Literatura klasikoa ikasleen eskura

2012-06-01
William Shakespeare, Julio Verne, Miguel de Cervantes eta literaturako beste klasiko handi batzuk Lekeitioko Eskola Publikora iritsi dira.
Hainbat mendetan goraipatuak izan diren maisu handi horien lana ikasle guztien eskura jarri nahi dute bertako irakasleek. Horretarako, Klasiko Unibertsalen Tertulia Literario Dialogikoak proiektua jarri dute abian.
 “Helduentzako literatura” gisa sailkatuta dauden arren, kulturalki ipinitako etiketa hori apurtu nahi dute, lan klasiko horiek irakurriz eta eztabaidatuz: lekeitiarrek frogatu nahi dute ikasle ­guztiek ahalmena dutela lan horiek ulertzeko eta gozatzeko. Aurtengo Karmele Altzueta Hezkuntza Berriztapen saria jaso du esperientziak.
 
 
Liburuak irakurtzeko eta haietaz hitz egiteko era berezi bat da Tertulia Literario Dialogikoa. Tertulia mota horrek, alfabetatze kognitibo soilaz gain, sozializazio-prozesu zabalago baten ardatz gisa hartzen du irakurketa. Horrela, kultura idatziak zentzu komunitarioa hartzen du.
Gasteizko Berritzeguneko pedagogo eta hezkuntza aholkulari Miguel Lozak dioenez, “irakurketaren ikuspegi komunikatibo eta dialogiko horrek askotariko irakurleen arteko hausnarketa eta elkarrizketa bultzatuko duen “komunitate interpretatzailea” sortuko du. Ohiko irakurketa egilearen eta irakurlearen arteko harreman pribatu gisa ­ulertzen da; irakurketa dialogikoa, aldiz, komunitatea eraikitzeko tresna bat da: irakaspenak sortzeaz gain, pertsonen arteko loturak sortzen ditu, hitzen, sentimenduen eta esperientzien trukearen bidez”.
Irakurketa dialogikoak, beraz, bakarka egiten dugun irakurketa aberastu egiten du, eta kultura, jendartea eta norbanakoa eraldatzeko erreminta preziatu bilakatzen da. Ikuspegi horretatik, liburua abiapuntu hartuta irakurleek beren artean dituzten elkarreraginak dira funtsa. Hortaz, irakurketa dialogikoak, literatura partekatutako plazer bihur­tzeaz gain, elkarrekin hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko balio du.
Bartzelonako unibertsitateko soziologiako katedradun Ramon Flechak hauxe dio: “Tertulian, bizitzaz eta literaturaz ikasten dugu, elkarrekin hitz egiten dugun bitartean”.
Josebe Alonsok eta Marta Solerrek, hurrenez hurren Bilboko eta Bartzelonako unibertsitateetako irakasle direnek, hauxe azpimarratu dute: “Irakurketa dialogikoa ikasketa dialogikoaren printzipioetan oinarritzen da, eta, ondorioz, baditu zenbait osagai, testuinguru guztietan zaindu beharko genituzkeenak”. Osagai horien artean, hiru hauek dira garrantzitsuenak: motibazioa eta zentzuaren sormena, testuen ulermen partekatua eta dimentsio instrumentala.
 
Tertulia-Dialogiko saio bat
Saioa hasi aurretik
Saioa hasi aurretik, ikasleei tertulia literarioak zer diren azalduko zaie: nolakoa den irakurketa era hori eta norbanakoen iritziak zer garrantzi duen; liburu klasikoak zer diren eta zergatik irakurtzen ditugun; irakurri ondoren zer egin behar duten: ideia edota esaldi ­esanguratsuak aukeratu, koadernoaren erabilera azaldu, eta aukeratutakoa apuntatu (hasierako hitza izan daiteke, edo esaldi bat, edo paragrafo bat). Gelako tertulia nola egingo dugun ere ­azalduko diegu: txandak egingo dira, eta bakoitzak aukeratu duena azalduko du, eta zergatik aukeratu duen esango du. Tertuliaren azken zatian, guztion artean eztabaida egingo dutela azalduko zaie; eta, horretarako, gutxieneko ­arau batzuk errespetatu beharko dituzte: besteei hitz egiteko txanda eman, besteek esandakoa entzun, norberaren arrazoiak ez zaizkiela besteei inposatu behar gogoratu, eta abar.
