Miretsi

2012-04-01
Beti iruditu zait errazagoa pentagramen bitartez adieraztea esan nahi dudana hitzen bidez baino. 
Donostiako Ekintza ikastolan 16 urtez musika irakasle gisa aritu ondoren, bizipenak eta pasadizoak ugariak dira. Gordetzen ditudan gauzen ­artean ikasleek niri erakutsi didaten guztia da; bai, ez dakit nik erakutsi izango nien, baina, beraiek niri emandakoa asko da.
Lan berri batean hasten garenean, ondo egin nahi dugu eta, helburu horrekin, gerta daiteke (ez du beti horrela izan beharrik) animaliak beraien gidariei jarraituz bezala joatea; hau da, aurre-aurrean, lerro zuzenean, duguna besterik ez ikustea.
Horren aurrean, oso garrantzitsua da errealitatearen ikuspuntu zabala ­edukitzea, are gehiago hezkuntza munduan. Haurrak eta beraien ideiak ­txoko guztietan daude, ez lerro zuzen horretan soilik; horregatik, oso garrantzitsua da beraiei entzutea, beraiek baitira, bakoitza bere erara, jarraitu beharreko bidea markatzen digutenak, beraiek azaltzen dizkigute bere kezkak ­eta, ­horien bitartez, hezkuntzaren mundu zoragarri horretatik gidatzen gaituzte.
Behar bada, hori errazago ikus daiteke hezkuntza mundutik urrunago ­urte batzuk pasa ondoren, baina bada zerbait beti oso argi izan dudana: hain zuzen, irakaslearen eginkizuna gehiago dela motibatzea irakastea baino. Horrela sentitu dut beti, agian beti horrela bizitu dudalako.
Horregatik, irakasle izan nituenen artean, oroitzapen handi eta sakonenak ditut, motibatzaile bikainak izan ­nituenenak. Txikitako motibazioak eta helduaroko grinak dira profesional eta pertsona bilakatu nautenak. Bai, jakina, musikak. Izan ere, bada pedagogi-oinarri bat, nire ustez nire ibilbide profesionala gidatu duena eta zera da: ­umeari utzi behar zaiola gauzak aurki­tzeko plazera. Hori dela eta, lehen motibazioaz niona; norbaitek motibatzen badu, haurrak, bere kasa, aurrean duen guztia deskubri dezan lortuko du.
Zein plazer handiagoa zerbait berria aurkitzea baino?