Ikas komunitateak eskolatik haratago

2012-03-01

Zarauzko Orokieta ikastetxe publikoan ikas-komunitateak lantzen dituzte. Eskolak komunitateko partaide izan behar duela argi dute, eta horregatik hasi ziren esperientzia jorratzen ikaste­txean. Izan ere, “eskolak ere egunetik egunera aldatzen doan gizarte honetan lekua izan behar du, eta gizartea bezain azkar mugitzen eta eraldatzen jakin behar du. Hori guztia, komunitateko parte izanda lor daiteke ­soilik”.

 
 
Eskola jendarteko parte izateko eta jendarteak eskolan parte hartzeko ­bidean, hiru ekimen jarri dituzte abian: bilera mistoak, tertulia dialogikoak eta talde elkarreragileak.
 
Bilera mistoa edo batzarra
Bilera horietan eskolako arazoak, kexak eta erabaki beharreko gaiak ­azaltzen eta aztertzen dira. Bilera horiek bideratzeko, gela bakoitzean moderatzailea, ordezkaria eta idazkaria ­dituzte.
Gela bakoitzeko ordezkariak zuzendaritzarekin biltzen dira. Zuzendaritzarekin egindako bilera horretan aztertutakoak gelan azaltzen ditu ordezkariak, ondoren.
Oso balioespen ona egiten dute ­bilera horiez, alegia, ikasleek eskolako erabakietan parte hartzeaz, “eskolako partaideak denok baikara”. Bilera mistoen maiztasunari dagokionez, normalean, hilean behin izaten dira. 
Tertulia dialogikoak
Euskaraz zein gaztelaniazko hainbat liburu irakurtzen dituzte ikasleek. Liburu horietan, adiskidetasuna, ­erres­petua, maitasuna eta horien gisako balioak lantzen dituzte. 
Tertulia dialogikoak bideratzeko modua hauxe da: ikasleek, astero, liburu baten kapitulua irakurtzen dute. Bakoitzak interesgarria iruditzen zaion kapitulua edo paragrafoa aukeratzen du. Gero, denen artean aztertuko dute gelan.
Tertulia dialogiko horiek, ikasleekin egiteaz gain, gurasoekin ere egiten dituzte. Ikasturte honetan, hilero euskarazko talde bat biltzen da.
 
Talde elkarreragileak
Talde elkarreragileen ekimen hau abian jartzeko, ezinbestekoak dira boluntarioak. Boluntarioak ikasleen senideak, ikasle ohiak, praktiketako ikasleak, herriko eragileak, hizkuntza-eskoletako ikasle atzerritarrak, eta ­abar, izan daitezke.
Talde elkarreragileak 4 edo 5 ikaslez osatutako talde txikiak dira. Talde bakoitzean heldu bat, boluntario bat, ­aritzen da.
Talde horiek heterogeneoak izaten dira, “aniztasuna da berdintasunaren oinarria”, dio­te ikastetxeko arduradunek. Elkarrekintzaren bidez, ­era berean, ezagutzak denon artean eraiki­tzen dira.
Talde elkarreragileen helburua ­ikasleek gehiago ikastea eta eskolako bizikidetza hobetzea da.
Hainbat arlotan jar daitezke praktikan talde elkarreragileak. Lehen Hezkuntzako 3. zikloko ­ikasleek, adibidez, ingeleseko arloan egiten dute lan talde elkarreragileen bidez. Lehen Hezkun­tzako 6. mailako ­ikasleak, berriz, 2. eta 4. mailako ikasleekin aritzen dira jolas matematikoak ­egiten lagun­tzen.
Berrikuntza gisa, aurtengo ikas­turtean, ikasle ohi batzuk etortzen dira talde elkarreragileetan ikasleei lagun­tzera.
Orokieta ikastetxeko arduradunak, ikas komunitateen esperientzian sakontzen jarraitzeko, Hemel Hem­pstead herrian (Erresuma Batua) izan ziren, beste hainbat herrialderekin batera. Herri horretan, auzolanean egiten dute lan eta borondatezko lana egitea oso zabalduta dago.