokian. Baina guztiak barnebiltzen dituen eremu bat da ikastetxea. Horregatik hartzen dugu abiapuntutzat.
Hezkidetza Lau Haizetara egitasmoan ikastetxean parte hartzen duten agente horiekin guztiekin –irakasle, hezitzaile, guraso…- gauza konkretuak planteatzen dituzue.
I. T.: Zentro bakoitzak errealitate bat du, oso ezberdinak izan daitez­keenak. Bakoitzak behar desberdinak izango ditu. Horregatik, diagnosi edo azterketa bat egin behar da lehendabizi, tokian-tokian zentro bakoitzean zer nolako egoera duen aztertu behar da, aldaketa gauzatzeko non eragin daitekeen begiratu behar da. 
Hezkidetza Lau Haizetara egitasmoarekin eskaintza berezitua eskain­tzen dugu, zentrorik zentro, herririk herri. Plan integral bat egitea proposatzen dugu, eta lehenengo pausoa diagnosia egitea izango litzateke, eta diagnosi horren barruan zehaztuko litzateke nondik hasi.  Ikastetxearen eta hezkuntza komunitatearen egoera zein den deskribatzen saiatuko ginateke diagnostikoaren bidez. Helburuak zehaztu ondoren, gero estrategia konkretuak erabiliko dira, dela gurasoentzako kon­tzientziazio kanpaina bat egitea, edo delakoa.
Guk eskaintzen dugun zerbitzua ­oso pertsonalizatua izango da, zentro bakoitzaren beharrak zein diren identifikatu eta aldaketa eman dadin zer estrategia landuko diren zehaztuko dugu. 
M. G.: Diagnostiko berezitu batetik abiatu behar dugu, inguru horri dagokion diagnosi bat egin eta gabeziak eta  lehentasunak identifikatutakoan estrategiak markatuko ditugu.
Sistemari dagokionez, Hezkidetza Lau Haizetara proposamenak kontzeptu aldaketa bat dakar, errotiko aldaketa bat. Sistema –jendartea dagoen bezala- bi sexu-bi generotan eta horrek dakarren botere harremanean oinarritua dago, baina zuek hori deseraikitzea proposatzen duzue. 
M. G.: Lehenik eta behin bizi garen sistema kapitalista eta patriarkal horren irakurketa egitea ezinbesteko ikusten dugu, sistema horrek emakumea zer menpeko harremanetan eta diskriminazio egoeratan uzten gaituen konturatzeko. Hortik aurrera -hezkidetza gidarekin egin genuen, eta proposamen honekin ere horixe planteatzen dugu- eremuz eremu egin behar dugu ana­lisia. 
I. T.: Askotan zirkuluan sartzen gara, eta ez gara konturatzen. Hezkuntza ez da satelite bat, gizartearen isla da. Sistema bera baliabideen eta edukien aldetik, agian, berritzen joan da, baina sistema bera ez da aldatu. Guk hori jar­tzen dugu eztabaidan. Aldaketarako tresna bezala ulertzen dugu hezkuntza –eta denok ulertzen dugu aldaketarako tresna gisa, ze gobernua aldatzen denean lehenengo gauza egiten dute hezkuntzan eragitea-, eta horregatik ikusten dugu ikuspegia errotik aldatu behar dugula.
M. G.: Baina badakigu hori oso lan zaila dela, jendartea eraldatzea, sistema errotik aldatzea eta harreman eredu berriak sortzea oso lan zaila da, eta nekeza, eta ez da egun batetik bestera lor­tzen den helburua izango. Baina bitartean eragin nahi dugu, bide horretan lagungarri diren aldaketetan eragin nahi dugu.
Zentro batek ez badu hartzen horrelako proiektu bat aurrera eramateko konpromisoa, zer tarte gelditzen zaio irakasleari? Bere borondatearen esku geldituko da, ezta?
I. T.: Hasieratik topatu dugun zailtasuna izan dugu hori. Alde batetik, irakaslearen bakardadearekin topo egin dugu; eta bestetik, lanerako dituen baldintzekin. Mugikortasun handia dute ­irakasle askok; zuzendaritzaren menpean; euren errealitatetik oso urrun daude; eragin eremua ikastetxe barruan gelditzen da; lanez gainezka, denbora gabe… Oso errealitate zailak dituzte, eta ez da kontenplatzen hezkidetzak tarterik izatea ordutegian, adibidez. Hala ere, irakasle asko daude aldaketak egin nahi dituztenak, baina ez dakitenak oso ondo gauzak nola egin. Kasu hauetan, egitea da onena, egin, zain egon gabe egin. Geure buruan sinetsi eta egin. Edozer gauza egin dezakezu, borondatea baldin badaukazu. Eredu hau zalantzan jartze hutsarekin gauza asko ari dira egiten irakasleak hezkide­tzaren alde. 
