Lask abesbatza, emozioak jorratzeko

2012-03-01

Tolosako Laskorain ikastolan, Laskorain emozioak proiektua garatzen ari dira urte batzuetatik hona. Laskorain emozioak egitasmoa sortu zuen ekimenaren sorreran hainbat hausnarketa, behar eta asmo daude. Izan ere, Hezkuntza Proiektuan jasota dituzten zereginetan agertzen diren ezaugarri asko kultura ekimenen bidez indar zitzaketela pentsatu zuten. Garatzen ari diren Laskorain emozioak proiektuan, beraz, helburu bat baino gehiago lortu nahi dituzte. Horretarako, proiektu horretara kultura diziplina ugari bildu dituzte, hala nola: abesbatza, diseinua, teknologia berriak, antzerkia eta dantza. Proiektuak bi urteko iraupena izan du.

 
 
Lask abesbatza
Diziplina denen artean, abesbatza da proiektuaren ardatza. Lask, Laskorain ikastolako abesbatza, 1995ean sortu zen, eta Tolosaldeako 100 neska-mutilek osatzen dute. Abesbatzako partaideak bi taldetan daude banaturik: ikasle txikien taldea, 8-9 urteko kantariak; eta handien taldea, 10-14 urtekoak. 
Abesbatzaren helburu nagusia, musikaz gozatzea eta abesten ikastea da, eta garrantzi berezia ematen diote talde-giroari. Musikaren bidez, era berean, beste helburu pedagogiko ba­tzuk ere landu nahi dituzte: adimen ­emozionala, genero-berdintasuna eta immigrazioa, besteak beste.
Orain arte, bi diskoren grabaketan parte hartu du abesbatzak, eta Tolosaldean hainbat kontzertu eskaini dituzte. Aspaldiko ametsa zen, ordea, beren ­abestiekin osatutako disko bat edita­tzea.
Yau Samayaye diskoa
Haur eta gazteek beren eskolaz kanpoko abesbatza-jardueraren barnean garatutako proiektuaren emaitza da Yau Samayaye Lask abesbatzaren diskoa. Alde batetik, abesbatzaren soinu kalitate beroa eta aberatsa, ahotsek sorturiko testura- eta kolore-aniztasuna, giza ahotsa soinu-tresna guztietan bereziena egiten duen komunikatzeko eta hunkitzeko gaitasuna... eta, bestetik, antzerkia, dantza, teknologia berriak, musika eta abar txertatzea izan da lan horren erronka nagusia. Aldi berean, kultur proposamen bizi eta interesgarri bat eraiki nahi zuten.
Errepertorioa aukeratzeko orduan, herri-musika izan da oinarri, eta urtaroekin lotuta dauden kantuak sartu dituzte, diskoa urte osoan egindako ibilbide musikal baten antzera planteatuz (Gabonak, inauteriak, uda eta abar). Euskal gaien nagusitasuna nabarmena den arren, haiekin batera, munduko beste hainbat herrialdetako kantuen irakurketa berriak sartu dituzte. 
Bideoklipa
Hainbat kultura-diziplina uztartu nahian, diskoarekin batera bideoklip bat grabatu dute tolosarrek. Bideoklipean, ikastolako antzerki taldeko kideek parte hartu dute. Bideoklipeko protagonista Baba Lo gazte senegaldarra da. Gaztea erabat erroturik dago Tolosan, eta, haren bidez, beste leku ba­tzuetatik ­etorritakoek gure jendartean integra­tzeko egiten duten ahalegina ­eta kulturaniztasunak ekartzen dion ­aberastasuna islatu nahi izan dute.
Bideokliparen grabaketan, ikastolako hainbat talde aritu dira, ikastolako guraso baten gidaritzapean.
Bloga kanpora zabaltzeko
Egitasmoa kanpora zabaltzeko asmoz eta egindako lanari oihartzun handiago emateko asmoz, teknologia berriak erabili dituzte. Blog bat sortu dute proiektu horri buruzko informazioa eta prozesuan ekoitzi dutena zintzilika­tzeko. Argazki lantegiko neska-mutilek ere parte hartu dute egitasmoan, eta haiek egindako argazkiak ikusgai daude blogean.
Talde berezi bat osatu zuten diseinua jorratzeko. Bideoklipeko dekoratuaz arduratzeaz gain, proiektuaren logoa egin du talde horrek, eta blogaren diseinuaz ere arduratu da.
Proiektuaren helburuak
Proiektuak, bere adar guztiekin, helburu hauek bete nahi zituen:
- Ekintzailetasuna: proiektuaren gidaritza 10-18 urte bitarteko neska-mutilek hartu dute beren gain; haiek hartu dituzte erabakiak. Proiektuko koordinatzailearen zeregina zirikatzaile lana egitea izan da, baina protagonista nagusiak nerabeak izan dira. Ekintzailetasun-kultura sustatu nahi zuten, nerabeen sorkuntza kaleratu, eta diskoaren ­egitasmoa aukera paregabea izan da horretarako: diskoaren ekoizpenaz, kostuez, proiektua gurasoei eta komunikabideei aurkezteaz, marketinaz eta abarrez nerabeak arduratu dira.
