Eta ipuinak antzerki bihurtu ziren...

2012-04-01
“Itxi begiak eta imajinatu leihotik begira zaudetela. Zer ikusten duzue?”, galdetu dute Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo antzezleek.
“Nik txakurra”, “Nik txalupa azul bat”, “Nik izarrak”, diote Urregarai Herri Eskolako neska-mutilek. Denek nahi dute ikusitakoa esan, denek jaso dute eskua, gogotsu.
Aulestin (Bizkaia) izan zen Hik Hasi Kandelario egun hotz batean. Eskolako ­txikienak San Blas opilak presta­tzen ari ziren ­sukaldean. Urregaraiko ­ikasleekin antzezlan bat ikusteko asmoz joan zen haraino Hik Hasi, antzezlan berezi bat: Joseba Sarrionandiak idatzitako Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburuko  hogei bat ipuin dramatizatu ikustera.
 
 
Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo antzezleek egin dute ongietorria, ­lurrean zabalduta dagoen eta belarra dirudien alfonbraren gainean esertzeko esanez. Hogeita hiru haur, haien irakasleak eta Hik Hasiko kazetariak prest-prest jarri dira saioaz gozatzeko. Erretzen ari den kandelaren usainak ­are magikoago egin du egoera.
Haurrak 4 eta 8 urte bitartekoak ­dira. Interesgarria izan da denak elkarrekin egotea. Izan ere, haien irakasle Itziar Aldaik eta Alicia Mintegik diotenez, “adin horretan, urte batetik bestera izugarrizko aldea dago”. Denak zeuden begira-begira, baina bakoitza bere erara ulertzen ariko zela diote. 
Maitasuna gorputzeko oso atal ­garrantzitsua izan arren, ez dutela marraztu anatomiako liburuetan konta­tzen ari dira antzezleak, barrunbea ­arbel bihurtu zaion pailazoz mozorroturik. Arbelean koloretako letra batzuk daude. Antzezleen eskariz, hizki-­zopan ezkutatuta dauden hitzak esaten hasi dira haurrak: ama, sua, aita... Eta, azkenean, denen artean, topatu dute luzeena, letra guztiak dituena: maita­suna. Barre egin dute haurrek pailazo xelebre harekin, gehien gustatu zaien ­ipuina horixe izan da, aho batez, anatomia ongi ulertu ez duten eta maitasunari hainbeste erreparatu ez dioten arren, akaso.
“Aldez aurretik esku artean genuen antzeztuko ziren ipuinen zerrenda”, ­esan du Aldaik. Ez zekien nolakoa izango zen emanaldia, ordea, eta haurrei ez zizkien ipuinak aldez aurretik irakurri. “Oso interesgarria iruditu zait emankizuna, eta nire helburua da ipuinak ­berriro irakurri eta hausnarketa egitea. ­Ipuinak berreskuratu egin nahi ditut berriro, noizean behin baten bat irakurri eta ­ulertarazi. Garrantzitsua irudi­tzen zait ulermena lantzea: leihoak ireki eta ­hortik begira jarriko gara... baina zer ­dago ideia horren atzetik?”. Bide horiek sakontzea pentsatzen ari da Haur Hezkuntzako irakaslea.
Liburuko ipuinei buruz hausnar­keta hauxe egin du Aldaik: “Aproposak iruditu zaizkit, didaktikoak. Gainera, dena oso irekia uzten du, oso interesgarria da alde horretatik”.
 