M. G.: Lekuz leku errealitatea oso desberdina da, gainera. Eskola txiki bat edo institutu makro bateko errealitatea oso desberdinak dira. Baina guk planteatzen dugu norberak maila pertsonalean, hezitzaile bezala, gauza asko egin ditzakeela. Lehenengo kontzientziaziotik hasita, eta konpromisoa edukita, norberaren esku-hartze horietan hezkidetzatik jokatuz gauza asko egin di­tzake, gainera, material asko dauka ­eskura. 
Beste aldetik, konpromiso falta handia ikusten da, bai lege aldetik, bai ­ikastetxeei dagokienez ere, ez zaio garrantzirik ematen hezkidetzari, eta ez da erdigunean jartzen. Kontuan izan behar da hezkuntza komunitatean modu globalean eragitea oso zaila dela. Horregatik, planteatzen dugu nork ­bere lanean aurrerapausoak eman di­tzala, formazioa eta kontzientziazioa landuz. Maila globalean edo makroan ­aplika ezin denean, mikroan aplika­tzen saiatu behar dugu, maila pertsonaletik hasita.
Eta nola gainditu dezake irakasleak bakardade hori?
I. T.: Hamar urte daramatzagu horretan, eta identifikatuak dauzkagu beharrak, eta horietako bat elkartzeko premia da, sarearena, beti errepikatzen da irakasleak zeinen bakarrik sentitzen diren hezkidetza landu nahi dutenean euren zentroan. Bakardade horri aurre egiteko saretu egin behar da, blog bat sortu genuen foro bat izan zezaten, konpartitu zezaten. Blogaren inguruan mintegiak egin genituen herrialdetan, eta behin eta berriz ateratzen zen gaia zen ez dagoela gune bat hitz egiteko,­ elkar trukatzeko… Blog horrek bere mugak ditu, baina elkartrukerako, eztabaidarako eta hausnarketarako gune bezala sortu zen. Gauza asko dago sarean, eta animatu behar dugu jendea euskaraz sor dezan.
Bi generotan oinarrituriko hezkuntza sistema honek dakartzan korapilo horietara etorriz, emakumea egoera zapalduan mantentzen da, baina, gizonezkoari ere rol batzuk atxikitzen zaizkio. 
M. G.: Guk beti esaten dugu. Jaio aurretik lehenengo galdera izaten da ea neska edo mutila den. Jaio aurretik badaukagu karga, eta bizkarrean eramango dugun motxilatxoa betetzen hasten gara jaio aurretik. Gero, neska jaio edo mutila jaio, motxila hori era batera edo bestera beteko dizu jendarte eta sistema honek, rolak ezarriko dizkizu, hau da, nolakoa izan behar zaren; nesken kasuan ahulagoa, gozoagoa… eranskin asko jarriko zaizkizu; eta mutilen kasuan, beste batzuk: lehiakorra, ausarta, negarrik egiten ez duena… Sozializazio prozesu horretan -bai eskolan ematen dena, familian, lagun artean edota komunikabideen bitartez- hasten gara jasotzen karga hori. Norberak bere motxila eraman beharko du, norbera saiatuko da norbera izaten, per­tsona moduan garatzen, baina beti motxila hori izango du bizkarrean. Sozializazio prozesu horretan argi dago bi sexuek dutela galtzeko, eredu hauek mugatu egiten baikaituzte. 
Eredu honek femeninoa eta maskulinoa bereizten ditu, eta eredu horietan apur bat mugitu gaitezke, baina gehiegi atera gabe, mugak ezartzen dizkigu. Barietate bat badago, emakumezkook har ditzakegu gizonezkoen rol horiek, rol horiek onartuagoak daudelako edo ondo ikusiak daudelako,  ez dago hain gaizki ikusia emakumeak gizonaren rolak hartzea, beti ere sistemaren barruan egiten baduzu; gizonezkoek emakumezkoen rolak har­tzen dituztenean zapalduagoak izaten dira normalean, ze jendarteak rol horiek gaizki ikusten ditu, gutxietsi egiten ditu emakumeari esleitzen dizkion rol horiek. Rol femeninoak gutxietsiak daude.