Lan-talde hauek aritu dira egitasmoan: abesbatza, bideogintza, antzerkia, argazkigintza, dantza eta diseinua. Talde guztien lana koordinatzen arduradun bat ibili da. Talde koordinatzailea bi astean behin elkartu izan da, eta ­alor bakoitzeko koordinatzaileek parte hartu dute bilera horietan. Parte hartu nahi zuen edonorentzat irekiak ziren bi­lerak. 
-Emozioa: Laskorain ikastola aspalditik ari da adimen emozionalaren gaia jorratzen. Adimen emozionala norberaren emozioez jabetzea da, horiek ­identifikatzea eta ulertzea; baita besteenez jabetu eta haiek identifikatzea ere. Gure bizitza eta lana helmuga pertsonaletan (ametsak) oinarritzea da, nork bere burua motibatzea eta besteekin harreman emankorrak izatean datza (elkarbizitza), hain zuzen.
Azken urte hauetan askotan goraipatu dira musikak adimen emozionalean dituen onurak: Gardnerrek bere liburuan aipatzen du adimen musikala, beste ­adimen batzuekin batera. Adimen kontzientea neurtzea nahikoa ez den garai honetan, garapen emozionalari behar duen garrantzia ematen ari zaionean, musika bide ona da garapen hori lantzeko. Proiektu honek, beraz, parada eman du nerabeekin emozioen lanketa ugari egiteko.
- Euskara: gure helburuetako bat euskara normaltasun osoz bizitzea izanik, ekintza guztiak (saioak, musika-lantegiak, kontzertuak, diskoaren ­ekoizpena, eta abar) euskaraz egin dira. Euskaraz Bizi proiektuko sortzaileetakoak izan ziren Laskorainekoak, eta, orduan bezala, euskararen aldeko kontzientzia sustatuz eta ahalik eta erabilera-esparru gehienetan euskara ­egoki erabiliz, haur eta gazteek euskara arloan eta euskal kulturaren  garape­nean eta sustapenean jarrera aktiboa hartzea izan dute helburu. Bestalde, blogeko informazio guztia euskara hutsean dago.
- Genero-ikuspuntua: Laskorainen mamitu duten proiektua generoaren gaineko hausnarketaren ondorioz sortu zen. Urte dezente zeramatzaten kezkatuta ­abesbatzan, antzerkian eta dan­tzan parte hartzen zuten mutil-kopuru ­txikiarekin. Proiektu berritzaile horren helburua ere bada mutilak kultura-egitasmo horretara erakartzea.
Azken urteetan, berdintasunaren ­alorreko hainbat estereotipotan urrats nabarmenak egin dira, baina estereotipo horiek oso barneratuta daude ­oraindik. Gazteentzat erakargarria den proiektu bat egitea izan da helburua, ­orain arte urrun zeuden neskak eta mutilak kultura-arlo horietara hurbiltzea.
-Kultura: hainbat kultura-diziplinaren arteko sinergiak bilatu nahi izan dira, partaideak kultura-proiektu bateko protagonista sentiarazteko. Kultura barnetik ezagutarazi nahi zen, dagokion protagonismoa emanez, kulturarekiko zaletasuna bultzatzeko.
- Gizarte-proiekzioa: jarduera horiekin guztiekin, mugak zabaldu egin dituzte, eta Euskal Herriaz gain, hortik kanpo ­ere gure kulturaren berri eskaintzeko aukera izan dute. Hala, abesbatza katalan batekin truke egin dute ­eta, dis­koan, kanta bat katalanez grabatu dute. Ekintza horiekin guztiekin, urtean lan­tzen dutena kanporatu nahi ­izan dute, partekatu, onuradunen kopurua zabaldu, orain arte partaideen gurasoek soilik gozatzen baitzuten ­egindakoaz. Eta asmo horretan, teknologia berrien erabilera funtsezkoa izan da.
Ebaluatzeko erabiliko dituzten adierazleak
Ikastolan lantzen diren proiektu guztiekin egiten den gisan, proiektu hau ere ebaluatu egingo dute. Horretarako, ikastolan ezarrita duten EFQM kalitate-sistemaren hainbat adierazle erabiliko dituzte: 
- Partaide-kopuruaren igoera: aurreko ikasturtearekin alderatuta, abesbatzan, antzerkian eta dantzan izena ­eman dutenen ehunekoaren igoera. ­Adierazle horrekin, proiektuak nerabeengan zenbaterainoko interesa piztu duen jakingo dute.
- Disko-salmenta.
- Blogaren bisitari-kopurua.
- Kontzertu-kopurua.
- Autofinantzazioa.
- Nesken eta mutilen arteko parekotasuna.
- Gurasoei eta neska-mutilei banatuko zaien gogobetetasun-inkestako ­emaitzak.
Proiektua zehatzago ezagutzeko, tolosarrek sortutako blogean begira dezakezu:
laskabesbatza.blogspot.com. •