Euskal Herriko hezkuntzaren historiarako dokumentazio-gunea

2012-06-01
EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailak hezkuntzaren ­gaineko ikerketak egiten ditu. Sail horren bulegoetan, ikerketa horiek egiteko hamaika dokumentu, liburu, testigantza eta abar pilatu dira urte hauetan guztietan. 
Dokumentazio hori Euskal ­Herriko hezkuntzaren historian ­interesa duen ororen esku jarri nahi zuen Hezkuntzarako Azterketa ­Historiko eta Konparatuetarako ­GARAIAN taldeak.
Gunea Donostian dago, ­Gipuzkoako Campusean ireki berri duten Carlos Santamaria Zentroan. 
Ez da, ordea, hezkuntzarekin hertsiki lotuta dagoen ondare hori guztia jendarteratzeko eta ­ezagutarazteko GARAIAN taldeak ­abian jarri duen ekimen bakarra; ­espazio fisiko horretaz gain, ­beste espazio bat antolatu du sarean ere: Euskal Herriko Hezkuntzaren ­Historiarako Dokumentazio-Gunearen ataria, hain zuzen. www.ehu.es/euskal-hezkuntza/euskara/ 
Gunea bizirik dago, eta orain ­arte bildutakoak eskaintzen ditu. Berorren helburua, ordea, Euskal Herriko eskola-ondarea bildu eta zabaltzea da. Horretarako, orain ­arte dutena osatu nahi dute. ­Egitasmoan parte hartu nahi ­dutenekin harremanetan jartzeko tresna ere bada web-orria.
 
 

Ikertzailearen bulegoan zegoena

Aktak, dokumentuak, ikasliburuak, ikasleen eta irakasleen koadernoak, ­agiriak, audio- eta irudi-grabazioak, liburu zaharrak eta berriak... Euskal Hezkuntzarekin lotura duten gisa horretako hamaika ale aurkitu, eskuratu, aztertu eta sailkatu dituzte EHUko Hezkun­tzaren Teoria eta Historia Saileko iker­tzaileek. 

80ko hamarkadan hasi ziren lan hori egiten, eta, ordutik, bulegoetan pila­tzen joan dira hezkuntzaren ondarea ­osatzen duten dokumentu horiek guztiak.

Bilketa horren sustatzaile nagusia Hezkuntzaren Historiako Katedradun eta GARAIAN taldeko ikertzaile ezagun Pauli Davila izan zen. Unibertsitateko sail horretan burutu ziren proiektuetatik eta ikerketetatik jasotako dokumentazio guztia sailkatu zuen.

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailaren bulegoetan pilatzen ari zen material horrek dokumentazio-bilduma zabala osatu du pixkana. Dokumentazio guztia antolatzeko, datu-base bat diseinatu eta ezarri zuten dokumentazio eta bibliografia horrekin. Datu-base horrek, hain zuzen, bildutako materialaren funtsak bilatzea eta berreskuratzea ­erraztu zuen.

Bilketa- eta ikerketa-lanarekin batera, kezka bat sortu zen ikertzaileen taldean: nola ezagutarazi hezkuntza ondarea eta, horrekin batera, ikertzaile taldeek eta unibertsitateak berak egiten dituzten lanak? 

Ikerketak eta lanak jendarteratzeko beharra sortu zen, beraz: ikertzailearen bulegotik atera eta jendearen esku jar­tzekoa. Espazio bat sortzea izan zen bide horretan egin zuten lehen urratsa, interesa zuten guztiek bilduma eskuragarri izan zezaten. Dokumenturen bat ikusi nahi duenak ez du jada ikertzailearen bulegora joan behar; orain, ikerketa-zentro batera joan daiteke, dokumentazio-zentro batera. Zentro edo gune hori dagoeneko abian da Gipuzkoako Campusean, Carlos Santamaria Zentroan, hain zuzen.

Ondoren, sarean eskaini zen dokumentazio hori ezagutzeko aukera, web-orriaren bidez. Bai bata eta bai bestea Hezkuntzarako Azterketa Historiko eta Konparatuetarako GARAIAN taldeak koordinatzen ditu.

Bi espazioek dokumentazio kopuru esanguratsua biltzen dute. Eta, bertan, askotariko materialak aurki daitezke: etengabeko gaurkotze-lanak dituzten bibliografia-funtsak, argazkiak, legeria, ikasliburuak eta ikus-entzunezko hainbat material.  