Gizonezkoek sozializazio prozesu horretan muga asko eta errepresio asko jasaten dute. Eredu maskulino horretatik ateratzen den mutila oso zigortua izango da. Prozesu horretan mutilek ere asko sufritzen dute, eta gauza asko galtzen dituzte. Hala ere, ez dugu perspektiba galdu behar: jendarte honek botere harremanak sustatzen ditu arra –gizonezkoa, maskulinoa- gailenduz eta haiei egokitzen dizkien ezaugarriak beti goian egongo dira.
I. T.: Horrela enfokatzen dugu mutilekin egiten dugun lana ere. Bigarren Hezkuntzan taldeak bereizten ditugu eta lanketa desberdinak egiten ditugu neska eta mutilekin. Mutilen artean ikaragarrizko gauzak ateratzen dira. Eurak ere mugatuak sentitzea gizarte honen banaketa binarioaren ardura dela ­ohartzea oso interesgarria da. Guk planteatzen dugu denok galtzen dugula sistema honek ezartzen dizkigun rol, karga eta muga horiekin. Horregatik hitz egiten dugu pertsonei buruz.
Baina neskek galtzeko gehiago dute, ezta?
M. G.: Nik beti esaten dut motxila batek besteak baino gehiago pisatzen duela. Neskok eramaten dugun motxilak gehiago pisatzen du; ez dira berdinak, eta ez daude berdin baloratuak neskei eta mutilei ezartzen zaizkien rolak. Jakin behar dugu emakumea diskriminazio egoera batean kokatzen dela eta gizonezkoa gailendu egiten dela sistematikoki, eremu guztietan. Sozializazio prozesu horretan muga asko eta sufrimendu asko izan ditzakete gizonezkoek, baina beti ere posizio pribilegiatu bat dute. Hori garbi utzi behar dugu, ahaztu egiten baitzaigu.
Era berean, sistema onartzen duten gizonezko askok indarkeriaren bidez soilik dakite komunikatzen.
I. T.: Horrela hezi gaituzte. Emakumezkoak sentiberagoak izan behar gara, beldurtiagoak, negartiagoak, babestuak egon behar dugu… eta mutilak alderantziz. 
M. G.: Gizonezkoak lehiakortasun horretan heziak izan dira eta askok oso normal ikusten dute gauzak indarkeriaren bidez lortzea. Sentimenduen ­adierazpenak askotan ukatuak izan dituzte. Gauzak lortzera ohituak daude, indarkeriaren bidez. Euren heziketa garapen horretan dauzkaten estrategiak askotan oso mugatuak dira, eta ez dakite indarkeriarekin ez bada lortzen edo adierazten, eta horrek arazo asko sortzen dizkiete; arazoak bai eskema horretan sartzen ez diren mutilei, baina baita eskema horietara egokitzen diren gizon horiekin harremanak dituzten pertsonei ere, dela lankide, lagun, bikote… 
 
Sexualitatearen eredu hegemonikotik harago “sexualitateak” kontzeptua egokiago deritzozue zuen egitasmoan. Zergatik? Zertan aldatuko lituzke gauzak kontzeptu aldaketa honek?
I. T.: Mundua ikusteko modu berri bat planteatzen dugun momentutik, sexu-genero sistema binario hori ­apurtzera dator kontzeptu hori. Menpeko egoera batean egonda, neskoi eskaintzen zaigun sexualitate eredu bakarra koitora mugatzen da, ikusi besterik ez dago zer nolako sexu hezkuntza jasotzen den ikastetxeetan: Kondoia jartzen erakusten dute. Behin pluralizatzen baldin baduzu, esaten ari zara ez dagoela eredu bakarra.
