IRRIEN LAGUNAK Oarsoaldean

2012-06-01
Haurrentzako aisialdi-eskaintza hezitzailea, ­euskalduna, herritarra eta parte-hartzailea sortzea da abian jarri den egitasmo berriaren xedea. Horretarako, egitasmoan buru-belarri parte hatzera, ekarpenak egitera eta ­gainerako herritarrei zer den nahi dutena azaltzera ­bultzatu nahi dituzte haurrak, ez ­baitira ikusle edo ­kontsumitzaile hutsak. Bide batez, etorkizuneko herri-eragileak bilatu nahi dituzte eskoletan. 
Irrien Lagunak Kluba, SORguneak ikertegia eta Oarsoaldea Garapen Agentzia dira egitasmo handi horren sustatzaileak. Auzolan ­erraldoi baten hastapena izango da, Oarsoaldean. 
 
 
Izen hori du Oarsoaldean (Gipuzkoa) Irrien Lagunak Klubak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak abian jarri duten egitasmoak. Oarsoaldea bailara Lezok, Oiartzunek, Pasaiak eta Errenteriak osatzen dute.
Egitasmoak “haurrentzako aisia-proiektu hezitzaile, euskaldun, herritar eta parte-hartzailea izatea” du xede. Helburu nagusia, berriz, “herri-dinamika sendo eta iraunkorra eratzea” da. 
Asmo handiko egitasmo hori “herriko taldeen, eragileen, herritarren eta ­erakundeen arteko lankidetzatik garatuko da”, behetik gora, eta izaera parte-hartzailea eta inklusiboa izango du.
Egitasmo horren esparrua haurrentzako aisialdia izanik ere, haurrak, gazteak eta helduak integratu nahi ditu Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoak. Haurrak izango ditu protagonista, eta gainerakoak, aldiz, parte-har­tzaile eta laguntzaile izango dira. Izan ­ere, beste helburuetako bat belaunaldien arteko harremana da.
SORguneak ikertegia
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) SORguneak ikertegiak egin du egitasmo horren esparru teorikoa. SORguneak ikertegiak funtsezkotzat jotzen dituen bost oinarri teorikoak goitik behera betetzen dituelako Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoak. Hauek dira bost oinarri horiek:
1. Euskaraz bizitzeko nahia birsor­tzeko zeregin garrantzitsua du euskal kulturak.
2. Euskarazko ekimen askok etekin ez-material gisa garrantzi handia dute, eta, horregatik, zaindu eta babestu egin behar dira, baita merkatu-arauetatik ­ere.
3. Tokian tokiko gizarte-eragileak eta tokian tokiko eragile publikoen indarrak norabide berean jarriz, herri eta auzoetako kulturgileen- kolektiboen- eta sor­tzaileen arteko lotura sustatzea komeni da.
4. Beharrezkoa da euskarazko kultura-produktuen hegemonia eta eredu eta gune propioak babestea eta bultza­tzea.
5. Beharrezkoa da transmisioa, sormena eta zaletasuna bultzatuko dituzten eskualdeak, herriak eta tokian tokiko ekimenak sustatzea eta taldeen balioespena indartzeko ekintzak antola­tzea, kultura-eragile guztiei begira.
Egitasmoaren ezaugarriak
SORguneak ikertegiak lau ezaugarri funtzional eman dizkio egitasmoari: 
1. Laborategi-izaera: orain arte, egitasmo berri eta bakarra delako, eta herri eta komunitate batzuei berariaz begirakoa delako, izango da laborategia. Izan ere, egindako urratsek, hartutako erabakiek eta konpromisoek hurrengo ­urratsak bideratuko dituzte. Egitasmoaren izatea eta diseinua egin ahala zehaztuko da eta joango da gorputza har­tzen, beraz. Behetik gora, modu horizontalean eta zehar-lerroetan garatuko da, gainera.
2. Sexuen arteko berdintasuna: kopuruaz gain, garrantzitsua da sexuei esleituko rolek sortzen dituzten funtzionamendu desberdi bereiztaileak kontuan izatea, bai emakumeen kasuan eta baita haurren kasuan ere. Izan batzordeetan, lan-taldeetan, agerpenetan, antolakuntzan edo edozein lanetan.
3. Herrien autonomia: egitasmoa herri bakoitzaren araberakoa izango da, herriaren gogoaren, indarraren, iruditeriaren, beharren edo funtzioen araberakoa, hain zuzen. Ondorioz, berezia izango da herri bakoitzean egingo dena, “proiektu bera eta komuna izanda ere”.