 

Denoi zabaldutako gunea

 Dokumentazio-zentroan lanean topatu ditu hik hasik Pauli Davila, Joxe Garmendia eta Luis Mari Naya irakasle eta ikertzaileak. GARAIAN taldeak Carlos Santamaria eraikinean bertan antolatu eta ikusgai jarri zuen “Eskola Koadernoak” erakusketa jasotzetik etorri berriak dira. Dokumentazio-zentroa zer den, zertan den eta aurrera begira zer asmo dituzten azaldu dute. 

Euskal Herriko Hezkuntzaren Historiarako Dokumentazio Guneak hiru helburu argi ditu:

1. Euskal Herriko hezkuntzaren ondare historikoa osatzen duen dokumentazioa berreskuratzea eta zaintzea.

2. Ikerketa-lana erraztea, lehen mailako iturrien eta bestelako dokumentazio-materialaren bidez.

3. Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruzko dokumentazioa hezkuntza-sistemaren eta, oro har, herritar guztien esku jartzea.

Helburuei buruz hasi dira lehenik, eta helburua “hemen daukagun materiala jendeak ezagutzea eta erabiltzea” dela adierazi du Pauli Davilak. Jendeak nola erabil dezakeen ere azaldu du: ­“Era guztietako materialak ditugu, hainbat jatorritakoak. Web-orriaren bidez ezagutaraziko dugu materiala: norbait tesi bat egiten ari bada, edo beste ­era bateko lanen bat, web-orrian material horren berri izango du, eta, gunera etortzen bada, dokumentua bera ikusi ahal izango du. Informazioa eskain­tzen dugu guk, baina, era berean, erreferentzia eskaintzen dugu, lehen mailako iturria lortzeko”.

Gunean dauden dokumentu gehienak sarean daudela azaldu du gero. Dokumentuak ez dituzte sarean osorik ipini: “Dokumentuen lehen orrialdeak soilik daude sarean, interesatuak ikusteko zein dokumentuz ari garen, eta non dauden esango diogu: gunean dauden, edo beste nonbait; eta azken kasu horretan, hemendik bideratuko ditugu dokumentua dagoen lekura”. 

Gunearekin, ate bat zabaldu dute, Unibertsitateko Sail horrek hezkuntzaren ondarearen gainean osatu duen bilduma ikus dezan jendeak. “Bada jendea hainbat lan egiten ari dena, eta hona etorri, eta ikertzaile gisa hasten da. Haientzat, oso erraza da gure lan egiteko modua, eta ez du dokumentu baten bila handik hona ibili beharrik”, dio Davilak, guneko apalen artean gidari-lana egiten ari den bitartean.

Eta dagoeneko badira ate hori zeharkatu eta dokumentu horien artean murgildu diren lagunak. “Une hauetan, guregana hurbildu dira masterrak edo doktoregoak egiten ari diren lagun ba­tzuk, zenbait institututako irakasleak, eta gure ikasleak”, dio Joxe Garmendiak. Gaur egun, guneak baditu erabil­tzaileak, beraz. “Dugun ondarea osatu eta sozializatu nahi dugu “, gaineratu du Garmendiak.

Bildu duten hezkuntza-ondarea Euskal Herri osokoa da: hau da, Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako ondarea bildu dute, baina baita Nafarroakoa, Lapurdikoa, Nafarroa Beherekoa eta Zuberoakoa ere. Izan ere, herrialde guztietan dituzte harremanak eta kontaktuak: Bizkaiko ARAKA ikerketa-taldearekin eta beste hainbat unibertsitatetako eta erakundetako taldeekin.

Dituzten harremanez dihardugula, arlo horretan egin duten saiakera aipatu du Davilak: “Saiatu gara, nolabait, gure taldea finkatzen eta, gero, gure ­unibertsitate barruko eta kanpoko ­harremanak egiten. Beste zentroekin ­eta erakundeekin ere harremanetan gaude, eta elkarlanean ari gara: Auñamendi Entziklopediako taldearekin eta Eusko Ikaskuntzarekin, besteak beste”. Harremanetan daude Euskal Herritik kanpoko unibertsitateekin eta ikerketa-taldeekin ere. Harreman horien ­emaitza dira martxoan Donostian egin ziren “Eskola Koadernoa” erakusketa eta jardunaldiak, Bilbon ARAKA tal­deak antolatuta maiatzean egingo di­renak. 

