25 urte daramatzazue festan, 25 urte aldarrikatzen. Lehenengo festa hartan “eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik” erreibindikatu zenuten, oraindik ere aldarrikapen hori bera egin behar da?
Bai, hori da, aldarrikapena ez da aldatu. Orduan ere oso garbi ikusten zuten zein zen helburua: eskola txikiak bizirik nahi ditugu, eskola biziak eta herri biziak nahi ditugu; eta, gaur egun ere, horixe bera da helburua, bete-betean. Horregatik, aldarrikapen hori, oraindik ere, beharrezkoa da gaur egun, dudarik gabe.
Gipuzkoa mailan, mugimendua gorpuztua dago, baina zaila da mantentzea. Honaino iritsi, eta eutsi egin behar diogu daukagun honi. Baina ez hori bakarrik, ahal baldin bada, hazi egin behar dugu. Momentu honetan 27 eskola txiki daude, baina Gipuzkoan herri asko daude oraindik harago, eskola horren desioa daukatenak. Eta hori da beste helburua, eskola txikia nahi duten herri horiei laguntzea. Baina momentu honetako gure erronka nagusia da daudenei eustea, ez dezatela bat bera ere itxi.
Ez dago eskola txikien definizio zehatzik, baina, ze ezaugarri dituzte?
Ezaugarri adierazgarriena gela baten barruan adin aniztasuna egotea da; gela berean lehenengo eta bigarren mailakoak, adibidez, batera daude, edo hirugarren eta laugarrengoak… bi urtetako ikasleak nahastuta egotea da ezaugarri nagusietako bat. Eta hori, azken batean, hezkuntzan eta pedagogian metodo bat da.
Horrez gain, eskola txikiak herri txikietan kokaturik egoten dira; nekazal kutsu nabarmena duten herrietan, eta euskararekin harreman estua daukatenetan. Horrez gain, teorian, sei gela baino gehiago ez ditu eduki behar eskola horrek.
Eskola txikietan hezkuntzako metodologia bat aplikatzen da, eta horretarako, herri hauetako irasleek formazio berezia jasotzen dute metodologia ezagutu dezaten eta proiektu bidez lana egin dezaten.
Nekazal giroa, euskara, herri txikiak… herriaren ezaugarriak eskola txikien ezaugarri bihurtzen dira, beraz?
Irakasleek proiektu bidez lantzen dituzte ezaugarri horiek, herriaren izaera kontuan baitaukate proiektuek, nekazal eta euskal kutsua daukate proiektuek. Irakasleekin jorratzen dira proiektuak baina herritarrek ere parte hartzen dute, adibidez, aitona-amonak eskolara etorri eta beren bizipenak kontatzen dituzte; baratze proiektu bat dago, baita ere….
Adin aniztasuna, adibidez, muga ez eta eskola txikietan aukera bezala erabiltzen duzue, metodologia pedagogiko gisa. Guraso bezala, ze aberastasun ikusten dizkiozue gela barneko adin aniztasunari?
Gurasoen artean denetarik dago. Hasiera batean, askok ez dute ulertzen gela berean adin desberdinetako haurrak egotea, eta ikasle batzuek besteei erakusten aritzea; eta kosta egiten da ulertzea zergatik norberaren umeak irakatsi behar dion beste bati, guraso batek pentsa lezake ez ote lukeen bere umeak hobe andereñoarekin gehiago aurreratzea? Hor talka bat sortzen da, errezeloak eta galdera asko sortzen zaizkie gurasoei, ezegona eta kezka handia. Daukagun hezkuntza tradizioak esaten du urte bakoitzeko umeek gela batean egon behar dutela, eta haiekin irakasle bat egon behar dela, eta hark azaldu behar dizkiela gaiak.
Eskola txikietan gauzak nola diren oso ondo azaldu behar zaizkie gurasoei, errezelo horiek gainditu eta kezkak argitzeko. Gu konbentzituta gaude eskola txikietan erabiltzen den metodologiarekin, hobeto ikasten dela azaldu digute, eta orain, guraso bezala, iritzi formatu bat daukagu horri buruz. Irakasleek eta jardunaldietara etorri diren aditu eta pedagogoek azaldu izan digute metodologia hau ikasteko era berezi bat dela. Ume txikienak handiagoa erreferente bezala hartzen du, eta esaten digute irakasleari baino gogo gehiagorekin egiten diola kasu. Aldiz, zaharragoaren kasuan, dakien zerbait txikiagoari azaldu behar dio, eta dakien hori erreforzatzeko era bat da beste lagun txiki bati azaltzea; eragiketa hori egiteko garaian berari sendotua gelditzen zaio ikasi duen hori, ulermena erabatekoa izan behar du besteari hori azaltzeko. Adituek esaten digute hezkuntzan hori harribitxi bat dela.