Horren ondoren, denen artean aukeratuko dute irakurriko den liburua; ­ikasleak txikiak direnean, ordea, irakasleak aukeratuko du.
Liburua aukeratu ondoren, etxean edo eskolan irakurriko duten erabaki­tzeko garaia izango da: irakasleak ikasleek dituzten gaitasunen arabera erabaki beharko du, eta gurasoen inplikazioa sustatzen saiatu beharko du.
Azkenik, saio bakoitzeko zenbat ­orri irakurri beharko dituzten erabakiko da; irakasleak ikasleekin adostu beharko du hori, ikasleen gaitasunen eta ohituren arabera.
Saioan bertan
Aldez aurreko lan horien ondoren, saioan bertan, ikasle guztiek beren ­txanda izango dute  aukeratutakoa edo idatzitakoa adierazteko, ulertu ez dutelako, ados daudelako, atentzioa eman dielako, eta abar. Gerta liteke ikasleren batek saiorako ez ezer aukeratzea. Ez da ezer gertatzen, baina kontuan hartu behar da, sarritan gerta ez dadin. 
Ikasle bakoitzari txanda iristen zaionean, aukeratu duen esaldia, paragrafoa edota hitza zergatik aukeratu duen adierazi beharko du. Guztiek ­txanda betetzen dutenean, eztabaida ­edo txanda librea zabalduko da. Une horretan, guztiek hitz egiten dutela ziurtatu behar da, koaderno batean horren jarraipena eginez, adibidez.
Ikasleren batek saio batean ez badu parte hartu, aintzat hartuko da, eta hurrengo saioan parte hartzera bultzatuko da. Bestalde, hitz egiteko moduak zaintzeko eskatuko zaie ikasleei: besteek esandakoaren bizkar, ezin da ez barrerik egin ez eta iraindu ere.
Ikasleek azaldutako gaien gainean adostasunak bultza daitezke; baina, ­ados jartzerik lortzen ez bada, ez da ­ezer gertatzen.
Tertulian, ikasle bakoitzak bere koadernoa eta liburua izan behar ditu. Azkenik, saio amaieran, hurrengo egunerako zenbat orri irakurriko dituzten erabaki behar da.
Tertulia Literario Dialogikoaren helburuak
- Ikasle guztien artean irakurzaletasuna bultzatu. 
- Ikasleak motibatu eta ilusioz bete.
- Testuei buruzko hausnarketa eta ­ulermena bultzatu ikasle guztien artean.
- Irakurketa norberaren eta taldearen bizipenekin lotu. 
- Irakurketaren bidez besteekin elkarrizketak sortu.
- Irakurketaren balioa eta erabilgarritasuna balioetsi.
- Liburu klasikoen esparrua ikasle guztiengana hedatu. 
Aipatutako helburuez gain, tertulia dialogikoak baditu beste helburu hauek ere:
- Irakurketaren ulermena hobetu.
- Ahozko adierazpena garatu.
- Irakurketaz gozatu.
- Entzuteko ohiturak sortu.
- Ahozkotasuna landu.
- Idatzizko komunikazioa hobetu ­eta sustatu.
- Autoestimua sustatu.
- Izaera kritikoa eta solidarioa ga­ratu.
- Senideen eta jendartearen testuingurua eraldatu.
­- Ikasleen eta irakasleen arteko elkarrizketa hobetu.
Tertulia Dialogiko Literarioan, Lekeitioko eskola publikoko ikasle guztiek hartzen dute parte. Etxean edo eskolan (adostutakoaren arabera), aurrez zehaztutako orrialdeak irakurriko dituzte liburutik. Irakurketa hori egiterakoan, garrantzitsua da tertulia-koadernoan paragrafo edo ideia esanguratsuren bat jasotzea: ikasleari deigarria egin zaiolako, ez duelako ulertu, norberaren bizitzarekin zerikusia duelako, eta abar. Jasotako hori ikaskide guztiekin partekatuko du gero.