DOKUMENTUAK

-Ikastetxe publikoei, erlijiosoei, ekimen pribatuko fundazioei zein ikastolei 

buruzko dokumentazioa.

-Probintzia-erakundeetako akten kopiak.

-Diputazioen arteko posta-trukea.

-Ikuskapenen eta irakasleen inguruko espedienteak.

-Hainbat erakunderen arteko posta-trukea.

-Institutuen eta eskolen memoriak.

-Euskal Unibertsitatearen sorrera.

-Hezkuntza- eta alfabetizazio-zentroen gaineko estatistika-serieak.

-Euskara irakasteko testuak, eta abar.

-Gerrako haurrak.

-Ikastetxeetako argazkiak.

-Ikasliburuak.

-Maisu-maistrei egindako elkarrizketak.

 

 

EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZAREN HISTORIARI BURUZKO BIBLIOGRAFIA

 

MEDIATEKA

Bideoak, argazki propioak.

 

IKASLIBURUAK

Eskolako liburuak: zaharrak eta berriak.

 

IKERKETAK, TESIAK

Hezkuntzan aurkeztu diren tesi gehienak.

 

Euskal Herriko Hezkuntzaren Dokumentazio Gunea irekita dago nahi duenarentzat; unibertsitateko jendeari ez ezik, jende guztiari zabaltzen zaio. Interesa duenak, beraz, GARAIAN taldearekin harremanetan jarrita, aukera du gunean dutena ikusteko eta iker­tzeko.

Oraingoz, gunearen espazioa Carlos Santamaria Zentroan dago.  Ikerketa-gunea egin dute, eta sarearen bidez jendarteratu dute. Aurrera begira, berriz, hauxe dio Davilak, esku artean aspaldiko ikasliburu zahar bat erakusten digun bitartean: “Denborarekin, egokia litzateke espazio bat antolatzea, dugun ondarea bistaratzeko; beste gune bat, zabalagoa, non erakusketa bat ­egongo litzatekeen”.

 

Web-orria gunearen erakusleiho

www.ehu.es/euskal-hezkuntza/ euskara/  webguinean da Hezkuntzarako Azterketa Historiko eta Konparatuetarako GARAIAN taldeak hainbat urtetan bildu duen hezkuntza-ondarea jendarteratzeko bigarren tresna. 

Webgunean ikusgai dauden edukiak Carlos Santamaria Zentroan dagoen guneak berak dituenak dira. Hala ­ere, lehen aipatu dugunez, webgunean dauden dokumentuak ez daude osorik, dokumentu bakoitzaren lagin bat eskaintzen da. Izan ere, atariaren helburua gunean bilduta daudenen erakusleiho izatea da. Beraz, jendartera­tzeko bide garrantzitsua da webgunean. Horretaz gain, gunea kudeatzen duen GARAIAN taldeko kideekin harremanetan jartzeko bidea eskaintzen du, ­“iradokizunak” atalaren bidez. Atal horretan, informazioa eskatu eta eman daiteke, zentroa ikusteko eskaera egin daiteke, kontsultak egin daitezke, eta ­abar.

GARAIAN taldekoak harremanetan daude hainbat ikerketa-zentro eta artxiborekin, eta, horri esker, datu-base garrantzitsua osatzea lortu dute. Hitzarmenak egiten dituzte haiekin, “baina ez dira nahi bezain errazak eta bideragarriak”.

Hauek dira datu-basera datozen jatorrizko artxiboetako batzuk: Euskal Herriko lurralde historikoetako eta herrietako artxiboak, Espainiako estatuko administrazioaren artxibo orokorrak, Valladolideko Unibertsitateko ar­txiboak, Espainiako Artxibo Historiko Nazionala, eta abar. Horiez gain, badira hainbat ikastetxetatik eta erakundetatik datozen funtsak ere: Bigarren Hezkuntzako institutuetatik, eskoletatik, arte- eta lanbide-eskoletatik, eskola pribatuetatik eta dohaintza pribatuetatik datozen funtsak, hain zuzen.

Memoria digital handi horrek hainbat datu-basetara sartzea ahalbidetzen du. Datu-baseotan, honako hauek kontsulta daitezke:

 

Dokumentuak 

Dokumentuak dira, oraingoz, web-gunean oinarriak. Atal horretan, lehen mailako iturrietatik datorren dokumentazioa dago; gaur egun, 3.000 dokumentu daude sailkatuta, horietako batzuk pdf euskarrian, eskanerretik pasatu ondoren. Dokumentazio-gunean, ordea, 5.000 dokumentutik gora dituzte oraindik, pixkanaka datu-basean ipiniko dituztenak.