Azkenik, badira gurasoak metodologia eta sozializazio-modu horrexegatik euren umeak eskola txikietara eramaten dituztenak.
Metodologia horren bidez, ikasle guztiak pasako dira, txikienak izatetik handienak izatera, eta denek rol guztiak jokatuko dituzte, etxean ez bezala.
Urte batean azalpena jasotzen ariko da ume bat, eta hurrengo urtean ume horri egokituko zaio txikiago bati gauzak azaltzea, eta erreferente izatea. Ikusten denez, hori oso funtzionala da. Eta emaitzak ikusten ditugu, gainera. Gure umeak bigarren ziklo bat egitera joaten direnean, hor daukagu neurgailua. Adibidez, Altzoko umeak Alegira joango dira, beste batzuk beste herri batzuetara, eta hor ikusiko bagenu gure umeak atzeraturik sartzen direla… baina, orain arte ikusten dugu ondo doazela umeak, orduan, aurrera.
Eskola txikietako pedagogia-eredu hau eskola handietan ere aproposa izan liteke?
Jardunaldi batzuk izan berri ditugu, eta Kataluniako landa-eremuetako irakasleak etorri dira, eta haiek esaten dute gure eredua luxu bat dela hezkuntzaren kalitate aldetik. Katalunian hortaz konturatu dira, eta eskola txikien eredua eskola handiagoetara eraman nahi dute. Baina horretarako, lehenik eta behin, mentalitatea aldatu egin beharko litzateke. Katalunian, adibidez, unibertsitatean ere irakasle izateko formazio berezi bat daukate eskola zehatz hauetarako. Hemen irakasleen formazio hori faltan botatzen dugu.
Eskola txikietan lana egiteko irakasleek formazio berezia jaso beharko lukete?
Unibertsitate mailako formazioa eta prestakuntza faltan botatzen dugu, bai. Eskola txikia bera, adin aniztasuna, proiektuka lan egitea… irakasleek horrelako gauza asko ez dituzte unibertsitatean entzun ere egin. Hona irakasle berri bat etortzen denean, bertako irakasleek murgilarazi behar dute metodologia berrian, eta irakasle hori ez badago oso konbentzitua ez da sartuko eta ahal duen denbora motzenean alde egingo du. Gogo berezia eta inplikazioa eskatzen zaizikio eskola txikira etortzen den irakasleari, plus bat, herriko proiektu horrekin identifikatzeko eskatzen baitzaio. Bera unibertsitatetik etortzen da eta eskola txikian ikusten du gauzek ez dutela han ikasi bezala funtzionatzen. Batzuek ahal duten denbora gutxien ematen dute; beste batzuk, berriz, hau dela bidea ikusi eta murgildu eta hemen sartzen dira. Formazioa falta zaie irakasleei, behin hemen daudenean, eskola txikira iritsi direnean, orduan hasten dira formazioa jasotzen eta mintegietara joaten.
Eskola txikiek irakasleei plus bat eskatzen dietela esan duzu, gurasoei ere bai?
Eskola txikiek alde guztiei eskatzen diete plus bat. Herri proiektu bat da, eta hor hiru hanka daude: batetik, gurasoak noski; bestetik, irakasleak eta hirugarrenik, udala. Herrietako proiektu hauek aurrera joan daitezen nahi badugu, bertan dabilen jendea jende konprometitua izan behar da, ondo funtzionatuko badu. Irakasleak ere askotan pixka bat gehiago eman beharra izaten du. Gurasoak ere sinetsi egin behar du proiektu honetan, elkarlan bat beharrezkoa baita guraso, irakasle eta udalaren artean.
Zein da udalaren papera eskola txikietan?
Udalaren papera funtsezkoa da. Udalak ere plus bat jarri beharra dauka, ze eskola txiki hauetan hezkuntzatik kanpokoak diren mila arazo sortzen dira, mantenimendua, gela falta… Gabezia horiei aurre egiteko, udalaren papera funtsezkoa da, eta bere egin behar du eskola-proiektu hau, inplikatu egin behar da udala eskolan, herri proiektu bat baita. Hiru hanka horiek —guraso, irakasle eta udala— herri txiki bateko eskola ondo joan dadin nahi badute, ezinbestekoa dute hiru hanken arteko elkarlana, baina elkarlan erreala, gogoarekin.