M. G.: Nagusitzen den eredua heterosexuala eta koitora bideratua da, eta nik gehiago esango nuke, erreprodukziora bideratzen da. Oraindik horrek ­izugarrizko karga dauka, eta hori ez da kasualitatea. Guk kokatzen dugu patriarkatuan, sexu-genero banaketa horrek emakumea zapaldu egiten du, oso estrategia zehatza eta kontzientea da. Emakumea kontrolpean mantentzeko modua da. Lehen beldurra aipatu dugu, eta beldurraren bitartez ere emakumea kontrolatzen da eta sexualitatearen bitartez ere bai. Eredu heterosexuala, koitora bideratua, eta erreprodukziora bideratua dago. Oso modu ezberdinean hezten eta bizitzen da sexualitatea mutila ala neska izan; nesken kasuan beti sentimenduen kontua atera­tzen da, askoz modu globalagoan bizi dugu sexualitatea. Gizonen kasuan, beste modu batean hezten da, zerbait azkarragoa da, orain eta hemen. Txikitatik sartzen digute motxilan sexualitatea nola bizi behar dugun, bai neskoi ­eta baita mutilei ere. Eta kontuz, heterosexuala izan behar duzu, hortik atera­tzen bazara, errepresioa jasoko duzu! ­Eta gainera, ama izan behar duzu, eta ­erreprodukziorako izan behar duzu ­sexua; edo bikote harreman bat eduki behar duzu bizitza osorako izango dena…! Hori da ipuinetan eta komunikabideetan ikusten duguna gaur ere. Maitasun erromantikoaren ideia klabea da. 
Sexualitatea plazeraren kudeaketa da, plazera da oinarria. Sexualitatea continuum da, jaio garenetik hil arte bizi dugu sexualitatea. Jendarteak berak, familiak, eskolak… erreprimitu egiten du oraindik ere sexualitatea, tabu asko daude oraindik. Nahiz eta iruditzen zaigun asko aurreratu dugula, guk uste dugu plazeraren kudeaketa hori guztiz mugatua eta moztua dagoela. Plazeraren kudeaketa modu anitzean ulertu behar dugu, norabide askotakoa da, ­eta ongi sentiarazten zaituen horretan zentratua. Sexualitateak kontzeptua ­erabiltzeak pertzepzioa aldatzen lagun dezake.
Eta zer egin ipuinek eskaintzen diguten maitasun erromantikoaren ideologiarekin?
I. T.: Txiki-txikitatik sartzen digute maitasun erromantikoaren ideia, eskolan irakurtzen ditugun ipuinetatik hasita, Disneyko filmak eta gaur egun zineman ikus dezakegun edozein filma, ­telebistako edozein telesail…
M. G.: Maitasun erromantikoaren ­ideia kontrol mekanismo bat da, sexualitatea bizitzeko ezartzen diguten eredua bezala. Maitasun erromantikoaren ideia emakumea kontrolpean mantentzeko mekanismoa da, emakumea beti zain dago, salbatzailearen zain, pasiboa da, iniziatiba gabea… gizonezkoak dauka beti paper aktibo hori. Sexualitatearen kontrola, maitasun erromantikoarena eta txikitatik sartzen diguten beldurra –“kontuz otsoarekin, kontuz bakarrik ibili…”- kontrol mekanismoak dira. 
Hortaz, oso inportantea da bestelako ereduak ezagutzea. 
M. G.: Bai, baina eredu horiek ezagutzeko landu egin behar dira, eta landu behar dira edukien bitartez, materialen bitartez… curriculum ezkutu horren bitartez ere bai, hezitzaile moduan egiten dituzun interbentzio eta lanaren bitartez; komunikabideetatik, lege eta hezkuntza sistemak berak ezartzen dituen oinarrietatik… oso inportantea da zentzu globala ulertzea, eta emakumea rol pasibotatik atera eta subjektu aktiboko roletara pasatzea. Etengabe ­ezartzen gaituzte emakumeak rol pasibo horietan, eta niretzako maitasun ­erromantikoaren ideia horretara bideratua dago guztiz. 
I. T.: Neskek ezin dugu salba gaitezen zain egon, eurek salbatu behar dute euren burua. 
M. G.: Zentzu horretan, guretzako, autodefentsa feminista oinarri eta klabeetako bat da. Guretzat hori hezkide­tza da, feminismoaren oinarrietako bat da hori. Guk horrela planteatzen dugu autodefentsa feminista. Bizitzeko jarrera bat da feminismoa. Zure munduaren jabe izateko modua da, zure gaitasunetan sinesteko modu bat da autodefen­tsa; indarkeria matxista eta sexista kasuak identifikatzeko eta horiei mugak jartzen ikasteko. 
Dena den, indarkeria matxistaren prebentzioak badu, teorian bederen, eskoletan lekua, ezta?
