Hazi Hezi. Etxekoei zuzenduriko aldizkari hezitzailea kalean izango da aurki

2012-04-01
hik hasi  euskal heziketarako egitasmoa erditzear da. Haurdunaldia bederatzi hilabete baino gehiagokoa ­izan da, baina, udaberrian, ­aldizkari honek haurride bat izango du: Hazi Hezi  aldiz­karia. 
hik hasi  aldizkariaren ­osagarri izango da, baina ­etxeko komunitate osoari ­zuzenduko zaio Hazi Hezi, gurasoengandik hasi eta aitona-amonenganaino, haur eta ­helduagoen heziketa integral, aske, kritiko eta maitekorra nahi duten pertsona guzti­entzat.
 
 

Erditzear gara

Nola ikasten du haurrak pertsona izaten? Non? Zeinekin? Haurtzaroan altxatzen dira pertsonak oinarri izango dituen zutabeak. Nola eraikitzen dira zutabe horiek? Non jasotzen ditu haurrak balioak, ohiturak…? Nola lantzen du autoestimua? Nola ikasten du nor izaten? Elkarlanean aritzen? Mundu solidarioago bat bilatzen? Nola hezten da haurra? Non? Norekin?

Eskola da, zalantzarik gabe, haurrak –pertsona guztiok– heziketa jasotzeko duen lekuetako bat. Baina haurrak, eskolan, ordu batzuk pasatzen ditu egunean, eta gainerakoak etxean, kalean edo beste nonbait igarotzen ditu. Eta etxean ez al du, bada, ikasten haurrak? Eta parkean? Ka­lean?

Zer egin, haurrak autoestimua sendotu dezan? Ohitura onak har ditzan? Pertsona arduratsua izan dadin? Nola jokatu, eskolan jo egin dutela badio gure alabak? Nola, seme-alabek gauetan ateratzen hasi nahi dutenean? Nori galde diezaiokete gurasoek? Ni al naiz bakarrik sentitzen den ama bakarra? Nori egin diezaioke kontsulta arratsaldeak 6 urteko bilobarekin pasatzen dituen amonak? Edo lehen aldiz gauean iloba zaindu behar duen osabak? Nola landu gurasoen eta irakasleen arteko harremanak? Gauzak ondo egiten ari al gara? Eta…?

Burutazio horiek guztiak aspalditik dabiltza hik hasi egitasmoaren erredakzio-mahaietan bueltaka. Duela 17 urte, haurraren heziketan lagun zezakeen tresna bat sortu zuen irakasle talde batek eskolari begira,hik hasi aldizkari hauxe bera. Joxe Mari Auzmendi 

egitasmoaren koordinatzaileak gogora ekarri duenez, “irakasleentzako materiala sortzeko premia handia zegoen orduan; gaztelaniaz eta frantsesez bai, bazituzten tresnak, baina euskaraz informatzeko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko gune bat falta zen”. Euskal heziketarako aldizkaria sortu ondoren, hik hasi  egitasmoa irakasleentzako formazioa eta prestakuntza eskaintzen hasi zen, topaketak eta jardunaldiak antolatuz, lehenengo, eta gogoetarako monografikoak edota ikasteko nahiz jolaserako materialak sortuz ondoren.  “Baina, irakasleen premia hori asetzen hastean, agerian gelditu ziren etxeko heziketaren premiak: etxeko heziketak eskolakoarekin batera joan behar zuela, biek norabide berean joan behar zutela... Horretarako, etxerako beste tresna bat sortu behar zela ikusi genuen: beste aldizkari bat”. 

