Ataria interpretazio-zentroa: hezeguneetan dago lurraren eta uraren ­aberastasun guztia

2012-04-01
Zer da hezegune bat? Definizio zaileko eremua da hezegunea; ura dago bertan, baina sakonera txikia du ur horrek. Horregatik, zenbait zientzialarik horrela definitzen dituzte hezeguneak: “Oinak bustitzeko balio duten arren, igeri egiteko balio ez duten eremuak dira”. Denbora luzez, hezeguneei ez zaie eskaini merezi duten arretarik. Ingurune natural horiek, alabaina, aberastasun itzelezkoa gorde­tzen dute, fauna eta flora aldetik, bereziki. 
Hezegune bat bertatik bertara ezagutzeko parada eskaintzen du Salburuko guneak. Gasteiz inguratzen duen Eraztun Berdean, naturagune garrantzitsuena da hezegune hori, eta Ataria interpretazio-zentroa dago bertan. Hezegunea ikusteaz gain, hezegunea bizitzeko aukera ematen du interpretazio-zentroak. Hiritik bi pausora egon arren, naturaren aberastasun osoaz jabe­tzeko eta hari dagokion balioa emateko lekua da Ataria interpretazio-zentroa.
 
 
Eraztun Berdearen ondare naturala eta hezegunearen bioaniztasuna bertatik bertara ikus ditzake Gasteizko Atariara doan bisitariak. Batetik, oinez nahiz bizikletaz ezagut ditzake hezegunearen aberastasunak, parkean eta ­Eraztun Berde osoan barrena egin baitaitezke ibilbideak, urmaelak inguratuz. Interpretazio-zentroaren alde batean, Arkauti eta Larreganako lakuetara joateko bideak aurkituko ditu bisitariak; eta, bestean, Betoñuko aintzirara eramango du bideak. 
Ikaragarriak dira parkeak dituen altxorrak, faunari eta florari dagokienez; ahateak, bisoi europarra, dortokak, tximeletak, igelak, karramarroak, zapatariak eta beste asko eta asko ikus daitezke parkean zehar.  Hegaztien komunitate handia hartzen du bere luze-zabalean Salburuko hezeguneak, ur-hegaztien komunitatea, batik bat. Hegazti migratzaile ugarirentzat atseden-leku izaten da udaberrian nahiz udazkenean Salburuko hezegunea. Baina hegaztiak ez dira, inondik ere, hezeguneko bizidun bakarrak, begientzat horren ikusgarria ez den oso fauna aberasgarria baitute hezeguneek. Horrez gain, landaredi bereziak elikatzen ditu hezeguneetako biztanleak. 
Aberastasun horri buruz gehiago ­ulertu eta ikasi ahal izateko, interpretazio-zentroan bertan hainbat erakusketa ikus daitezke: Salburuko urmaelak izeneko erakusketa iraunkorra da horietako bat; eta, bestetik, aldi baterako erakusketak daude, bioaniztasunari ­eta natura ondareari buruzkoak. Erakusketez gain, interpretazio-zentroan argazki, panel eta ikus-entzunezkoen bidez, hezeguneko ekosistemaren inguruko informazio ugari dauka eskura bisitariak, eta uraren jatorriari edota parkeari buruz ere informazio ugari eskaintzen da.
Handik bertatik, harreragunea eta erakusketa-aretoak hartzen dituen solairutik beretik, 36 metro luzeko behatokia ateratzen da, eta hori da, hain zuzen ere, Ataria interpretazio-zentroaren ikur nagusia. Balkoi horretatik, mugitu beharrik gabe, parkeak ezkutatzen dituen altxor ugariak ikus ditzake bere begiekin bisitariak.
Landareak, hegaztiak nahiz bestelako animaliak ezagutzeko, Salburuko interpretazio-zentroak jarduera ugari antolatzen ditu, ikastetxeei eta familiei begira. Ingurumen Gaietarako Ikastegiak kudeatzen ditu interpretazio-zentroaren programa horiek. Hezkuntza-programa zabala dute osatua, hezeguneei buruzko ezagutza errazteko eta natura-ondarearen garrantzia azaltzeko; hainbat unitate didaktiko sortu dituzte, ikasleen bisitaren aurretik eta ondoren lantzeko. Irakasleentzako materialak ere prestatu dituzte. Horrez gain, ibilbide gidatuak, erakusketak, ikastaroak, txangoak, lantegiak edota hitzaldiak ere antolatzen dituzte. Izan ere, jarduera horiek guztiak egiteko leku ederrak ditu interpretazio-zentroak: hitzaldi eta lantegietarako aretoak, ekitaldietarako aretoa eta ikus-entzunezkoetarako aretoa, besteak beste.
Salburuko parkeko landare eta animalien jarraipena etxetik ere egin daiteke, Atariaren webgunetik. Batetik, webcam bat dago Salburuko parkeko urmaeletan, eta hango landareak eta ­animaliak erakusten ditu. Eta, bestetik, hezeguneko ornitologia-albisteak jaso ditzake interesa duen edonork.