Burdinbidearen Euskal Museoa. Lurrun usaineko bidaia

2012-11-01

Hainbat hilabetetako etenaren ostean, joan den uztailaz geroztik antzina bidaiatzen zuten erara, lurrun trenean, bidaiatzeko aukera eskaintzen du berriz ere Azpeitiko Burdinbidearen Museoak. Halaber, Europako tren-bildumarik onenetakoa ikusteko eta Euskal Herriko burdinbidearen historia ezagutzeko aukerak oso erakargarri egiten du bisita museora. Ikasturte honetan, gainera, ‘Har ezazu trena’ gida didaktikoa prestatu dute.

 
 
Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen Urolako trenbidearen geltoki zaharrak hartzen du, gaur egun, Burdinbidearen Euskal Museoa, Azpeitian. Euskal Herriko trenbide sarean esangura berezia du Urolakoak, Gipuzkoan irekitako azken trenbidea izan baitzen, 1926an, baita azkena ixten ere, 1988an.  Urteko 300.000 bidaiari inguru garraia­tzen hasi zen, eta ibarreko industriek produktuei irteera emateko erabili ­zuten, baina galera ekonomikoak ere hasiera-hasieratik ezagutu zituen Urolako trenak, 60ko hamarkadatik larriagotu zirenak. 
Burdinbidearen ondare historikoaren garrantziaz oharturik, museo bat ­eraikitzeko egitasmoari heldu zion Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Sailak 1989an. Hiru urte geroago ­inauguratu zuten museoaren lehen ­zatia, baina Burdinbidearen Euskal Museoak 1994an ireki zituen ateak. Gaur egun, Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak kudeatzen du eta Maitane Ostolaza da zuzendaria.
Lurrun trena berriz martxan
Azpeitiko tren geltoki zaharrera gerturatzen den bisitariak, seguruenik ahazturik izango duen lurrun usaina berriz aditzeaz gain, goiza edo arratsaldea emateko hainbat osagai aurkituko ditu. Beharbada ikusgarriena, museoak barruko biltegietan gordetzen duen tren-bilduma da, Europako osatuenetakoa baita: lurrunezko tren-makinak, diesel motordunak nahiz elektrikoak; tren automotorrak, eta askotariko bagoiak biltzen ditu. Horrez gain, Euskal Herriko makina-erremintaren esparruko bildumarik aberatsenetakoa eskaintzen du museoak, Urolako trenbidearen lantegi mekaniko zaharraren bidez. 1925ean inauguratu zen bezalaxe gordetzen da gaur egun instalazioa; bertan dagoen motor elektriko zaharrak 16 makina jartzen ditu martxan, txirrika, uhal eta barra kolektore ugariko sistema konplexu baten bidez.
Julian Elorza kaleko eraikin nagusiaren lehen solairuan, XIX. mendearen amaieratik Abiadura Handiko Trenaren sorrera arte tren- langileek erabili izan dituzten uniformeen erakusketa dago ikusgai, eta bigarren solairuan Europako tren geltokietako ordularien 
erakusketa, munduko onenetakoa, museoko arduradunen arabera. 
Dena den, lurrun trenean bidaiatzeko eskaintza bihurtu da Azpeitiko museoak bisitariak erakartzeko duen amu nagusi azken hilabeteetan. Joan den udazkenean zerbitzu hori eskaintzeari utzi zion museoak, baina uztailaz geroztik  museoa eta Lasao arteko joan-etorri zoragarria (guztira, 10 kilometro) ehun urtetik gora dituen lurrun trenean egiteko aukera dago berriz ere. Herritarren  erantzuna aparta izan da, eta bisitari kopurua hirukoiztu egin da udako hilabeteetan. Une honetan, asteburuetan eta jaiegunetan bakarrik ibiltzen da lurrun trena.
Aipatutakoaz gain, bestelako ekitaldiak ere antolatzen ditu museoak. 
Esaterako, Trena eta kultura izeneko zikloa antolatu zuen urrian, eta azaroan Tren Bidea 2012 argazki lehiaketako lanen erakusketa apailatuko du museoan bertan. Baina ikasturte honetarako museoak prestatu dituen nobedade aipagarrienetako bat haurrentzako Har ezazu trena gida didaktikoa da. Eskola-bisitetan zein familiarekin egiten diren bisitetan banatuko da doan, eta 
orientazio bat eskaini nahi die haurrei burdinbidearen historiaz eta trenbide-ondarearen garrantziaz. Alabaina, ikaskuntza aktiboa sustatze aldera, gida didaktiko horrek haurren parte-hartze zuzena eskatzen du.
Aurrera begira, museoa birmolda-
tzeko asmoa du Fundazioak. Harrera berritu zuen abuztuan, eta bilduma beste era batera aurkezteko aukera aztertzen ari da. Halaber, ikerketa lanei bide emateko hitzarmenak sinatu ditu EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Valentin de Foronda institutuarekin.