I. T.: Bai, izebergaren puntak bai. Baina irakasle askorekin hitz egitean konturatzen gara gehienek indarkeriatzat eraso fisikoa bakarrik hartzen dutela; behin bestelako indarkeria mota batzuk aipatzen dizkiezunean, orduan hasten dira jabetzen indarkeria sexista zabalagoa dela. Lehenik irakasleak berak egin behar du kontzeptu aldaketa; formatzailearen formazioak jarraikorra izan behar du. Guraso, begirale eta hezitzaile guztiekin batera irakasleak kontziente izan behar du sistematikoki ematen diren indarkeria horiez guztiez. Klik baten premia dago.
Baina hain agerikoak ez diren indarkeria keinuak nola landu? Adibidez, gorputz ereduei dagokionez, egungo edertasun ereduak gure gorputza ez maitatzera garamatza, ezta?
M. G.: Emakumeak jasotzen ditugun indarkeria konstanteak izeberg baten modukoak dira, non puntan irainak eta jipoiak dauden, eta horiek oso ondo identifikatzen ditugun, baina izebergaren oinarrian daudenak, eta horiek dira ugarienak eta egunero jasaten ditugunak, zapaldu egiten gaituzte. Horiei aurre egiteko, pertsonaren autoestimua landu behar da.
I. T.: Lehen pausoa oinarrizko eraso sexista horiek identifikatzen ikastea da, hori ez baitigute erakusten. Kontziente izan eta behin jabetzen zarenean mugak jartzen hasiko zara, horretarako gaitasuna eta tresnak landuz. Nork bere burua defendatzen ikasi behar du, bere burua maitatuz, autoestimuan oinarrituz. Nola egin dezakegu hori? Autodefentsaren bidez. Geure burua zainduz izango gara burujabe, eta ez denbora guztian geure burua eta gorputza erreprimituz. Nerabezaroan, gaztetan, helduekin… guztiekin lan­tzen dugu hori.
M. G.: Nerabezaroa klabea da; garai horretan aldaketa ikaragarriak gerta­tzen dira eta  maitasun erromantikoaren, gorputz irudiaren kontrol eta indarkeria hori guztia orduan hartzen dugu bereziki, begietatik eta belarrietatik ­eta leku guztietatik sartzen digute ikaragarrizko presioa, eta hori indarkeria da. Indarkeria bizitzako eremu guztietan eta dimentsio guztietan ematen da, askotan oso modu sotilean, eta hori da sistemak berak asmatu duena.
 
Hezkidetza, indarkeria sexista prebenitzetik aparte, alor guztietan eragitea litzateke ezta? Edukietan, materialetan, parte-hartze dinamiketan…
I. T.: Jolas-orduetan espazioa nola antolatzen dugun; zer filma erakusten diezun; eskolan nola esertzen diren; ­irakaslearen mugimendua… dena hartu behar dugu kontuan. Hezitzaileak betaurreko horiek  jantzi eta gauzak beste modu batean ikusteko ahalegina egitea beharrezkoa da. Eta hori guztia lantzeko materiala badago.
M. G.: Pertsonala politikoa da, aspaldi esan zuten hori feministek. Dena da, jarrera bat da, begirada bat da, uki­tzeko modua… gauza askoren inguruan egin behar da hausnarketa. Curriculum ezkutuari ikaragarrizko garran­tzia ematen diogu. Espazioaren banaketaren lanketa batek, edo denboraren kudeaketan dituzun planteamenduek ez dute eraginik izango irakasleak transmititzen duena beste norabide batean baldin badoa. Neska bati edo mutil bati zuzentzeko moduan, tonuan, hizkuntzan… beste norabide batean ­ari bada hezitzailea, ba ez dugu lortuko helburu eraldatzaile hori. Hezitzailearen jarrera pertsonala behar-beharrezkoa da, kontzientziazio klabea da eraldaketa benetan egingo bada. 
Horregatik, Hezkidetza Gida atera genuenean ere salatzen genuen, irakasle eskoletan, irakasleak formatzeko zentro eta guneetan, oraindik ez dela hezkidetza bezalako asignatura oinarrizko bat ematen. Hezkidetza gaietarako formazio berezi bat behar dute hezitzaileek. Hor ari dira etorkizuneko ­irakasleak formatzen, gero  haurrekin, nerabeekin, edo helduekin egongo direnak. Eduki eta kontzientziazio parekidea hezitzaileen formazioaren parte izan beharko litzateke.