Hezkuntza-ezkuduntza osoen mugak

2012-03-01

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eskola uzte goiztiarraren datuak Europakoen parekoak diren arren, Espainiako Estatuko zakuan sartuta hezkuntza erreforma ezarri beharko dute.

 
 
Iragarri zuten eta egin egingo dute. Mariano Raxoik Espainiako gobernuburu kargua hartu zuenean iragarri zuen hezkuntza espainiartzeko asmoa zuela. Eta asmo hori nola gauzatuko duten zehaztu du Jose Ignacio Wert hezkuntza ministroak. Erreforma berri hori, aldaketa segida luze bati gehituko zaio. Izan ere, 1970etik Espainiako ­Estatuan hamabi lege-organiko onartu dituzte, eta 2006tik, DBHn, lau erreforma egin dituzte. 
Aldaketa horiek egiteko arrazoi ­nagusiena, eskola uzte goiztiarra eta porrota omen da. Espainiako Estatuan hamar ikasletik hiruk egiten dute ­porrot, Europako bikoitzak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan bestelakoa da, ordea, egoera: lehen ­hiru lurraldeetan ikasleen % 12,6k ­uzten dute eskola DBHko ikasketen ondoren; Nafarroan, aldiz, % 16,8k. ­Datuak 2010ekoak dira, eta hamarkadako datu onenak dira.
Aipatu dituzten aldaketen artean hauexek izan dute oihartzuna, batez ­ere: DBH hiru urtera mugatzea, eta, ­ondorioz, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa hiru urtera luzatzea Frantziako Estatuan bezala; Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaia kendu eta, horren ordez, Konstituzioko balioak landuko dituen Heziketa Zibiko eta Konstituzionala jartzea; eta, eskoletan neska-mutilek zer ikasten duten eta zer ez jakiteko Azterketa Nazionala ezartzea.
Erreforma hori ote da hezkuntza ­arloan ditugun arazoen irtenbidea? Edo elitismoa bultzatuko dute ikasleak ­lehenago bereiziko dituztelako DHB laburtuta; eta, bestetik, eskolak espainiartuko dituzte Heziketa Zibiko eta Konstituzionala ikasgaia eta Azterketa Nazionala ezarriko dituztelako? 
Lehenbailehen jarri nahi dituzte martxan aldaketak, 2013-2014 ikasturtean, hain zuzen. Hala ere, dagozkion tramiteak pasa beharko ditu oraingoz asmoa denak. Lehenik, lege-organikoa egin beharko dute, eta, ondoren, Kongresutik igaro beharko du planak; ez du aparteko koskarik izango, PPk gehiengoa baitu. 
Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak hezkuntza esparruan ezkuduntza guztiak dituela esaten bada ere, lege-organikoak berdinduko ditu Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako herritarrekin. Azken horiek, Frantsez gobernuak erabakitakoa bete behar duten era berean, bete beharko dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Madrilen ezarriko duten ­erreforma.  
Ikusi nahi duenarentzat begien bistan geratuko da, beste behin, zeinen beharrezkoa den gure hezkuntza sistema antolatzea: benetan ditugun behar eta arazoetatik abiatuta, eta Europan ­eraiki nahi dugun herria marrazteko behar ditugun gaitasunak eta tresnak kontuan hartuta: Frantziako eta Espainiako Estatuetako estatistika eta lege-organikoetatik at.