Desberdina naiz?

2012-05-01
Puta naiz. Beltza naiz. Marikita naiz. Moroa naiz. Sudaka naiz. ­Ema­kumea naiz. Desberdina zu zara!  ­Atentzioa eman zidan markesinako iragarkiak. Bortz minutu ebatsi zizkidan autobusa hartu aitzinetik.
Joan den urtean akabatu nituen Haur Hezkuntzako ikasketak. Irakasle izan nahi dut. Irakasle ere bai. Sinesten dut hezkun­tzan. Gizartea azpi-azpitik aldatu behar da, haurrak hagitz ttikiak direnetik, eta hezkuntza da horretarako armarik indar­tsuena!
Hernaniko Langile Ikastolan egin nituen Unibertsitateko praktikak. Hantxe ­ezagutu nuen Zuriñe, bortz urteko neska bixkorra. 
Xanet bere ikaskideak behin honakoa erran zidan: “Jolasten garenean Zuriñek beti aita izan nahi du, inoiz ez du ama ­izan nahi”. Bertze behin Juanek: “Zuriñek ez du inoiz gonarik janzten, ez zaizkio batere gustatzen”. Arrazoi dute Xanetek eta Juanek. Gelako neska guztiek, salbuespenik gabe, gona janzten dute eta Zuriñek ez. Zuriñek txandala erabiltzen du, ­ahalik eta zabalena. Eta beti aita izaten da jostetan, inoiz ez ama. Horrela sentitzen da erosoen. Horrelakoa da Zuriñe.
 Zuriñe desberdina izan daiteke bere ­ikaskide aunitzen begietara. Gelako nesken gustuak ez ditu konpartitzen. Futbolean aritzea maite du, gorroto ditu gonak, ez du panpinarik, marroi kolorea da bere kolore faboritoa… 
Aniztasunaz gogoeta egiteko pista aunitz eman zizkidan Zuriñek ezagutu nuen lehenbiziko egunetik. Norbaitek badaki zer den aniztasuna? Zer da desberdina izatea? Nago aniztasuna berdintasun guztien azpian dagoen desberdintasuna dela. Edozein giza taldetako itxurazko berdintasun orok gordetzen duen aberastasuna. Zuriñe, errate baterako. Aberastasuna diot, ­aniztasuna termino positiboa eta hezitzailea delakoz. Eta desberdina diot, talde guztiak heterogeneoak direlakoz. Edo ezagutzen al duzue talde homogeneorik? Nik ez! Ez da talde homogeneorik existitzen. Eta eskerrak! Heterogeneotasunetik ikasten da gehien, desberdintasunak ezagutu, ulertu eta elkartrukatzetik. Hortaz, aniztasuna talde-ezaugarria da, ume bakoitza desberdin egiten duena eta taldea, talde bezala, aberats bihurtu. Hezkuntza-laneko klabe garrantzitsuenetakoa da dudarik gabe.
Mundua definiziotan ulertzen dugu; hau emakumea da, hori gizona, hau azkarra, hura tontoa. Horrela errazagoa da bizitza. Hor ulertu behar dugu aniztasunaren abiapuntua. Modu batean, heterogeneotasunari izenak emanez errealitatea sinplifikatu egiten dugu, ulertzeko errazagoa izan dadin. Zuriñe “mutilak bezalakoa” da, eta punto. Zeinen erraxa e!
Zernahi gisaz, desberdintasuna eta ­aniztasuna berezkoak ditugu pertsonok, bai ikasle garenean, bai heldu garenean. Baina gizarte batean bizi beharrak desberdintasun horiek saihestera bulkatzen gaitu. Nola gizartean, hala eskolan. Ikastetxeetan ere maila sozialak daude, hierarkiak, gizartean bezalaxe, eta ikasleek “berdintasun” baten barrenean eta mundu parekatu batean bizitzeko ahalegina egiten dute etengabe ttiki-ttikitatik. Inork ez du desberdina ­izan nahi. Zenbat Billy Elliotek akabatzen dute ingeniaritza industriala ikasten? 
Portzierto, ni mutila naiz eta ez zait futbola gustatzen. Desberdina naiz?