 

Bibliografia

Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruzko bigarren erreferentzia ­osatzen dute. Dokumentazio-gunean, gaiarekin zerikusi zuzena duten 2.000 liburu eta artikulu baino gehiago di­tuzte.

Mediateka

Atal hori argazkiz eta bideoz osatuta dago. Euskal Herriko eskolen eta eskolako eszenen argazkiak daude ikusgai. Bideoz grabatutako ikasle ohien ­iritziak eta hitzak aurki daitezke, era berean. Atal hori, batik bat, Bihardugu Euskara Elkarteari esker hornitu dute; ­izan ere, elkarte horren egitasmoa den www.ahotsak.com webgunean, hezkuntzari buruzko grabaketa ugari daude sailkatuta.

 

Ikasliburuak

Eskolan erabilitako euskarazko zein gaztelaniazko liburuak bildu dituzte. Gehienak XX. mendearen hasieratik gaur egunera artekoak dira.

 

Baliabideak

Atal horretan, berriz, hezkuntzaren historiarako interesgarriak izan daitezkeen hainbat webgunerekin egin daitezkeen loturak eskaintzen dira: estatistikak, ikastetxeak/unibertsitateak, liburutegiak/artxiboak eta Hezkuntzaren Historiarako Baliabideak.

 

Ikerketak guztiaren abiapuntu

 Dokumentazio-gunearen eta web-orriaren gaineko xehetasunak erakutsi zizkioten hik hasiri GARAIAN taldeko hiru ikertzaileek. Behin eta berriro ­adierazi zutenez, bi bitarteko horiek ­oso zutabe garrantzitsuak dira egindako lana eta hezkuntza-ondarearen gainean bildutakoa ezagutarazteko.

Gunearen eta web-orriaren atzean, ordea, aurretiazko lan mardula dago, bi ekimenen oinarri dena. Prozesu hori guztia ezagutzeko, ikertzaileen bulegoan eta lanean murgildu da hik hasi.

 “Lehen-lehenik, ikerketa behar da. Ikerketaren gainean osatzen da, ondoren, taldea. Taldeak, ikerketa egin ondoren, aukera du horrelako gauzak ­egiteko. Beraz, orain arte ezagutu ditugunak, hots, gunea, ataria, erakusketa eta jardunaldiak, ez daude “ikerketaren barruan, ikerketaren emaitza dira”. ­Ikerketa bat egiteko, proiektua aurkeztu behar da: lan-metodologia prestatu behar da, dokumentuak nondik aterako dituzten azaldu behar da, eta abar.

Esate baterako, ikerketa-taldea osatu dute ARAKA Bizkaiko ikerketa-taldeak eta GARAIAN taldeak, ikerlan zehatz baterako. Bien artean egingo dute ikerketa, elkarlanean. GARAIANek web-orria eta dokumentazio-zentroa ditu. Ikerketa kudeatzeko osatzen da taldea, baina, ikerketarik egitea lortzen ez bada, taldeak ez du oinarririk. 

Ikerketa egin ondoren, esparru ­akademikorako artikuluak idatziko dituzte euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, hemengo eta sona handiko nazioarteko aldizkarietan. Horrela, jendeari zabaltzen saiatuko dira. Izan ere, diru publikoarekin egiten dira ikerketa horiek. “Ezin dira gure etxean geratu, guretzako etekin gisa soilik; nolabait, itzuli egin behar diogu jendarteari”, dio Davilak. “Mundu indibidual honetan, gero eta gehiagotan gertatzen den gauza da: nik hartzen dut diru publikoa, eta niretzat erabiltzen dut; ez dut jendartera­tzen. Nik uste dut zor bat badugula herriarekin, eta, ideia horretan sakonduz, urratsak egin behar ditugula”, gaineratu du Garmendiak.