Eskola eta familia, azken batean, helburu bera duten bi sistema dira, norabide berean joan behar dutenak. Haurraren garapena dute biek helburu: haurra eta gaztea ongi sentitzea, bai beren buruarekin eta bai gizartean, eta ongi kokatzea. Joxe Amiama guraso eta EHUko irakasle denak halaxe dio: “Eskolaren eta familiaren helburua haurraren edo gaztearen garapen integrala da, hau da, garapen fisikoa, kognitiboa, emozionala, soziala… Eta hori denok nahi dugu; eskolak nahi du, eta familiak ere nahi du. Beraz, helburu bera dugu: haurra zoriontsu izatea”.

hik hasi egitasmoak, bada, guraso-elkarteei luzatu zien euren kezka, etxerako aldizkari baten beharra, baina urteak joan dira, eta, premia ase gabe gelditu denez, azken bi urteotan erredakzio honek serioski eutsi dio proiektuari. “Krisiak –ez ekonomikoak soilik, baita balioen krisiak ere– are nabarmenago egiten du hutsune hori”, Auzmendik dioenez. “Aldaketa handiak izan ditugu denbora gutxian, eredu ekonomikoak, teknologia berriek eta, besteak beste, etorkinen mugimenduak aldaketa handiak ekarri dizkiete gizartea eta familia ulertzeko moduari, harremanei, irakasteko erari… Eredu berriak eskatzen ditu horrek, eta jende sortzailea eta aldaketaren aurrean irizpideak, iritzi propioak, izango dituena, kontzientziaren arabera jokatuko duena; eta hori etxetik hasten da”.  

Zenbat eta informazio gehiago, orduan eta nahasiago

Haurraren garapenaz eta heziketaz gero eta gehiago pentsatzen dute gurasoek, Amiamaren iritziz. Gero eta galdera gehiago dituzte haurraren heziketaz. Izan ere, familien balioak –eta eskolak bultzatzen dituenak– asko aldatu dira azken hamarkadetan. “Historikoki, une batean, planteamendu autoritarioak ziren garrantzitsuenak. Boterea gurasoek zeukaten, batez ere gizonak. Erreferente batzuk argi zeuden. Gero, gauzak aldatu egin ziren, eta beste muturrera joan ginen. Nahiko permisibo bihurtu ginen orokorrean, eta balioak aldatu egin ziren: haurra bihurtu zen ardatz. Gaur egun, planteamenduak aldatu egin dira, eta haurrak arduratsuak izatea nahi dugu”. Amiamaren arabera, gaur egun ez du balio haurrak zintzoak izateak, arduratsuak izateak balio du. “Eta aldaketa bat dago hor: arduratsua izateko, ez da soilik errespetua gorde behar, eta, gainera, aldebikoa izan behar du errespetuak, goranzkoa eta beheranzkoa. Arduratsua izateko, ez da aitak edo amak esaten duena bete behar, ez dute gurasoek agintzen eta seme-alabek betetzen; ez, eskemak aldatu egin dira, eta norberak jabetu behar du egiten duenak ondorio batzuk ­dituela”.

Jendarteak –eta baita eskolak eta familiek ere- pertsona autonomoa, arduratsua, ekintzailea bultzatzen du, erabakiak hartzeko gaitasuna duena, estresa eta antsietatea kontrolatzeko gai dena…. Balio autoritario nahiz permisibo haietatik abiatuta gertatu den aldaketa horretan, askotan, senari jarraitzen diote gurasoek, Amiamaren eta beste zenbaiten ustez, guraso-eskolak interesgarriak dira hausnarketak egiteko. Aldizkari berriak ere eredu berri horiek zabaltzen lagundu nahi du. Galderak eta erantzunak planteatu nahi ditu, haurraren garapenean laguntzeko helburua hartuta.

Teorietatik harago, alabaina, ereduak eta esperientziak aurkeztuko ditu aldizkariak; familien eta adituen esperientzietatik proposatuko ditu estrategiak. Amiamak dioenez, familiak, oro har, gauzak ondo egiten saiatzen dira, eta, askotan, haien esperientziak besteen eredu izan daitezke. Hori erakutsi nahi du Hazi Hezik.

Abiatu ere, esperientzietatik abiatu da hik hasi, etxeko komunitateari zuzendutako aldizkari hori diseinatzeko orduan. Irakasleek eman dute lehen argibidea, guraso asko –guraso izan berriak, nagusiki– euren seme-alaben heziketari dagokionez “galduta” senti­tzen direla esanez. “Ondo ari al gara?, horixe da guraso askoren kezka”, zehaztu du hik hasiko koordinatzaileak, eta bat dator Amiamak balioen gainean dioenarekin: “Gizarte-eredu berri honetan, ez digute balio lehengo balioek, jokatzeko erek eta mezuek, eta beste ­era bateko jokamoldeak eta ereduak nahi ditugu; baina ez dugu argi zer-nolako ereduak jarraitu nahi ditugun”. 