Koadernoetan jasotako ideia guztiak komentatuko dira, eta ikasle guztiek aukera bera izango dute hitz egiteko eta besteek esaten dutena entzuteko eta eztabaidatzeko.
Irakasleen lana tertulia dialogikoetan
- Irakasleak proposatu eta adostuko du saio bakoitzean zenbat orrialde irakurriko diren.
- Hitz egiteko txandak emango ditu.
- Eztabaida gidatuko du: isilik dauden edo hitz gutxien egiten duten ikasleak animatuz eta, alderantziz, maiz hitz egiten dutenak isilaraziz.
- Ikasleen arteko adostasunak bul­tzatuko ditu, horretarako aukera dagoenean.
- Ikasten ari diren beste gai edo arlo batzuekiko loturak sortzen ahaleginduko da.
- Tertulia dialogikoek eraginak dituzte ikasleengan. Tertuliek dituzten ondorioen artean, hauek aipatu di­tuzte:
- Literatura-lanari buruzko askotariko iritziak partekatu.
- Sentipenak eta pentsaerak tru­katu.
- Kalitatezko literaturarekin gozatu.
- Berdintasunezko elkarrizketa-guneak sortu: argumentuen indarra balioztatu.
- Irakurketa partekatu senide edo beste kide batzuekin.
- Elkartasuna garatu: “paragrafoak” trukatu.
- Kultura guztien balioespen baikorra sustatu.
- Oinarrizko konpetentziak garatu.
- Nolakoak izan nahi dugun erabaki, eta gure ideiak eraldatu, besteek ­esandakoa entzunez.
Eskolako partaideen iritziak
Lekeitioko eskola publikoko partaideei Tertulia Literario Dialogikoei buruz galdetuta, erantzun baikorrak ­eman dituzte:
Ikasleen iritzia
 “Tertuliak mundialak dira, “nagusiek” izan ohi dituzten eztabaidak irteten direlako, eta baita oso gai garrantzi­tsuez hitz egiten dugulako ere: maitasuna, erlijioa, gure sentimenduak eta besteenak…” (A., 10 urte)
 “Tertuliak gustuko ditugu, ikasteko modu berri bat delako, eta gure artean berba eginez eta eztabaidatuz ikasten dugulako. Batzuetan liburua gure bizi­tzan gertatutakoarekin konparatzen dugu, eta hori gustatu egiten zaigu” (J., 8 urte)
 “Gauza bat ez dakigunean, galdetu egiten dugu, eta, horrela, guztion artean komentatzen dugu” (Y., 9 urte)
Etxekoen iritzia
 “Eskolan klasikoak irakurriko zirela jakin genuenean, pixka bat beldurtu egin ginen, gaur egun ez baitira horrelako liburuak irakurtzen… Baina ideiarekin bat egin genuen, eta gustura hartu genuen”  (P., 5. mailako guraso bat).
 “Klasikoen proiektua dela-eta, ­etxean elkarrekin irakurtzen hasi gara. Oso kuriosoa da, txikitan guk geuk irakurritako liburuak baitira… Baina ­orain beste modu batera irakurtzen dituzte. Agian, modu horretan, seme-alabek gehiago ikasten dute, irakurketak beste zentzu bat hartzen duelako. (J., 3. mailako guraso bat)..
Irakasleen iritziak
“Hasiera batean, mesfidati geunden: ez genekien lanak gure ikasleak motibatzeko modukoak izango ziren ala ez. Baina gure beldurrak besterik ez ziren.  Seguruenik guk geuk izan genuen esperientzia ezkorragatik…” (J., bigarren mailako tutorea).
 “Sinestezina. Ez nuen irudikatzen tertulia-euskarri horretan klasikoen irakurketak izan zezakeen aberastasuna. Egia da liburuak ondo aukeratu behar direla, eta euskaraz ez dago aukera zabalik, baina, bi edo hiru hizkuntza erabiliz gero, ez dago arazo handirik. Horrez gain, azpimarratzekoa da, baita ­ere, irakasleok gure ikasleekin batera ­ikasten dugula, guztion arteko elkarrekintzan. (B., seigarren mailako tuto­rea).