Arreta gabezia ikasgelan

2012-04-01

Gure geletan betidanik izan den arazoa izan arren, ­jendartean gaur egun ari da ezagun egiten Arreta Gabeziaren eta Hiperaktibitate Nahastearen (AGHN). Arazo horrek eragin zuzena du eskolako ­errendimenduan.

 
 
Zer da AGHN?
Jatorri neurobiologikoa duen herentzia-arazoa da  Arreta Gabeziaren ­eta Hiperaktibitatearen Nahastea (Barkley, 1999). Berezko hiru sintoma ditu: arreta gabezia, oldarkortasuna eta hiperaktibitatea (motorra edota ahozkoa).
Nahaste hori duten haurren artean, alde handiak daude. Nahiz eta haurrak parametro bertsuetan kokatu, haur guztiek ez dituzte sintoma berak, eta ez dituzte indar berarekin agertzen. Horregatik, hainbat kasu aurki daitezke: haur batek arretarekin zerikusia duten zailtasunak izan ditzake, baina, agian, ez du hurkoek baino ­erantzun oldarkor gehiago agertzen.
Tratamendua: nahaste mota horri ­eman dakiokeen tratamendurik egokiena tratamendu multidiziplinarioa da. Izaera multidiziplinario horrek honako hauek uztartzen ditu: tratamendu psikologikoa, farmakologikoa eta psikopedagogikoa. 
Hezitzaileon esku tratamendu psikopedagogikoa dago. Horren ondorioz, nola egin diezaiekegu aurre arreta-gabeziak ikasgelan sortzen dituen ­arazoei? Ondoren aipatzen direnek tratamenduaren gainekoak argitzeko balio dezakete.
Nolako ikasleak dira?
Nahaste hori duten haurrei oso zaila egiten zaie eskolako zereginean ­jardutea.  Hori dela-eta, ikasle horien     % 16-29k arazoak azalduko ditu ikasketetan; hots, ikasle horiek irakurmenean, kalkuluan edo idazmenean duten gaitasuna ez dator bat beren adinarekin, eskolatzearekin eta adimen-mailarekin. Bestalde, dituzten kontzentrazio-, planifikazio- eta antolakuntza-gabeziengatik, besteek baino eragozpen handiagoak dituzte ikasturtean aurrera egiteko.
 