Interneten, liburuetan eta kalean inoiz baino informazio gehiago dagoen honetan, Auzmendik premiazko ikusten du iturri fidagarri eta kalitatezkoak zein diren identifikatzen laguntzea: “Oinarrizkoak diren jarraibide batzuk azaldu behar dira, hankak ondo finkatzen laguntzeko, norberari segurtasuna emateko eta gauzak ondo egiten ari garela ikusten laguntzeko”.

Informazio eta teoria idealak euren eguneroko praktikara ekarri ezinda dabiltza guraso eta hezitzaile ugari ere. Horregatik, gurasoek zer-nolako premiak, zalantzak edo galderak dituzten jakiteko, haiekin bildu da hik hasi egitasmoa, eta entzun egin die. Eta aitona-amonei ere entzun die, gero eta aitona-amona gehiagok ordu ugari pasatzen baitituzte bilobekin; ikastetxetik 

jasotzen dituzte, eta irakasleekin harreman zuzena dute askotan. Profesionalengana ere joan da erredakzio taldea, familiaren eta ikastetxearen arteko harremanetan aditu direnengana: “Ongi ari dira familiak, eta jakin egin behar dute hori”, diote. Auzmendik nabarmendu du hazkuntzako eta hezkuntzako profesionalek oso harrera ona egin diotela aldizkari berriaren proiektuari: “Familiari zuzendutako euskarazko aldizkari baten premia ikusten dute pediatrek, psikologoek, pedagogoek, emaginek, hezitzaileek eta abarrek, familiek gertuko erreferentzia bat izan dezaten, haurren behar emozionalak asetzeko gertuko ereduak aurki ditzaten”. Horrela, bada, Hazi Hezi abiatu aurretik, mahai-inguru, parke, ikasgela, kontsulta eta profesionalen bulego ugaritatik pasatu dira erredaktoreak, aldizkari berriaren oinarriak finkatzeko. Gurasoek, gazteek, aitona-amonek eta etxeko komunitate osoak gaur egun dituzten kezkei eta benetako zalantzei erantzun ahal izateko.

Haurrei eta nerabeei ere entzungo die aldizkariak, nola ez. Haiek ere badutelako zeresanik. Gehienetan, beraiek ematen dituzte beren beharrei buruzko argibide gehien, eta beraiei entzunez eta begiratuz ikasi nahi du Hazi Hezik. Era berean, aldizkari horrek argi du helduek asko ikasten dutela txikienei adituz eta begiratuz, umeen eta nerabeen beharrei arreta jarriz helduak ere hezi egiten direla. 

 

Guraso.com eta Irrien Lagunakekin elkarlanean

Euskarazko hedabideen sarea handitzera dator aldizkari berria, eta, horregatik, lehendik daudenekin elkarlanean arituko gara, denon artean komunitatea sendotzeko.

Interneten bere txokoa izango du aldizkari berriak, hik hasiren gaur egungo webgunea partekatuko baitu (www.hikhasi.eus). Aldizkari berriaren edukiari buruzko informazioa eskuratzeaz gain, iradokizunak egiteko aukera emango da bertan, eta baita kontsultak bideratzekoa edota harpidetza egitekoa ere. Hala ere, gurasoei interesa dakizkiekeen gaiak Interneten kontsultatzeko erreferentzia www.guraso.com helbidea izango da Hazi Hezirentzat ere. Goiena Komunikazio Zerbitzuek eta Txatxilipurdi elkarteak sortutako ataria da, “amatasuna eta aitatasuna egungo gure gizarte berdintasunezkoago honetara ekartzeko saioa”, eurek diotenez, Internetera bideratuta. 

Haurrei eurei zuzendurik, bestalde, Hazi Hezik Irrien Lagunaken webgunea izango du erreferentzia, www.­irrienlagunak.com. Irrien Lagunak Kluba Euskal Editoreak, Elkarlaneanek eta Katxiporreta pailazo taldeak sustatutako kluba da, Euskal Herriko haurrak, gurasoak, hezitzaileak eta hainbat elkarte bildu nahi dituena, haurrak elkarrekin era dibertigarrian eta euskaraz hezteko helburua duena. 

 

Aldizkari berriaren oinarriak

 Oinarrian, hik hasiren filosofia bera izango du aldizkari berriak, beste era bateko estrategiak eta planteamenduak izan daitezkeen arren, eskolarako proposatzen diren helburuak etxerako proposatzen baitira, bi inguruneak norabide berean joan daitezen. Helburua, haurrek –pertsonek– beren nortasuna gara dezaten tresnak eskaintzea izango da, pertsona autonomo, solidario eta kritikoak sortzen laguntzea, haien behar emozional, fisiko eta psikologikoak asetzeko. 

Pertsonaren baliabideetan sinesten duen heziketa bultzatuko du Hazi Hezik, baliabide horiek garatzen la­gun­tzeko tresna izan nahi baitu aldizkari berriak, haurraren autoestimuari, askatasunari eta autokonfiantzari garrantzi berezia emanez.

Haurrez, pertsonez eta familiez ari garenean, alabaina, atalik atal eta zeharka, errespetuz eta begirunez jokatuko du haur-, pertsona- eta familia-eredu askotarikoekin. Eta ikuspegi aldetik, parekidetasuna sustatuko du. Era berean, aldizkaria euskalduna izango da goitik behera, eta Euskal Herrian pentsatua. Horrek ez du esan nahi munduan egiten diren praktika eredugarriak kontuan izango ez ditugunik, baizik eta hemendik begiratuko zaiela eredu horiei, Euskal Herriko ikuspegitik eta kulturatik, eta hemengo profesionalen galbahetik pasatuko direla.

 

Atalez atal, haurraren behar guztiei erantzunez

Haurraren garapen kognitibo, psikologiko, emozional eta fisikoari buruzko teoriak azaltzetik harago, esperientzia errealak izango dira Hazi Hezi hiruhilabetekariaren bizkarrezurra, familien esperientziak, aholkularienak, irakasleenak, adituenak… Eta bizipen horietatik ateratako estrategiak, eran-tzunak eta ereduak aurkeztuko ditu. 

Batetik, aholkulari talde zabal batek ekarriko ditu orriotara esperientziak. 

Psikologoek, pedagogoek, psikomotrizistek, pediatrek, sexologoek, ginekologoek, homeopatek, hezitzaileek eta osteopatek osatuko dute aholkulari talde hori. Aldizkaria eta berorren atalak diseinatzen lagundu duen talde profesionalak, hain zuzen ere. Eta bi funtzio izango dituzte aholkulari horiek: batetik, nork bere espezialitatean, eguneroko lanean ikusten dituzten eta bizi dituzten gaiak ekarriko dituzte erredakzio-mahaira; haurrak, gurasoak edota aitona-amonak kezkatzen dituzten eguneroko gaiak zein diren identifikatu ondoren, aldizkarira ekarriko dituzte. Era berean, bakoitzak bere alorrean, ikerketaren edo hausnarketaren esparruetan aurkitzen dituen ekarpen interesgarriak egingo ditu. Horrez gain, espezialista-sare horrek irakurleen kezkak aseko ditu, kontsultetarako tarte zabala izango baitu aldizkariak.

Bestetik, kaleko jendeak –amek, aitek, seme-alabek, aitona-amonek, profesionalek, izeba-osabek…– izandako esperientziak ekarriko ditu. Horregatik, edoskitze taldeetan nahiz gurasoekin, gaztetxoekin edota aitona-amonekin hizketan aritzeko txokoak sortuko ditu egitasmoak.

Eta, nola ez, eskolarekiko bideak zabalik izango ditu aldizkariak. Sortzetik beretik ikastetxe guztietara zuzendutako Hik Hasi aldizkariaren osagarri izateko bokazioz sortua baita Hazi Hezi. Horregatik, irakasleen eta gurasoen arteko harremanak –eskolen eta familien artekoak– landuko dira, enkontru guneak sortzeko helburuz.