 

Ikerketatik erakusketara 

Adibide batekin argitu du abiapuntu ikerketa bat duen prozesua. Orain dela 4-5 bat urte, ikerketa bat egin zuten hezkuntza pribatuari buruz, “La Salle Gipuzkoan” izena zuena. Ikerketa sakona eta zabala izan zen. Lana argitaratu egin zuen taldeak liburu mardul ba­tzuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kutxarekin eta La Sallerekin batera. Jendeak, beraz, eskura du ikerketa hori, eta, gainera, egindako lana nazioarteko hezkuntza-arloan izen handia duen aldizkari batean argitaratu dute; Gipuzkoa eta bertako La Salleko eskolen lana nazioarteko hezkuntza-komunitatean zabaldu da, era horretan. 

Salletarrei buruz aipamen bat egin nahi izan du Garmendiak: “Salletarrek euskal hezkuntzan egin duten ekarpena handia izan da. Bruño argitaletxea sortzeaz gain, Errepublika garaian euskaraz idatzitako liburu ugari argitaratu zituzten”.

Gaur egun, Espainiako estatuko ministerioak lagundutako ikerketa bat daukagu: “Elizaren eta erakunde pribatuen hezkuntza-ekimena frankismo garaian”. Orain, gai horien gaineko materiala biltzeko garaia da. Bilketa egiteko, Espainiako Estatuko Administrazioaren Artxibo Nagusira, Ikastolen Elkartera eta Valladolideko eta Salamancako artxibategietara joango dira. Han topatutako materiala eskanerretik pasatu, fotokopiatu eta, ondoren, sailkatu egingo dute. Sailkatzeak ematen omen die lan handiena: dokumentu bakoitza irakurri behar dute erreferentzia lortzeko, eta, gero, zein deskribatzaile jarri ­erabaki behar dute.

Sailkatu eta gero, karpeta batean gordeko dute dokumentazioa, eta Interneten esekiko dute. “Gainera, hori guztia euskaratu egin behar dugu”, dio Garmendiak, eta bitarteko gutxi dituztela eta ia lan militantea egiten dutela ­ere esan du. 

Handik eta hemendik, liburu zaharren azoketan edota partikularren ekarpenetatik material ugari lortu omen dute. Eskuratutako bitxikerien artean, Reglamento de la Asociación Altos Hornos de Vizcaya eta Organización Sindical Española  aipatu dituzte.

Era berean, Madrilen lehenengo ­ikastolei buruzko oso material polita lortu dutela adierazi dute. Izan ere, garai hartan, eskola bakoitzak txosten bat bidali behar zuen derrigorrean. Ikastolen Elkartean ere lortu dute dokumentazioa. Aipatu behar da, gainera, taldea harremanetan dagoela zentro publikoekin, pribatuekin eta ikastolekin.

 

Hezkuntzaren bidez herria erakusten

 Estatu Batuetan eta Ingalaterran, badira na­zioarteko hedapena duten eta hezkun­tzaren historiaz ari diren hainbat aldizkari, sona handikoak ba­tzuk, History of ­education, esaterako. Aipatutako ikerketei esker, Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruzko informazioa irakur daiteke aldizkari horietan. Berorietan, Europako eta munduko ikertzaile garrantzitsuenek argi­tara­tzen dituzte beren lanak. “Lanean­ ­ari gara nazioartera begira. Europan, behintzat, badakite ikerketa horiek guztiak ez direla herriko gauzak soilik”, esan du Davilak. Hemengo hezkuntza erakutsi nahi dute, Euskal Herrian eta munduan.

Horrek ospea ematen dio egindako ikerketari, eta, bide batez, Euskal Herria munduari erakusteko balio du. 

Etorkizunari begira ari dira, batez ­ere, ikertzaileak. Eta begiratu horretan, hainbat erronka definitu dituzte:

Euskal Herriko hezkuntzaren historia eta hezkuntzaren etorkizuna landu eta jendarteratu.

Eztabaida eta ikerketarako gunea zabaldu.

Euskal Herriko ondarea kontuan ­izanik, erakusketak antolatu.

Bildu duten eta bilduko duten ondarea sailkatu eta jendearen eskura jarri.

Beste erakundeekin eta instituzioekin elkarlanean aritu.

 

Erakusketa, ondarea ikusgai egiteko

 Bi urte dira “Hezkuntzaren Historia Euskal Herrian” izena zuen biltzarra antolatu zutela, Eusko Ikaskuntzarekin batera. Han aurkeztutako txostenekin, aldizkari bat argitaratu zuten, eta hori ­izan zen Euskal Herriaren hezkuntzaren historia zabaltzen hasteko abiapuntua. Duten materialarekin, ikerketa bat egiten saiatuko dira, erakusketa bat prestatzen, biltzar bat antolatzen, edota zabaltzeko baliagarria zaien beste ekimenen bat antolatzen.