Helduak, lehenago
Urregarai eskola txikia da, 58 bat ­ikasle ditu. Zikloka elkartuta daude ­ikasleak, gela bakarrean. Udazkenean, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloko ­ikasleek Ander Lipus eta Miren Tirapu antzezleak ikusteko aukera izan zuten. Hainbat pertsonaiaren bidez, hamazazpi ipuin antzeztu zituzten: “Printzipioz, bidaia bat egiten ari diren bi per­tsonaia dira, baina transformatu egingo dira eta beste pertsonaia batzuk sortuko dituzte”.
Aldez aurretik, irakasleek esku ar­tean zuten antzeztuko ziren ipuinen ­zerrenda. Hala, antzezpenaren aurretik ikasleekin ipuinak irakurri egin zituzten, eta liburuak dakarren proposamen didaktikotik hainbat jarduera egin zituzten: “Adibidez, Semaforoa ipuina ­irakurri ondoren, ikasleei galdetu genien: eta zuk, zer erantzungo zenioke? Edo berez atera ziren beste gauza ba­tzuetatik tiraka ibili ginen”. Bea Zorrozak, haien irakasleak, azaldu duenez, eskolan idazmena eta irakurmena lan­tzeko beste proiektu bat dute, Idazlea zeu zara egitasmoarekin uztartzeko modukoa dena. “Ikuskizuna ikusi ondoren, liburuko beste ­ipuin batzuk irakurtzen jarraitu genuen, zenbait lan ­eginez: irudikapenak, kopiatze-lanak, antzekotasunen bilaketa, eta abar”, jarraitu du Zorrozak. “Eskolan lantzen ari garen beste proiektuarekin lotuz, ikasleei hauxe bururatu zitzaien: zergatik ez dugu guk ere ipuin bat idazten?”. Andoni Egañaren aholkuei jarraituz, gai bat aukeratu, eta ipuinean agertu behar zuten elementuak zehaztu zituzten. “Berek ­egin zituzten ipuinak: asmatu, ­idatzi eta zuzendu”.
Neska-mutilek ipuinen aurrean ­izan zuten jarrerari buruz hauxe dio: “Leihoaren ipuina asko gustatu zi­tzaien, erabat murgildu ziren”. Beste batzuk, ordea, “oso sakonak” direla dio, “ipuinek adibide interesgarriak eskaintzen dituzte, laburrak dira, zenbaitetan egoera gogorrak azaltzen dituzte, eta, beharbada, ikasleek ez dituzte erabat ulertzen, edo beste modu batera ­ulertzen dituzte”. Ipuinak erabat uler­tzea baino garrantzitsuagoa izan da, ­ipuinak aitzakiatzat hartuta, ikasleek “ba guk be egingo dogu antzeko zerbait” esatea.
Ipuinak sakonak izan arren, eta gauza asko lantzeko baliagarriak direla ikusi arren, “ikasleak iristen dira adostasunetara, baina kosta egiten zaie muinean sartzea, asko kostatu zait sentimenduetara iristea”, jarraitu du irakasleak. Barrea eragiten duten beste ba­tzuk badaudela kontatu du, eta, orduan, “kontatu edo irakurri ondoren, ­ikasleek berehala beste bat irakurtzeko eskatzen dute: entzun eta entzun egin nahi dute”.
Zorrozaren iritziz, ipuinek aukerak eskaintzen dituzte neska-mutilen hausnarketak pizteko, baina “horrek ­irakasleari eskatzen dio aldez aurretik ­ipuinak oso ongi aukeratzea eta lan­tzea. Ipuin batzuk errazak dira, beste batzuk ez hainbeste, baina aukerak eskaintzen dituzte”. 
Ipuinak eskolako beste hainbat arlo lantzeko “aprobetxatu” daitezkeela ­azaldu du ondoren, “bizikidetza, tutoretza, eguneroko bizitza, edo arazo hau edo bestea dela, zorriak direla, norbait hil dela... horrek guztiak aukera handia ematen du, ohiko erantzunak erabili ­edo ez”. Sortaldea ipuinarekin, esaterako, Sarrionandiak munduko zenbait toki aipatzen dituela baliatuz, geografia lantzeko aprobetxatu zutela dio, eta, ­geografiarekin batera, leku horietako ­irudiak landu zituztela: “Marrazkiak ­egin zituzten, eta hainbat ariketa egiten aritu gara ideia horren gainean”.
Haurrentzako antzezlana
ARTEDRAMA eta DEJABU PANPIN LABORATEGIA antzerki-konpainiek, elkarlanean, Idazlea zeu zara, irakur­tzen duzulako liburuko testuetan oinarritutako lana sortu dute. Xede nagusia ipuinen lanketa sakonagoa egitea da. Neska-mutilei antzerkiaren bidez hausnartzeko aukera eman nahi zaie modu zuzenagoan, haurrekin antzerkia, ipuingintza eta irakurzaletasuna lantzeak berez izan dezakeen berezko interesarekin batera.
Egitasmoaren web-orrian ikus daiteke informazio guztia, baita antzezlana ikusi duten haurrek sortutako ipuin eta marrazkiak ere.
Aulestiko eskolako ikasle helduenek argi ikusi dute ipuinek ez dituztela ohiko amaiera onak, amaiera normalak dituztela. Ikasitakoa aprobetxatu egin dute antzerkia ikusi ondoren sortu dituzten ipuinei “tipikoa” ez den amaiera emateko. Gainera, sortu dituzten ipuinetan ez dago hilketarik, amaieran ez dago ­ezkontzarik edo ipuin gehienek duten elementu tipikorik, liburuan irakurri ­dituzten ipuinen antzera.
Txikienek, berriz, olerki hauxe sortu dute pailazoaren barrunbea irudika­tzeko erabilitako arbelean:
-Belarra usaindu dut.
-Hodeia ikusi dut.
-Bihotza sentitu dut.
-Pailazoa gustatu zait.
 
Datu praktikoak
Lan mota: 6 urtetik 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuin kontaketa dramatizatua.
Iraupena: 45-50 minutu.
Prestakuntza: egokiena lehenago eta ondoren ipuinak lantzea da (horretarako, Hik Hasik argitaratutako proposamen didaktikoa kontsulta daiteke).
Ikuskizun motak: 1. Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ­haurrei zuzendua. 
2. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendua.
Aktoreak: Ander Lipus, Miren Tirapu, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga.