Beizamako aterpetxea. Ingurumena bizi

2013-04-01

Lotarako aterpetxe bat baino gehiago da Beizamakoa; ingurumen-zentro bat da, “gizarte zuzenago eta iraunkorrago ­baten alde lan egiten duena”. 

 
 
Gipuzkoaren bihotz-bihotzean kokaturik, basoz eta zelaiz inguraturik dago Beizamako herria. Tradizionalki, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak izan ditu euskarri ekonomiko, eta gaur egun, tradizio horren sustraiari eutsi eta landa-turismoa edo ekoturismoa sustatzen dihardu , hau da,  bestelako aisialdi eta turismo-eredu bat.
Beizamako herrigunean dago aterpetxea, eta iragan abenduan berriro ateak zabaldu ditu,  eskola, familia edo lagun-taldeentzat ingurumen-heziketarakoaukerak eskaintzeko. Natura eta ingurunea errespetatzen duen hezkuntza-eredua sustatzen du. Bertatik abiaturik, ingurune nanturaletara egiten diren bidaiak arduratsuak izan daitezen lan egiten dute aterpetxearen arduradunek, eta, ekoturismoaren filosofiarekin bat eginik, ingurumena zaintzea eta bertako biztanleen ongizatea hobetzen laguntzea du helburu. 
Aterpetxe barruan zein kanpoan ingurunearekin harremanetan jartzen laguntzen duten dinamikak proposatzen ditu 
aterpetxeak. Talde dinamiketan ingurunearekin ondo pasatzeko, berau ezagutzeko eta bertatik ikasteko jolasak  proposatzen dituzte; jolas parekideak, baloretan hezteko jolas kooperatiboak, euskal abesti eta dantzak, material birziklatuz eginiko eskulanak egiteko aukera, errezeta errazak...
Aterpetxeak herriarekin lotura handia dauka, herriarentzat eragile lagungarri bat
izan nahi baitu. Helburu hori erdiesteko, Beizamako baserrietara bisitak egiten dituzte: herriko baserritarren lana balioan jartzen dute bisita horiek. Baserritarra, elikagaiaren ekoizle izateaz gain, ingurumenaren, bioaniztasunaren eta  paisaiaren zaindari gisa aurkezten dute aterpetxeko proposamenek. Bisita horietan baserritarren eguneroko lana ezagutzeko aukera dago eta elikagaiak nola  ekoizten dituzten ere ikusi ahal izango dute bisitariek. Arreta baserrian, adibidez, Idoiak eta Patxik artzain gazta nola egiten duten ikus liteke; Urki Zahar baserrian, ostera, Luisjak txakolin ekologikoa egiteko mahastiak zaintzen ditu eta txakolinaren lantze-prozesua azaltzen die bisitarie; Urki baserrian Ionek eta Xabierrek askatasunean hazitako txerriak dauzkate; Leunda baserrian abeltzaintza mundua ezagutu liteke Ionen eskutik,  limusin arrazako behi 
abeltzaintza egiten baitu baserrian; Aginondo baserrian ogi eta gaileta ekologikoak egiten ditu Itxasok egur labean; Amenabar Goikoa baserriko Manuelek, aldiz, baratza ekologikoa dauka, eta inguruko kontsumo-taldeetara banatzen ditu barazki-saskiak, 
eta baserria bera energetikoki elikatzeko gauza da. 
Natura eta ondarea ezagutzeko bidaia gidatuak ere abaitzen ahal dira aterpetxetik.  Beizamako zelai eta basoetan barrena, bidezidor eta nagusiagoetik, kultur, natura eta ondare elementuak ikusaraziko ditu bisitak gidatzen dituen hezitzaileak, ingurunearen balioa interpretatzen lagunduz. Ibilbideak maila eta iraupen ugarikoak dira, eta taldearen beharretara egokitzen dira.