4. Eskualdeko koordinazioa: ezinbestekoa da herrien arteko koordinazioa, lan-sistemari eta marko orokorraren aplikazioari dagokienez. Nork bere bidea eginagatik, guztien artean partekatua izan behar du, eta elkar elikatu behar dute. Guztien artean egindako bide horrek eskualdearen izaera indartzeko eta bertan identifikazio- eta lan-eremu bat sakontzeko balio dezake.
Bestalde, Irrien Lagunak eta herrietako kulturgintza ongi ezkon daitezen, eta herrian herriko batzorde nagusiak onartu gabeko errepikapenik, ordezkapenik edota kanpotik ezarritako ekimenik izan ez dadin, egitasmoak hiru printzipio bete behar dituela uste du SORguneak ikertegiak. Dagoena ez ordezkatzean datzan printzipioa da lehena; bigarrena, ez dagoena sortzeko aukeraren printzipioa da; eta, azkenik, hirugarrenak herrietako bestelako prozesuak kontuan hartzea eta, ahal dela, bateragarri edo osagarri egitea du xede.
Haurren parte-hartze erreala, oinarrizko printzipioa
Haurrak ez dira egitasmoaren kon­tsumitzaile hutsak, ezta gonbidatuak ­ere. Haurren parte-hartzea erreala izango da, zintzotasunez onartutakoa.  Horren ondorioz, programazio horien diseinuan, antolaketan, eztabaidan eta ­erabaki-guneetan haurrak egongo dira, gainerako kideen parean.
Egitasmoa hezitzailea den neurrian, kontuan hartzen ditu natura, kultura, zientzia, osasuna eta elkartasuna. Guztietan eragiteko xedea du, eta eremu horietako guztietako eragileak erakarri eta lanean jarri nahi ditu: herrigin­tzakoak, erakundeetakoak eta udaletakoak.
Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoan, berebiziko garrantzia du prozesuak. Eta bi ardatz zehaztu dira, batez ere, horren baitan:
- Zer: antolatzen den horrek zer hizkuntza, zer kultura, zer aisia, zer heziketa mota, zer balio, zer herrigintza-­eredu, zer saretze-maila eta abar elika­tzen dituen.
- Nola: oso kontuan izan beharko du egiten denaren oinarriak demokratikoak, berdintasunezkoak, parte-har­tzaileak eta irekiak diren edo ez. Egin, sortu eta diseinatu ahala, “ekimen horrek balioztatzen joan behar du, nahitaez”. Hala ere, prozesuaren garrantziak ezin du ekarri jomugan lorpenik edo ­egitasmo zehatzik ez izatea.
Lan-batzordeak abian 
Eskolara begira ere badago haurrei entzun nahi dien egitasmo hori. Eskoletako neska-mutilak herrigintzako proiek­tuetan integratu nahi ditu, gaur egungo parte-hartzaile aktibo egin nahi ditu, alegia. HUHEZIko fakultatean, badute ikasgai bat, JARDUERA SOZIOKULTURALAK izenekoa. Ikasgai horretan dituzten Oarsoaldeko ikasleak egitasmoan lanean jarriko dituzte, praktika moduan. Izan ere, “irakasleak herri-eragile izan behar du”, egitasmoa bultzatzen duten kideen iritziz.
Egitasmoak, epe laburrera, herri-batzordeak eta lan-taldeak jarriko ditu abian, egitasmo zehatzak diseinatzeko eta gauzatzeko. Era berean, lan-sistema jarraitu eta dinamikoa bideratu nahi dute. Epe ertainera, berriz, 2012ko irailean eskualdeko jaieguna antolatzea litzateke asmoa. Epe luzera, azkenik, haurrentzako urtebeteko programazio kultural hezitzaile jarraitua osatu nahi dute herri bakoitzean.
Martxoaren 24an egin zuten lehen urratsa. Egun horretan, Jakintza Trukerako Topagunea egin zuten herriko ­eragileek, taldeek, elkarteek, ikastetxeek, agintariek, haurrek eta herritarrek; bildu, eta, nork beretik emanez, jakin­tza trukatuz, ekarpenak eginez eta eztabaidatuz, ekimena zer izan daitekeen ­irudikatu zuten, egitasmoari gorputza ematen hasteko. Auzolan handi baten lehen pausoa izan zen. Denek elkarrengandik ikasi nahi dute, euskaraz, auzolan horretan.