Noren lana da haurren heziketa?

2012-04-01
Hemendik aurrera, ­hik hasirekin batera Hazi Hezik osatuko du Euskal Hezkuntzarako egitasmoa: lehena, eskola esparruan, eta, etxearenean, bigarrena.
 
 
Afrikar jakituriaren arabera, tribu ­osoarena. Hala gorde dute, behintzat, belaunaldiz belaunaldi, hain kontsigna garrantzitsua, gure egunetaraino iritsi den esaera zaharrean: "Haur baten ­heziketa tribu osoaren lana da”.
Eta nola erantzungo ote genioke gaur-gaurkoz guretik galdera horri? “Gurasoena eta eskolarena”, izango ­lirateke, seguruenik, bilduko genituzkeen erantzun gehienentsuak.
Haatik, gurean ere, ez dirudi hain ­urrunekoak direnik haurren heziketa denen zeregina ziren garaiak. Gure ­herriak txikiagoak zirenean, baserriak eta etxeak jendearen bizitokiak zire­nean batez ere -eta ez lotokiak-, kaleak haurren neurrikoak zirenean, bizitza gizatiarragoa zenean, akaso, denok ­zuten ardura eta eragiten zuten haurraren heziketan.
Bizitzeko estiloak eta bizitzeko ­abiadak, zeregin hori batez ere eskolaren eta betebehar zuzenaren ondorioz gurasoen esku utziz joan dira. Hala ere, jendartea osatzen dugun bakoitzak, badugu zer irakatsi eta zeregin ordezkaezina haur horren heziketan: izan aitona-amona, zaintzailea, osaba-izeba, bizi-laguna, Udal arduraduna edo aisialdikoa. Handiagoa edo txikiagoa, zuzenagoa edo zeharkagokoa, bakoi­tzak dugu gurea.
Orain arte, etxe honetan, 17 urtez zerbaitez aritu bagara eta zerbaitean, haurraren heziketan ekarpenak egiten eta heziketa hori nola hobetu izan da. Munduari begiratu diogu, baina euskal betaurrekoak jantzita. Horregatik, urte horietan egin ditugun ekarpen gehienak Euskal Herrian sortutakoak dira, euskal haurra baikenuen jopuntuan. Gure lan esparrua, baina, eskola izan da.
Denbora horretan guztian, ordea, gero eta ozenago agertu zaigu gure lanean eskolak erantzukizun handia eta aberatsa duela haurren heziketan baina ezinbestekoa duela etxeak, tribu ­osoak, bere lana egitea. Horrela, denen elkarlanarekin, eta ez bestela, lortuko baita heziketa hori ahalik eta osatuena eta osasuntsuena izatea.
Eta halako batean, ingurutik mezu onenak ez badatozkigu ere, ausartu ­egin gara urratsa ematera. Hazi Hezi ­izena du gure ekarpenak, etxean hazten laguntzeko aldizkaria. Euskal Herrian sortua, pentsatua eta egina Euskal Herriko haurrak hezten laguntzeko. ­Etxea, tribu kontzeptu horretan kokatua. Bakoitzak, tribuan betetzen dugun lekuaren arabera, zer esan handia baitugu haurren heziketan. Haurrek, tribu osoko partaideen begirada behar baitute, bakoitzak duen zereginean eta ­originalitatean. Martxan gara, tribuko kide bakoitzarengana heldu nahiko ­genuke, zerk kezkatzen duen eta zer duen esateko entzun nahi dugu, ziur baikara denon artean egokiago heziko ditugula gure haurrak.