Hiru agente horien arteko interakzioa funtsezkoa da, ezta?
Hori oinarrizkoa da. Gurasoak geure aldetik joaten bagara, adibidez, frikzioak sortzen dira irakasleekiko; Udala ere ez badago erabakiak hartzeko lan-mahaian, gero errezeloak sortzen dira. Helburua da eskola dagoen herri bakoitzean hiru hanka horiek funtzionatzea, eta ez da erraza. Gauza bat da gogoa edukitzea, baina jakin egin behar da, baita ere, mugak errespetatzen. Batak bestearen esparruak ez gainditzea oso inportantea da. Hor joko arauak daude, lana eta elkarlana egin behar dira, baina, beti ere parametro batzuen barruan. Eta ez da erraza.
Eskola txiki hauek, batik bat, eskaintzen dutena hurbiltasuna da, gertutasuna eta konfiantza. Baina hurbiltasuna eta konfiantza hori kudeatzen jakin egin behar da, ze askotan eramaten gaitu gaizkiulertuetara eta haserreetara, eta hori ekidin egin behar da. Talde bakoitzak jakin behar du elkarlana egiten errespetatuz, formak gordez.
Beste muturrera ere ez dugu joan behar orain, gaizkiulertuak egon ez daitezen ezertan sartzea ere ez da bidea. Konfiantza hori gehienean oso positiboa da, baina ez baldin bada ondo kudeatzen, arazoak etor litezke.
Beharrak eraman zaituztete adin aniztasuna bultzatzera geletan, eta emaitza onak dituen pedagogia-eredu batera; eta beharrak, baita ere, irakasleek, gurasoek eta udalek elkarrekin lana egitera. Premiak muga ez eta aukera bezala planteatzen dituzuela dirudi.
Hala da. Ikasi dugu zer markotan mugitu behar dugun, irakasle, guraso eta udalaren arteko elkarlana bultzatuko duen eredua da markoa, eta horren barruan nahi duzun guztia eztabaidatuko dugu, baina marko hori ez dugu zalantzan jartzen, eta ez gara hortik ateratzen, badakigulako daukagun ereduak emaitza onak ematen dituena. Elkarlana marko horren barruan egin behar dugu, ze egia da, hori ideala da. Ez bakarrik hezkuntzarako, baizik eta herri proiekturako.
Proiektu pedagogikoa da, baina zeuk aipatu duzu, eskola txikiena herri proiektua ere badela.
Ume horiek txiki-txikitatik erroak hemen botatzen ari dira, eta hainbat ekintza sortzen ditu horrek herrian, koadrilak egiten dituzte, ekintzak eskolaren bueltan eta herrian bertan egiten dituzte. Ume horiek erabat herriri lotuak daude. Pentsa ekintza horiek guztiak, kirola… beste nonbait egingo balituzkete, herri hori zer izango litzateke? Hutsa.
Bizia ematen dio eskolak herriari, hori nabarmena da. Hala ikusi dugu guk hemen Altzon, eskolarik ez zegoenetik gaur egunera. Umeak eskolatik ateratzen direnean herrian bertan daude, proiektu bidez egiten dituzten ekintzak herri mailan egiten dituzte, asteburuan, eskolari lotutako ekintzak –pilota…- herrian egiten dituzte. 12 urterekin joango dira Alegira, eta ordurako, hemen bota dituzte erroak. Inbertsio bat da eskola herriarentzat.
Guk eskola ikaragarria daukagu, baina hau salbuespena da, gehienetan oso baldintza kaxkarretan daude eskolak, edo txikiak gelditu zaizkie… kasu horietan udalak lagundu egin behar du, ze ulertzen da inbertsio bat egiten ari dela, ez da eskatu zaiona besterik gabe ematen duela, ez da giru, inbertsio bat egiten ari dela ulertzen du, hori da filosofia. Inbertitzen ari da ze eskola horretara doazen umeak herritarrak izango dira. Hori da herri txikien etorkizuna. Beti erabiltzen ditugu betiko esaera ponposo horiek, “eskola bizia, herri bizia”, eta horrelakoak, baina egia da! Ez dira klixeak! Herri honi orain eskola kenduko bazenio, paralisi totala izango litzateke herriarentzat. Geroari begira, eskola herrian edukitzea oinarrizkoa da.