Haurraren heziketa etxetik hasten dela esan dugu lehen, baina areago, haurdunaldiak eta erditzeak berak haurraren nortasunean eragina dutela jakitun izanik, lekua egingo zaie aldizkarian etapa horiei. Hortik aurrera, haurraren garapen ebolutiboan jarriko da arreta, 0 urtetik 18 urtera bitarteko tartean dauden haur eta nerabeek –eta horien guraso nahiz hezitzaileek– aldizkari bakoitzean izango dute beren intereseko gairen bat irakurtzeko, hala osasunari lotutako gairen bat, nola psikologiakoa, psikomotrizitatekoa, sexualitateari lotutakoa, eta abar.

Sormen aldetik haurrak dituen gaitasun eta beharrei ere erantzun nahi die berripaper horrek, jarreren, espazioen edota materialen bidez sormena garatzen laguntzeko baliabideak eskainiz. Kulturak, arteak, musikak edota ahozko literaturak nahiz literatura idatziak ere izango dute beren tartea. Betiere, aldizkaria euskalduna eta euskaltzalea izanik, arreta berezia eskainiko dio euskal kulturaren transmisioari. 

Krisi garaian, notizia guztiak ez dira txarrak

Aldizkari berri hori ideia izatetik paperezko produktu izateko hezurmamitzen hasi zen ia une berean, Nabarra aldizkariaren itxieraren berria zabaldu zen, hamaika urtez kioskoetan egon ondoren. Geroxeago, dantza.com webgunearen itxiera etorri zen; horren ondoren, Esan Erran irratiarena... Gauza jakina da euskarazko hedabideak kinka larrian daudela, krisi ekonomiko orokorrari paperezko komunikabideen sektorearen krisia gehitzen zaiola, eta are okerrago utzi dituela lehendik ere diruz eta baliabidez larri zebiltzan hedabideak. 

Ez krisi ekonomiko orokorrak, ez ­eta paperezko komunikabideen krisiak ere ez dute galarazi aldizkari berri horren sorrera. Ideia onenak krisialdietan gauzatzen direla sinetsita, azken aldian albiste txar ugari dakartzan sektorean berri on bat zabaldu nahi du hik hasik. Euskal hiztunen komunitateak heziketari –eta, konkretuki, etxeko heziketari– buruz dituen kezkak ase ahal izateko helburuarekin dator aldizkaria, ehunetik gorakoa den euskarazko komunikabideen sarea aberasteko. 

 

Hazi Heziren harpidedun egiteko aukera

 Udaberrian hasi, eta urtaro bakoi­tzeko Hazi  Hezi aldizkariaren zenbaki berri bat argitaratuko dugu, hiruhilabetero bat, urtean lau zenbaki, beraz. Aldizkaria etxean jasoko dute harpidedun egiten direnek, baina horrez gain, liburu-denda eta kioskoetan ere salgai egongo da aldizkaria.  

hik hasi aldizkariaren harpidedunek baldintza bereziak izango dituzte Hazi Hezi-ren harpidetza egiteko orduan, izan ere, urte osoko harpidetza 20 euro beharrean, 15 eurokoa izango da kostua haientzat. 

hik hasi-ren harpidedunek bezala, Hazi Heziren harpidedunek ere abantailak izango dituzte hik hasi egitasmoak antolatzen dituen jardueretan, hala nola, udako topaketetan, jardunaldietan, bidaia pedagogikoetan edota egitasmoak argitaratzen dituen materialetan ere.

Dagoeneko egin liteke hiruhilabetekariaren harpidetza-eskaera, hikhasi@hikhasi.eus helbide elektronikoan,  943 37 14 08 telefono zenbakian eta ondoko helbide honetara zuzenduz: Errekalde hiribidea, 59-1. solairua. 20018 Donostia.

Etxekoi zuzenduriko aldizkariaren lehenengo zenbakia ezagutu ahal izateko, berau doan eskuratu  nahi dutenek aurreko helbide horietan egin behar dute Hazi Heziren lehen zenbakiaren eskaera, hilabete honen barruan, aldizkaria argitaratu aurretik.