KOOPERA merkatua, kontsumo arduratsuan sakontzeko

2012-03-01

Jendartea hainbat baliotan sentsibilizatzeak berebiziko garrantzia izango du datozen belaunaldientzat. Balio horiek ingurumen-prebentzioa eta kontsumo arduratsua dira, besteak beste. Izan ere, ikasleek egunerokoan alternatiba sozial eta arduratsu baten alde egin dezaten, garrantzitsua da beharrezkoa den prestakuntza eta informazioa izatea.

 
 
Koopera sareak sentsibilizazio-estrategia jarraituaren eta espezifikoaren aldeko apustua egin du, eskolarako ­AGENDA 21ean jasotzen diren gaiak lantzeko. Lantzen diren gaien artean, hauek daude: kontsumo iraunkorra, hondakinen arloko ingurumen-prebentzioa, eta elikadura ekologikoak ­bere baitan dituen kontzeptu ezezagunak (konpostatzea, ekoetiketatzea, eta abar).
Iraunkortasun arloko hezkuntza esparruan, Koopera merkatu ekologiko eta solidarioak beste aukera bat eskain dezake ingurumen-hezkuntza eta sentsibilizazioa jorratzeko.
Berreskuratzeak zer adieraz dezakeen jabetzeko, zuzeneko adibide bizia da merkatua: etxean birziklatzeko ditugun ohiturak, ondorengo tratamendu-prozesuak nahiz gizarte guztiari zuzentzen zaion kontsumo iraunkorreko eskaintza.
Merkatuaren ekimenaren bidez, Koopera sareak ingurumenari, gizarteari eta hirigintzari ekarpena egingo dien proiektua zabaldu nahi du. Bide horretan, gizarte-kohesioa sustatu nahian, aitzindaria da proiektua, ingurumena hobetzearen aldeko zabalkundea, kontsumo iraunkorraren eskain­tza eta lan eta gizarte-esparruko integrazioa espazio berean batzen dituelako. 
Merkatuan, erakusketak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta prestakuntza-jarduerak egiten dira. Hori guztia, gizartean eta lanean baztertuak izateko ­arriskuan edo egoeran dauden arrisku taldeen artean lanpostuak susta­tzeko.
Koopera sareak ikasleekin egiteko bi bisita gidatu ditu aukeran: Koopera merkatua eta Koopera Reusing Center birziklatzeko lantegia.
Koopera merkatuan barrena
1. BISITA GIDATUA: lehenik eta behin, merkatua ezagutzera doazen taldeak, gelaz gela, bidezko merkatari­tzaren alorrean murgilduko dira. Hauek dira merkatuak eskaintzen dituen atalak: moda solidario eta ekologikoa, berreskuratutako arropa; etxetresna elektriko solidarioak, berreskuratutako etxetresna eta gailu elektronikoak; berreskuratutako liburuak eta ­etxetresnak; berreskuratutako jostailuak; bidezko merkataritza eta elikadura biologikoa.  
2. BIDEO EMANALDIA: kontsumo iraunkorra, nekazaritza ekologikoa eta ingurumen-prebentzioa jorratzen dituen bideoa ikusiko dute ikasleek.
3. LANTEGIA: hainbat lantegi eskaintzen dira: Produktu iraunkorrak ­erosi egiten ditut; Ortuzain ekologikoak gara; Zertan jolastuko gara?
Koopera Reusing Center
Mungian (Bizkaia) dagoen lantegian oihalak, jostailuak, etxetresna ­elektrikoak, altzariak, liburuak eta abar berreskuratzeko tratamendua egiten da. Gaiak bildu ondoren, lantegian, berpizt daitezkeen elementuak sailka­tzen dira, eta tratamendu prozesu batetik pasatzen dira. Horrela, gai horien ehuneko handi bat berreskuratzeko aukera izaten da. Horri esker, haien bizi-zikloak jarraipena izango du.
Koopera Reusing Center bisitatuz, eta hondakinen biziberritzearekin zerikusia duten lantegiak eginez, berreskuratzen, berrerabiltzen eta berpizten ikasiko dute ikasleek. Lantegia ezagu­tzeko bisitak 2012ko irailetik aurrera hasiko dira.
KOOPERA MERKATUA
Koopera merkatua arkitektura iraunkorraren irizpideei jarraituz eraiki zen. Proiektuaren ingurumen- eta gizarte-helburuak kontuan izan dituzte merkatua eraikitzerakoan. Horregatik, material ekologikoak, eraginkortasun energetikoa eta birziklatutako materialak erabili dituzte. 
Iraunkortasun-irizpideak gerturatu nahi dizkio Koopera sareak jendarteari. Horretarako, aurreko mende hasieran Bilboko lehen tranbiaren zalditegia zena gela balioaniztun bihurtu dute, eta Koopera Aretoa da gaur ­egun. Duela ehun urte baino gehiago, Bilboko kaleetan ibiltzen ziren tranbiak batetik bestera animalien indarrari esker ibiltzen ziren; Koopera Aretoan lo egiten zuten, beraz, tranbiei tiraka ibiltzen ziren mandoek. 
Koopera merkatu ekologiko eta solidarioak 800 metro koadro ditu guztira. Hortxe dago 170 metro koadro dituen Koopera Aretoa ere.
KOOPERA REUSING CENTER
Kooperako tratamendu-eraikin berria Mungian (Bizkaia) dago, eta 4.500 metro koadroko azalera du. Eraikin horretan, gaien bizitza luzatzeko tratamenduak ezagutzeaz gain, hondakinak biziberritzeko lantegiak egin daitezke.