Eskola txikien aldeko aldarrikapena, azken batean, herri txikien aldeko aldarrikapena ere bada. Badirudi globalizazio garai hauetan handitzea dela helburua, denok bizi behar dugula hirian… baina zuek besterik aldarrikatzen duzue.
Orain arteko eredu hau, herri txiki hauek bizi daitezen da aldarrikapena. Donostiatik hasi eta Eskoriatzaraino dena batu eta herri handi bat izan behar omen du denak… bada, hori nahi duenarentzako, nik ez dut eredu horretan sinesten. Nik nire herri txikian sinesten dut, eta nahi dut nire herri txikia mantentzea herri txiki bezala. Eta horretarako behar dut eskola.
Lehen komentatu dugu ea eskola txikien proiektu pedagogikoak balio ote duen eskola handiagoetarako, eta orain, eskola txikien eta herriaren arteko atxikimendu eredu honetatik zer ikas lezakete eskola handiagoek?
Gauza asko. Eredu hau, nire ustez, oso oinarrizkoa da. Nik entzuten dudanean ez dakit nongo umeek ez dakitela oilaskoa nolakoa den, imajinatzen dutela oilaskoa harategian saltzen duten bezala, edo esnea poltsatik etortzen dela… bai, bai, agian matematiketan oso onak izango dira, baina garen gauzekin, gure lurrarekin, gure historiarekin… ez baldin badaukagu lotura bat, ume horiek ez dute errorik izango, ume horiek mundu birtual batean biziko dira. Hemen, hasteko, kokatu egiten dira, eta hori oso inportantea da. Non gaude, nondik gatoz? Umeak kokatu egiten dira, eta ingurua interpretatzen ikasten dute. Hemengo umeek ezagutzen dituzte haritza, pagoa… hegan ikusten dute eta badakite zapelaitza dela. Eta gainera, matematiketan oso ondo joan daitezke, batak ez du bestea kentzean. Eskola txikiko umeak lurrarekin lotura dauka, eta bere ingurua interpretatzeko gai da.
Zer gertatzen ari zaigu ditxosozko krisi honekin? Agian eredu guztia aldatu behar dugu, eta horretarako inportantea da txiki-txikitatik hastea. Eta horrek ez du esan nahi matematikarik ikasi behar ez dutenik, berdin-berdin ikasi behar dute, eta kimika ere bai, eta bestea eta bestea... Baina herriari lotua egoteak osagarri oso inportantea ematen dio umeari, eta hori herri handiagoetan egitea ere oso inportantea izango litzateke.
Gurasoen inplikazioa eskola txikietan ezinbestekoa dela esan duzu. Zuek koordinakundean bilduta zaudete Gipuzkoan, baina herrialde bakarra zarete.
Koordinakundea sortu zen ezaugarri berdineko herri asko geundelako, eta guztion arteko elkarlanak babesa emango zigulako, eta gauzak bideratzeko, eta arazoak dituen herri horri, nahi badu behintzat, laguntza emateko. Babesa sentitzen da ondoan zure antzeko eskola txikiak dituzunean. Bestela, bakarrik sentitzen da bat. Delegaritzak eskola txiki bat itxi nahiko balu, adibidez, koordinakundeak buru-belarri lagundu beharko luke, ahalegin guztiak egin behar ditu hori gerta ez dadin. Baina, lehenik eta behin, oinarriak funtzionatu behar du eskola bakoitzean; arazoen aurrean tokian tokiko guraso, irakasle eta udalak emango diote soluzioa, eta koordinakundea dago laguntzeko, edo aholkuak emateko, edo babesa emateko.
Irakasleek ere koordinatzaile bat daukate, eta harekin harremanak edukitzeko, edo Hezkuntza Sailarekin, edo Udalen elkartearekin hitz egiteko ere, koordinakundea edukitzea beharrezkoa da.
Hemen [Gipuzkoan] beste herrialdeetan ez dagoen inplikazioa dago. Bizkaian sortu nahi dute koordinakundea, baina ez dute hain argi ikusten kontua. Araban harik eta dispertsoagoa da egoera. Nafarroan landa eremuko eskolek badute indarra, baina ez daukate Gipuzkoakoek duten estatusa.
Duela urte batzuk hartu zenuten Araba, Bizkaia eta Nafarroako eskola txikien arteko elkarlanerako konpromisoa. Zertan da?