Ikasgela barruko esku-hartze pedagogikoa
Eskolan egindako esku-hartzeetan eraginkortasuna lor daiteke, hainbat jarraibide aintzat hartuta. Ondoren aurkezten diren gomendioak baliagarriak izango dira bai ikasle hiperaktibo-­inpultsiboekin erabiltzeko, eta bai, AGHN izan gabe, arreta-gabezia duten ikasleekin erabiltzeko ere. 
Nola eman argibideak ikasleei? 
Ikaslearen arreta ziurtatzeko, ezinbestekoa da begizko kontaktuari eta gertutasun fisikoari eustea. Eman beharreko argibideak, banan-banan, eta era positiboan ematea komeni da, ahalik ­eta era labur eta zehatzenean. Emandako argibideak betetzen dituenean, berehala goraipatuko dugu ikaslea.
Nola azaldu eduki akademikoak ikasleei? 
Hezitzaileak emandako azalpenak motibatzaileak eta dinamikoak izango dira, adibidez, gaitegia ikaslearen egunerokotasunera hurbilduz, eta abar. ­Era horretara, ikaslearen parte-hartze aktiboa sustatu egingo da erabat. Azalpenak ­aldez aurretik egituratuta eta antolatuta egongo dira.
Nola esleitu etxerako lanak? 
Egin beharrekoek formulazio ­arrunta eta argia izango dute. Luzeegiak diren ariketak zatitu egingo dira: bi orriko azterketa batean, orri bakarra bi aldeetatik idatzita eman beharrean, bi orritan ematea egokiagoa da, adibidez. Kontzentrazioari mesede egite aldera, kontrola bi alditan egingo da: lehenengoa jolastokira joan aurretik, eta, bigarrena, jolastokitik itzultzerakoan, adibidez. Era berean, hezitzaileak etengabe egingo ditu gainbegiratze- eta sendo­tze-lanak.
Lanerako ingurua: 
arreta ziurtatzeko, ikasle horiek hezitzailearengandik hurbil eseriko dira, haien arreta bereganatu dezaketen leihoetatik eta dekorazio-elementuetatik urrun.
Nolako trataera eman ikasleari? 
Lehenik eta behin, ikasleari helburu zehatz eta laburrak ezartzen lagundu behar zaio. Horregatik, ikasketetan laguntze aldera, eguneroko errepasoa sustatuko da, mapa kontzeptualak, eskemak eta laburpenak erabiliz. Halaber, ikaslea animatu behar da agenda ­era sistematikoan erabiltzera. Agendaren erabilera egokia egiten bada, zorionak ematea komeni da.
Nola aurre egin jokaera-arazoei? 
Ikasle horien portaera hobetzeko, ezinbestekoa da ingurua egituratua, ­errutinazkoa, antolatua eta gogo-pizgarria izatea. Neska-mutil horiei, gehienetan, kosta egiten zaie beren buruaren kontrolari eustea. Zailtasun hori nabarmenago agertzen da eskolako zereginak zailak edo aspergarriak direnean; denbora-tarte luze batez zereginak egitea eskatzen zaienean; hezitzaileak kontrol urria egiten duenean; ikasleak kontrolatzen ez dituen jarduera-aldaketak egiten direnean; ikasleak ez dakienean beregandik zer espero den; soilik akatsak gogorarazten zaizkionean; eta gehiegizko zigorrak jartzen zaizkionean. 
Jarraitu beharreko estrategiak:  
sendotze positiboa, maiztasun han­diagoz errepikarazi nahi den jokaera goraipatzea; iraungipena, hainbat jokabideri arretarik ez es­kaintzea; time out, jarrera dese­gokiez ohar­tzeko ikaslea txokora bidaltzea; eta mugen ezarpena. Aipatutako tresna horiek funtsezko estrategiak dira jokabideak kontrolatzeko. Horien guztien adibide gisa, honako teknika hau:
Dortokaren istorioa: 
Bazen behin Jon dortokatxoa. Jonek 10 urte zituen eta Lehen Hezkun­tzako 5. mailan zebilen. Jonek ez zuen eskola gogoko, ez baitzitzaion ikastea gustatzen. Horren ordez, nahiago zuen lagunekin jolastea edo telebista ­ikustea. Aldiz, irakurtzea, lanak egitea, ulertzen ez zituen matematikako buruketak egitea eta idaztea gorroto zituen. Gainera, ez zen gai bidaltzen zizkioten etxerako lanak agendan ­idatzi behar zituela gogoratzeko. Halaber, inoiz ez zen liburuak eta materiala etxera eramateaz gogoratzen. 
Ikasgelan erabat aspertu egiten zen. Gehienetan eskolako lana oztopatzen zuen eta ikaskideak gogaitu ­egiten zituen. Batzuetan, lan egiten saiatzen zen, baina dena azkarregi ­egiten zuen, berehala amaitzeko. 
Amorruz gainezka egiten zuen ­txarto egin zuela esaten ziotenean. ­Hori gertatzen zenean, orriak zimurtu eta mila zatitan apurtzen zituen. 
Goizero, bere buruari esaten zion ahal zuen heinean ahalegindu behar zuela zigor ez zezaten, baina arazoak sortzen zituen beti. Horregatik, sarritan, pentsatzen zuen: “Dortoka gaiztoa naiz”, eta oso gaizki sentitzen zen. 
Goibel zegoen egun batean, hiriko dortoka handienarekin, zaharrenarekin eta zentzudunenarekin topo ­egin zuen, eta zera esan zion: “Ez zara konturatzen zure gainean daramazula arazoen irtenbidea?”.
Jon dortoka galdurik zebilen, ez baitzekien zertaz ari zen. “Zure oskola!”, azaldu zion. “Esaten edo egiten ­ari zarenak amorrua ematen dizunean zure barruan ezkuta zaitezke. ­Orduan, oskolaren barruan zaudenean, inork ez zaitu gogaituko, eta lasaitasun une bat izango duzu arazoa ­aztertzeko eta irtenbide bat bilatzeko”. 
Jon dortokari primerako ideia iruditu zitzaion eta, hurrengo egunean, eskolan betikoa gertatzen hasi zenean, oskolaren barruan ezkutatu zen. 
Atsegin egin zitzaion bakarrik ­egotea, lasai asko. Guztiz baretu zenean, oskoletik atera zen eta harritu egin zen irakaslea berari begira zegoela ­ikusi zuenean, irribarretsu eta pozik bere burua kontrolatu ahal izan zuelako. 
Bien artean arazoa aztertu zuten, eta Jon konturatu zen, dortoka zaharrak azaldutako teknika erabiliz, bere buruaren kontrol handiagoa lor zezakeela eta hobeto senti zitekeela, gainerako kideak gogaitu gabe.
Hezitzailearen garrantzia 
Ez dago zalantzarik: heztea lan nekeza da. Hainbat irakaslek adierazten dutena kontuan izanik, ziurta daiteke ­arreta jartzeko arazoak dituzten ikasleen premiei erantzuteko zailtasunak ­dituztela.
Edozein modutan, hezkuntzaren esparrutik saiatu behar da buruhauste horiek motibazio bihurtzen, kezkatik ardurara igarotzen, alegia. Arlo horretan eraginkortasuna lortzeko, ezinbestekoa da irakasleen trebakuntza, eta, horretarako, hainbat estrategia aintzat hartu behar dira. 
Heztea ereitea da. Baina, hezigai horien edo ikasle horien berariazko premiei erantzuteko eragozpenak daudenean, haziak hezteko trabak izango dituela dirudi. Haatik, hazi, loratu eta fruitua ematen du. Gakoa: hezitzaileak arreta, pazientzia, lasaitasuna, ardura ­eta segurtasuna izatea.
 
Bibliografia 
- ADANA Fundació. El alumno con TDAH; Bartzelona. 2006ko maiatza.
- BARKLEY, RA: Niños hiperactivos. Cómo comprender y atender sus necesidades especiales. Paidós Ibérica, Bartzelona.1999.
- Orjales Villar I. Déficit de atención con hiperactividad. Cepe, Madrid. 1998.
- Helbide interesgarria: 
http://www.eusarghi.org/