PILOTARI IKUS GUNEA, pilotakadaz pilotakada eraikitako historia

2012-06-01
Zein haurrek ez du pilota bat izan esku artean? Zenbat ote dira pilotalekurik ez duten herriak, herriko txokorik onenean, gainera?
Jolasteko edo jokatzeko, pilotalekua eta pilota izan dira euskaldunok izan ditugun bitarteko garrantzitsuenetakoak. Zenbat ote dakigu, ordea, pilotaz eta pilota-jokoaz, euskal kirol horretaz? Eta zenbat, pilotarekin jolasteko tresnez, arauez, ohiturez? Nork eta noiz asmatu ote zituen pilotarekin aritzeko tresna horiek? Eta zenbat ote dakigu pilotak izan dituen eta gaur egun dituen jokalariei buruz? 
Galdera horien eta gehiagoren erantzuna aurki daiteke Senpereko (Lapurdi) Pilotari Ikus Gunean. 
 Izan ere, hantxe dago Euskal Herrian eta Frantzian dagoen pilotaren museo bakarra.
 
 
Ez da kasualitatea Senpereko herriak pilotari museo bat eskaintzea. Senperen, hain zuzen, lau pilota-plaza, bi trinket eta ezkerpareta bat baitaude. Pilotaleku horietako batean arituak dira 200 pilotari lizentziadun senpertarrak; horietako asko munduko txapeldun izan direnak, gainera.
Pilotariez eta pilotalekuez gain, Senperek badu pilotarekin lotzen duen beste gertakari bat ere: senpertarra zen Jean Dithurbide, Gantxiki, xisteraren asmatzailea.
Gantxikik 13 urte zituen, 1857ko ­egun batean Donamartia izeneko bere etxeko gela batean gereziak, ilarrak eta abar biltzeko erabiltzen zuten zumezko kapazua hartzea bururatu zitzaionean. Zer egingo, eta harekin pilotan hasi zen. Horra hor lehen xistera: haurraren irudimenetik ateratako pilotan aritzeko tresna.
Donamartia etxeak zutik jarraitzen du Senpereko herrigunetik pare bat kilometrora. Hala ere, 2009an Pilotari ­Ikus Gunea sortu zutenetik, ez dago haraino joan beharrik etxe haren barruan zer gertatu zen jakiteko. Izan ere, Senpereko herrian bertan dagoen Pilota Plazako turismo-bulegoan bertan, pilotaren museoa atondu zuten. Bulegoko horma batean dago margotuta Donamartiako etxe aurrea. Han dagoen ­atetik sartu, eta zuzenean euskal etxe bateko sukaldean sartuko da bisitaria. Han, leihotik bestaldera, pilota-partida bat ikusiko du plaza batean. Berehala, bideo bat agertuko da leiho horretan, ­irudi zaharrekin.
Horixe da museoak dituen lau aretoetatik lehenengoa, etxeko sukaldea. Gela horretan, Jean Dithurbidek asmatu zituen xisterak nola egiten diren ikus daiteke, bertako hormetan. Aretoa pilotaren gaineko jakintzari eskaintzen zaio: nola sortu zen, pilotarako tresnak nola egiten diren, eta abar.
Soinuek eta argiek gidatuko dute bisitaria, areto batetik bestera. Ate gainean argiak pizten direnean, bigarren aretora joateko tenorea izango da. Bat-batean, trinket bateko pasabide ilun batean murgilduko da bisitaria, pilotariek egiten duten bide bera eginez, pilotakaden soinua lagun duela. Bidean topatuko dituen telebistetan eta bideo-pantaila handi batean, aukera ederra ­izango du hainbat partida eta pilotaren berezitasunak ikusteko.
Azkenik, laugarren aretoan, oroimenaren eta ondarearen gelako argibide-tauletan, pilotaren inguruko hainbat objektu ikusi eta ezagutu ahal izango ditu, erakusketa baten bidez. Handik pilotalekura irtengo da zuzenean bisitaria: ikasitakoak praktikan jartzeko aukera bikaina!