Bai, hartu genuen elkarlanerako konpromisoa, eta erlazioak badauzkagu. Helburu nagusietako bat delegaritzaren aurrean eskola txikiak figura bereizi bat hartzea da. Nafarroan badute landa-eremuko eskola bezala estatusa, eta hemen eskola txiki bezala ageri diren arren, delegaritzaren organigraman trataera berezi bat izan dezaten eskatzen dugu, estatus berezi bat, izendapenetik harago doana. Ezaugarriak kontuan izan, eta beste eskoletatik desberdina den hezkuntza-eredu bat dutela aitortzen duen estatusa onartzea eskatzen dugu Gipuzkoatik. Eskola txikiak bereziak garela aitortzen dute bai, desberdin funtzionatzen dugula, baina hori ez dago idatzita.
Estatus berezitu bat edukitzeak, zertan lagunduko luke?
Lehenik eta behin, batzorde bat eskatzen dugu. Delagaritzarekin eskola txikietako edozein gai aztertu, eztabaidatu eta erabaki behar denean, batzorde bat egotea, hezkuntza saileko ordezkariekin eta irakasle, guraso eta udalen ordezkariekin. Eskola txikiei dagozkien gai guztiak batzorde horretatik pasako lirateke. Horrek gainera, Bizkaia eta Araban ere aldaketa ekarriko luke, batzorde horrek erkidego mailan funtzionatuko bailuke, eta mugimendu handia sortu beharko luke.
Iparraldeko eskola txikiekin ba al daukazue harremanik? Hango egoera ezagutzen duzue?
Arabakoekin, Bizkaikoekin eta Nafarroako eskola txikiekin badugu harremana, baina Iparraldekoekin, egia esan, ez, eta beharko luke, ze ezaugarri eta behar asko seguru oso antzekoak izango direla.
Koordinakunde bezala, helburuetako bat batzordea sortu eta eskola txikien estatusa onartzea da, baina egunean egunean, zein dira zuen beharrak?
Mantentzea da egunean eguneko gure helburua, argi eta garbi. Eskola txiki bat bera ere ez dadila itxi. Hori da oinarria, erronka eta helburua. Jakitun gara oso momentu txarrean gaudela, krisia dela eta ez dela, eta handik eta hemendik datozen murrizketak direla eta ez direla.
Murrizketek zuei bereziki eragingo dizuete?
Datorren urteari begira, eskola txikietako mapa dagoen bezala geldituko dela esan digute. Baina irakasle bat ez ordezkatzea, adibidez, oso zulo handia da eskola txiki batentzako. Edo ratioak aldatzea, eta horrek gelak eta eskolak ixtea ekarriko luke, eta horrek ikaragarrizko murrizketa ekartzen du. Adi gaude, eta tentu, zer gerta litekeen: Eskola txiki bat ixten baldin badute, bidea irekia dute. Erronka da eustea, nolabait eustea. Etorriko dira garai hobeak, eta orain, garai txarretan daukagunari eutsi egin behar zaio, garai hobeetan gauzak hobetu ahal izateko. Eustea de helburua, ze bestela, delegaritzak ematen dizun aukera da eskola txiki hori itxi eta umeak ondoko herriko eskolara bidaltzea. Beraiek diote eskola txiki asko oso egoera txarrean ikusten dituztela, aitortzen dute egoera, baina ezin dutela esaten dute, eta edo mantendu edo alboko herrira joanarazten dituzte. Horregatik, hainbat eta hainbat herri sufritzen ari dira.
Ixteko egoeran edo egoera txarrean bada eskolarik?
Egoera txarrean daude eskolak azpiegiturari dagokionez, eta eskola ugari daude egoera horretan. Eskola gutxi batzuk badaude egin berriak eta ederrak direnak, baina hori ez da eskola txikien errealitatea, hori salbuespena da. Eskola txikien errealitatea da oraindik ere asko eta asko oso azpiegitura prekarioekin daudela, modulo prefabrikatuetan daudela, edo udalak uzten dien lokala oso txiki gelditu zaiela… Horrela eskola mordoxka dauzkagu. Hori hobetu egin behar da, zalantzarik gabe. Hau [Altzoko eskola] da helburua, baina ez da errealitatea, salbuespena baizik. Horretara iristen lagundu behar dugu, dauden egoeraz kontziente izanda. Horren alde borroka egin behar da.
Udalaren inplikazioa eta behar izanez gero elizaren inplikazioa eskatuko dugu, lokalak dauzkaten erakundeen inplikazioa behar dugu. Momentu honetan oso zaila da eskola berri bat egitea, erakundeek ere ikusi ikusten dute beharra badagoela, baina orain ez dute sortuko.