Erakusketaren gaineko ideiak bil­tzen aritu dira, batean eta bestean. Iaz, esaterako, museoz museo ibili ziren Murtzian, Salamancan, Katalunian, ondarea antolatzeko moduak eta dituzten material motak arakatzen. 

Ondare historikoaren inguruan ­eratutako elkarte bat ezagutu zuten. ­Eta, orain, lanean hasi dira Espainiako estatuan eta Europan, eskola-ondare historikoaren arloan.

Eskola-koadernoak bilduta zituen Zamorako talde baten berri izan zuten, eta erakusketa hori Euskal Herrian egitera gonbidatu zuten. Bi helburu zituen gonbidapenak: alde batetik, material horren inguruan zer dagoen erakustea; eta, bestetik, hemengo materiala eskuratzen ahalegintzea. “Erakusketa ikustera etorri den zenbait jendek ­esan digu etxean badituela halako koadernoak, bereak edo bere aurrekoenak, eta ekarriko dizkigula”, adierazi du, pozik, Davilak.

 “Eskolako Koadernoak” erakusketa zabalik egon zen martxoan, Carlos Santamaria Zentroko areto batean. 

Erakusketan ikusgai zeudenen artean, Zamorako Unibertsitateko museo-gune pedagogikoa, Zamorako hezkuntzako pertsonaia ezagunak, hainbat hezkuntza-lege eta Bigarren ­Errepublikako eta frankismo garaiko hezkuntza legeak, gelak eta eskolako koadernoak zeuden.

Garrantzi handikoak dira eskola-koadernoak. Izan ere, haietan idatzita daudenak oso baliotsuak dira, duela hamarkada gutxi arte haurren belaunaldiek ezagutu zituzten eskola-ereduak eta motak deszifratzeko eta interpretatzeko.

Koadernoak, beraz, oso baliagarriak dira, eskolako historia ikertzeko dokumentu-iturri gisa. Erakusketan ­ikus zitekeenez, aztertu dituzten arloak koadernoaren euskarria eta itxura, koadernoaren jabetza, edukia eta koaderno motak izan dira.

Haurren koadernoekin batera, irakasleenak eta eskolako koaderno ofizialak zeuden ikusgai.

 

Hezkuntza ibilbideen testigantzak

 Irakasle bat erretiratzen denean eta, beraz, eskolako atea betiko ixten duenean, zenbat bizipen eta eskarmentu uzten ote du? GARAIAN ikerketa-taldeko ikertzaileen ustez, jakintza eta eskola eta, bide batez, jendartea eta mundua bizitzeko eta interpretatzeko ikuskera oso bat galtzen da betiko.

Zamorako museo-gunean, erretiratutako irakasleek beren bizitza profesionaleko testigantza idazten dute koaderno batean. Koaderno hori “Bizitzako historiak” izeneko artxiboan biltzen dute.

Jakintza eta testigantza horien galera saihesteko, ekimen bat ipiniko dute abian heldu den ikasturtean, EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia sailean. Erretiratutako irakasle euskaldunen testigantzak bilduko dituzte beren ikasleen bidez, horretarako propio ­egin dituzten koadernoetan.

 

Hezkuntza komunitateari deia 

 Dei egin nahi diote hezkuntza-komunitateari eta jendarteari, oro har, hik hasiko orrialdeen bidez.

Eskoletan eta etxeetan zokoratuta dauden koadernoek, ikasliburuek, agiriek, argazkiek, grabazioek eta abarrek historia kontatzeko eta garai baten lekukotasuna emateko duten balioaz jabetzea, eta bota aurretik hezkuntza-ondarearen bilketaz arduratzen den talderen batekin harremanetan jartzea da helburua.

Euskal Herriko hezkuntza-ondarea biltzea, sailkatzea eta denon eskura jartzea da asmoa. Garrantzitsua da gure historia hezkuntzaren historiaren bidez idaztea. Gustura hartuko dituzte jendearen iradokizunak, informazioak edo materialak. Horretarako, nahikoa da www.ehu.es/euskal-hezkuntza/euskara/ webguneko iradokizunak atalean ohar bat idaztea, edo saileko (34) 943 018263-943 018264 telefonora deitzea.