Hezkuntzak garrantzitsua dirudi Frantziako Estatuan

2012-06-01

Kanpainako ardatz nagusiena izan ondoren, hezkuntzan eginbeharreko aldaketak adostu nahi dituzte eragileekin. Jules Ferryren itzal luzeak eragin du hainbaten artean.

 
 
Gobernu berria du Frantziako Estatuak. François Hollande presidente berriak izendatu du Hezkuntza ministroa, Vicent Peillon.
Deigarria izan da presidente berriaren hauteskunde-kanpainak, nagusiki, bi ardatz izatea: hezkuntza eta gazteria, hain zuzen. Eta boterea iritsi orduko, kanpainako programan iragarri bezala, hasi dira aldaketak hezkuntza arloan. Zenbait indarrean dira dagoeneko; aurreko gobernuak hartutakoak eta hezkuntza-komunitateak begi onez ikusi ez zituenak, batzuk. Beste hainbat gai, mahai-gainean jartzeko prest azaldu ­dira: eskola-erritmoak eta eskola-egutegia, besteak beste.
Aldaketa horiek egiteko, ordea, ­adostasun-aldi bat zabalduko dute, ­guraso elkarte eta sindikatuekin. Aldaketen helburu behinenak dira, ikasleen emaitzen batez bestekoa hobetzea, eskola porrota gutxitzea eta ikasleen arteko desberdintasunak leuntzea. Antza, hezkuntza eragileekin adostu nahi dituzte. Peillonen lehen jarrera, beraz, interesgarria izan da, hezkuntza-komunitatea kezkatzen duten hainbat gai ­eragileekin eztabaidatzeko borondatea agertu baitu.
Hala ere, orain arte Frantziako hezkuntza agintariek egin dituzten adierazpenetan behin eta berriro aipatu dute Jules Ferry eta harek sortutako eskola. Ferryren itzalak bat baino gehiago ­ohartazi du. Izan ere, hura izan zen XIX. mendearen amaieran Frantziako Estatuan “eskola publikoa, laikoa, doakoa eta derrigorrezkoa” indarrean jarri zuena, “iraultzen aroa ixteko”. Ordutik, mito bihurtu da, balio eztabaidagarrien gainean finkatu zituen ikuspegi ezkertiar batetik begiratuta eskolak izan behar dituen ezaugarri horiek. 
Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako eskolek, Frantziako Estatutik datorkien aire argi-ilun horiei hezkuntza-agintariek euskarazko hezkuntzari izango dioten begirunearen gaineko kezka gehitu diote. Ikustear da, beraz, lehen begiratuan interesgarriak diruditen urrats horiek zein ondorio izango dituzten.
Gainerako herrialdeak, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak, Espainiako Estatutik datorren murrizketa-zaparradaren pean jarraitzen dute. Hango ministroak ere argi azaldu du zein den bere jardunaren helburu behinena: lehenik murrizketak egin eta gero erreformak. 
Leku eta egoera guztietatik izaten ­omen da zer ikasia. Murrizketen harira, hezkuntza publikoaren izatea mahai-gainera datorrela dirudi. Ferry aipatu denez, harek ere eskola publikoa, laikoa, doakoa eta derrigorrezkoa aldarrikatu eta ezarri zuela gogoratu behar. Hitz ederrak, eta batez ere bidezkoagoa izango den jendarte batek defendatu beharrekoak, dudarik gabe. Baina zer esanahi izango du hitz horretako bakoitzak eraiki behar dugun, jada ­eraikitzen ari garen Euskal Herria kontuan izango duen Hezkuntza-Sisteman? Eztabaida interesgarria, egin beharrekoa, hitzen esanahi labankorrean berriro gal ez gaitezen!